Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira

Kepa Matxain-(r)en argazkia Kepa Matxain 2023-01-18

Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira –

Demagun bertso ikuskizunak baduela kode espezifiko bat, ez performancearena ez literaturarena, baizik eta ahozko inprobisazio performatuarena –tradizioz kultura popularrari lotua–, eta kode espezifiko horren anbiguotasunak zeharo despistatu izan dituela zenbait historikoki –bertsolariei “poeta kaskar” deitzen zietenak, bertsolaritza tabernazulotik antzokietara eraman behar zela aldarrikatzen zutenak, “autore bertsolaritza” planteatzera iritsi zirenak–, eta despistatzen dituela beste zenbait egun –hala-holako formula hibridoei fede apurtzailez erreparatzen dietenak eta abar luze bat–. Demagun, diot, kode bakar bat duela esatea asko erreduzitzea izan daitekeelako, eta, zer esanik ez, ibilian-ibilian kode horrek propio izateari utz diezaiokeelako –zer da propioa, izan ere?–. Baina uler gaitezen: demagun bertso-espazioak, jendaurreko ikuskizun bezala egonkortzen den unetik, sortzen dituela tradiziozko joko arau konbentzional batzuk, denboran zehar moldatu arren oraindik antzeratsu irauten dutenak –eta, itxura guztien arabera, aurrerantzean ere halatsu iraungo dutenak–. Eta demagun joko arau horien funtsa dela bertsolarien eta entzuleen arteko adostasun inplizitu bat, arrazoiketa entimematikoan gauzatzen dena: bertsolariak kantatzen du mezua, entzuleak aktiboki osatzen du hark kantatu nahi duenaren esanahia –oroitu irudiaz: bertsolariak azken puntua kantatzerako hor ari da kantuan entzulea, hari aurrea hartuta–, eta bi aldeen arteko elkarlanak ematen dio zentzua gertakariari. Hortik topikoa: bertsolaria herriaren ahotsa omen. Badu egiatik, alde batera: entzuleak esanahiaren eraikuntzan zenbat eta gehiago parte hartu, orduan eta lotura estuagoa bi aldeen artean. Lokarri hori hauts ez dadin, bertsolariak saihesten du entzuleek gustuko ez dutena kantatzea, eta entzuleak saiatzen dira bertsolariak kantatutakoa txalotzen –bereziki distiratsua ez den kasuetan ere–. Eta bertsolaria eta entzulea mezu berean errekonozitzen direnean, leherketa gertatzen da: katarsia.

Inork esango du bertso kodean errekonozimendurako tartea adinakoa dagoela harridurarako. Edo, Andoni Egañaren hitzetan esateko, “jakina”-ko bertsoak ez ezik “joño”-koak ere entzuten direla, –zer da ateraldia, entzulea ustekabean harrapatzea ez bada?–. Eta bai, noski, bertsoen funtsezko alderdietako bat da sorpresa kolpea, baina sorpresa neurtu bat izan ohi da ia beti, balio eta sinesmen sistema partekatu baten baitan ematen den sorpresa –eta, beraz, kontsentsuaren beste forma bat–. “Joño” eta “jakina” ezin dira erabat bereizi: entzuleak “joño!” dioenean, “joño-jakina!” esaten du zinez.

Inork esango du harridurarako ez ezik konfrontaziorako tartea ere eskaintzen duela bertsolaritzak. Eta bai, noski: gizarte egoera tentsiozkoan, eztabaida ideologiko bizian, bertsolariak mezu politiko jakin bat hauspotzeko erabili izan du tranpaldoa, zenbait entzuleren babesa arriskuan jarriz. Baina hori gertatu izan denetan ere, beti bilatu du norbaiten onarpena –gutxiengoarena agian, baina onarpena, finean–. Bertsolariak txaloak behar ditu, eta bertsozalearen txaloak, konbentzionalki salbuespenak salbuespen, kontsentsuzkoak dira.

Zer gertatzen da, ordea, zerbaitengatik kontsentsu hori erabat puskatzen denean? Zer, bertsolaritzaren kode propio hori aldez edo moldez zartatzen denean? Jarraian aztertuko dira bertsolaritzaren historiara igaro diren bi kasu ezagun. Biak Donostian gertatuak, biak aski ezberdinak, baina bietan hautsi zen bertsolaritzaren balizko kode propio hori. Batetik bestera, 24 urte eta 450 metro: Anoeta pilotalekuan Xalbadorri egindako txistu jotzea, batetik, eta Anoetako Belodromoan Jon Sarasuak egindako “tongoa”, bestetik.

 

Xalbador, edo nola bihurtu krisia katarsi

Donostiako Anoeta pilotalekua, 1967ko ekainaren 11. Gerraosteko sikatearekin amaitu asmoz, zazpi urtean laugarren bertsolari txapelketa antolatu du Euskaltzaindiak. Hamar lagun iritsi dira finalera: Migel Arozamena, Txomin Garmendia, Jose Luis Gorrotxategi, Lazkao Txiki, Jon Lopategi, Bautista Madariaga, Xalbador, Jon Mugartegi, Mattin Treku eta Uztapide. Entzule kopuru zehatzik ez da: 3.000 eta 4.000 bitartean, garaiko kroniken arabera. Aurreko txapelketan txapeldun eta txapeldunorde izandako Uztapide eta Lazkao-Txiki zuzenean lehiatuko dira arratsaldeko saiorako sailkatzen direnekin. Eguerdiko etenaldian jakin dira gainontzeko sailkatuen izenak: Lopategi, Xalbador eta Gorrotxategi. Arratsaldeko saiora goizekora baino are jende gehiago gerturatu da. Boskoteak bere lanak amaitutakoan, epaiaren zain gelditu dira entzuleak. Azkenean, zenbait minutuko tentsioaren ondotik, Alfontso Irigoienek irakurri du epaileen deliberoa: azken fasera igaroko dira Uztapide eta Xalbador.

Orduan hasten da historiara igaro den unea. Bazebilen aurrez zurrumurrua, eta halaxe gertatu da: entzule askok txistu jotzeari ekin dio, luzaz –bospasei minutuko txistukada aipatzen du zenbaitek–. Ez daude ados epaileen erabakiarekin, Lazkao Txiki nahi dute Uztapiderekin lehian. Maite dute Lazkao Txiki, beretakoa da, umoretsua, sentikorra, baina bizia eztenean. Aldiz, Xalbador, poeta kutsuko bertsolari baxenafar hura, urruneko zaie, ez diote erabat ulertzen gehienetan, hark bere mintzamoldea etengabe gipuzkoartzen badu ere. Txistu jo diote, beraz, erabakiari, txistu epaileei, baina txistuak ez daki norabide bakarrean joaten, eta bidean kolpatu du Xalbador bera ere. Bertso kodea zartatu da: entzuleek ez dute bera nahi, txaloak kentzea aski ez eta txistu jotzen diote. Zerbait ez dabil ondo. Lazkao Txiki ere ez dago eroso: “Ez zagok honetarako eskubiderik”, esan dio belarrira Jon Lopategiri, eta biak, atzeko eserlekuetatik altxaz, txistu artean txaloka hasi dira. Haien txaloekin batera entzuten dira zenbait entzulerenak ere, baina zerikusirik ez txistuen zalapartarekin, erabat zanpatzen dituzte. Bien bitartean, Uztapide eta Xalbador, isilik, mikroaren aurrean, noiz kantari hasiko zain.

Halako batean baretu dira entzuleak, eta Uztapidek bota du bere agurra. Xalbadorren txanda iristean berriro ere txistu hotsak entzun dira, baina oraingoan txalo indartsuekin nahasirik –bere aldekoak zutik jarri eta esku zartaka dabiltza–. Segidan, Xalbadorrek, eztarria garbituz, ekin dio. Kantuan hastearekin bat isildu da pilotalekua: “Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa / neure gustora nagonik, poz gehiago izango nuen / albotik bea egonik”. Ilun du begirasuna, ez du mikrofonoaz harago erreparatzen, badaki zer esan nahi duen eta horretara jarrita ditu indar guztiak. Pilotalekua erne dauka. “Zuek ezpazerate kontentu / errua ez daukat ez nik”. Txaloak lehertu dira aretoan, “txistuak jo…” jarraitzeko imintzioa egin arren, isildu beharra dauka, zaratak ez dio jarraitzen uzten. Entzuleak, barren hustuta, suminduratik erruduntasunera igarotzen sentitzen ditu orain. Listua irentsi du. Bere baitara bilduta segitzen du. Zain dago, zarata noiz apalduko, azken tiroa botatzeko. Badaki azken puntuaren indarra azken aurrekoarekin kateatzetik datorrela hein handi batean, eta errepikatu egiten du: “Zuek ezpazerate kontentu / errua ez daukat ez nik /”. Eta errematatzen du: “txistuak jo dituzute bainan / maite zaituztet oraindik”. Zoramena harmailetan. Anoeta pilotalekuak eztanda egin du. Lehengo txistuak txalo zaparrada bihurtu dira, bertso-kodea berrezarri da, eta saioak normaltasunez jarrai dezake aurrera. Hala egiten du, egitez. Handik pixka batera, epaimahaiak Uztapide izendatu du txapeldun, eta Xalbadorri saioko bertsorik onenaren saria eman dio.

Agurreko bertsoetan, Lazkao Txikik txistuei heldu die berriro, mesedez Xalbadorri inoiz gehiago halakorik ez egiteko eskatuz. Urepelekoak besarkada batekin eskertu dio keinua. Bere txanda heltzean, oraindik emozioek gain eginda, nola-halako agurra ezpaineratu du: “Ez dakit egun zer pasatu den / nik frontoi unen barruan / olako gauza ez-berdin batzuk / pasatzen dira munduan / bertzen txistuak entzunik ez naiz / ni oso pozikan juan / txapela beti ondo dagola / lenago zagon lekuan”. Gerora ere, behin baino gehiagotan adieraziko du Gipuzkoarekin duen maitasun-gorroto harremana (O, Gipuzkoa, maitatu zaitut bertso sortan, kasurako).

Anoetan gertatua Xalbadorretik harago doa, edonola. Iru-Garate delako batek hala dio Zeruko Argiako kronikan: “Epaimahaikoek bazekiten zortzi bat egun lehenago batzuk txistuak jotzekotan zirela”. Antzeratsu epaile lanetan aritutako Juan Mari Lekuonak: “Inpresioa daukat bospasei minutu luzez iraun zuen txistukada hori aldez aurretik mamitua zegoela; azken saioa aurretik bazegoen halako giro bat, edonolako epaiak ere bete-betea utziko ez lukeena”. Bistan da, azken fasera nor pasako baino puskaz auzi konplexuagoa ezkutatzen du txistu jotzeak: aurrenekoz, bertsozale askok publikoki erakutsi dute ez datozela bat epaileen irizpideekin; arrotz zaiela tribunal autoizendatu hori, eta matxinatu egiten direla haren erabakien aurka. “Herriarekin ez duk jolasten”, bota dio apaiz lagun batek Lekuonari. Epaileak ez ezik, txapelketa sistema bera geratu da auzitan, asko eta asko egun hartan bertan ohartu diren bezala. Euskaltzaindiak halakoak antolatzeari utziko dio puska luze baterako. Bien bitartean, Xalbador inoiz baino maitatuago bilakatuko da.

 

Jon Sarasuaren katarsirik gabeko krisia

Donostiako belodromoa, 1991ko abenduaren 22a. Xalbadorren txistu jotzetik 24 urte igaro dira, ez alferrik: belaunaldi berriek bertsotan segitzen dute, baina bertsoa jada ez da lehengo gauza bera –kode propioaren oinarriek antzeratsu jarraitzen badute ere–: ez da landa eremu hutsekoa, ez alfabetatu gabeena ere. Bada, aldiz, jende ikasiarena, nagusiki gizonena. “Boomaren txapelketa” deitu diote aurtengo Gipuzkoakoari, bertsolaritzak bizi duen aparraldiaren seinale. 11.000 lagun elkartu dira finalean, gehi telebistaz zuzenean ikusten ari direnak. Bertsolaritza masa fenomeno bilakatzen hasi da. Hedabideak inkestak egin eta egin ari dira, eta hiru izen nabarmentzen dira denen gainetik: Sebastian Lizaso, Xabier Euzkitze eta Andoni Egaña. Lehen hiru postuetarako inork ez du beste izenik botatzen.

Saioa normaltasunez doa, kartzelako ariketan Jon Sarasuaren txanda heltzen den arte. Inork gutxik zuen faboritoen artean: inkesta gehienek laugarren postuan jartzen dute, kasurik onenean –Mañukortak soilik eman du harekin argi ibiltzeko abisua–. Denek aitortzen dute, ordea, 25 urteko aretxabaletarrak baduela aura berezi bat, eta azkar jarri diote promesaren sanbenitoa: gauza handiak egitera deitua dago, gazte aseezinaren grinak umotzen zaizkionean. Hartaraino itxaron gabe ere final borobila ari zaio ateratzen, ordea. Bigarren postuan doa kartzelakoaren atarian, eta, honenbestez, txapela irabazteko hautagaietako bat bilakatu da. Hiru bertso kantatu behar ditu ondorengo gaiaren inguruan: “Zu, ilunabarrean amari musu emanda zeure autoan atera zara festara, ordu biak alderako itzuliko zarela esanez. Une honetan goizeko seiak dira. Oraintxe gogoratu zara amari emandako hitzaz. Zauden egoeran zaudela, zeu zauden tokitik hiru bertso”. Sarasuak zazpi puntuko bi bertso kantatu ditu, bere ohiko mailan, neska batekin lehendabizikoz ligatzen duen mutil gaztearen paperean. Hirugarren bertsoarekin lana errematatzeko unean, ordea, doinua eta neurria aldatuz, zortziko txiki aldrebes bat bota du:

 

Luzitzeko egin dut

makina bat saio

hau txapelketa bat da

eta zer arraio!

Ama, etxera joatea

zuk zenduke nahio,

gaur ez naiz juan eta

zer egingo zaio.

 

Joxerra Garzia ari da zuzeneko emankizunarekin, eta kolpean ulertu du Sarasuaren keinua: “Esan dugu ez zuela txapelketa irabazi nahi, zer edo zer egin beharko zuela ez irabaztekotan, eta horra hor. Bere deklarazioak erretorika hutsa izaten dira askotan, baina ez zuen nahi txapela irabazterik. Ez diote ulertuko, baina tira”. Hala da: entzuleak ez du gertatua ulertzen. Bertso-kodea zartatu da, berriz ere. Konpromisozko txalo ahul batzuk besterik ez ditu jaso hirugarren bertsoak. Harridurazko aurpegierak dira nagusi entzuleen, bertsolarien, epaileen artean. Zergatik egin ote du hori?

Azkenean Peñagarikanok jantzi du txapela, atzetik Egaña eta Euzkitze dituela. Sarasuak laugarren amaitu du –inkestek zioten bezala, paradoxikoki –. Saio ondorengo deklarazioetan, azaldu du txapelketa hasi aurretik pentsatutako ekintza izan dela, txapelketaren inguruan sortzen den morboaren aurka erreakzionatzeko modu bat. Era berean, epai irizpideak aldatu behar direla aldarrikatu du, oso pertsonalistak omen direlako –kantatzen denak bainoago nork kantatzen duen axola du, haren ustean–. Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako kide da Sarasua, eta badaki egin duenak gatazka sortuko duela erakundean. Hedabideetan ere laster hasiko dira bere ekintzaren aldeko zein kontrako iritziak, trumilka. Joxerra Garziari “oso koherentea” irudituko zaio Sarasuaren jokabidea. Koldo Izagirrek ere babesa adieraziko dio, bertsozaleei “bertsolariaren bakardadea” ulertzeko deia eginez. Txepetxi, berriz, irudituko zaio “bihotzaren erditik darion zintzotasunetik” egindako ekintza dela Sarasuarena, bertsolaritza “espektakulu kapitalista” bihurtzeko arriskuaren aurreko erreakzioa, “espektakuluaren lege komertzialei egindako muzina”. Kontrako bandoan, Laxaro Azkunek leporatuko dio Peñagarikano txapeldunari protagonismoa eta meritua kentzea, “tongo”-aren bidez hark zinez txapela merezi ote duen zalantza erein duelako. Egotziko dio, halaber, jarraitzaileei iruzur eta lehiakideei trufa egitea, eta gogoratuko, “hainbeste gorroto duen txapelketari esker egin dela ezagun”. Euzkitzeri ere ez zaio ez egokia ez koherentea irudituko Sarasuak protestatzeko hautatu duen modua, etenik eta neurririk gabeko lehian aritutako belaunaldi bateko kide den heinean, eta hark ere aurpegiratuko dio Peñagarikanoren txapelari itzal egin izana. Are, Sarasuak, koherente jokatuz gero, 1993ko Txapelketa Nagusian ateratzeari uko egin behar liokeela azpimarratuko du.

Sarasuaren ekintzak ez du inor epel utzi. Finalaren biharamunean, sortu den zalaparta ikusirik, lagun batek etxera deituko dio animoak emateko. Sarasuaren aitak hartuko dio telefonoa: “Pilotan jokatzera joan duk. Horretan bai, gustatzen zaiok irabaztea”. Handik bi urtera, Euskal Herriko Txapelketa Nagusian izena eman ondoren, El Salvador eta Guatemalara joango da bidaian, garaiz itzuliko dela zin eginda. Gertukoenek badakite, ordea, deklarazio horiek erretorika hutsa direla.

 

Azken konparaketa bat

Xalbadorren eta Sarasuaren kasuek badituzte antzekotasunak: biak gertatzen dira txapelketa testuinguruan, eta, are, final baten amaierako fasean; eta biek dute zerikusia lehiarekiko edo sailkapenekiko desadostasun batekin –lehen kasuan, entzuleak ez daude ados Xalbador azken fasera igarotzearekin; bigarrenean, Sarasuak, txapelari uko egiteaz gain, txapelketa sistema osoa jarri nahi du auzitan–. Aldiz, entzulearekiko harremanean antagonikoak dira biak.

Xalbadorren kasuan, entzuleak –edo entzule batzuk– dira bertso-kodea puskatzen dutenak, txistu jotzen diotenean –nahiz eta txistuak epaimahaiari zuzenduta egon–. Bospasei minutuz, emozioz eta tentsioz zamatutako une nahasi bat sortzen da pilotalekuan; inor gutxi da gai gertatzen ari denaren dimentsio sakonenaz ohartzeko. Segidan, krisi unea dator: Xalbadorrek kantuan hasi behar duenekoa. Agurra botatzen hastearekin bat, txistu eta txalo hotsak elkarrekin nahasten dira –entzule askok bertso-kodea berrezartzeko duen borondatearen seinale–. Azken bi puntuetan, egoera iraultzen du Xalbadorrek: publikotik jasotako txistu eta txalo zaparrada osoa bere egin eta nahas-mahas hori berriro entzuleei bidali nahi balie bezala, lehenik bere mina adierazten die, eta segidan bere maitasuna. Aretoa trantzean jartzen du, eta katarsia gertatzen da. Bertso horren bidez, Xalbadorrek definitiboki berrezartzen du aurrez entzuleek zartatu duten bertso-kodea, eta horri esker gertatzen da katarsia. Deigarria da nola erabiltzen dituen “albotik”, “kontentu” edo “errua” hitzak, bere hizkeratik apartekoak, entzuleengana iristeko ahalegin berezia eginez. Bertso horrekin bertsolariaren eta entzuleen arteko harreman puskatua konpontzen da, eta elkarrekin ospatzen dute dena normaltasunera itzuli izana. Bozkario kolektiboak krisialdia amaitu dela esan nahi du. Paradoxikoa da: bertso sentikor horren bidez Xalbadorrek zerbait aldarazten die entzuleei, baina, era berean, kontsolagarri ere bazaie Urepelekoaren mezu amultsua, beren jatorrizko entzule eremura itzultzeko ezinbesteko baldintza delako. Hots, une horrek eraldaketa bat dakar entzuleengan, baina, era berean, antzeratsu jarraitzea baimentzen die. Eta paradoxa horren bidez indartzen da bertso komunitatea.

Sarasuarena bestelakoa da. Hasteko, bertsolaria bera da bertso-kodea zartatzen duena, kartzelako ariketaren parametroetara egokitzen ez den bertso bat nahita kantatzen duenean. Xalbadorren kasuan bezala, une nahasi bat eragiten du horrek: entzule gehienek ez dute erabat ulertzen zer gertatu den. Baina krisi une hori ez da beste ezertan bilakatzen. Entzuleak ez du aski tresna bertsolariak hautsitako kodea berrezartzeko. Ez da katarsirik, deserosotasun orokor bat baizik –hilabetetan zehar luzatuko dena, ekintza horri buruz prentsan argitaratutako artikulu mordoak erakusten duen bezala–. Sarasuaren ekintza, bertso bidez egina izanagatik, bertsolaritzaren joko arauetatik harago doan ekintza artistikoa da. Balioko du bertso txapelketen zentzuaren inguruko eztabaida betierekoa berriro ere mahaigaineratzeko. Prezio bat ordaindu behar izan du trukean: txalo ahulak, harridura aurpegiak, komunitateko zenbaiten haserrea. Hots, bertsolariek betidanik saihestu duten hori guztia.

 

Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira  Bertso kode zartatua: Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira