Bederatzikoa – Andoni Egaña

2022-11-28

Bederatzikoa –

Testua: Andoni Egaña

Argazkiak: J.M. Bielsa

 

Ludwig Van Beethoven musikariaren jaiotzaren 250 urte bete zirenean, askotariko emanaldiak antolatu ziren munduan zehar. Guk, Xabier Lizasok eta neronek Bi arreba eta Garai hura gara ikuskizunen bidez bagenuen musika klasikoa eta bertsolaritza harremanean jartzearen eskarmentua. Eta, beste behin ere, lan horri ekin genion.

Beethoven mila ikuspegitatik heltzeko moduko musikaria da; bertsolaritzari ere hainbat ertzetatik hel geniezaioke. Bien lotura egitea ez da hain erraza ordea. Guk bederatzi zenbakian aurkitu genuen biak elkartzeko arrazoia. Bederatzigarren sinfonia eta bederatzi puntuko bertsoa.

 

 

 

Bederatzigarren sinfonia da Beethovenen lan ezagunenetarikoa. Hamar urte igaro ziren zortzigarrena egin zuenetik bederatzigarrenera bitartean. Tarte horren luzeak zerbait adierazten du berez. Gainera, bederatzigarrena amaitu eta hamargarrena egiterako hil zen. Eta hor sortu zen mitoa. Bederatzigarren sinfonia konposatu eta hamargarrena egiterako hil zen musikari bakarra ez baitzen bera izan. Beldurtu ere egin ziren bere ondorengo musikariak. Gustav Mahlerrek, esaterako, bere emaztearekin adosturik, tranpatxo bat egin zuen. Hamargarren sinfonia egin zuen, baina ez zion sinfonia deitu, heriotzaren beldurrez. Hamargarrena konposatzearen arriskua gainditu zuela uste zuen, baina hamaikagarrena egiten hasita hil zen hura ere…

 

Bederatzikoa

 

Bederatzi puntuko bertsoak ere badu mitotik zerbait. Neurri zaila da. Errima pilaketak bertsolaria alanbrean jartzen du, funanbulista lana eginez, bestelako neurrietan baino nabarmenago. Gainera, bertsolarien aldetik ezagutu izan dugun “matxinada” txiki horietako baten protagonista izan zen bederatzi puntuko bertsoa.

Hala kontatu zuen Eibarren, 1960an jokatu zen Gipuzkoako Bertso Txapelketan parte hartu zuen Txomin Garmendiak: “Mogel zenaren omenez antolatu zuten txapelketa. Zazpi bertsolari ginen gonbita jaso genuenak: Uztapide, Lasarte, Zepai, Mitxelena, Joxe Lizaso, Joxe Agirre eta ni, gazteena. Lehenengo agurra bota ondoren, ‘orain bertsolariek bederatzi puntuko bertsoa botako dute Mogelen gorantzan’ esan zuen Alfontso Irigoien gai jartzaileak. Uztapidek eta Lasartek esan zuten ez zela hori bat-batean bertsoak kantatzeko neurria. Orduan Irigoienek nahi genuen neurri eta bozean kantatzeko baimena eman zigun. Ni ez nintzen haserre! Halere, Mitxelenak, bere txanda iritsi zenean, bederatzi puntuko bertsoa bota zuen. Gero, Basarrik idatzi zuen bederatzi puntukoa bai, bota zuela, baina ez ziola ezarritako gaiari behar bezala heldu. Txirrita ez zuela berak ezagutu bat-batean bederatzi puntuko bertsorik botatzen…”.

Kontuak kontu, Beethoven eta bederatzi puntukoa lotuz, ikuskizun bat osatu genuen Xabier Lizasok eta biok. Emanaldian zehar, Xabierrek Beethovenen lan ezagun batzuk eskaintzen ditu: Claro de luna, Waldstein sonataren lehen, bigarren eta hirugarren mugimenduak, Elisarentzat, Ekaitza… pieza bakoitzaren nondik norakoak azalduz.

Esate baterako, oso esanguratsua da Elisarentzat piezarekin gertatu dena. Piano ikasle askok eta askok jo izan duen pieza honen izenburuak sortzen du ezustea eta jakin-mina. Beethoven hil eta gero, bere lagunak etxea txukuntzen hasi zirenean aurkituriko maisulana da Elisarentzat. Harriturik geratu ziren lagunak. Ez zen ohikoa Beethovenek zerbait egin eta argitaratu gabe uztea. Ez zen diruz gainezka ibiltzen zen horietakoa, egin ahala saltzen zuena baizik. Nolanahi ere, adiskideei esker argitaratu zen Elisarentzat Beethoven hil ondoren. Inork ez zekien nor zen Elisa hura. Inguruan ez zuen Elisarik musikagileak. Gerora, oso gerora, kaligrafoek eman dute epaia. Beethovenek musika idazten oso gazterik ikasi zuen, baina idazten oso berandu. Umetan eskolara gutxi joandakoa zen. Horregatik oso letra txarra zuen. Eta Elisarentzat irakurri uste izan zuten lagunek ez zuten ongi ulertu bere letra. Dirudienez, Teresarentzat zen partituraren gainean zirriborratu zuena. Eta  horrek logika gehiago zuen. Izan baitzituen Beethovenek hainbat Teresa bere jiran… Beraz, munduko Elisa guztien disgusturako eta Teresa guztien pozerako, hori da azkenaldian zuzentzat jotzen den bertsioa…

Waldstein sonatan, Beethovenek bere musikaren ezaugarri behinena erakutsiko digu. Ez zen txantxetan hartu zuen lana. Waldstein bere mezenasa zen. Haren dirulaguntzei esker egiten zuen aurrera musikagileak, eta ongileari obra on bat uztea erabaki zuen. Xabier Lizasori Beethovenen musika hitz bakarrean definitzeko eskatu ziotenean, beretzat “brraumm!” bat zela erantzun zuen. Barealdiaren ondoko ekaitza zen bere musika. Eta hori ongi islatzen da obra honetan.

Beethoven ez baitzen izaera errazekoa. Arbasoak bodega jabeak zituen. Aitona alkoholaren menpe erori zen. Eta gurasoak ere ez ziren hortik urruti ibili. Bera, umetan, Mozart ibili zuten gisara, herriz herri eta hiriz hiri ibili zuten bere doaiak azal zitzan. Eskolara joan ordez, aitak etxean edukitzen zuen, giltzapean, agindutako musikalanak ongi jotzen ikasten zuen arte. Horregatik, izaera gogorrekoa hazi zen Ludwig. Helduaroan, harreman zaila izan zuen inguruko gizon eta emakumezkoekin. Zerbitzariak berriz, beldur ziren musikagilearen jenio biziaz… Bere lanik entzutetsuenetakoaren izenburua Ekaitza izatea ez da hain harrigarri.

Nik, berriz, bat-batean bota izan diren bederatzi puntuko ezagun eta esanguratsu batzuk kantatzen ditut, Pernando Amezketarra, Xabier Amuriza, Jon Lopategi, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Amets Arzallusenak…

Xabier Lizasorentzat Beethoven “braaummm!” bat bada, nik kontatzen dut bederatzi puntuko bertsoa ere antzeko zerbait dela. Batik bat bederatziko laburra. Lau puntu motzak, bosgarrenetik bederatzigarrenera bitartekoak, eskaileratzat jotzen ditut. Hankaleku estuko eskaileratzat. Oinak juxtu-juxtu kabitzen dira han. Eta deskuidorik txikienean, “brauum!” bat gerta daiteke. Erorketa bat. Bertsozaleak ongi daki hori. Badaki bertsolaria inoiz baino alanbre finagoaren gainean ari dela dantzan. Badaki zenbaterainoko zailtasuna duen bukaeraraino zutik irauteak. Eta hala eskertzen du.

Beethovenen garaikide zen Pernando Amezketarraren bederatziko batzuk sartzen ditut emanaldian, hasieran. Gerora, bada garai luze bat, non bederatziko gutxiago sumatzen den. Idatzizkoak dira gehienak. Baina 1960ko “matxinada” haren ondotik, bederatzikoarekiko harremana ere eboluzionatuz joan da. 1980ko Txapelketa Nagusiko buruz burukoan derrigorrezkoa izan zen. Xabier Amurizak “Euskal Herria” gaia jarrita botatakoari heltzen diot nik, nire bertsomina egun hartan piztu zela kontatzeko. Eta bederatzi puntuko propio egindako bertso batzuetan kontatzen dut Amurizak egun hartan sortu zidan lilura.

Gerora, bederatziko bakar bat ez ezik, bertsoaldi osoa, hiru bertso, bota izan dituzte bertsolariek txapelketan. Eta norberak hala nahita, ez derrigorrez. Emanaldian zehar, esaterako, Jon Lopategik bere arropak zaborretara bota eta haiek jasotzen ari zen eskaleari bota zizkionak ekartzen ditut nik.

Bakarretik hirura. Derrigorrezkotik hautatura. Eta txapelketatik jaialdira. Bederatzikoak ibilbide hori ere egin du. Ez askotan, baina tarteka, jaialdi batean —non epailerik eta puntuaziorik ez den—, bertsolaria emandako gaiari bederatzi puntuan erantzuten hasiko da. Inork agindu gabe arriskua hartzen. Eta horrelakoetan, ez da pipa-hots edo eztul zarata handirik entzungo… Aitor Mendiluzek jaialdi batean botatako hiru bederatziko ere kantatzen ditut. Baita oso ezagun bihurtu diren Maialen Lujanbio edo Amets Arzallusen Txapelketako bederatziko batzuk ere.

Eta aitortzen dut, nire bederatziko batekin gertatu zitzaidana. “Irribarrea” gaia jarri eta nola egon nintzen, luzaroan, bertso bat josi nahian. Eta nola ikaratu egin nintzen. Eta nola, azken orduan, bertso xinple bat botatzea beste biderik ez nuen sumatu. Eta nola, gerora, nik txartzat jota hasi nuen bertso hura bihurtu zen ospetsu. Bertsolaritzan ere nonbait “Elisa uste eta Teresa izan” gertatzen da.

Emanaldiaren bukaeran bat egiten dugu biok, bederatzigarren sinfoniako melodia ezagunari —Europak ereserkitzat hartu zuen hari— bederatzi puntuko bertsoak jarri bainizkion. Pandemia betean jarritako hitzak dira. Eta antzematen zaie. Mezenas berriez ari naiz. Dirulaguntzez. Kulturaz. Mahats ale pottolo eta subsidiatu ala mahaspaxa izatearen hautuaz…

Honakoa da sortaren lehen bertsoa:

 

Egungo mezenasek daukaten birusa

susmagarri denari ez dirurik luza

sos funtsa doa beruntza: gobernu, bbk, kutxa…

irtenbide bakarra, geurea geuk bultza

maiz huntza, behetik goruntza, hasten da ta hazi untsa

irtenbide bakarra geurea geuk bultza.

 

 

Partaideak:

Andoni Egaña (Zarautz, 1961)

Bertsolari eta idazlea. Kultur-teknikari lanetan aritu zen Gasteizko Udalean 1985etik 1992ra. Sormen lanari emana bizi da orduz geroztik. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian txapeldun izan zen 1993, 1997, 2001 eta 2005eko edizioetan. Finalista izan da beste hiru aldiz: 1986, 1989 eta 2009an. Bertsotan ez ezik, literaturgintzan ere aritu izan da, eta egun, Berria egunkarian zutabea idazten du egunero.

Xabier Lizaso (Orio, 1965)

Musikaria. Pianoko Goi Mailako Ikasketak burutu zituen Sevillako eta Donostiako goi mailako musika kontserbatorioetan. Ondoren, ikasketekin jarraitu zuen Vartsoviako Chopin Unibertsitatean eta Londresko Royal College of Music entzutetsuan. Bestelako piano emanaldiez gain, milaka saio didaktiko eskaini izan ditu, bai haurrentzat, bai helduentzat, Euskal Herrian eta Espainiako estatu osoan zehar.

 

Bederatzikoa Bederatzikoa Bederatzikoa Bederatzikoa Bederatzikoa Bederatzikoa Bederatzikoa Bederatzikoa 
Bederatzikoa Bederatzikoa Bederatzikoa Bederatzikoa Bederatzikoa Bederatzikoa Bederatzikoa Bederatzikoa