35 urte zenbat bizitza dira aldizkari batentzat?
Urte asko dira 35 urte: ornitorrinko batentzat, hiru bizitza; kaleko katu batentzat, zazpi; edo zahartzarora iristen den erretzaile batentzat, bizitza erdia. Aldizkari batentzat zenbat ote diren ez da erraza esaten, baina argi dago bi edo hiru baino gehiago badirela.
35 urte zenbat bizitza dira aldizkari batentzat? –

Bertsolarin ornitorrinkoaren pare bat bizitza egindakoak gara, adibidez. Arrautzak jartzen dituen ugaztuna ez, baina liburu formatuan erruten duen hedabidea gara, eta, gainera, habia harpideen liburutegiko apalategian izan arren, azken urteetan blogak, podcastak eta gisakoak txitatzen makina bat ordu eman ditugu. Tematikoak edo espezializatuak izan gaitezke, bestalde, boladaren arabera.
25. urteurrena ospatzeko argitaratu genuen zenbaki berezian Joxerra Garziak aitortzen zuen aldizkariaren sorrerako taldean inor gutxik espero zuela honek bi urte baino gehiago irautea (B101, 206 or). Eta halakoxea izan da biderik gehiena: katu umezurtzaren gisan, etorkizun argirik gabe, askotan, eta belarriak zorroztu beharrean, aldiro, egindakoa.
Zenbaki berezi hartan oso egoki kontatuta gelditu ziren proiektuaren hastapenak, gure filosofia, azalik gogoangarrienak edo ordura arteko gorabehera garrantzitsu guztiak. Beste hamar urte pasatu dira, ordea, ordutik, eta ez gara kontu horiek errepikatzen hasiko, baina badugu zer ospatua berriro ere.
Azken hamar urte hauetan belaunaldi berri baten esku gelditu da proiektua. Lehen urteetan Telesforo tabernan urtero egiten zen Erredakzio Batzordearen afari bilera haietan juntatzen ginenetatik, Andoni Egaña (bertso saioren batekin kointziditzen ez badio) eta biok gara Urpekoak soziedadean (beti Zarautzen) orain egiten direnetara azaltzen garen bakarrak.
Belaunaldi berri horrek digitalean benetan murgiltzeko gaitasuna eman digu. Proiektuak webgunea oso goiz estreinatu zuen, 1999an (bertsolaritzari buruzko lehen webgunea izan zela esango nuke), baina aitortu beharra dago lehen belaunaldi hartan ez zegoela paperaz harago pentsatzeko taxu handirik.
2016an, 25. urteurrena ospatzeko, goitik behera berritu genuen webgunea. Blog kolektiboa ere, denborarekin bertsolaritzaren inguruko gogoetek eta, batez ere, bertso jarriek azken urteetan topatu duten plaza biziena bihurtu dena, orduan jarri genuen martxan (Zortziko Handia hasiera hartan, Hamarreko Handia, egun). Sare sozialak ganoraz astintzen ere garai berean hasi ginen, Beñat Hach Embarekek 2016an proiektuarekin bat egin eta haien ardura hartu zuenetik. Bere eskutik 2020an Makarrizketak argitaratzen hasi ginen, berriro ere goiztiar, urte bat lehenago estreinatu baitzuten euskarazko podcastaren bidea ZuZeukoek Euskal Gaizkileak edo Barruan Gaude programekin. Astero bertsolaritzari buruzko albisteak argitaratzeari, berriz, 2021ean ekin genion… Liburu formatuan ateratzen den aldizkari batentzat, poliki egositako lanak, edo irakurketarako eserialdi luzeak eskatzen dituztenak, maite dituen proiektu batentzat, kazetaritza digitala ez da ekosistema erraza; baina ari gara egiten, ikasten, eta tarteka gozatzen. Ez diogu uko egin nahi kasik besterik kontsumitzen ez duen belaunaldi berriengana iristeari.
Aldi berean, paperekoa bildumazale frikiek bakarrik laztanduko duten objektu bihurtzeko bidean doala dirudien arren, honi ere eutsi nahi diogu. Izan ere, sorreratik bertatik horixe bera atera zaigu natural, hiru hilabetean zehar mimoz lantzen den artisau lana, irakurleen etxeko liburutegiko apalean (edo bertso eskola batekoan) toki bat eskatzen duen bilduma. Hori bai, liburutegian tokirik (edo liburutegirik) ez duenarentzat ere webgunean eskuragarri jarri dugu urte hauetan guztietan pilatutako altxorra: 140 zenbaki, 3.500 pieza, 1.000 protagonista eta 700 sinadura ezberdinetik gora, 23.000 orrialde eta 15.000 argazki pasa.
Bidea eginez, azken hamarkada hauetan bertso munduak garaian-garaian bizi izandako mila kontu jasotzen dituen entziklopedia koxkorra osatu dugu. Batzuetan azken lauzpabost bertsolari belaunaldiren Auspoa moderno bat begitantzen zait, liburu bilduma beharrean liburu formatuan argitaratzen duen hedabide bat izanik, bistakoa da, konplexu eta askotarikoagoa izan arren. Burutazio zelebrea izango da, ziurrenik, baina antzeko biltzaile sena ikusten dut atzean.
Altxor horri gehitutakoak dira azken hamar urte hauetan eginiko ekarpenik behinena. Esaterako, bertsolaritzak zeharkatutako nobela grafikoen sorta eder bat argitaratzeko ohorea izan dugu; Gallego-Paya bikoak ondutako NORK eta NORI, Larrea eta Begoñaren Arditutakoak, eta Gaztelumendi anaien Bidea da borroka nahiz Azken afaria. Bertsolari emakumeen inguruko monografikoak ere ahogozo ederra utzi zigun, batez ere Eider Rodriguezek Maialen Lujanbiori egindako elkarrizketa antologikoak. Bertsolari gazteen posizionamendu politikoari buruzko erreportajeak ere interesa piztu zuen. Edo Egañaren belaunaldiak pasadizoz pasadizo osatutako monografikoak mosaiko bikaina utzi zigun., Mañukortaren zaintzaile Rebeca Diazen testigantzak, edo Hide Dohino japoniar bertsozaletuarenak, hunkitu egin gintuzten (eta gu bezala beste hainbat). Gallegoren ilustrazioekin jantzitako bertsolaritzaren historiari buruzko monografikoak ere ez dauzkagu saltzeko (esateko modu bat da hau). Hainbat idazle bertsolaritzaren inguruan fikzionatzen jarri genituenekoak ale apartak ekarri zituen. Zaldi Eroaren umore grafikoak perla politak utzi dizkigu gai-jartzailetzari buruz… Horrelakoak argitaratu berritan txantxangorriaren bizipozarekin hegaldatzen da aldizkaria irakurleen eskuetara, edo paumaren distirarekin ematen ditu pausotxo batzuk inguru zabalagoan, eta atzean gelditzen dira buruhausteak zein nekeak.
Urteurrenek atzera begira jartzen gaituzte, eta ariketa polita suertatzen da, baina ez dugu horretan denbora gehiegi galtzeko asmorik. Izan ere, 35. urteurren honetan, bizitza berri bati ekitea eskatzen digu gorputzak.
Urtero ateratzen ditugun lau zenbakiei bosgarren zenbaki berezi bat gehituko diegula erabaki dugu, hiruhilabetekari izateari utzi eta bihilabeteterdikari bihurtzea (berriro ornitorrinkoa). Zenbaki arrunta apur bat argaltzea bilatzen dugu honekin, geroz eta zenbaki mardulagoak, irakurketarako eserialdi luzeen zaletuena ere beldurtzeko modukoak, ateratzen ari baikinen azken urteetan. Berezia monografikoa izango da, baina arruntak ez, eta honela jarraipena nahiz protagonismo gehiago eman nahi diegu sail finkoei; alegia, irakurketa arin eta laburragoei.
Kontziente gara, liburutegia izan ala ez, gehienok ezertarako denbora askorik hartu gabe bizi garela, eta horri erantzutera dator aldaketa. Baina betiko lan luzeak ere tartekatuko ditugu, noski, eta bertsolaritzarekin lotutako denborapasen saila ere estreinatzen dugu, gustuko dugun horrekin denbora pasatzea sanoa dela gogorarazteko.
Bigarren nobedade nagusia Bertsolaritzaren ABDa bideopodcasta da. Egia da Makarrizketak podcastarekin sei denboraldi egin ditugula, baina hauek beste ur batzuk dira: gidoi landuagoa, aurkezlea, grabaketarako lokala, iruditeria eta eszenaratzea zaindu beharra, hiru kamera eta bi mikro eta horrek ematen duen grabaketa nahiz edizio lan konplexuagoa… 1990eko hamarraldi hasierako Erredakzio Batzordearen afari bilera haietan, Hitzetik Hortzera estreinatu berria, ezinezkoa zen inori horrelako saltsa batean sartzea burutik pasatzea ere, eta gerora ardurak hartu ditugunoi ere, bertsoa.eus auzoan izanda, beste hainbeste gertatu izan zaigu; baina azkenean tokatu da ikustea ez direla gauza bera bertso plaza digitala eta bertsolaritzaren inguruko podcast bat, eta multimediari ekin ezean nekez lortuko dugula gure eskaintza digitalaren hazkundeari eustea.
Lehen kapituluan Mikele Arizkorreta eta Maddalen Arzallus ikus daitezke ahotsari buruz berriketan, bizi-bizi eta irribarretsu. Eta atzean dagoen apalean jarrita aldizkariaren lehen zenbakiko azalean Mañukorta bizarra egiten, kontzentratu aurpegiarekin. Kontrastea deigarria da.
Nostalgikoak esan dezake lehen zenbakietan egiten zen kazetaritza freskoagoa zela oraingoa baino. Izan daiteke egia. Nostalgiko horrek berak, zirikatuko bagenu, duela hiru hamarkadako bertsolaritza eta bertso mundua oraingoa baino freskoagoa zela gaineratuko luke, ziurrenik. Hori egia erlatiboagoa litzateke, egia izatekotan, baina eztabaidaezina da bertsolaritza eta bertso mundua asko aldatu direla 35 urte hauetan, eta horrek erabat baldintzatzen duela aldizkariak eskaintzen duena.
Kameleoiaren jitekoa da, zentzu horretan, proiektuak inguratzen duenaren kolorea hartzen du beti, baina ez inorengandik ezkutatzeko, hasi eta buka inguru horrek elikatzen gaituelako baizik.
Aurpegi ia guztiak aldatu dira aldizkariaren Erredakzio Batzordean ere, hori da bizitzaren legea, baina polita da urteroko afari bilera hor mantentzen dela ikustea; alegia, proiektuaren izpiritua elkarrekin hau egiten ondo pasatzea dela ez ahaztu nahi izatea. Eta belaunaldi berrienean lehenengoak zuen bertsolaritzarekiko lilura (zentzurik zabalenean) eta proiektuarekiko grina militante bera nabaritzea.
Egon daiteke hobeto egingo lukeen jendea, baina guk beste meritu bat daukagu; egin egin dugula.
Ez naiz gehiago luzatuko zeraren zera honekin, izan ere, luzamenduak kontrolatzea jarri diogu geure buruari estreinatzen ari garen etapa honen marka gisa.
Bakarrik gaineratzea aurreko dozena erdi bat urtean eskatu-behar genuena txukun jaso ondoren, azken dirulaguntza deialdiak katu bizitzara kondenatu gaituela lau urterako. Saiatuko gara berriro ornitorrinko-txantxangorri-pauma-kameleoi ere izaten.
35. urteurren honekin datorren bizitza zaharberritu berria ez dadila katuaren zazpigarrena izan. Egin ditzala beste 35, hori ikusteko erretzeari uztea tokatuko bazait ere.

