Begiradak

Begiradak –

Maider Ugarte Garbizu, Bidasoko Hitzan.


Begiradak
Arg: Orhan Pergel

Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Maider Ugarte Garbizuk bertso sorta egin du. Hona hemen Ugartek egindakoa:

Begiradak

 

Gure izatearen ispilu

begiradak du salatu

Nahiz eta guk bi begi ditugun

hamaika begiratu

horietako batzuk bakarrik

nahi nituzke nik aipatu

Hitzak asko esaten du, baina

begiekin ezin lehiatu

 

 

Begirada honek lan zehatz bat du

egitea gorputzen ruta

Maiteminduta nagoen arren

ez nago bate minduta

Asko da berak lortzen duena

laztanez eta musuka

elikatzeaz gain norbera

osorik jaten gaitu ta.

 

 

Kezka, animo, harrotasuna

dabil begietan gora

tristurak eta abenturaren

kitzikak egin dute topa

nire guraso zoragarriak

arren, ez zaitezte zora

Ameriketara noalako

ni naizena dadin lora

 

 

Sekretu hau guk biok dakigu

Benetan diotsut, zinez

Sekretuaren jabe bakarrak

garela dezagun sinets

Sekretuaren konplize gara

irri murrixka eginez

ezpainetan erre egiten du

eta begietatik ihes

 

 

Bihurrikeriz bihurrikeri

lau urte ditut ospatu

gurasoei ez zaie gustatzen

niretzat ez da bekatu

Estrategia paregabea

dut nik nahi dizut aipatu

begiratzen ez baldin bazaitut

hemen ez da deus gertatu

 

 

Jende batek dio argazkiak

gaituela barrutik husten

Tripa sartzen dugun bitartean

saiatu titiak puzten!

Batzuk oso guapo ta besteak

ez dira ondo ikusten

argazkiak ez du benetako

begirada erakusten

 

 

Ispiluak ez dio gezurrik

ezkutatzen ez saiatu

argi erakusten du daukazun

hainbat motxila ta zaku

baina ez da bere errua ta

egin behar diozu barkatu

parean duzun hori zu zara

beraz, goxo begiratu

 

 

Kaletik zu ikusi ta elkar

saiau ginen ekiditen

baina elkarren kontra gentozen

ezin atakatik irten!

Agurtuko ote nau, ai ama

barrua nuen irakiten

hurrengoan hobeto saiatu

ostrukarena egiten!

 

 

Larunbat gaueko kontzertuek

egiten dute lagundu

alkohol eta kearen artean

elkar begiratu dugu

misterioa, kitzika, garra

gorputzean gora ditugu

Bukatu da, argiak pizturik

xarma guztia galdu du

 

 

Gaurko azterketa gogoratzean

esan duzu zuk: «la merde!»

Ondokoak zer idatzi duen

ikustea duzu xede

Disimuluaren erregea

zara zu, bai, alafede!

Denok kopiatu izan dugu,

ez zara hain errebelde!

 

 

Begirada hotza, gogorra da

denok in dugu bekatu

Polizia eta eskanerra

ezin dira maitatu

ez dut ezer txarrik egin baina

inork ote nau salatu

oso deseroso nago eta

mesedez, ez begiratu! ditut akaso!

Begiradak