Auspoaren sua eta bertsopaperen azken hatsa
Auspoaren sua eta bertsopaperen azken hatsa –
Antonio Zavala, langile nekaezina
Bertso produkzioaren bilketaren kezka konstante bat izan da garaian garaiko bertsolaritzaren modernizaziorako egitasmoetan: Lore Jokoak Iparraldean hasterako Xahok egindako ahalegina, Lore Jokoak Hegoaldera pasatzerako Manterolak argitaratutako kantutegia, Euzko Pizkundean Aitzolek egindako bilketa lana… Antonio Zavalak frankismo garaiko ziklo honetan abiarazi eta bizitza osoan zehar burututako ekarpenak, ordea, ez du parekorik izan.
Berrogeita hamabost urte luzatu zen langintzaren iturburuan bere haurtzaroko bertso saltzaileen oroitzapena seinalatu izan du tolosarrak: “Eskolapioetatik etxera bazkaltzera nindoala, bat edo beste han izaten zen kantari larunbatetan, merkatu-eguna egun horrekin izaten da eta. Bertso-saltzaile hauek dira umetan nik ikusi eta urteen buruan bidea erakutsi zidatenak” (Garzia, 2001: 76-77). Bilketari, ordea, geroago ekin ziola kontatu ohi zuen, 1954an, jesuitatarako formazioaren barruan Urduña, Loiola eta Oñati pasatu ondoren Xabierren irakasle zela. Egitasmoa martxan jarri zuen gertakaria ere kontatzen du Joxerra Garziaren elkarrizketan:
“Mutiko baserritar bat bazen bere etxeko kanta-paperak sarritan aitatzen zituena. Ekartzeko, bada, haiek esan nion, Eguberrietako oporretatik itzultzerakoan. Ekarri zizkidan. Hogeita bost bat bertsopaper ziren. Orduan nik regla de tres bat egin nuen: baserri batean horrenbeste badago, Euskal Herri guzian zenbat? Lehenengo kartaz hasi nintzen biltzen, lagunei eskatuaz.” (2001: 80)
Isilka eta bakarrik hasi bazen ere, laster zabaldu zen haren lanaren oihartzuna eta Euskaltzaindiak gerraostean egin zuen lehen batzar irekirako bere lana azalduko zuen hitzaldia eskatu zioten. Jada azaldu da biltzar hura oso garrantzitsua izan zela, euskara jendarte modernorako gaitzeko estandarizazioa, eskolaratzea eta hedabideratzea helburu bezala ezarri zirela bertan, baina gaineratu beharra dago testuinguruaren idorrari erreparatuz, epe motzenean pausu egingarriagoei heltzea ere erabaki zela eta bilketa seinalatu zela hauen artean. Ibarren hitzak dakartza Intxaustik:
“Nuestro idioma vasco […] está condenado a muerte de asfixia mientras tenga impedido el libre acceso a la radio, a la prensa diaria, la escuela, el teatro, el cine… […] mientras dure el actual estado de cosas […] no está en nuestra mano el organizar la verdadera defensa del Euskera […] Con todo, […] ninguna traba nos habría de impedir, seguramente, organizar y llevar a cabo ahora mismo cierta vasta operación de salvamento indirecto, de incalculable alcance […] El objetivo inmediato de la operación sería lograr el inventario más completo y manejable posible de nuestra lengua en su vocabulario, locuciones, folklore y producción literaria.” (2014: 317)
Zavalaren egitasmoa ezin hobeto egokitzen zitzaion xede orokor horri, bada. 1956ko irailaren 15ean eskaini zuen hitzaldia “En busca de la poesía popular a través del Pais Vasco / Bertso berrien billa Euskalerrian zear” izenburuarekin, eta ordurako 50.000 bertso bilduak zituela azaldu zien bertaratutakoei. “Inork besterik eskatu ez nonbait, eta gazteleraz hitz egin zuen: ‘Hace ya dos años que no hago sino leer y copiar bertso berriyas’ aitortuz” (Iriondo, 2010: 13).
Hasiera batean, ikerketaren emaitzekin eta bildutako bertsoekin lan mardul bat argitaratu ahal izatea zen haren asmoa. Horretarako jesuitengandik espero zuen laguntza jaso ez zuenez, argitaletxe propioa sortu behar izan zuen, ordea, eta horrek aukera berriak ireki zizkion. 1961ean ekin zion Auspoarekin bildutako materiala argitaratzeari, eta gogotsu ekin ere: urte hartan sei liburu argitaratu zituen, 1962an hamabost, 1963an hamabi, 1964an hamaika, 1965ean zortzi… Ikerketaren emaitzak, berebat, 1963an EUTGn eskainitako hiru hitzalditan eman zituen ezagutzera, eta 1964an argitaratutako Bosquejo de historia del bertsolarismo liburuan.
Bere formazio garaiaren amaierarekin eta irakasle lanen hasierarekin kointziditu zuen Auspoaren sorrerak. Donostiako San Ignacio ikastetxean eman zituen klaseak hainbat urtez, eta EUTGn ere bai tarte batean, 1972an bere egitasmoa burutzeko liberatu egin zuten arte: “Konpainiak 1972an liberatu zuen, buru-belarri gauza zezan egitasmo erraldoi hura. Lehenago, 1964an, halako zerbait eskaini zioten. Eta EUTGn egon zen bitartean ez zuen eskolarik eman. Baina 1966an berriro irakasle ikusten dugu Donostian bertan, San Ignacio ikastetxean, 1972a arte” (Esnal, 2015: 42).
1964an euskaltzain oso ere izendatu zuten, eta bertako Herri Literatura batzordean aritu zen. Euskaltzaindiak antolatutako txapelketa guztietan epaimahaiko izatea ere tokatu zitzaion (1960, 1962, 1965, 1967, 1980 eta 1982), antolaketa lanetan ere murgildu zen, eta nagusiki La Voz de España nahiz El Diario Vascon artikulu ugari argitaratu zuen bertsolaritzaz. Ezerk ez zuen desbideratu, ordea, bere egitasmo nagusitik: Auspoa sailean kultura popular xeheenari gordeleku bat eskaintzea.
Bide horretan bakarlanean aritu izan zen gehienean:
“[…] bertsopaperak bildu, gaiez eta egilez klasifikatu, iturri ezberdinak aztertu eta parekatu, bertsopaper bakoitzaren historiari zegozkion oharrak eta argitasunak jaso, egile ezberdinen biografiak osatu, argitara emateko behar zituen baliabideak eskuratu, liburuak banatu/saldu, dena berak egin zuen […] Lehenengo, arreba Arantxak lagundu zion banaketan; geroago, Sendoa argitaletxeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak (KM); baina liburua hasi eta amaitu artekoa berak egin zuen beti.” (Iriondo, 2010: 2)
Ez zuen inoiz etsi, eta 300 liburutik gora argitaratzera iritsi zen, sekula inoiz inork gurean egin duen bat-batekotasunaren eta kontu zaharren bilduma harrigarriena osatuz. Horrela azaltzen zuen Zavalak berak bere ekina, Bertsolari aldizkari honetan bertan egin zitzaion elkarrizketan: “[…] biltze langintza ontan, gizonaren beste zer egin guzietan bezela, batzuetan asmatu eta besteetan utsegin, baiña beti ere aurrera jo bear dezu; artutako asmoan jarraitu eta iraun” (A. Agirre, 1997: 60).

Hirurehun titulutik gora ekarri dituen bilketa lana
1961ean Auspoa bilduma abiarazi zenean bertso jarriez osatutako liburuak izan ziren gehienak. Bertsopaperen bilketa izan zen tolosarraren lanaren abiapuntua, eta gero aldizkarietan argitaratutako bertsoetara edo jartzaileek argitaratu gabe gorde zituztenetara zabaldu zuen bere bilaketa, topatutakoa normalean bertsolarika antolatuz. Horrela, klasiko garrantzitsuenen lana berreskuratuz Bilintx, Otaño, Pello Errota, Xenpelar eta Txirritari buruzko hainbat liburu argitaratu zituen (azken horren kasuan, esaterako, zazpi). Bestalde, hain ezagunak ez ziren bertsolariei ere egin zien tokia, baita jartzaile soilak izandakoei ere, antzinakoak nahiz garaikideak tartekatuaz: Ramon Artola, Pepe Artola, Ramos Azkarate, Fermin Imaz, Paulo Iantzi, Mariano Izeta eta abar. Gaiaren arabera osatutako liburuak izan ziren beste hainbat: gerra karlistei jarritakoak, ezkontza galdutako bertsoak, Afrikako gerra eta abar.
Liburu horiek ezin daitezke kontzeptuaren esanahirik hertsienean kazetari lantzat hartu: Bertsolarien biografiak osatzen zituen, askotan lehen aldiz argitaratutakoak zirenez ikerketa lan eskerga eginez (eliza eta udal artxiboetan arakatuaz, ondorengoak elkarrizketatuaz eta abar), eta zenbaitetan pasadizo nahiz ateraldiekin ere hornitzen zituen; edo gertaera historikoei buruz argitaratutako bertsoetan gertaeren inguruko azalpenak ere eskaintzen zituen askotan; baina lanaren muina bertsoen bilketa eta argitalpena izan ohi zen.
Hala ere, azpimarratu beharra dago liburu hauek prentsan bigarren bizitza bat izan ohi zutela. Kazetariek edo euskal kulturaz idazten zuten sinadurek euren iruzkinak argitaratzen zituzten, batetik. Beste askotan, batez ere 1965-1972 urtealdian, Zavalak hainbat artikulu argitaratu zituen liburuetako materiala berrerabiliz.
Bestalde, Auspoan bere proiektu pertsonala gauzatzeaz gain, garaiko bertso munduaren proiektu kolektiboan ere parte hartu zuen Zavalak eragile garrantzitsu gisa. Epaimahaiko izan zen 60ko hamarkadako txapelketa guztietan, esan bezala, baina antolakuntzan ere hartu zuen parte, eta Auspoaren bidez beste ekarpen garrantzitsu bat egin zuen txapelketa horietako bertso guztiak argitaratu eta zabalduz.
Zubimendik aurreko zikloan Bertsolari guduak liburuarekin bete zuen funtzioa ziklo honetan Zavalak hartu zuen, bada, bere gain. Donostiarraren kronika luzeekin alderatuta, ordea, tolosarrarenak askoz ere soilagoak dira kazetari ikuspegitik; magnetofonoan grabatutakoaren transkripzio hutsa, aurre-kanporaketen berri modu telegrafiko batean emanaz.
Txapelketekin irekitako bideari jarraituz, bertsolari jakin baten edo saio jakin bateko bat-bateko bertsoekin osatutako liburuak argitaratu zituen jarraian: Errege eguneko bertso-sayoa: (1962), Noizbait (Uztapideren saioen bilduma), Bertso mordoxka (Lasarteren saioen bilduma), edo Zapai bertsolaria, guztiak ere biltzaile batek baino gehiagok magnetofono bidez grabatuak eta transkripzio hutsa eskaintzen dutenak.
Hurrengo pausoa bertsolariak beren bizipenak kontatzen jartzea izan zen, idazten zekiena idaztera animatuaz eta ez zekienari bere bitartekotza eskainiaz. Lehen proba bat Sebastian Salaberriarekin egin zuen 1964an, baina hamar urte geroago Uztapideren autobiografia jasotzen zuen Lengo egunak gogoan biografia argitaratu zuenean ireki zitzaion ate hori parez pare. Aurreko zikloan salmentarik handienak izan zituen euskarazko liburua Gregorio Mujikaren Fernando Amezketarrari buruzkoa izan bazen, ziklo honetan Uztapideri buruzkoak izan ziren euskarazko best seller garrantzitsuenak. Bere bizitzaren kontakizunak bigarren edizioa eskatu zuen urtebete eskasera, eta handik gutxira argitaratu zen Sasoia joan da gero bertso-bilduma ez zitzaion atzean gelditu, milaka aleetako salmentarekin. Garziak argitzen du arrakastaren gakoa: “Sus memorias, publicadas en Auspoa por el padre Antonio Zabala, son un monumento de la prosa popular, y una gran lección de bien narrar” (2000a: 441).
Arrakasta horren ondotik hainbat bertsolari jarri zituen Zavalak langintza horietan eta urteen joanarekin gisa horretako hirurogeita sei liburu argitaratzera iritsiko zen, hogeita hamaika egile ezberdinenak.
Zavala jakitun zen esku artean zuen altxorraz:
“Prosa onek garrantzi aundia duala derizkiot. Emendik aurrera, izkuntza bikoak izango dira euskaldunak, nai ta nai ez. Baiña erri-jende ori oraindik izkuntza bakarrekoa da. Alegia, euskera utsez pentsatzen duana, naiz-ta erdera ulertu eta lardaskatu. Euskera utsez pentsatutako euskera ori atera bear da oien burutik, eta almazen aundi bat osatu. Izkeraren jatortasunaren altxor bat, alegia.” (Esnal, 2015: 49)
Hurrengo zikloan prentsako zutabegintzan ere jarriko ditu tolosarrak egile horietako asko. Batzuek lan horiek gaurdaino betetzen dituzte.
Auspoa bildumak ere gaurdaino eutsi dio; Zavalaren eskutik 300dik gora liburu argitaratu ondoren, beste mordoxka bat atera dira honen heriotzaren ondotik ere.
Azken bertsopapera
Tolosan umetan ezagutu zituen bertsopaper saltzaileak izan ziren Zavalaren egitasmoaren inspiratzaile, bertsopaperen bilketa izan zen egitasmo honen abiapuntua, baina paradoxikoki, Auspoa bilduma indar guztiz bere lehen pausoak ematen hasi zenean, 1960ko hamarraldian, desagertu zen fenomeno hura, hain justu.
Definizio hau eskaintzen du Zavalak berak: “[…] bertso edo kanta-sortaren bat eskeintzen digun papera edo papela. Bañan beti ere paper askatua, bakarra, sueltua. Eta inprentaz argitaratua“ (1980: 115). Eta fenomenoaren historia ere jorratzen du, XVIII. mendean sortu eta Lehen Karlistaldian orokortu zela azalduaz. Mende luze batez euskarak inprentan zuen sarbide nagusia paper hauek izan zirela dio:
[…] durante muchos lustros, en nuestra tierra nunca dejó de ser primavera, porque, fuera el mes que fuera, no cesaban de brotar hojas. Hojas de poesía popular, los bertso-paperas, que se vendían en mercados y romerías […] A veces pienso que a nuestro pueblo le entró una auténtica bertso-manía. (2006b: 213)
1936ko gerraren eta gerraostearen aizkorakadari ere eutsi zion sorkuntzak, baina laster etorriko da azken hatsa: “Hay hojas fechadas en los años 50 y hasta en los 60. En esos años, tras siglo y medio de vida, murió el bertso-papera, la hoja impresa de poesía popular” (id.: 214)
Pello Esnal data zehatzagoa ematera ere animatzen da, 1964a. Urte hartako irailaren 27an Iturriotzen jokatutako sega apustuari Sebastian Salaberriak jarri eta Donostiako Gráficas Izarran argitaratu ziren bertsoak dira haren ustez gisa honetako azkenak (2015: 113).
Zavalak argi seinalatzen du desagerpen honen arrazoia: hedabideen bitartekotzak hartutako garrantzia. Eta gaineratzen du bitartekotza hori izango dela bertso jarriak bizirik iraun dezan transformatzeko aukera emango diona: “[…] bertsoa liburu eta aldizkarietara pasa da. Eta, olakorik aitatu ez badegu ere, kaset eta diskoetara ere sartu dala danok dakizute. Beraz, gorde edo bizileku zaarra galdu badu ere, bizileku berririk arkitu du bertsoak” (Zavala, 1980: 132).
Bertsopapera desagertuko da, baina bertso jarriak bere bidea egiten jarraituko du, bada. Bertso jarriez osaturikoak dira, hain zuzen, Uztapideren Sasoia joan da gero eta Xalbadorren Odolaren mintzoa, esaterako, Auspoak 1970eko hamarraldian argitaratutako liburu arrakastatsuenak. Bertsopaperen desagerpen hori, ordea, aurrerago nabarmenduko den bertso jarrien motelaldiaren lehen sintoma izango da.
Amurizak gerra ondorenean jartzen du jarrien gainbeheraren hasiera (1987: 31), eta Gandarak gerraurrean bat-batekoak izan zuen loraldian (2015: 183), bilakaera horren atzean batari nahiz besteari egokitutako funtzionalitate berriak seinalatuz: “Herriko kantak eta bertso paratuak […] iraganarekiko erlazioan ziren identitate beharrekin lotu ziren […] Bat-bateko bertsolaritzak, ordea, komunitatearen orainaldiko errepresentazioa bereganatu zuen” (id.: 191).
Azken zikloan, 1980tik aurrera garatuko den horretan, behin eta berriz aipatuko da bertso jarrien hedabideratzeak duen arrakasta eskasak eragiten duen kezka.

