NIKOLAS ALDAI: “Gustura gelditu nintzen egindako lanarekin”

2020-10-22

NIKOLAS ALDAI –

Atzo hil zen Nikolas Aldai kazetari eta bertsozalea. Azken ale honetan Antxoka Agirrek egin zion elkarrizketa dakargu hona. Aldizkaritik gure doluminak bidali nahi dizkiegu senide eta lagunei. Mila esker denagatik, Nikolas.


NIKOLAS ALDAI

“Gustura gelditu nintzen egindako lanarekin. Altxor handi bat dago hor, oso erabilgarri, baita ikerketarako ere”

 

Azken hamarkadetan irratian erreferentziala den Euskadi Irratiko Eta Hitza Jolas bihurtu zen (Hitza jolas 2006tik) programaren sortzaile eta lehen gidaria. Euskadi Irratiak daukan bertsoen grabazio zaharren artxiboa, gisa honetako garrantzitsuena, berak antolatu zuen, lan ikusgarria eginez. Aurretik Loiolako Herri Irratian ere bertsoaren inguruan hainbat kazetaritza lan egindakoa.

Hondarribia asko ezagutzen ez eta aireportuko tabernan egin dugu hitzordua. Normalean nahikoa toki hotzak izaten dira aireportuak, presaka batean uzteko diseinatuak, baina Nikolasen hizketa gozoa entzunda etxean bezala sentitzen da bat. Irrati esatariaren patxada eta ahots ederrarekin aletzen ditu bere oroitzapenak, eta tipo zintzoaren patxada nahiz ahotsaz haratago bizi oso bat hartu duen bertsozaletasuna nabari da oroitzapen hauetan.

NIKOLAS ALDAI

Hastapenak, 1970eko hamarkada

Nola sartu zinen irrati munduan?

Donostiako Herri Irratian sartu nintzen soldaduskan nengoela. Orduan aukera izan nuen eta euskarazko programazioan hasi nintzen 1970/71 urteetan.

Zein lan egin zenuen bertan?

Deitu eta esan zidaten musika aurkezten hasi behar nuela. Arratsalde on zen programaren izena eta musika aurkeztea besterik ez zen. Era guztietako musika aurkezten egin nuen debuta. Geroago, goizetan, euskal kantuen aurkezpentxo bat ere egiten nuen; 15 minutuko tartetxoa izaten zen. Horretaz gain, Musika Sareetan arrantzaleei eskainitako programa bat ere egin nuen, euskaraz, galegoz eta gazteleraz egiten genuena. Euskarazko zatia nik egiten nuen. Itsasgizonei beren senitartekoek kanturen bat eskaini nahi bazieten edo zoriondu nahi bazituzten, hala egiten genuen. Hor testua egiten nuen.

Kontuan hartu behar da frankismo garaiak zirela eta ez zegoela informatzerik. Informazioaren esklusiba estatalak zuen eta oso kontrolatua zegoen, baina, behintzat, uzten zuten “notas locales” lantzeko aukera. Holakoetan ere parte hartu nuen.

Asteburuetan Euskal Jai programa egiten hasi nintzen aurrerago… Onartuak zeuden kantuak oso gutxi ziren; ez dakit 100era iristen ziren. Indizean zeudenak, debekaturikoak, 700 inguru ziren. Nik beti adibide esanguratsua jartzen dut: Nere aitak amari gona gorria ekarri ezin zen emititu. Zergatik? Bigarren bueltan gona gorri-gorria zazpi jostunek josia esaten zelako, eta ezin zen emititu, zazpi jostun horiek zazpi probintziak zirela esaten zutelako. Gaur gabon, gabon gaiari buruzkoa ere ezin zen emititu.

Zertara behartzen ninduen horrek? Jaialdi asko antolatzen zen garai hartan, ikastolen sorrera garaia zen-eta. Jaialdi haietara joan eta grabazio txarrak egiten nituen; txarrak, izan ere. Zuzeneko grabazioak egitea mikrofono bakarrarekin ia ezinezkoa zen. Bertsolariak ere izaten ziren jaialdi haietan, eta horrela hasi nintzen bertsolariak grabatu eta emititzen. Eta elkarrizketak ere egin nizkien. Hortik pasatu ziren, gogoan ditut Imanol Lazkano, Lizaso, Joxe Aierbe… garai hartan plazan zebiltzan bertsolari gehienak.

Grabazio horiek gorde zenituen?

Urte haietan dezenteko bilduma egin nuen, baina nik alde egin eta programazio buruak denak botatzeko agindua eman zuen, Uztapideri egindako elkarrizketa bat salbu. Elkarrizketa oso laburra zen eta ez zen beste mundukoa, baina tira…

Zuzenekorik?

Loiolako Herri Irratiak lehenagotik martxan jarria zuen bertso sariketa bi irratietatik eman zen, eta, uste dut, zuzenekoa behin edo bitan emango zela. Gotzaiarena zen Donostiako Herri Irratia, eta, uste dut, 71-72 inguru hartan jesuitek erosi zutela, eta tira, biak elkartu ziren. Bakoitzak bere programazioa egiten zuen, eta, beste batzuetan, biek elkarrekin.

Nire Herri Irratiko ibilbidea 73-74ra arte luzatu zen. Bertsolaritza lantzen nuen, baina ez programa batean, Euskal Jai barruan izen berezirik gabe emitzen zen atal batean baizik.

 

Grabazio zaharrenak eta grabatzaileak

Zein dira irrati entzule gisa bertsolaritzaz dituzun lehen oroitzapenak?

Oroitzen naiz, nik hamaika edo hamabi urte nituela, 60ko bueltan 1960, 61, 62… Baionatik -ez galdetu zein irrati- igande goizetan 08:30-09:00ak inguruan bazegoela labur-laburra zen tarte bat, bost-hamar minutukoa. Nire etxean beti izan gara oso bertsozaleak eta, behin txiripaz harrapatu zutelarik, igandero aitak, arrebak edo amak jartzen zuen. Mattin han entzun nuen lehen aldiz.

Nire etxean jarraitzen zen Basarriren saioa ere, La Voz de Guipúzcoan. Basarri saiatzen zen, bere emanaldietan, berak jarritako bertsoak edo besteren batenak kantatzen. Xenpelar eta Txirritarenak entzun nizkiola gogoan daukat… Bertso zaharrak eta berriak sartzen zituen, izandako berriaren harira: aizkolari apustua bazen, antzinako apustu bati jarri izan zitzaizkion bertsoak, adibidez. Informazioaren amaierako broche modura erabiltzen zuen bertsoa.

Nere bordatxotik uste dut deitzen zela Basarriren zutabea. Programa berean han ziren Etxebeste -Gorka Etxebesteren aita-, Zurutuza albaitaria -Azpeitikoa- eta beste albaitari bat -Oñatibia, Jon Oñatibiaren anaia- María Dolores Agirre eta Fernando Artola Bordari. Nekazari munduari zuzendutako albistegi moduko bat zen. Oroitzen dudana hori da.

NIKOLAS ALDAI

Eta irratian lanean aritu zarenean esku artera iritsi zaizkizun grabazio zaharrenak?

Segura irratiko sortzaile eta buru zen apaiza Don Cesareo zeritzan. Berak 1959an egindako grabazio bat iritsi zitzaidan Jesus Lete Ibai-Ertzen bitartez. Ordizian 1959an jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Berrien Lehen Txapelketako bertsoak jasotzen ziren bertan. Lehen saria Txomin Garmendiak eraman zuen; bigarren, Lazkao Txiki gelditu zen. Hogei bat bertsolarik edo, hartu zuten parte… Oso egoera txarrean aurkitzen zen jatorrizkoa, eta egin genuena izan zen ahalik eta kopia txukunena atera eta Ibai-Ertzi itzuli.

Zintatik jasotako zaharrena hori izango da, baina badaude beste batzuk zaharragoak, Alan Lomaxek jasotakoak. Folklore biltzaile amerikar bat zen eta, pare bat urtean, uda partean, Euskal Herrira etorri zen. Hainbat grabaketa egin zituen, eta horien artean badago bakarren bat 47koa edo ingurukoa. Bilduma ikaragarria egin zuen, eta semeak digitalizatu eta CD modura atera zituen gerora. Tartean bertsolariak ere entzun daitezke: Uztapide bere aitaginarreba Krisostomo Iturainekin bertsotan… Basarri ere badago jasoa, eta Jose Migel Eskudero… Eta Mattin eta Meltxorren saio bat, 1947an Donibane Garazin grabatutakoa…

Zubimendik gerra aurretik egin zuen euskarazko lehen irratsaioaren arrastorik?

Entzuna daukat Basarrik bertsoak abesten zituela, Kalongek ere bai, eta Uztapidek, Donostia inguruan ibiltzen zelako… Esango nuke garai hartan ez zela grabaziorik egiten, dena zuzenean emititzea izaten zela.

Horren ondoren lehorte izugarria. Lomaxen bilduma etorri zen arte.

Ohikoagoa izango da 1960-1970 hamarkadetako materiala.

Gipuzkoako finala eman zuten zuzenean Donostiako Herri Irratiak, Loiolakoak, Arratek eta Segurak bat eginda. Hura 62-63 inguruan izango zen. Horren grabazioa badago.

Garai hartan iritsi zen magnetofoia Euskal Herrira, Telefunken handia, maleta moduko bat. Zavalak kontatzen duenez, Pello Errotaren alabari honen bizitzaz egin zion elkarrizketa luzea horrelako batekin grabatu zuen. Handik gutxira magnetofoi txikiak hasi ziren, UER alemanak, estereoan grabatzen zutenak, baina luxu bat ziren, irrati estatalek bakarrik erabiltzen zituzten. Besteok sistema zaharrarekin moldatzen ginen.

Hainbat grabatzaile ibili zen urte haietan bertsoaren inguruan. Ibarrako Beltza esaten zioten bat, uste dut taxista zela Ibarran, hark bilduma bat zeukan. Bertsolaritza soziala esaten zaiona, Azpillagak eta Lopategik herriz herri egindakoa… grabatuta zeukan. Ni ahalegindu nintzen ekar zitzan, gestioren bat egin nuen kopiatzeko, itzuliko niola, baina ez zuen nahi izan.

Amezketan eta Alkizan erretore egondako Jose Agirre apaiz bertsolariak ere bazituen grabazio batzuk. Grabaketa horietan apaiza bera entzun daiteke Kaxiano itsuarekin, Txomin Garmendiarekin edo Patxi Etxeberriarekin bertsotan, herriko jaietako otordu ondorenetan.

Gero, Zavalaz beste, kontuan hartzekoa da Martin Ibargurenek egindako bildumatxoa ere. Soraluzekoa zen Larraga bat ere bazen grabatzen ibiltzen zena…

Patxi Mujika aipatzen da asko.

Bai, bai, Euskadi Irratiko artxiboaren grabazio zaharrenen iturri nagusiena Mujikarena da. Aldian behin, bi bobina ekartzen zizkigun diru-truk… askotan oso kalitate txarrekoak. Beste askotan bere komentarioak entzun zitezkeen bertsoaren gainetik: “Eskua atzera eraman du”, “txapelari heldu dio”… Berak pentsatzen zuen bertsolaritza galdu egingo zela, eta berak fenomenoa altxor gisa jaso nahi zuen, bere komentarioekin dokumentu etnografikoa osotuz. Ez zen konturatzen zer desastre zen hori emititzeko garaian. Edozein kasutan, oso material interesgarria pasatu zigun, eta beste hainbeste bidean galdu zen: erdia bakarrik pasatu zigula esan eta gutxira hil zen, eta beste erdi hori ezin izan zen lokalizatu.

 

NIKOLAS ALDAI

 

1980ko hamarkada, Euskadi Irratia

Euskadi Irratian nola sartu zinen?

EITB sortu baino sei hilabete lehenago. Horregatik, lehendabiziko nominak kulturatik kobratzen genituen, 82an. Entea 83ko otsailean sortu zen.

Lehen bi urteak informatibo lokalak lantzen egin nituen, eta, gero, Goiz Giroan magazina egitera pasatu nintzen, Beloki eta Arantxa Irastorzarekin batera.

86an ardura eman zizuten bertsolaritzaren arloan.

86an jende berritze bat eman zen, Otamendi, Arantxa Iturbe… haiek goizeko magazina hartu zuten. Orduan eman zidaten bertsolaritzaren ardura.

Joxe Mari Oterminek 83an abiarazia zuen Euskal Perlak saioa, Patxi Mujikaren grabazioetan oinarritua. Bera zen arduraduna eta, ondoren, aditu gisa, balorazio bat egiten zuen Joxe Mari Aranaldek. Bere iritzia ematen zuen emititzen ziren bertso horietaz, bertsoa ematen hasi aurretik. Saioaren aurkezpena Oterminek eta hitza, gero, Aranaldek: zetozen bertsoak aurkeztu, emititu eta bere analisia egiten zuen labur-labur.

Nik jarraipena eman nion saio honi. 10:00etatik 11:00etara emititzen zen igande eta jai egunetan. Eta programa berri bat ere jarri nuen martxan Iturri Onetik Bertsotan izenekoa. Zaldubi hasita zegoen ordurako bertsoak grabatzen eta, hark jasotakoei nik jasotakoak batuta, azken asteko bertso-saioen berri ematen nuen. Uste dut asteazkenetan gaueko bederatzietan hasi nintzela, baina hurrengo urtean ostiraletara pasatu zuten…

NIKOLAS ALDAI

Geroxeago, beste tartetxo bat ere jarri nuen martxan: Lehengoak Gogoratuz. Hamar minutuko tarte bat zen, bertso zaharrei buruzkoa. Hemen, grabazioak beharrean, liburuak hartzen nituen oinarritzat, herri memorian geldituriko bertsoak jasotzen zituzten liburuak. Eta norbait ezberdina eraman ohi nuen saioko haiek kantatzera; askotan, bertsolari gazteak. Hor dezente atzera joaten nintzen, eta XVIII. nahiz XIX. mendeko bertsolaritza dezente arakatu nuen. Oso luze iraun zuen azken honek.

1980ko bigarren erdi horretan, zureez gain zer gehiago eskaintzen zuen Euskadi Irratiak bertsolaritzaren inguruan?

Joxerra Garziak eta Pello Zabaletak Sorginen Afaria izeneko eguneroko programa bat zuten, ostiraletan bertsolaritzari buruzko programa bihurtzen zena Bertso Afaria izenarekin. Antton Haranburu ere ibili zen zerbait…

Txapelketak eskainiko zenituzten…

1986ko Txapelketaren jarraipenean esango nuke bai hartu nuela parte, baina ez askorik. Ardura nagusia Joxerrak eta Pellok izan zuten.

1989koan, finala eskaini genuen zuzenean, goiz eta arratsalde, eta hor bai ibili nintzen gidari. Pello Esnal eta Abel Muniategi izan nituen aditu gisa, eta bazkalondoko tertulian Mixel Lekuonak, Juan Mari Lekuonak, Pello Esnalek eta Jon Sarasuak ere hartu zuten parte. Santi jatetxean bazkaldu genuen, eta bertatik egin genuen tertulia hori.

 

1990eko hamarkada, Eta Hitza Jolas Bihurtu Zen

Eta Hitza Jolas Bihurtu Zen programa kanoniko bihurtu zen 1990eko hamarkadan.

Hasi zenean, nire helburua zen erabateko tratamendu integrala egitea bertsolaritzari. Zer esan nahi dut horrekin? Alde batetik, ikuspegi historikoa lantzea; bestetik, egunerokotasun garaikideari garrantzia ematea; eta, azkenik, entzuleei partaidetza eskaintzea.

Agenda azaltzen zen, elkarrizketatuak ekartzen ziren estudiora, eta entzuleen parte hartzeko tartea zetorren ondoren. Horrela, bertsotarako ariketa bat jar zitekeen. Adibidez, bertsolari elkarrizketatuari galdetuz puntua emanda edo lau oinak nahiago zuen. “Ba nik nahiago lau oinak emanda”, eta jarri hark oinak eta telefonoa ireki, jendeak bere bertsoa bota zezan. Edo lehiaketa bat egin zitekeen bertsolaritzaren historiari buruzko galderekin…

Gero, aurreko astean izandako saioetako bertso hautatuak ere eskaintzen ziren.

Kolaboratzaile finkorik izan zenuen?

Ez. Kolaboratzaileak izateko dirua ordaindu behar zen, eta nire saioak ez zuen sekula aurrekonturik izan. Bakarrik, txapelketetan. Orduan bai, kolaboratzaileak izaten nituen.

Egon zen jendea hainbat astez laguntzera etorri izan zena ere. Lehen aipatu dudan bezala Lehengoak Gogoratuz-ek luze iraun zuen, eta Eta Hitza Jolas Bihurtu Zen-en barruan ere txertaturiko atal gisa jarraitu zuen hainbat urtetan. Atal horretarako, Dorronsoro etorri izan zen programa askotan, bertso zaharrak kantatu eta erabilitako doinuari buruz azalpenak ematera.

NIKOLAS ALDAI

Badago bereziki ahogozo ona utzi zizun saiorik?

Bai. Lazkao Txikiri omenaldi bat egin genion 98an, hil eta bost urtera. Lazkaomendiko soziedadetik zuzeneko emanaldia egin genuen, bi orduko saioa. Murua, Gorrotxategi, Iraola eta Mendizabal, esango nuke zirela bertsotan. Manuel Lasarte ere eraman genuen, 1986tik erretiratua zegoena, baina Lazkao Txikiri berak jarritako bertso batzuk abestu zituen, eta honen pasarte batzuk kontatu ere bai. Aurretik, entzuleei Lazkaomendikoari buruzko bertsoak bidaltzeko eskatu genien, eta hiru onenak aukeratu eta haiek ere abestu genituen; oso bertso politak. Eta Lazkao Txikiren beraren ahotsa ere sartu genuen, Patxi Mujikak grabatu zizkion txiste eta pasadizo batzuk. Oso ederra gelditu zen.

Ba al duzu gogoan zuzeneko beste saio bereziren bat?

Bai, hain zuzen Lazkao Txikiri 65 urte bete zituenean Beasainen egin zioten omenaldia zuzenean eskaini genuen… Beste bat, Arratsain sagardotegitik egin genuen. Arratsain dago… begira, handik jaurtitako kanoi balarekin zauritu zuten Bilintx. Muñoa bertsolariak ireki berria zuen sagardotegia, eta bertan saio oso polita egin genuen, bertsolariei bazkaria ordainduta.

Artxibatze lana ere erruz egin beharko zenuen, Euskaldi Irratiak bilduta zeukan guztia gero modu eroso batean maneiatu ahal izateko.

Nik, bertsolaritzan zentratzen hasi nintzenean, sekulako kasete piloarekin egin nuen topo; Patxi Mujikarenak edo Zaldubirenak, gehienak. Ehunka ziren. Batzuetan data, tokia eta bertsolarien izena jartzen zuen, baina beste batzuetan ez.

Dena entzun eta datu-base bat osatzen hasi nintzen, gauzak aurkitu nahiz emititzeko erraztasunak emango zituen sistema bat antolatu nahian. Eta digitala etorri zenean, dena digitalera pasatu nuen, sistema dezente hobetuz. Horrela, erretiratu nintzenerako, datu-baseak aukera ematen zuen bilaketa kronologikoki egiteko tokiaren arabera, bertsolariaren arabera, aurkezlearen arabera eta abar.

Gustura gelditu nintzen egindako lanarekin. Altxor handi bat dago hor, oso erabilgarri, baita ikerketarako ere.

NIKOLAS ALDAI

NIKOLAS ALDAI
NIKOLAS ALDAI
NIKOLAS ALDAI
NIKOLAS ALDAI
NIKOLAS ALDAI
NIKOLAS ALDAI
NIKOLAS ALDAI
NIKOLAS ALDAI
NIKOLAS ALDAI
NIKOLAS ALDAI
NIKOLAS ALDAI
NIKOLAS ALDAI
NIKOLAS ALDAI
NIKOLAS ALDAI