Patxi Bisquert: “Lan hau egin dut belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna bat izan dezaten”

Hika egin genion elkarri nahiz hasera haseratik Patxik bere errezeloa azaldu zidan. Ez omen du euskaraz erraztasun ikaragarririk. Horregatik, tarteka erdaraz hitzen batek ihes egingo ote zion beldur zela eman zidan aditzera. Ordubetez aritu ginen, eta bere beldurrari ez nion inongo arrazoirik aurkitu. Erraz eta ongi egiten du euskaraz Patxi Bisquertek. Garai batean sortuen edo bolada batez hemendik kanpo ibili direnen konplexua izan daiteke “euskaraz gaizki” egitearen hori. Patxiren kasuan, inongo funtsik ez du uste horrek. Atzerantz begira ekin genion elkarrizketari, Hondarribiko kafetegi batean.

Andoni Egaña-(r)en argazkia Andoni Egaña 2025-09-11
Argazkiak: Conny Beyreuther

Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna –

Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna

Noiztik dator Onbuaren itzala izan den hau egin nahia? Zer izan zen asmoaren pizgarri?

Otaño hil zeneko 100. urteurrenean, 2010ean, ekitaldi batzuk  antolatu ziren. Prentsan-eta azaldu ziren iragarriak. Eta nik, lehendik ere banuen Pedro Maria Otañorekiko tiradizo bat. Tristura sortzen zidan halako sortzaile handi bat ahanzturaren zulo beltzean erorita sumatzeak. Ia inork ez zekien nor zen Otaño. Zerbait egin behar zela, eta Koldo Izagirrerekin elkartu nintzen. Bera ere ados zegoen zerbait egin behar zela, eta orduan idatzi zuen lehen gidoia…

2025ean gaude. Hamalau urte joan dira ordutik…

Denbora asko, bai. Orduan hasi ginen pixka bat mugitzen eta lehen urratsak egiten. Baina esan beharra daukat nire Otañori buruzko ezagutza ez zela hainbesterainokoa ere garai haietan. Ezagutza urria, baina grina handia nuen Otañorekiko. Ni Zizurkilen jaioa naiz. Fraisoroko semea naiz ni. Eta bost urterekin, Jaizubiara, Hondarribira, etorri nintzenean amonaren baserrira, amaren lehengusu bi baziren bertsotan aritzen zirenak. Biak izenez Martzelino. Bata Legorburu eta bestea Manterola. Eta  baserri lanen bat bazen, belar-metak egitea edo, edo bazen bataioren bat edo gisa hortako festaren bat, eztarria berotzean, Otañoren bertsoak kantatzen zituzten. Nik, Txepetxari buruzko bertsoak-eta, zazpi-zortzi urterekin ikasi nituen, Baina  Otañorenak zirenik jakin gabe. Gerora jakin nuen Otañorenak zirela. Gero, jakin nuen gainera zizurkildarra zela gizona. Eta orduan hasi nintzen beregana inguratzen. Konturatu nintzen, helduagotan jakina, “autore madarikatu” gisara hartu beharra zegoela.

“Autore madarikatu”? Nik ez dut horrelako pertzepziorik. Azaldu iezadazu zergatik zuretzat halakotzat har daitekeen…

Garai gatazkatsuetan bizi izan zen Otaño. Liberalak, karlistak… Bera zen, nolabait, tarteko horietakoa.  Liberalek ez zuten begi onez ikusten. Karlistek ere ez, noski. Bera hantxe, tartean. Eta zartada guztiak beretzat. 2009an Argentinan izan nintzen, argentinar batekin ezkondu ondoren, hango senideak ezagutzera joanda. Eta konturatu nintzen Argentinan askoz ere ezagunagoa zela Otaño Euskal Herrian baino. Han badakite zein den Otaño. Eta badago katedra bat ere La Platako Unibertsitatean… Hemen ez.

Garai batean, ordea, hemen ere izan zen norbait Otaño. Orixek berak bere ereduetarikotzat hartzen du; eta Basarrik ere bai.

Bai. Baina garai hartan! Orain horiek ahaztuak daude. Bertsolari txapelketa batean hirurogeita… ez dakit zenbatgarrenean, bertsolarien patroia aukeratzeko agintzen diete. Eta Basarrik Frantzisko Asiskoa hautatzen du eta Uztapidek Pedro Maria Otaño. Bertsolaritzaren inguruan bai, ezaguna da oraindik Otaño. Baina hortik kanpora, ez.

“Garai gatazkatsuetan bizi izan zen Otaño. Liberalak, karlistak… Bera zen, nolabait, tarteko horietakoa. Liberalek ez zuten begi onez ikusten. Karlistek ere ez, noski”.

Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna

Filma bera egiteko prozesua luzea eta gogorra izan dela daukat aditzera…

Bai. Nik ez nuen Otañori buruzko lan hau ekoiztu eta zuzendu nahi. Nik, Otañoren papera egin nahiago nuen. 2011 bukatzerako bagenuen gidoia. Elkartu nintzen Juanba Berasategirekin. Hark lagundu zidan ekoiztetxeekin harremanean jartzen. Baina inori ez zitzaion interesatzen. Inork ez zekien nor zen Pedro Mari Otaño.

Atez ate ibili behar izan duzu orduan, santageda eskean bezala…

Lehenbiziko atea jo nuen Zizurkilgo udaletxean. Gero Gipuzkoako Foru Aldundian. Eta gero joan ginen ETBra. Eta baiezkoa eman ziguten. Gu pozik. Une hartan pentsatu genuen: “Hau egina zagok!”. Zizurkilgo Udalak dirua jarri zuen, Diputazioak ere bai, eta ETB prest… Primeran! Gainera, orduan aurrekontua zen nahiko txikia, dokumental dramatizatu modura aurkeztu baikenuen lehen gidoia. Baina konturatu ginen ez zegoela aski dokumentazio Otañori buruzkorik. Irudirik ez. Prentsan oharren batzuk, baina gutxi. Liburu bat… Orduan, babes horiek bagenituela aintzat hartuta, planteatu genuen: “Zergatik ez diagu fikziozko istorio bat egiten?”. Luzemetraia bat. Eta horri ekin genion dokumentala ahaztuta.

Ordu arteko asmoak atzendu eta berriei ekin zenieten…

Koldo Izagirre beste lan askotan katigatuta zebilen eta pixka bat atzeratu egin zitzaigun proiektua. ETBk urtebeteko plazoa eman zigun eta atzeratu egin ginen. Gipuzkoako Foru Aldundia ere eskuz aldatu zen. Eta geratu ginen ezer gabe. Aukera galdu genuen. Ni neroni ere Galizian bizi nintzen garai hartan eta tarteka baino ez nintzen etortzen… Ekoiztetxe bat lortu genuen, Txepe Lararena, eta berriz aurkeztu genuen proiektua ETBn. Edu Barinaga zegoen, eta atzera bota ziguten asmoa. Eusko Jaurlaritzara ere aurkeztu genuen, baina nola ETBk atzera bota zuen ez zuten aintzat hartu.

Ez zenuen horretan etsi ordea…

Ez. Edu Barinagarekin izandako berriketaldi horretan, “tipo horrekin habil bueltaka? Hori ez zaiok inori interesatzen!” bota zidan. Autoa hartu, eta etxerako itzuleran haserre nentorren oso. Eta pentsatzen jarri nintzen. Aspaldi hartan egin zuten ba Amalur… 68an nola egin ote zuten haiek, frankismo garaian eta  erakundeen laguntzarik gabe? Kontxo! Auzolanean egin zuten haiek. Eta neuk ere bide hori hartu behar nuela erabaki nuen. Ordurako 2019a edo izango zen… Estrategia txiki bat eraiki nuen auzolan hori gauzatzeko. Udaletxeak batetik; Ikastolen Federazioa bestetik; tokian tokiko hedabideak ere bai… Eta aparte aterako ditut 30.000 sarrera aldez aurretik saltzeko. Nire kalkuluak egin nituen. Sarrera horiek guztiak hamarna euroan saltzen baditut, 300.000 euro badauzkat gutxienez…

“…berriz aurkeztu genuen proiektua ETBn. Edu Barinaga zegoen, eta atzera bota ziguten asmoa. Eusko Jaurlaritzara ere aurkeztu genuen, baina nola ETBk atzera bota zuen ez zuten aintzat hartu”.

Ze aurrekontu aurrikusten zenuen orduan ba?

700.000 eurokoa izan zitekeela kalkulatzen nuen nik. Kultur mezenasgo legeak ere indarrean zeuden Nafarroan eta Euskal Komunitate Autonomoan. Desgrabazio fiskalen kontua hor zegoen. Nik ez nekiena zen Erkidegoan ekoiztetxe batek ezin duela eskatu hori. Izan behar duela Gobernuz kanpoko erakunde bat, irabazi asmorik gabea. Nafarroan edonork eska dezake, baina Euskal Autonomia Erkidegoan ez. Orduan, nik akordio bat sinatu nuen Mugarik Gabeko Musikariak elkartearekin. Film guztiek behar dute euren soinu-banda eta eurak ardura daitezela horretaz. Erkidegoko foru aldundien dirulaguntza lortu nahi nuen horrela, baina ukatu egin ziguten dirulaguntza hori.

Gorabeheratsua eta luzea izan da zinez, film honen ekoizpena.

Bai… Hainbeste ate ixten sumatuta, sarreren salmentan jarri nuen nire grina. Herriz herri ibili nintzen hitzaldiak eman, egitasmoa azaldu eta, bidenabar, sarrerak saltzen. Esango nuke 150 lekutan izan naizela hitzaldia ematen, Euskal Herri osoan, zazpi lurraldeetan. Eta Madrilen ere izan nintzen Euskal Etxean. Lau urtez ibili izan gara horrela. 85.000 kilometro inguru egin ditugu hitzaldiak emanez. Eta auzolanak bere fruituak ematen zituela ikusita, filmarekin aurrera gindoazela frogatuta, erakundeek ere lagundu digute pixka bat.

Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna

Ez al zara erretxindu prozesu luze horretan?

Gaizki pasatu izan dut. Laguntzak nahi bezain azkar eta nahi bezainbestekoak ez zirela ikusita, egin behar izan nuen kreditu pertsonal bat eskatu. Interesak, notarioak eta gainerakoak nire gain hartu behar izan nituen. Beste ekoiztetxe batzuri, ETB-k esaterako, hiru zatitan ordaintzen dio hitzartua. Gurekin salbuespena egin dutela iruditzen zait. Baina txarrera. Nik film hau egiteko abalistak topatu behar izan ditut. Zergatik diferentzia horiek? Ez zait buruan sartzen… Nik dirua pelikula egiteko behar nuen! Egin eta gero ez dut dirurik nahi! Eta halere… Eskerrak eman behar! Lau egun erietxean eman behar izan nituen nik, e! Estresak jota. Anemia izugarri bat ere izan nuen. Oso gaizki pasatu nuen. Eta oraindik ere probak egiten ari naiz.

Filma bera, nola grabatu duzue?

Saltoka-saltoka egin behar izan dugu. Esate baterako, nik Argentinako grabaketa ahalik eta azkarren egin nahi nuen. Baina hara joateko ez geneukan aski diru. Baina bagenituen 15.000 euro Jaurlaritzako Lehendakaritzatik lortuak, kanpo harremanetarako duten zakutik aterata. Ez zigun bidaia-txartelak ordaintzeko ematen horrek, baina zertxobait egiteko adina ematen zigun. Beraz, hemengo aktoreei eta lantaldekoei soldatak behar baino beranduago ordaintzera behartu gintuen diru falta horrek.

Zenbat lagun joan zineten hemendik Argentinara?

Hemendik hamabi-hamairu lagun joan ginen. Otañoren papera egiten duena, emaztea, alaba zaharrena, Mitxelena esnesaltzailearena egiten duena… eta lantaldeko beste zazpi-zortzi. Azkenean, apirilean behar genuen dirua hara joateko eta sos horiek irailean iritsi zitzaizkigun. Eta halere, lortu genuen hangoa grabatzea. Hori bai: ez dena guk nahiko genukeen modura. Esate baterako, Laurak Baten grabatu genuen sekuentzia oso pobre geratu zitzaigun: figurante gutxi, eta sekuentzia, eskas. Berriz grabatu behar izan genuen, hangoa hemen, Hondarribiko udaletxeko batzar gelan. Han… hamasei lagun baino ez geneuzkan estra lanak egiteko. Haiek sakabanatzen saiatu ginen, gutxirekin askoren ustea eman nahian edo, baina alferrik! Gainontzean, nahi genuen gehientsuena grabatuta itzuli ginen.

“Esango nuke 150 lekutan izan naizela hitzaldia ematen, Euskal Herri osoan, zazpi lurraldeetan. Eta Madrilen ere izan nintzen Euskal Etxean. Lau urtez ibili izan gara horrela. 85.000 kilometro inguru egin ditugu hitzaldiak emanez”.

Ombuaren itzala, grabaketako irudiak

 

Eta Euskal Herriko grabazio lanei buruz zer esango zenuke?

Maiatzaren hasieran itzuli ginen Argentinatik. Nire asmoa zen hemen segidan grabatzekoa. Ezinezkoa izan zen. Betikoa. Han xahutu genituen geneuzkanak, eta hemen dirua falta. Itxaron egin behar nonbaitetik beste diru apurren bat noiz iritsiko. Eta horrela ibili gara. Saltoka-saltoka. Guk espero genuen ekainean lanak amaitu eta Donostiako Zinemaldira aurkezteko moduan egotea pelikula, baina amaitu genuen, azkenean, abuztuan grabatuz. Nafarroako Beran.

Ze lokalizazio erabili dituzue, Argentinakoez gain?

Karidadeko Benta irudikatu genuen Lizuniagako baserri batean. Etxalarren ere izan gara. Argentinako Pehuajoko Otañoren etxea Utergan irudikatu dugu. Ziraukin ibili gara, Otañoren etxeko eskailerak irudikatzeko. Donostiako Gráficas Iraola hura Lizarran grabatu dugu. Hondarribiko udaletxea ere bai. Zizurkilgoak dira plaza eta Eliza. Pasaian ere izan gara, noski. Otañoren Ameriketarako irteera Albaolan zegoen bapore zahar bat baliatuz egin nahi genuen, baina ezin izan genuen. Lore jokoetan saria ematen diotenekoa, berriz, Pasai Donibaneko udaletxe zaharrean grabatu genuen. Matxinada Errenterian grabatzekoak ginen, baina madalenetan tokatu zen, herriko jaien bihotz-bihotzean, eta ezin izan genuen grabatu. Orduan, pantaila beltzera doa eta zaldi-irrintziak eta tiroak-eta entzuten dira. Beste plano batzuk badira Donostiako Trinidade plazako leiho batenak…

Aktore aski ezagunak badira filmean…

Otañorena egiten du Joseba Usabiagak. Bere emaztea, Madalen, Sara Cozar da. Txirritaren papera Iñaki Beraetxek egiten du. Alaba zaharrenarena, berriz, Teresarena, gure alaba zen egitekoa. Baina neskatoari azkenean ezinegona gailendu zitzaion eta bere lagun iruindar batek egiten du. Ramon Agirre tartean da, Iraola inprimategiko nagusiarena egiten duena. Gizon hark sekulako garrantzia izan zuen bertsolaritza ezagutzera emateko garaian. Eta bertsolariak ere azaltzen dira filmean zehar: Anjel Mari Peñagarikano, Oihana Iguaran…

Emaitzarekin gustura geratu zarela esango zenuke?

Ni gustura nago. Batez ere jendearen harrera ikusita. Zazpi edo zortzi emanaldi eskaini ditugu dagoeneko eta batzuk hunkituta irteten dira. Behin baino gehiagotan ikusi dutenak ere badira. Eta bigarren aldian lehenengoan baino gehiago gustatu izan zaiela esaten dute birritan joandako horiek; detaile batzuk apreziatzen dituztela lehen ikustaldian harrapatu ez zituztenak. Horrek asko asebetetzen nau ni, ibili izan garen bezala ibili eta gero.

Hasiera-hasierako Koldo Izagirreren gidoi hartatik azken emaitzara alde handia dago?

Lehenbizi dokumentala izan behar zuen. Fikzioa egitea erabaki genuenean sekuentzia batzuk eranstea aski zela esan nion Koldori. Zortzi-hamar sekuentzia gehiagorekin nahikoa zela pentsatzen nuen nik. Sortzaile hauek nolakoak diren ordea! Beste bertsio bat egin zuen zeharo desberdina. Lau bertsio desberdin egin ditu azkenerako! Eta nik, lau bertsio horiek hartu eta egokipen bat egin dut. Kronologia eusteari garrantzi handia eman diot. Pertsona hori, Pedro Mari Otaño, bere osotasunean ulertzeko haren ibilbidea argi azaltzea komeni zela iruditzen zitzaidan. Bere eboluzio politikoa ere bere ekintzetatik uler baidaiteke ondoen. Saltoka ibiltzeko gu nahikoa izan gara. Pertsonaia ere saltoka ibiltzen baduzu, nahastu egiten duzu pertsonaia bera.

“Lau egun erietxean eman behar izan nituen nik, e! Estresak jota. Anemia izugarri bat ere izan nuen. Oso gaizki pasatu nuen. Eta oraindik ere probak egiten ari naiz”.

Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna

Hitz egingo zeniguke Otañoren eboluzio horretaz?

Ez da sortzaile bera, nire ustez, Kubako gure anaia idazten duen Otaño edo Argentinaren independentziaren mendeurrenari kantatzen dion Otaño. Eboluzio ikaragarria dago hor. Eta horrexegatik kontatu nahi izan dut bere historia denboran linealki.

Otaño abertzale Argentinan egin zela esan daiteke?

Otaño jaio eta gero pizten da hemen abertzaletasuna. Kontuan hartu, Argentinara hiru bidaia egin zituela. eta azken aldiz 1898an joan zela eta ez zela gehiago itzuli bere intxaurpera. Filmean bada sekuentzia bat, Karidadeko Bentan Otaño eta Txirrita elkartzen direnekoa. Bertsotan ari da Txirrita. Botatzen du Foruen aldeko bertso mordoska bat eta hurbiltzen zaio Pedro Mari Otaño eta hala aitortzen dio: “Bertso ederrak, Txirrita. Liberal batek esaten dik!”. Eta Txirritak erantzuten dio: “Tira, tira… Liberalak eta karlistak. Horrek ez dik gaur egunerako balio. Ideia berriak sortu behar ditiagu”. Eta hor hasten dira ideia berriak sortzen.

Garai gatazkatsu bezain interesgarria…

Bai. Karlismoa Sabino Aranak aldatzen du. Eta sortzen da nazionalismoa. Eta liberalena ere aldatu egiten da. Sortzen da sozialismoa. Pedro Mari Otañoren lanari segiz garai hartako Euskal Herriko gorabeherak ongi interpreta daitezke. Baina ni ez naiz interpretazio horietan sartu. Ez naiz aztertzaile lan horretan ibili. Nik bere obra eman nahi izan dut ezagutzera. Eta horrek erakusten du pertsonaiaren neurria zenbatekoa zen. Interpretazioekin hastea saltsa handiegitan sartzea litzateke niretzat. Filmean azaltzen da Otaño udaletxera joan zela zergak ordaintzera eta barruko gela batean nola entzuten duen Adunako itsua bere bertso batzuk kantatzen, Kubako anaiei jarritakoak. Lotsatu egiten da. Ordurako bere ideiak aldatu dira. “Guk ez dugu bertso patriotikorik behar” pentsatzen du. “Guk behar ditugu bertso abertzaleak. Kuba, bere gain. Eta Bizkaia, bere gain”. Orduan, Sabino Aranaren garaian, Bizkaia baitzen Euskal Herriaren erreferentzia edo izenordea.

“Ez da sortzaile bera, nire ustez, Kubako gure anaia idazten duen Otaño edo Argentinaren independentziaren mendeurrenari kantatzen dion Otaño. Eboluzio ikaragarria dago hor”.

Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna

Sabinozale bihurtu zen orduan Pedro Mari Otaño…

Bertsoak ere jarri zizkion Sabino Aranari. Eta “maisua” deitzen dio. Eta batik bat, aipagarriak iruditzen zaizkit bere Zazpiak bateko bertso horiek. Hor bai oso argi ikusten dela zein zen, eboluzio baten ondorioz, geratu zitzaigun Otaño. Zer zen beretzat Euskal Herria.

Euskal Herria batera eta bestera askotan zeharkatu duzu azken urteetan. Zer iruditu zaizu gure kultur panorama?

Ez dakit zer esan. Galizian bizitzen eman ditut urte asko. Eta itzuli naizenean, sumatu dudan alderik handiena, militantziarena dela esango nuke. Iruditzen zait herri hau ez dela lehen bezain militante. Baina nire irudipena besterik ez da. Gero, beharbada, ez da hala izango. Gazteek esango didate: “Hi, ez hadi pasatu!”. Segur aski gazteak mugituko dira. Baina ni… oso zentratua ibili naiz Onbuaren itzala egin nahi honetan. Segur aski ez daukat behar hainbateko perspektibarik. Nik filma, batez ere, belaunaldi berrietan pentsatuz egin dut. Izan dezatela tresna bat Otañorengana iristeko.

Transmisoak are eta garrantzi handiagoa du gurea bezalako kultura gutxituetan…

Bai. Eta batez ere transmisio lan hori egin nahi izan dut, Otaño sortzaile “madarikatutzat” jotzen dudalako. Beti esaten dut zeozergatik izaten direla autore batzuk “madarikatuak” eta besteak ez. Ez bizi zirela eta ez hilda gero ere, ez dute, nire ustez, behar adinako errekonozimendurik jaso. Jon Miranderekin ere gertatu zen hori… Otaño garai hartan hain garrantzitsua eta erreferentea izanik, pena ematen dit egun ikastetxeetan-eta bere bertsoak ez maizago kantatzeak.

“Ni gustura nago. Batez ere jendearen harrera ikusita. Zazpi edo zortzi emanaldi eskaini ditugu dagoeneko eta batzuk hunkituta irteten dira”.

Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna

Otañoren ondorengoen aztarnarik izan duzu Argentinan?

Bai… Euskal Herrira ere etorri izan dira. Azkenengoz, oker ez banago, 2010ean, Pedro Mariren heriotzaren mendeurrena zela eta. Etorri zen, Txuri deitzen zioten bat, biloba. Handik gutxira zendu zen. Otañoren alaba zaharrenak, Teresak, izan zuen alaba bat, Magdalena Araceli Moujan Otaño. Prestigio handiko zientzialaria zen Argentinan. Eta idatzi zuen ipuin bat oso ederra, Gu ta gutarrak. Irakurri nahi duenak haren aztarnak atera ditzake Internet bidez, Teodoro Hernandorena Elkartearen orrian dauka. Jatorrizko bertsioa gazteleraz egina dago, baina badago euskarara egindako itzulpena ere. Ipuin zoragarria! Ez zen edozein Otañoren biloba hau. Metematikaria-edo zen. Zientzietako zerbait behintzat. Eta Nobel sarietarako izendatua!

Azken galdera egiteko tentazioari ezin diot eutsi. Bertsolari baten filma egiten ari zinela, egungo bertsogintzaren ikuspegiren bat izateko adinako tartea hartuko zenuen…

Nik ez nuen uste, orain dela berrogei urte, bertsolaritza orain horrela egongo zenik. Ezta gutxiagorik ere! Sekulako bueloa hartu duela iruditzen zait. Zuek zarete, rock izarren antzeko zerbait orain! BEC edo Nafarroa Arena horrela betetzea! Nork betetzen ditu eraikin erraldoi horiek? Musikari oso potenteek eta zuek.

Gure lan tresna nagusia euskara da ordea… Euskararen egoerari buruz zer iritzi duzu?

Ez dakit. Nik euskaraz gutxi egin izan dut beti.  Euskaraz ikasi nuen bost urterekin, hona Jaizubia ingurura, Zaldunbordara, etorri nintzenean. Gero, hamabirekin Eibarrera joan nintzen. Han, orduan, euskara gutxi egiten zen eta guk han ez genuen euskaraz egiten. Lan egiten nuen fabrika Gasteizera joan zen nik hamazortzi urte nituela. Eta han ere, euskara oso atzendua. Hamalau urte egin nituen gero Galizian… Niri, euskara ez zait sekula ahaztu, baina erabili gutxi erabili izan dut.  Euskara, kalean ez da asko entzuten. Hemen, Hondarribian, sumatzen dut jendeak jakin badakiela baina erabili ez duela egiten sarritan. Iruñean alderantzizkoa sumatu dut. Han, dakienak erabili egiten du. Orain bizi naizen inguruan ere berdintsu. Kanpezun ere, Iruñean bezala, dakienak euskaraz egiten du… Eta Gasteizen ere sumatu dut aldea. Ni joan nintzenean, 1970ean, inork ez zuen euskaraz egiten eta orain entzuten da…

Amaitu dugu elkarrizketa. Kalera goaz orain argazkiak ateratzera.  Lan bat aurrera ateratzeko gizon honek izan dituen zailtasunen berri aurrez aurre izateak mugitu egin dit barrua. Argazkiei ekin aurretik, zigarrotxo bat behar dute nire ezpainek eta ez dut sakeletan txiskerorik aurkitzen. Ez da hain larria. Txondorrak egiten dakien gizon bat dut aldean.

Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna  Belaunaldi gazteek Otañorengana hurbiltzeko tresna