16 udaleku motxilan

Bertso udalekuen historiako argazki ia guztietan agertzen da Itxaso Paya (Algorta, 1988). Zortzi txanda egin ditu ume bezala, eta beste zortzi ume arduratsuago edo begirale gisa. Gutxik ezagutuko dituzte berak bezala txanda batek ahaztezina izateko behar dituen osagaiak, eta lehengai nagusia hezitzaile talde on bat egotea dela iruditzen zaio Itxasori. Aurten, txanda bakarrarekin nahikoa ez eta bitan egon da: Arrazolan eta Zuhatzan.

Arte dramatikoa ikasi du, ikus-entzunezko komunikazioaz gain, eta horrek bere aldamenean egote hutsa ikusi eta entzun beharreko performance bilakatzen du.

Noiz hasi zinen joaten bertso udalekuetara?

Nire lehen udalekuak 1999an izan ziren Duzunaritzen. Hala ere, Bertsozale Elkartearen bertso udalekuak 2002an hasi zirela esango nuke, eta ni ere hantxe egon nintzen, Eulaten. Ordutik, ume bezala urtero errepikatu nuen eta, gainera, 2003an eta 2004an bina txanda egin nituen uda bakoitzean. 2006an, ume bezala azken urtea eman nuen Aubixan, eta urte horretan bertan, praktikak Urepelen egin nituen, 9-11ko txandan. Urepeleko ume horiek, egun, nirekin egiten dute lan begirale bezala. Gaur egun arte, urte bakarra huts egin dut bertso udalekuetan: 2009an, Go!azen telesaila grabatzen eman nuen uda osoa, eta ezin izan nuen bertso udalekurik gozatu.

Zer dira zuretzat bertso-udalekuak? Zer eskaini dizute?

Bertso udalekuek benetako Euskal Herria jarri zidaten eskura. Hasieran, euskara ikasten nuen, eta euskara Algortatik oso urrun ere hitz egiten zela, baita hainbat modutara ere. Bertso udalekuetara hurbiltzen den jendeak izpi berezi ezezagun komuna dauka eta horrek harreman bereziak bermatzen ditu. Lagunak, esperientziak, abenturak, kantaldiak… Ugari dira horietan izaten diren bizipenak, eta bertsoa tresna bikaina da norbere beldurrak kanporatzeko. Bestela ere zoragarria da urtero, astebetez bada ere, udalekuak bizi ahal izatea. Txanda bakoitza desberdina bezain ikaragarria da, eta beti ikasten dugu asko.

Ume gisa edo begirale gisa joatea ezberdina izango da… zer nahiago duzu?

Ume gisa joatea nahiago, noski. Begirale gisa joanda ere gozatzen da, baina, nola ez, adura batzuk badituzu eta ardurak motxila bat dakar. Hala ere, begiraleok ederto pasatzen dugu, normalean, ume taldea parte-hartzailea eta emankorra izaten baita. Zuzendariak izaten du buruhauste gehien. Dena den, gure begirale bikainek dena errazten diete zuzendariei, egungo bertso udalekuetan.

Txanda gogoangarri bat?

14-19 urte nituela ume bezala Aubixan egin genituen txanda denak. Beraz, nik txanda gogoangarri oro Aubixarekin lotzen dut. Han ume bezala hasi nintzen eta begirale gisa jarraitu, eta bietan, etxean bezala sentitu ginen Maritxuri esker. 2003a, esaterako, urte latza bizi izan genuen Aubixan. Txikien txandan ederto pasa nuen, baina nagusien txandan mundu oso bat deskubritu. Han gaur egungo lagun on asko ezagutu nituen. Komando Bertsolari jarri genion izena gure taldeari eta eskumuturreko berde bana hartu genuen, elkar identifikatzeko. Begirale taldea inoiz eduki dudan onena izan zen: Estitxu Arozena, Ixiar Eizagirre, Xabi Paya, Irati Mendiguren… Han bizitakoak bertan egon ginenok baino ez dakizkigu. Oraindik ere Ixiarrek lagun ezkutuan oparitutako Aubixaiera hiztegia gelako paretan itsatsita daukat, 11 urte daramatza hantxe!

Aurten Arrazolako eta Zuhatzako txandetan egon zara. Esaldi banatan, nola definituko zenuke txanda bakoitza?

Arrazola: Hemen hasia ez da amaitu, Anbotok ostera elkartuko gaitu.

Zuhatza: Hemen daramagu kriston martxa!

Nortzuk osatu duzue begirale eta sukaldari taldea Zuhatzan?

Zuzendaria: Esti Alberdi.

Begiraleak: Izar Mendiguren, Imanol Irazustabarrena, Itxaso Paya.

Praktiketan: Maialen Akizu, Haizea Beruete.

Zer balio indartu nahi izan dituzue? Zeintzuk ziren hasierako helburuak?

Zuhatzako txandak ur ekintza ugari eskaintzen dizkie umeei, beraz, denbora gutxi izaten da uretatik kanpo. Hala ere, tarte horietan bertsozaletasuna lantzea izaten da helburuetako bat; Eneko Fernandez eta Agin Labururekin egindako bertso hizketa-afaria lekuko. Oskarren bisitarekin batera, sormena eta musika landu ditugu, eta aurtengo berrikuntza modura, generoa ere zehar-lerro gisa landu dugu.

Zer osagai behar ditu txanda on batek?

Nire ustez hezitzaile talde on bat da osagairik indartsuena. Talde horretan baliabide eta gaitasun desberdinak dituzten hezitzaileak nahastu behar dira, nire ustez, talde oso bat osatzeko. Horretaz gain, proiektua ondo ezagutzea eta honetan sinestea ezinbestekoa da.

“Besarkatu momentua, hori da zure lekua” dio zuen Zuhatzako kantuak…

Txanda hasi eta berehala, elkarri ematen eta elkarrengandik jasotzen hasi ginen, begirale zein begiratu artean. Oskarren egunean, kanta sortzea suertatu zen, eta, doinua zein letra sortzean, aske sentitu ginen eta konfiantzan. Hori dela eta, momentuan bizi genuena islatu nahi genuen kantuan. Eta horixe da ba, momentua bera besarkatu eta…

Zuhatzako aurtengo txandako momentu ahaztezinen bat:

Azken gauean suaren inguruan elkartu ginen. Lehenbizi piropoposta irakurri, gero kantuan… Irla batean geunden, lagun artean, ilargipean eta suaren inguruan. Ahaztezina, guztiz.

Beste udaleku batzuetan ere egon izan zara. Desberdinak direla uste duzu? Funtzio ezberdinak betetzen dituzte?

Euskal Udalekuak eta udaleku irekiak probatu izan ditut.

Udaleku itxiak ez ditut hainbeste maite, begiratuak ez dituzulako bizikidetza iraunkor batean ezagutzen. Harreman ederrak sortzen dira, are gehiago nire kasuan, neure herrian bertan izan baitzen. Hala ere, euskal udaleku eta bertso udalekuekin zerikusirik ez.

Euskal udalekuak begirale gisa bizi izan ditut, eta ziur naiz eta jakin dut umeen esperientzia zoragarria dela. Hala ere, ni begirale besterik ez naiz izan bertan, eta inoizko zoriontsuen eta gogorren lan egin nuen 10 egun horietan zehar. Begiraleak hara boluntario gisa joaten dira, eta horrek ilusioz zipriztintzen du udalekuaren gune oro. Bertan, euskaraz bizi dira eta, lantaldea urtean zehar elkartzen da, udalekua etengabe hobetzeko asmoz. Ni Bernedon izan nintzen eta errepikatzeko deseatzen nago aspaldi.

Bertso udalekuak tematikoak dira, beste biak ez bezala. Horietan euskal mundua gertutik ezagutzeko aukera ematen da bertsoaren bidez, eta bertara ume bertsozaleak datoz. Bertso eskoletan dabiltzan umeak dira datozen gehienak eta, beraz, udaleku hauek kirol campus eta horrelakoekin aldera litezke.

Luzaroan nahiko al zenuke bertso udalekuetan lan egin?

Ez dut imajinatzen bertso udalekurik gabeko udarik. Hala ere, ondo dakit nire moduan bertso udalekuetan ume dabiltzan asko begirale izango direla, eta izan nahi dutela gerora, beraz, eurei lekua egin behar. Eguna iristen denean ikusiko dugu nola bete hutsune hori; bitartean, uda bertsotan gozatzen jarraituko dugu!