[Bertso Ibilbidea] Laudio: Tunela abiapuntu, bertsoa R-Gai
GR bideek ezaugarritzen dituzte ibilbideetako asko Euskal Herrian. R-GAI bideak (kontzeptu asmatua) bertsoa erregai bilakatzen du. Magia eta jolasa. Abentura. Denboraren tunela. Izan ere, eremu erdaldunetan (geroz eta euskaradunagoa izan arren) euskara garraiatzeko modu izan da bertsoa, neurri handian gainera. Bertso ibilbidean, gai librean gurutzatu ditugu denborak, tokiak eta pertsonak. Lotu gerrikoak: isilean edo ihesi joan zaizkigun istorioak pilatzera gatoz. Denboraren tunelean hasiko dugu bidea.
Izar Mendiguren
2026-09-25
Bertso ibilbidea Laudio –
Itxaron. Momentu bat. Koka ditzagun lehenbizi bi edo 4 oinak. Laudio Arabako herririk handiena da (18.000 biztanle), Gasteiz ondotik gunerik populatuena. Industriak —eta lan gatazkek— ezaugarritutako gunea da gure bailara: Aceros de Llodio, Tubacex, Tubos Reunidos, Guardian Glass, Garnica… Beira zein tutu, nahikoa egur jaso eta emandakoa. Kulturgintza iparrorratz gisa baliatuko bagenu, ordea, bestelako koordenada bat topa genezake: bertsoarena (GR biderik ez, baina R-GAI asko).
Araba eta Bizkaiko lurren muga herri izatetik, mugarri izatera igaro da Laudio. Euskal Herriko mapan eta biztanleria kopuruan kokatzen oso gutxik dakiten garaiotan, inor gutxik jarriko luke Arabako bertsogintzaren sorterri gisa. Neurri libreko freetourra izan da Aiaraldean bertsolaritzak eginikoa: handian zein txikian eginiko hamarreko ariketa, kopla gutxi eta saltsa ugariduna.
#01 ARETAKO TUNELA: LEHEN ARGI

Tunelak funtzio izugarria bete izan du Laudio eta Arabako bertsogintzan. Aretako Tunel jatetxeaz ari gara, mende erdi atzera eginez. Hain zuzen, 45 urte pasa dira (1981) Udako Euskal Unibertsitateak bertsolaritza ikastaro bat proposatuta (bertsotan zipitzik jakin gabe) gazte arabar batzuk elkartzen hasi zirenetik. Xabier Amurizaren gidaritzapean ikasiko zituzten errimen aurreko birak, erorikoak eta altxaldiak. Pedro Mari Bizkarguenaga Bizkar, Serapio Lopez, Iñaki Mendiguren, Txaber Errazti, Iosu Aldama, Jon Gerrero…. Ostiralero 10 urte baino gehiagoz —apenas hutsik egin gabe— Aretako (Laudio) Tunel jatetxean elkartu izan ziren afaltzeko, eta ostean kantuan aritzeko. “Ez ginen elkar ezagutzen, fabriketan lan egiten genuen”, gogoratu du Bizkarrek, jende gutxi ezagutzen zuen Laudiora etorri berria zela (1973). Bertsoa izan zuten lagun sare hamarkada batez: “10-12 lagun elkartzen ginen, ia-ia menu berdinarekin: gisatua, tripakiak, eta beti ordaintzen genuen 500 pezeta jarrita. Astero gordetzen ziguten mahaia guretzat. 22:00ak aldera afaltzen amaitu, eta 02:00ak arte egoten ginen kantuan. Bertsoak, istorioak, txisteak..”. Irribarreak ihes egiten dio garai horiez mintzatzean.
Abel Enbeita ere sarri izan zuten bidelagun. Hargatik, 2012an, Arabako Bertsozale Elkarteak 30 urte bete zituela-eta, kantuan elkartu zituen biak ala biak:
Abel Enbeita (2012)
Kaixo lagunak gabon danori
zeinek esan behar zidan
hiru hamarkada iraun dugula
bertso eskolaren jiran.
Gasteizen eta Aiaran berdin
bakoitza bere segidan
hasera baten gutxi ginan eta
gaur asko sokatik tiran
hurrengo hiru hamarkadatan
ea hirukoizten diran.
Patroi zaharretan josiak izan ziren, beraz, Aiaraldeko bertsokerak: gizonezkoak kantuan tabernan; emakumezkoak tarteka Tuneleko afarietan solasean, eta gehienetan etxean zaintza lanetan. Dena den, Aretako frontoian Kristina Mardarasekin abestu zuela aipatu du Bizkarrek, eta herriko jende ugari joan zela ikustera. Aretako tunelak, hortaz, lehen eta azken puntu asko jaso ditu. “Aretako tunelean ikusi zuen Arabako bertsogintzak argia”, dio.
Pedro Mari Bizkarguenagaren bertso hauek ondo laburtzen dute nola Tunelaren zubia, hala zetorrena: Haizea dator iparraldetik:
| Aiaran sortu zan behin batean
Bertso eskola moduko talde txiki bat handitu zana ia ohartu orduko jendea gogoz handik hemendik ez zan geldi geratuko denbora eta ilusiorik ez zan alferrik galduko laster ikasi genduzan hainbat trikimailu eta truko baita gu baino trebatuago ziradenekin neurtuko dana lorea ez zala izan ez dautzuet ukatuko baina orduko gazi-gozorik ez dogu inoiz ahaztuko |
Haiek bai haiek zirela garai
gozo ta hunkigarriak eskolan hasi tabernan segi ai, Tunel aipagarriak! entzun zituen gure marmarrak bertso, txiste ta irriak apurka zelan asetan zirean gure bertso egarriak euskal zaletzen, bertsozaletzen ingurutako herriak urteak pasa arren ez dira apurtuko lokarriak aitzindariak aldendu gara etorri dira berriak jende gaztea jende jatorra geroaren oinarriak. |
Behinola eta gaur egun ere
eskolak deukon patxada mejoratzerik baldin balego lagunduko da ahal bada Euskal Herriko seme-alabak edo zer arraio gara? Gure amaren hizkuntza zaharra zelan daukagun euskara ahalik ondoen zaindu beharko da zazpigarren alaba Bihotz-bihotzez animo eta esango dizuet hara: nahiz eta egon edo inpino bidean hainbeste traba, jarraitu zintzo euskalduntzen ta bertsozaletzen Aiara. |
Emakume erreferenteez galdetuta, Laudio eta Aiaraldean, Amaia Altube, Irati Mendiguren eta ni kantuan hasi arte ez omen zen inor aritu. Urte gutxiren buruan sortuko zen Ai zapotxin bertso eskola (Amurrio), Ainhoa Comas eta Julen Eizagirre —besteak beste— haziko zituena. Saltsa gosez, Bertso Eskolara ez, ezik, Laudioko Kultura etxeko Uhinak Irrati Librera ere egingo zuten jauzi Ai zapotxin irratsaioak, edota Bertxortan programak (Alfredo Ramirez Peloto bidelagun). Tunelak adina, beraz, Uhinak irrati libreak ere txoko eta bide polita oparitu zion bertsogintzari.
#02 LAUDIOKO KULTURA ETXEA, OINARRI MULTIDIMENTSIONAL

Bigarren geldiunea Laudioko Kultura Etxean egingo dugu, horrenbestez. Herri erdigunean dago; Lamuza parkearen bihotzean. Belaunaldi ezberdinen lekuko izan da eraikin multzo dotorea, Urkijo markesaren aginduz eraikia. Harrizko frontoi ireki dotore baten aldamenean zegoen lehen “Musika etxea” deiturikoa —egun liburutegia dena— eta bertan elkartzen ziren Aretako Tunel jatetxean ostiralero elkartzen ziren lagunak astean behin (guztira, beraz, bi bertso eskola egiten zituzten). Gela hartan, kantatzeaz gain, bertso bidez euskara zabaltzeko argitalpen propioak egin zituzten. Pedro Mari Bizkarguenagaren esanetan, “Iñaki Mendigurenek 300 liburuxka baino gehiago prestatu zituen eskualdean eta ikastoletan zabaltzeko”, eta doinuak ikasteko, eskuz kopiatu zituzten beste hainbeste zinta. Kasette horiez gain, beste hainbeste saltsa egosi zituzten: ikasleekin bidaiak… Denboraren makinan atzera eginez, 1988ko maiatzeko data dute autoekoizpen horiek. Handik gutxira Kultura Etxeko aretoa utzi behar izan zuten, eta etxeetako ganbaretan gorde zituzten sortutako materialak: Aiarako Bertso Eskolako ikur zen egur ohola, liburuxkak, bertso idatziak, doinuak ikasteko zintak… Bizkarren aburuz, 3-4 karpeta bete ditu etxean. Nire etxeko ganbaran diapositiba zahar mordoa dago, eta bertan ikusi nuen duela gutxi nola Gernikako Arbola ikustera Balentin Enbeitarekin joan zen behinola Laudio Ikastolako talde handi bat, Santimamiñeko leizea bisitatzearekin batera .
Laudioko Kultura Etxera berriro itzulita, dorreak ere badu zer esana: istorio eta kantu ugari entzunak ditu. 16-17 urterekin, Alfredo Remirez Peloto bertsozalea lagun, Bertxortan irratsaioa egiteari ekin genion Uhinak irrati librean, bertsolaritzaren aktualitatea eta transmisioa etxeetara eramanez. Bertsoaldiak, agenda, elkarrizketak… denetarik egiten genuen.
E T E N A L D I luze eta pausatua izan du geroztik bertso eskolak (hirugarren geltokia den gaztetxe fasera arte). Kultura Etxeko gela txikian berreskuratu genuen astearte arratsaldeetan hiruzpalau urtez Bizkar eta biok bertso eskola. Geroztik formaltasunik gabe jardun izan dugu bertsotan.
Jakina da gure inguruak euskaldunetik eta bertsozaletik urruti daudela. Hau da, korrontearen aurka arraun egiten duten piratak izan garela, nolabait. Dibertsioak eraman gaitu bertsotara, eta bertsoak oparitu dizkigu irribarrea, malkoa, enpatia, konexioa, kohesioa…. Bat-batekotasuna izan da gure bertso ibilbidearen ardatza. Plazak baino plazerak izan ditugu geldiune edo arigune. Horren adierazle da tarteka gogorarazi izan didaten Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan abestutako agurra:
Txapel ehizara etorri dira
Añorgako bi pirata,
Bizkaitik beste bi piper gorri
ta arabar bi patata,
Iparraldetik, Nafarroatik
gogotsu bost garrapata!
Ni pozik joango naiz gaur etxera
nahiz eta txapela falta,
zezen batek txahala erditzea
baino zailagoa da ta!
#03 KASINOA, ELEGANTZIAREN IKUR

Elegantzia topatu nahi izan duenak bertsogintzan, Laudioko kasinora jo du, batik bat. 1927. urtean altxatu zuten, urmael eta guzti. Urte luzez erortzear egon zen eraikuntzan obra egin zutenetik (2017), Laudioko kultur plaza garrantzitsu bilakatu da. Bertan egin dira, besteak beste, Arabako Bertsolari Txapelketako hainbat final laurden, edota gabonen bueltako bertso jaialdiak, Ez da kasualitatea emanaldiak eta abar.
Horrek guztiak zer islatzen du? Bertsolaritza egituratu gabe dagoen sare edo ekosistemetan ere, bertsoa badela euskara eta euskal kultura biziberritzeko tresna (are, kultur programazioaren ehuneko handiena oraindik ere gazteleraz lotzen den garaian).
# 04 AZOKA EGUNAK

Zer litzateke bertsoa, azoka bezalako hartu-emanetarako plaza garrantzitsurik gabe? San Blas azokan, Baserritarren egunean… bertsoak sarri hartu ditu Laudioko plaza edo erdiguneak. Betidanik izan du Laudio eta Aiaraldeak lotura baserri eremuarekin. Orozko, Urduña, Aiara, Artziniega… industrializaziotik landa eremura kilometro gutxi, baina bizimodu alde nabarmena dago. Egun puntual batzuetan, baina, ohikoa da feriak hartzea herria: Dolumin barikua (Aste Santu aurreko ostirala), San Blas azoka, Baserritar Eguna… Artzain Txakurren lehiaketetan ere ohikoa da Latiorro edo Aretako ekimenak bertsolariekin uztartzea.
Laudioko sanblasetan adibidez, baserritar bat omentzeko ohitura dago, eta bertsolariak izaten ditu bidelagun ekintza horrek. Aurten, Gaizka Sanchez Aretako bertsolari gazteak bere lehen bertsoa kantatu zuen jendaurrean bertan.
Oroitzapenei tiraka, Bizkarrek ez du ahaztu 1986an Serapio Lopezen San Martin eta txarria sorta idatziak jasotako sariaren anekdota: “Bilboko Uribarri euskaltegira ere 3-4 urtez joan ginen bertso eskolara, Xabier Amurizarekin. Bertako nagusiak bertso paper lehiaketa batean txerri bat jarri zuen sari edo opari, eta, Serapiok irabazi zuen. Ez zioten eman, antza. Egunkari batera jo zuen txerri eske, eta azkenean etxera bidali zioten”.
#05 GAZTETXEA, PLAZA EZINBESTEKO

Alabaina, bertsoak badu lurrik, ibili nahi duenarentzat. Laudioko Kultura Etxeko beste eraikin multzo batera garamatza memoriaren bideak, Laudioko parkearen bihotzera. Abiapuntuak AEK-ko egoitzara garamatza: Xabi Payarekin batera aritu ziren bertso eskolan Amaia Altube, Lander Meaza, Iker Ibarrola eta Irati Mendiguren. Tarteka, Gasteiztik etortzen ziren Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre ere. Talde horretara batu nintzen tarte oso txiki batez ni ere, eta hilabete gutxiren buruan AEK-ko ikasgelatik gaztetxera egin genuen jauzi.
Patxaran festa, “Torturaren aurkako hitzak” emanaldia, Bertso kabareta, gazte egunak, bertso afari edo bazkariak… Aldarri eta mota ugariko saioak jaso ditu gaztetxeak, bi hamarkadatan zehar. Ildo beretik, eskualdeko beste gaztetxe batzuetara mugitu izan da bertsoa Aiaraldean. Amurrioko gaztetxean, esaterako, Allfreedom saio berezia eta beste hainbat bertso afari egin izan dira, eta Urduñako gaztetxean urtero gabonetan Euskal Herriko puntako bertsolariak aritu dira kantuan besteak beste.
Garaiaren arabera, ezberdina izan da labea, beraz. Horren islada da, 2026ko urtarrilean, Suberri Asanbladak Gurdi Gaztetxea ireki berritan, 90 gazte baino gehiago biltzea bertso afari batean, aspaldiko partez. Ziklo eta aire berrien atarian, antizikloia.
#06 FAKTORIA, AMESTEKO LEKU
Amesteko eta bizitzeko, Faktoria da azken geltokia. Euskararen arnasgune izateko sortutako pabiloia, 750 metro koadroren barruan oholtza, kamerino, plaza handi bat, egurrezko hainbat etxola eta bulego sorta bat barnehartzen dituena. Utopia erreal bat, erdal lurretan euskara esparru eta molde anitzetan aireratzeko. Hain zuzen, Aiaraldea Ekintzen Faktoriak (Aiaraldea Koop. Elkartea), 500 bazkide baino gehiagoren babesari esker, auzolanean eraiki du euskararen herriaren oasi edo utopia txiki hau: haur, nerabe, gazte eta familientzat hezkuntza jolasgune bat: sortzaile eta artistentzat sormen espazio eta taularatze goxo bat (kamerino eta oholtzari esker); Aiaraldea Komunikabide zein euskarazko komunikazio jardunarentzat lubaki multidiziplinar bat; elikadura burujabetza zein feminismoarentzat saretze eta eraldatzeko espazio bat… Eta bertsoarentzat arnas edo aupaldi bat. Izan ere, 2021etik gaur arte makina bat jarduera antolatu dira bertan: Señora sariketa, Arabako Kuadrilla Arteko Txapelketa, bertso saio literarioak (Pleibak, Hezurberriak…)… eta etorriko direnak.
Gorputz eta gorpuzte askoren osatze zentro izan da Faktoria. Horren adierazle izan daiteke Ane Labaka Mayoz Hezurberriak liburuaren idazle eta bertsolariak, 2025eko urriko bertso saio literarioan, Onintza Enbeitari luzatutako galdera: “Itxi gabeko parentesiak gerriko eta kremaileretan. Biribiltasunei eder irizten diegun aldi bat, eta bakarra. Kantatuko zenioke maitasun abesti bat zure gorputzari?”. Eta apurtzeak osotu gintuen beste behin ere:
Onintza Enbeita (2025, Faktoria)
| Enkajatu nahi gintuzten
guztiok neurri batera baina zuk beti ezetza eman didazu ta, zera… Sarri enaiz pozik joan ispiluaren aurrera baina zu bueltatzen zara gauero nire ohera ausartzen zara gosea antsietatez sentitzera ausartzen zara erraiak jende aurrean uztera (Ber) ta inork ez dit kenduko eman didazun plazera!
|
Deitu dizut potoloa
ta deitu dizut baldarra nerabezaro garaian zurekin nintzen zakarra baina etzara hain lodi hain baldar eta hain txarra badaukat zure desira badaukat zure beharra zuk xurgatu ohi didazu bakardadean negarra zu zara nire ahuldade eta zu nire indarra (Ber) zu zara beti nirea izango den gauz bakarra!
|
Nahiz ta zurekin hizketan
apurtzen zaidan ahotsa nahiz ta gure harremana batzutan izan den hotza 40 bat urterekin ia galdu ein nuen lotsa ta gustura entzuten dut zure arrakalen hotsa zuri eskerrak sentitu izan dut sarritan poza zuri eskerrak badut zer borrokatu ta zer goza (Ber) zure borobiltasunei esker naiz horren zorrotza!
|
Bertso ibilbidea bukatu aurretik amaitu da Bizkarrekin izandako solasaldia, terraza batean. Aretako Tunelean abiatutako bideak eman du birarik. Eta bihurri bezain jostari eta zorrotz, (h)ala(i) izaten jarrai dezala!


