ANTXOKA AGIRRE, BEÑAT ZAMALLOA, ZEZILIA HERRADOR, ANDONI LUBAKI

ERRELEBOAREN AURPEGIAK

Testua: Amagoia Mujika
Argazkiak: Conny Beireuther
2016-04-26
Mahaiaren bueltan eseri ditugu Antxoka Agirre, Beñat Zamalloa, Andoni Lubaki eta Zezilia Herrador, erreleboa hartu duen taldearen ardatza.

Antxoka Agirrek oso gertutik ezagutu du Bertsolariren ibilera, aitak sortua izan baitzen. «Aldizkaria hasi zenean nik hamalau urte nituen. Garai hartan marrazkiak egiten nituen eta aitari —aita zenez– onak iruditzen zitzaizkion. Eta hala esan zidan marrazkiak egiteko aldizkarirako. Bertso hautatuen sekzio bat zegoen, eta nik bertso horiei ilustrazioak egiten nizkien. Hori izan zen nire lehen lana aldizkarian», hasi da kontatzen.

Egia esan, errelebotik adina dauka Antxokak beteranotik. Hamasei-hamazazpi urte zituela hasi zen bere lehen testuak argitaratzen aldizkarian, eta gerora etorri ziren etxez etxe eta atez ate egin zituen harpidetza kanpainak. Harpidetzak topatzeko sistema zuzena zen oso: Herriko bertsolarien laguntzarekin bertsozaleen zerrenda bat egin, telefono listinean abizenen bidez helbideak topatu eta atea jo. Telefonoz ere egin izan du Antxokak saio dezente harpidedunak lortzeko. Gerora, publizitatea lortzen ere aritu izan da, eta 2002tik aldizkariaren administrazio lanak nahiz kudeaketaren ardura osoa hartu ditu bere gain. Berak dioen moduan, «chico para todo».

Aldizkariaren hasierako taldeak 18 urteko bidea egin zuen segidan eta, orduan, Josu Martinezek hartu zuen aldizkaria koordinatzeko ardura. 2013. urteaz geroztik, aldiz, Antxoka bera arduratzen da aldizkaria koordinatzeaz, Beñat Zamalloaren laguntzarekin azken urtean. «Aldizkaria indartzeko eta biziberritzeko gogoz ekin genion 2013an. Bi argazkilari berrirekin hasi ginen –Andoni Lubaki eta Galder Izagirre–, Zaldieroa hasi zen kolaboratzen, Patxi Gallego eta Xabi Paya Nork komikiarekin hasi ziren, euskara zuzentzaile berriak sartu ziren… taldea berritu egin zen, nahiz eta aurreko taldeko zenbaitek ere jarraitu, Txemak eta Connyk kasu», kontatu du Antxokak.

Bertsolari aldizkariak beti izan du atzetik Erredakzio Kontseilu bat, noizean behin elkartu eta gaiak, proposamenak eta bestelakoak biltzen dituena. Hasiera hartatik eta 18 urtean jarraian, Andoni Egaña, Joxerra Garzia, Arantxa Mariskal, Koldo Tapia… eta beste zenbait aritu dira kontseilu horretan, aldizkaria martxan jartzerako elkar ondo ezagutzen zuenez garai oso modu naturalean elkartu zen jendea. «Zaila izan da belaunaldi berri batek erreleboa hartzea. Ez zegoen tokian sortu behar izan da harremana, baina ari gara pixkana erredakzio kontseilu berri hori osatzen, ibili arazten: Xabi Paya, Jon Martin, Esti Esteibar…», segitu du.

Aldaketaren olatuan dabil azken urteotan Bertsolari. Eta, akaso, aldaketa nabarmenetakoa izango da taldea egiteko saiakera egiten ari direla. Zamalloaren iritziz, «ez da erraza. Neurri txikian bizi gara honetara, eta etxetik egiten dugu lan. Norbera bere lanean dago. Ez da erraza elkartzea eta batasun hori sentitzea, ez dagoelako erredakzio bat. Gainera, ez dakit zenbateraino existitu behar duen batasun horrek. Eta zaila da hori aldatzea beste diru iturririk ez dagoen bitartean. Aldizkari honen zailtasun handienetakoa hori da, eta baita aldizkari honen bertute handienetakoa ere: oso dinamikoa da, etengabe aldatzen dira sinadurak…».

 

Sare sozialetan tokia egitea

Bertsolari aldizkaria sare sozialetan tokia egiten ari da azken urteotan, benetan berritzekotan ezinbestekoa baita leiho horiei begira ere jartzea. Jon Martinek lan handia egin du eta Zamalloa ere horretan ari da. «Aurrera begira bertsolaritzaren inguruan hedabide denek sortzen duten informazioaren hedapena egin nahi genuke. Hori bada gure erronketako bat, nolabait bertsolaritzaren inguruan sortzen den informazioaren hemeroteka modukoa izatea. Hortik aurrera, garbi dago gaur egun aldizkari bat existituko bada, ez dela paperean bakarrik existituko. Gaur egungo gure hartzaile eta bertsozale asko irudien zaleak dira, ikus-entzunezkoen zaleak dira eta horiengana iristeko sare sozialak baliatu beharko ditugu. Aldizkariak pisu handia dauka irudietan eta testuetan, baina sarean ere eduki behar du. Sarearekin gure edukien komunikazioan irabaziko dugula iruditzen zait. Gure edukiak erabilgarri eta eztabaidagarri izango diren plaza batera atera behar ditugu. Eta aldizkariaren marka ezagutzera emateko ere toki ona da sarea. Oraindik batzuetan iruditzen zaigu jendeak ez dakiela oso garbi Bertsolari zer den, Elkartearen aldizkaria ote den, apartekoa… Sareak lagunduko digu gure izena zabaltzen», iritzi dio Zamalloak.

2013ko Txapelketa Nagusiko finalaren ondoren, sare sozialetan Bertsolaritik post bat jarri zuten Amets Arzallusen agurra jasotzen zuen argazki muntaiarekin. 45.000 ikustaldi izan zituen argazki muntaiak. «Horrek esan nahi du sarean ere bertsolaritzaren inguruko badagoela masa kritiko zabala. Gakoa da jende horrengana nola iritsi asmatzea», esan du Antxokak.

Bertsolari aldizkarian erreportajeak sakonak eta luzeak izaten dira, eta aberatsak iruditan. Badirudi egungo presazko irakurketan, lehen boteko begiratuan, zaila duela tokia egiten. «25. Urteurrenaren zenbaki honi begira harpidedunei galdezka aritu gara aldizkaria zer iruditzen zaien, eta askok eskertzen dutena, hain juxtu, hori da: lasai irakurri ahal izateko zerbait, argazki asko dituena, edozein tokitatik hartu daitekeena, irakurketa pausatua eskaintzen duena… Gaur egun, mota horretako kazetaritza eskaintzen duten produktuak badaude, arnas luzeko kazetaritza edo slow journalist deritzona, dena ez baita presa eta azkartasuna. Egia da sare sozialetan sartzeko moldatu egin beharko ditugula edukiak, baina paperekoan espiritu hori mantentzeari zentzua ikusten diot», esan du Agirrek.

Kazetarientzat ere plaza interesgarria dela nabarmendu du Zamalloak. «Aukera gutxi izaten da gai bat sakontasunez lantzeko, eguneroko komunikabideetan. Nik egunkarian eta irratian egiten dut bertsolaritzaren jarraipena, eta, maiz, motz geratzen da espazioa. Bertsolarik eskaintzen du aukera hori, sakontasunez eta patxadaz lan egitekoa».

 

Bertsolaritzak gehiagorako ematen al du? 

Eta hogeita bost urte eta gero, hainbeste gauza kontatu eta gero, hainbeste punta atera eta gero, bertsolaritzak ematen al du gehiagorako? Zamalloak baietz uste du. «Hor bi alde daudela uste dut. Batetik, bertsolaritza lantzeko moduak aldatu dira. Horrekin batera, ikastetxeetan eta bertso eskoletan bertsolari eta bertsozale talde handia sortu da, eta horrek areagotu egin du hausnarketa. Bestetik, bertsolaritzari begiratzeko moduak aldatu egin dira; feminismotik, lehiatik, lehiatik  kanpo… Gainera, herrialde bakoitzean asko aldatzen da bertsolaritza bizitzeko eta begiratzeko modua. Zabala eta anitza da bertsolaritza. Gainera, bertsolaritza ez da bakarrik bat-bateko kantua, kantatzen den gai bakoitza ere bada bertsolaritza. Bertsolaritza politika ere bada, beraz, edo gastronomia, edo… Azkenik, Lubaki, esaterako, Saharara doa eta bertako bat-batekotasunaz idatziko du. Hartara, Saharako errealitatea ekarriko du bat-batekotasunaren bidez».

«Bertsolaritzak ematen du aldizkaria egiten segitzeko. Barruko taldea aldatzen ari da eta kameraren beste aldean dauden bertsolariak ere aldatzen ari dira. Bertsolaritza bera ari da aldatzen… Zalantzarik gabe badagoela zer kontatu», gaineratu du Agirrek. Aurrera begira jarrita, ordea, bidea ez da samurra ikusten. «Diru-laguntzen bidea gero eta zailagoa da. Harpidedunak lortzea ere gero eta gehiago kostatzen da, eta berdin gertatzen da publizitatearekin. Baina, tira, badakigu zer dagoen. Erronka asko ditugu aurrera begira, ez da erraza izango, baina aurrera».

 

Gerrako argazkilaritzatik ezkontzetakora

Andoni Lubakik aurpegi ugari ditu. Gerrako argazkilaritzatik ezkontzetako argazkilaritzara dagoen tarte zabal horretan aritzen da, kamera aldean. Bertsolariren 25. urteurrena ospatzeko bazkarian denok dantzan jarri gaitu, ezkontza bateko familia baikinen, umoretik zirikatuz. Berak esana da batzuetan errazagoa dela gerran aritzea argazkiak ateratzen bertso saio batean baino. «Gatazka batean, zure aurrean gauzak gertatzen ari dira etengabe. Eta pixka bat arakatuz gero, berehala agertzen zaizu begien aurrean estetikoki indarra duen istorio bat. Bertsolari bat mikrofono baten aurrean jartzen denean —aurrean ehun, mila edo hamar mila pertsona egonda ere–, apenas dagoen ekintzarik. Pilotaleku bat, kolorea galdutako oholtza bat, juxtuko argia… Duela hogei urte bertsolari baten eskuei argazkiak egitea berritzailea izango zen, baina dagoeneko askotan ikusitako errekurtsoa da hori, eta ez da erraza beti gauza berriak asmatzen egotea, estetikoki hain elementu gutxi eskaintzen dituen jardun batean. Horregatik, gure lanak badu antza bertsolarien jardunarekin. Gai bat daukagu eta, muga batzuen barruan, sortu egin behar dugu. Askotan, zaila egiten zait bertsolaritzaren inguruko argazkiak ateratzea, eta etengabe aztertzen aritzen naiz nola izan sortzaileagoa zure begien aurrean etengabe errepikatzen ari den ekintza baten aurrean».

Erronka, baina, oso gustukoa du Lubakik. «Argazkilaritza kirol bat bezalakoa da, entrenatuta egon behar duzu, bestela akatsa egiten duzu une garrantzitsuenean. Bertsolarin lanean aritzeak behartzen nau bista eta burua etengabe entrenatzera, eta ariketa oso interesgarria da. Beti zerbait berria egin beharra entrenamendu bikaina da».

Andoni Lubaki lurrikara txiki bat bezalakoa da, parean duena neurrian aztoratzeko abildadea dauka, kamerarekin ahazteraino. «Nik ez dut baimenik eskatzen ezertarako, baina berehala sumatzen dut bertsolari bakoitza noraino eraman dezakedan. Julio Soto ez dut pailazoarena egiten jarriko, baina Ander Lipus ezin dut serio demonio atera. Gainera, gustatzen zait argazkia gaiari lotzea».

Zezilia Herrador iritsi berria da. Administrazioaz arduratuko da eta harpidedun berriak eta publizitatea lortzeko lanak ere partekatuko ditu. «Antxokarekin apustua egin dut, urtebetean zeinek lortu emaitza hobeak», esan du umorez. Durangoko azokan hasi zen eta egun bakarrean 20 harpidedun lortu zituen Zeziliak. Hasiera bikaina.

Aurrera begira zer? Bada, batez ere, aurrera begiratzea, alerik ale, pausorik pauso. Sare sozialetan haztea, eta paperean bidean segitzea luxuzkoa eta etxeko apalategian gordetzeko modukoa den bilduma osatzen. Segi dezatela, beste hogeita bost urtean gutxienez.