Bertsolari letra-egileak: bukaerak pentsatzetik, hasierak marraztera

Bertsolari letra-egileak –

Testua: Jokin Bergara
Ilustrazioa: Patxi Gallego

 

Bertsolariak, bere ohiko forman sortzen duenean, bukaerak pentsatzetik egiten du aurrera, garbi du nora doan. Bestelako diziplina artistikoekin nahastu denean, ordea, musikarekin batik bat, bukaera zein izango zen jakin gabe ekin dio, konbinazio berriak bilatuz, ezer ez zegoen lurralde artistikoetara sorkuntzak ekarriz, nolabait ere, harreman berrien hasierak marraztuz.

Bertsolari letra-egileakHarreman historiko estua izan dute bertsoak eta musikak gurean. Izan elkarrengandik gertu dauden adierazpen artistikoak direlako edo gurea bezalako herri txiki batean sortzaileek elkarlanerako joera handiagoa izan dutelako, zerrenda luzea osatu dute musikariek eta bertsolariek elkarlanean.

Batak musika, hitzak besteak, bietatik edan behar du kantak, forma eta garai ezberdinetan, gai sozial eta politikoetatik hasi eta gizakioi unibertsalagoak zaizkigun egonezin eta kezka emozionaletaraino; maitasuna, giza harremanak, galdera existentzialak… belaunaldi bakoitzak bere ekarpena egin du, euskararen biziberritzea ipar izanez zenbaitetan eta probokatzaile izatea helburu jarririk bestetan, altxor ederrak aurki ditzakegu, kantagintza-bertsogintza arteko harremanetik jaioak.

Hasierako pausoak

Badauzkagu hamaika adibide harreman honen berri eman dezaketenak. Xabier Letek berak egin zuen saiakera bertso jarriak musikatzekoa, Antton Valverde eta Julen Lekuonarekin batera argitaratu zuten Bertso zaharrak diskoa da horren lekuko.

Beste kontu bat da, ordea, bertsolariari zuzenean eskatzea kanta baterako letrak egin ditzala. Zeresan handia dauka hor Xabier Amurizak. Herriz herri bertsoak jarri zituen 80ko hamarkadaren hasieran, tokian tokiko kontuen berri emanez. Musikariekin kontaktuan ipini ondoren, herri horietara joan eta musikaturik kantatzen zituen bertsoak, herritarren harridurarako. Esperientzia horretatik tiraka topa ditzakegu geroago etorriko ziren eta ondo erroturik geratu diren kantak, Mendian Gora Haritza Imanol Larzabalekin batera egina, Euskal Herrian Euskaraz Oskorrik musikatutako kanta ezaguna edo berriagoa den eta Anje Duhalderekin elkarlanean sorturiko Xabier Amurizarekin kantari diskoa.

Abangoardia, bertso-musika taldeak?

Ibilbide honetan bidea zabalduagatik, atzetik etorri ziren belaunaldi, ideia eta estetika berriak ere. Jon Maiak Negu Gorriaki egin zizkion ekarpenak aipa ditzakegu Gure Jarrera diskoan bost kantatan baitaude bere letrak. Noski, Unai Iturriaga eta Igor Elortza durangarrek Josu Zabalarekin batera eginiko Zazpi Eskale lehenbizi eta Gu Ta Gutarrak ondoren, ezin ditugu aipatu gabe utzi. Bertsoa ordura arte sekula erabili gabeko eremuetara garraiatu zuten, edozein musika estilotara hurbilduz, euren kultura kaletarra baliatuz horretarako. Esperimentazioa metodologiatzat harturik, pieza ederrak aurki ditzakegu, bertsoaren formatutik asko dutenak, baina, aldi berean, zerbait berria ekartzen digutenak.

Berriagoak diren esperientziak ere baditugu. Odei Barroso bertsolari urruñarrak Gorka Rodrigezekin sortu duen 2ZIO taldea kasu, rapa eginez eta Hip Hoparen barruan kokatu ditzakegun estiloak erabiliz. Bertsoaren formetatik eta errimategitik lanketa handia egina dagoela igartzen zaie letretan, elkarrengandik uste baino gertuago dauden generoak direlako agian. Pausuz Pausu diskoarekin hasi ziren 2013an Bideak-ekin jarraitu (2015) eta Orain eta Hemen diskoa atera berri dute, oso aktibo dabiltzan eta terreno emankorra den seinale. Euskarazko hitzak pentsatuz, idatziz, aurkituz eta aldi berean nazioartean indarra duten baliabide musikalekin uztarketa eginez, oraindik ere artista berriek esploratu dezaketen lurralde interesgarri baten aurrean jarri gaituzte. Ez dira bakarrak izan rapera hurbilketa hori egin dutenak, Iñaki Viñasprek ere antzeko proiektuak eraman ditu aurrera Bertso Rap moduko modalitateak probatuz.

Badaude bestelako estiloak lantzen ari direnak ere, Folk musikara hurbilpena egin duten Bidelapurrak taldea, Ander Solozabal bertsolariaren eta Ekaitz Aranberriren eskutik. Bi disko atera dituzte dagoeneko Zenbat Negar Bazterretan (2014) eta Gorriak eta Bi (2018). Bertso jarrien eredutik urruntzen dira gehiago, baina euren kanten letragintzan hainbat bertsolari aritu direla jakinekoa da.

Gu Ta Gutarraken estilotik gertuago egon daitekeen beste adibide arrakastatsu bat azken urteetan eszenara agertu den Bi Bala taldea da. Aitzol Barandiaranek eta Iñaki Gurrutxagak rock musikaz janzten dituzte bertso-letra zirikatzaileak. Bertso jarrien formulan, baina musikatuak izateko idatziak diren letretan, badute probokaziorako, kontraesanak azaleratzeko eta kritikarako joera. Wasabi diskoarekin egin ziren ezagunak, 2014an, Gure Eroyak atera zuten ondoren (2015), eta argitaratu duten azkena Arazo Modernoak izena duen diskoa da. Kantagintza eta bertsogintzaren arteko loturaren adibide garbienetako bat dugu, azken garaiotan.

Ekitaldietan ekarpenak

Lotura honen bueltan taldeak sortu eta bidea egin duten arren, ekitaldi zehatzetarako egin izan diren kantetan bertsolarien esku hartzea nabarmena izan da historia laburrean. Korrika, Nafarroa Oinez, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak edo Herri Urratsen behin eta berriro aritu izan dira bertsolariak letrak jartzen, 1999an Joxe Ripiauk musikatu eta Maialen Lujanbiok Korrikarako idatzitako Bat eta Bat abestia edo 2ZIOk 2018ko Herri Urratserako konposatu zuen Prefosta! abestia kasu.

Ertz asko dituen harremana da, gure herrian bere pisua duena eta arte adierazpen berriei zein kulturgintza aktibo bati atea zabaldu izan diena. Punta guztiak ukitzea zaila den arren, gaian sakondu nahi izan dugu hiru belaunaldi ezberdinen bizipenak ekar zitzaketen kideekin. Xabier Amuriza, Igor Elortza eta Maddalen Arzallusekin saiatu gara harreman honetan sakontzen, sorkuntza prozesuen korapiloetan murgiltzen eta bertsogintza-letragintza-musikagintza hirukoak ekar ditzakeen bide berri potentzialen inguruan hausnartzen. Hirurek ere, klabe interesgarriak eman dizkigute, bertsoen mundu txiki anitz hau hobeto ezagutzeko, bakoitzak garai eta sorkuntza ibilbide baten lekukoaren ahotsetik hitz eginez.

Bertsolari letra-egileak
Bertsolari letra-egileak
Bertsolari letra-egileak