Xanti Zapirain errefuxiatu historikoa eta idazlea hil da

Xanti Zapirain errefuxiatu historikoa eta idazlea hil da –

Gorka Bereziartuak, ekainaren 16an ARGIAn.


Xanti Zapirain Elizalde “Kaiku” hil dela jakinarazi du Antxeta Irratiak asteazken honetan. Altzan (Gipuzkoa) jaioa 1953an, 20 urte zituela Hendaiara (Lapurdi) ihes egin zuen Frankismoaren jazarpen politikotik ihesi eta errefuxiatu-bizitzaren alderik garratzenak ezagutu zituen. Bizi behar dugu liburuaren egilea izateaz gain, bertso-sorta ugari idatzi zuen, gai-jartzaile gisa ere maiz aritu zen, baita blogari lanetan ere.

 

Xanti Zapirain errefuxiatu historikoa eta idazlea hil da

 

Biziraupen kontua zen. Eta auzia bizirik ateratzea denean, hartzen diren erabakiak oso dira erradikalak. Adibidez, hamar urte etxetik atera gabe pasatzea. Hori egin behar izan zuen Xanti Zapirainek GALen urterik gogorrenetan, atentatuak barra-barra izaten zirenean eta kalera ateratze hutsa euskal errefuxiatu batentzat hiltzeko arriskua hartzea bihurtu zenean.

“Militante denek beldurra dugu edo izan dugu. Beldurrik ez duela esaten duena… ez da posible”, azaldu zion ETBri 2015ean, Angel Otaegirekin izan zuen harremanari buruz egin zioten elkarrizketa batean. Izu horri eta ezkutuan egon beharrari aurre egiteko, papera eta boligrafoa: bertso idatzien bidez egoerak sortzen zizkion ezinegonak kanporatzen zituen. “Norbere burua salbatzeko modu bat” izan zen, Bertsolari aldizkarian Joxean Agirreri azaldu zion moduan.

Zapirainek bertsolaritzarekin zuen harremana aspalditik zetorren, nolanahi ere. Sustraietatik. Pio Perez Aldasorok “bertsolari eta bertsozale dinastia” gisa definitu zituen Zapirain familiako kideak 2013an argitaratutako Joxe Zapirainen bertso-malkoak ikerketan. XIX. mendekoa da familiako lehen bertsolaria, Joxe Bixente Zapirain; eta XX. mendean sendiko beste hainbatek segitu zioten, obra literario oparoa utzi zuen Salbador Zapirain Ataño-k, adibidez.

Bizi behar dugu

1987an hartu zuen Zapirainek bere bizitzaren parte garrantzitsu bat markatuko zuen erabakia: jazarpen eta heriotza-girotik ihes egiteko, ezkutatzea. Handik ia 20 urtera publikatu zuen Bizi behar dugu (Txalaparta, 2005) liburu autobiografikoa, zeinean etxetik atera gabe pasa zituen hamar urteetako bizipenak kontatzen dituen, hain muturreko egoeran egon den norbaiten buru barnean sartzeko gonbidapena eginez.  

Ez da idatzi duen lan bakarra izan. Sarean kontsulta daitezke, adibidez, Martillungo sindikatuaTxurreroen enparantzaIpuinen baratzaBidea bizitzen edo Martillunen gaur blogak: oroitzapenak, bertsoak, gogoetak, senide eta lagunekin izandako bizipenak… Zapirainek estilo garden eta bizi batean idazten zuen bizitzaren funtsezko kontuez.


Xantiren elkarrizketa eta bertsoak 66.orrian

 

Xanti Zapirain errefuxiatu historikoa eta idazlea hil da