Bernardo Atxagaren 'Euskal Herriko bertsolari hilezinen batzar nagusiak'

Bernardo Atxagaren ‘Euskal Herriko bertsolari hilezinen batzar nagusiak’ –

Testua: Antxoka Agirre

 

Anaitasuna, 1973ko apirilak 15 eta maiatzak 31

 

Asteasuarrak, artean gazte eta berde zela, Anaitasuna aldizkarian bi zatitan argitaratutako Euskal Herriko bertsolari hilezinen batzar nagusiak honetan hildako bertsolarien izpirituek lantzean behin egin ei dituzten batzar batzuen kontakizuna dakar. 1973koak dira testuak, hain justu hamarkada luze batez Markinan urtero egin zen Bertsolarien Batzarra desegin zen urte berekoa.  Izan liteke, beraz, idazleak batzar hauen berri izatea, eta ipuinerako ideia hortik sortu izana. Kontuak kontu, alegiazko batzarren aktak jaso ohi dituen idazkariaren ordezko bezala kokatzen du narratzailea, eta bertsolari bakoitzaren euskalkia nahiz hizkerarekin egiten du jolas. Umorea eta bertsolaritzaren historiaren ezagutza dira beste bi osagai garrantzitsu. 

 

Bernardo Atxagaren 'Euskal Herriko bertsolari hilezinen batzar nagusiak'

 

“Zeruaren ertzeko bost izar gorriak itzaltzen direnean (Arkturo eta Betelgeuse lehendabizi, eta Aldebaran, Antares eta Pollux azkenik), ilundu egiten du zeharo, eta asko tristetzen da gaua. Orduan gehiago erretzen du suak, eta gehiago bustitzen urak (…) Gau horretan, gainera, ezkutuko indar sakonak libratu egiten dira, eta, hauen poderioz, euskal bertsolari hilezinek hitz egiteko aukera edukitzen dute.

(…) Batzar hauetara beti azkena heltzen dena, Fernando Amezketarra omen da. Besteetan ez dakit, baina oraingoan behintzat bera ailegatu zen atzeraturik.

Batzar honetarako aginduta zegoen gaia, hauxe zen: «Mundu honetako bizimodua». Eta horretaz kantatu behar zuena, Jose Manuel Lujanbio «Txirrita» bertsolari handia. Bere 150 kilo zutitu, eta honela eman zion ihardunaldiari hasiera: Gure munduko bizimodua/ guziyentzat da laburra/ griña gaiztuak tiratzen gaitu/ hortatik dator makurra/ leku askotan ikusi ohi da/ lapur guardiyan lapurra/ animaliya ere igual/ katua eta zakurra/ berak asko nahi t’ezin sofritu/ bestek daraman apurra.

Pello Mari Otaño Zizurkildarraren hitza entzun zen orduan. ‘Kontuan izan —esan zuen— bertso batek, ona izateko, gauza bat duela derrigorrezkoa, hori da, fantasiaren arintasuna, irudi eta imajen poetikoen bizkortasuna, kontrasteen sendotasun eta indarra. Erlea lorez lore ibiltzen ohi den bezala ibiltzen da bertsolaria ere, inongo ederrarekin gelditu gabe, gozoa laburki dastatuz. Alferrikako hitzak —hots, bertsoa ulertzeko behar beharrezkoak ez direnak— ez dira maiz aurkitzen bertso onetan. Joxe Manuelek botatakoa adibide da horretan.’ (…)

Marmarrak isildu eta gero, Bilintxek hau aipatu zuen: ‘Bertsoak, ona behar badu izan, arrazoi sakona, zartadarik sendoena azkeneko estrofan gordeta etorri behar du (…)’. Nola giroa asko seriotu zen, Txirritaren ingurukoek «bertso txar bat egiteko» esan zioten, «ea horretarako gauza zen» (…)”[1].

[1] Atxagaren ipuina, eta baita Laxaltena ere, Bertsolari aldizkariaren 123. zenbakian jaso eta iruzkindu ziren modu zabalago batean.

Bernardo Atxagaren ‘Euskal Herriko bertsolari hilezinen batzar nagusiak’