Bertsolari gazteen sariketa
Bertsolari gazteen sariketa –
Gobernuaren aginduz irratia itxiarazi zuten 1966. urteko eta Gipuzkoa Salbuespen Egoeran egon zen 1971. urteko salbuespenekin, 1962tik 1972ra urtero irratiz egiten zen bertsolari gazteen txapelketa bat antolatu zuen Loiolako Herri Irratiak. Arrakasta handia izan zuen txapelketa horrek eta bitarte horretan bertsolari gazteek izan zuten erakusleiho bakarra izan zen kasik; hainbat adituk azpimarratu izan du sariketa honen garrantzia.
Irratian ideiarekin bueltaka zebiltzan Joxe Agirre Alkiza apezaren eskutitza iritsi zitzaienean: bertsolari gazteekin astero jokatuko zen liga moduko bat egin nahi zuen irratiz, asteroko irabazlea entzuleek eskutitz bidez igorritako bozkekin erabakiaz. Onena pentsuen babesletza zekarren horrek, Biona pentsuena ere lotuta zuten eurek eta, Fagorrekin parte hartuko zuten entzuleentzako saria lotuta, sei bertsolarirekin astero buruz burukoa antolatzeari ekin zioten.
Apirilaren 1ean burutu zen lehen saioa, Txomin Garmendiaren eta Koxme Lizasoren artekoa. Astean ehunen bat eskutitz iritsiko ote ziren esperantza zeukaten egina irratian, eta ia 1000 iritsi zitzaizkien lehen aste hartan: “Lekuonak [zuzendaria] zioen: ‘¿pero estos chavales tienen tanta capacidad de convocatoria?’ ‘Pues, ya ve’. Harrituta geu ere. Mundu bat ireki zitzaigun” (J.M. Iriondo, elkarrizketa pertsonala). Beste bost saio egin zituzten ligaren baitan, maiatzaren 6ra bitartean, egunero jendearen parte hartzea eskatzen zuten iragarki laburrak aireratuz, eta 10.000 eskutitz iritsi zitzaizkien guztira. Lehen saioa irratiko estudioan egin zuten, zuzenean, baina, publikorik gabe aritzea bertsolarientzat hotzegia suertatzen zenez, hurrengoak Loiolatxo soziedadean egitea erabaki zen. Finala maiatzaren 20an egin zuten Azpeitiko Zelaitxo antzokian. Sei bertsolariek hartu zuten parte, baina epaimahaiak ligako saioetan bozka gehien lortu zuten bien artean erabaki behar zuen garailea:
“[…] Txomin Garmendia berrobitarra izan zen garaile; eta bigarren, Patxi Etxeberria Lasarten bizi zen oriotarra. Jauregi Miarrak (Zarautz) bigarren sariari uko egin behar izan zion, zegokiona baino astebete lehenago Orioko taberna batean 300 boto bildu baitzituzten bere alde, eta guk horren berri jakin. (Iriondo, 2000: 3)
Hurrengo urteetan eskema berarekin egin zuten lan, zenbait urtetan liga seirekin egin beharrean zortzi bertsolarirekin osatuaz edota saioak Zelaitxo soziedadetik Joxe Lizasoren tabernara aldatuaz, eta finalen bat Azkoitiko pilotalekuan eginaz. Guztietan Iriondo aritu zen antolatzaile, gai-jartzaile eta aurkezle, eta final batzuetan bestelako ikuskizunak ere eskaini ziren finalaren osagarri gisa: 1963an Loiolako Herri Irratiko Coro de Cámara abeslari taldea; 1964an, Garaiondo eta Azpiazuren dantza sueltoa; 1965ean Sakabi eta Egañazpi trikitilariak eta Lourdes Iriondo abeslaria; 1970ean berriro ere Sakabi eta Egañazpi; eta 1972an Euskal Gaztedi dantzari txikien taldea nahiz Benito Lertxundiren kantaldia (Iriondo, 2000: 5-8).
Ikuskizun konpletoa izaten zen, bada, finala, txapelketak berak ere oihartzun handia izaten zuen, prentsaraino iritsiz, eta bertsolari mordoa ezagutarazi eta promozionatzeko balio izan zuen[1].

Irratiaren ekarpenak eta eraginak
Agirreazkuenagak Loiolako Herri Irratiak urte haietan egin zuen ekarpena azaltzen du, euskarari euskal komunitatearen nortasunaren ikur gisa esfera publikoan eman zion ikusgarritasuna azpimarratuz (2012: 506). Halaber, Loiolako irratiaren euskarazko eskaintzaren elementu garrantzitsuenetako bat bertsolaritzari buruzko emisioak izan ziren. Berriro ere hizkuntza eta nortasuna lotzen dituen korapiloaren erdian bertsolaritzarekin egingo dugu topo, bada, elementu nabarmendu gisa.
Bestalde, aurreko zikloan Zubimendi, Luzear eta Basarrik lehen pauso batzuk eman zituzten arren, eta diktaduran Basarrik jarraipena eman bazien ere, Iriondoren emanaldiekin deskubrituko du irratiak bertsolaritza eta bertsolaritzak irratia.
Ez da badaezpadako deskubrimendua gainera, alorra formatu ezberdinetan landu izan duen Garziaren iritziz, irratia bait da fenomenoari modu naturalenean egokitzen zaiona (1993: 87-88).
Medio berriak teknologia berria zekarren, eta bitartekoak sorkuntza bera baldintzatu ohi duenez, berrikuntza horrek hainbat eragin izan zituen bertsogintzan. Dorronsoro eta Lekuonak, adibidez, mikroaren eraginari erreparatzen diote:
“Mikrofonoa ere jadanik sartu da, bertsogintza asko aldatu duen bitartekoa […] Esan izan da, bestela eztarria behar bait zen, Lazkao Txiki bat, adibidez, mikrofono gabe ez zela egingo egin den bertsolaria […]. Eta agian mikroak izango ditu beste alderdi batzuk: ez ditugu aztertu, baina ahots handian kantatu beharrean, xuabe egin ahal izanez, agian inprobisazioan bertan badu zerikusirik, lirika egiteko ahalbideren batzuk beharbada ematen ditu […]” (1987: 17)
Abestutakoa grabatu, audioa gorde eta gero nahierara zabaltzeko aukera ere berria izango da. Eta horrek ere eragina izango du bertsogintzan: “[…] bertsolariek kezka berria zuten, leku batean kantatuak ez baitzien beste leku batean balioko” (Azkune, 2000: 68). Irudimena eta errimategia gehiago estutu beharko dute bada aurrerantzean, baita doinutegia ere (Dorronsoro eta J.M. Lekuona, 1987: 19-20).
Irratiak bertsolaritza eta bertsozaletasuna bizitzeko bide berri bat eman zuen; aurrez aurreko bide tradizionalaz gain irratiaren aukera mediatua eskaintzen da. Horrek, noski, bertsolaritzaren hedapenari mesede egin zion, bertso-tradiziorik ez duten herrietara ere iristeko aukera. Egañak gaineratzen du xarma berezia zuela medioak:
“Aitortu beharrekoa da irratiek bertsolaritzaren hedapenean izan duten eragina. Sukaldeko irrati zaharraren bitartez izan nituen nik ere bertsolaritzaren lehen zantzuak. Duela berrogei urteko saio eta txapelketetan ohikoa zen lehen edo azken agurrean, aurrez aurreko entzuleei diosala egiteaz gain, irrati-entzuleei ere egitea. Gaur ez zaigu burutik pasa ere egiten telebista ikus-entzuleak agurtzea. Seguraski, orduan, irratiak bazuelako sutondoraino ahotsa eramateko majia-kutsu hori, gaur telebistak galdu duena.” (Egaña, 2004: 165)
[1] Gaiari buruzko argitaratu gabeko dokumentua helarazi digu Iriondok ikerketarako egin zaion elkarrizketan. Tartean sarituen zerrenda ere bai: 1962an Txomin Garmendia irabazle eta Patxi Etxeberria bigarren; 1963an Jon Azpillaga irabazle eta Jesus Lafuente Basakarte bigarren; 1964an Jon Mugartegi irabazle, 1965ean Patxi Etxeberria, 1967an Jose Luis Gorrotxategi, 1968an Iñaki Azarola, 1969an Jose Luis Gorrotxategi berriro ere, 1970ean Jose Agirre Oranda eta 1972an Anjel Larrañaga (Iriondo, 2000: 5).

