Herrira –
Doinua: Itsasoa haserre dago
Urtean zehar azkar
lanera, unira
Kutxi, Bule, Jimmy Jazz
Lakua, Abenida
hiritarrak duenez
hori narratiba
pozik kendu ohi ditu
bufanda ta zira
ta oporrak hastean
badoa herrira
Neguan hutsik dago
udan estanpida
udatiarren txaletez
betetzen ari da
derrepente herria
dakargu erdira
kontraesanak sartuz
alfonbra azpira
gogotsu heltzen gara
bizitza berrira
Uda-herrietako
kuadrillen harira
urtebete elkartu
gabe baina tira
“aspaldiko” bat eta
zer moduz amiga?
lotsa pasatzen zaigu
guztioi di-da
bi minutu pasata
elkarri begira
Alboko herrietan
verbenetan gira
botelloiekin merke
irteten da priva
gurera bueltan denok
so egunsentira
ordu ta erdi oinez
mahastien distira
batzuk geratu dira
ezin erretira
5 egunez parranda
misio suizida
eztarritik behera
txupito segida
hurrengo egunean
hamaika zingira
alkoholak jada ez du
gurekin gupida
behin nerabe zirenak
nagusitu dira
Piszinan eguzkitan
bira eta bira
esaten dugu baina
ez goaz mendira
bingo, Catan, padela,
museko partida
paseo bat arratsez
plazatik zubira
presarik eza ezin
liteke deskriba
Nahiago dugu horra
joan ta ez Balira
Ai, egun guztiak hain
lasaiak balira
nahiz egon daitezkeen
zenbait tirabira
nahiko tristea izan
ohi da despedida
ta itzuli beharra
berriro hirira


