‘Bertsolari’ren hastapenak, mirari txiki bat

Testua: Joxean Agirre
Argazkiak: BERTSOLARI aldizkaria
2016-04-26
Hogeita bost urte igaro dira eta niri batzuetan mirari txiki bat iruditzen zait ez aldizkaria atera izana, hori egoskorkeria kontua baita militantzia pixka baten laguntzarekin, baizik eta izan zuen arrakasta. 1991ko maiatzean kaleratu genuen lehen zenbakia eta urte horretako Durangoko Azokan bertsozaleek errenkadak osatu zituzten harpidetza egiteko.

Errenkadak esatea gehitxo izango da, baina onartu dezagun taldeka etorri zirela. Nik dakidala, jendea harpidetzak egiteko itxoiten eduki duen euskarazko aldizkari bakarra izango da Durangoko Azokan.

Kontuan hartu behar da ‘Bertsolari’ aldizkariak oihartzun handia izan zuela komunikabideetan urte horretan bertan. Udazken horretan Argia saria jaso zuen aldizkariak. Ez zen niri emandako sari bat izan. Aurreko urtean eman zidaten bat, ez dakit zer arrazoigatik. Garai hartan euskal kulturaren inguruan lan egiten zuten kazetari gutxi ginelako seguru asko. Bigarren Argia sari hori agerian daukat. Egurrez eta harriz egina da eta oso garbi adierazten du: ‘Bertsolari aldizkariari’. Ez dakit sariarekin loturarik izango duen, baina gogoan dut lehen zenbakia atera eta Josu Landak deitu zuela zorionak emateko eta goraipamen handiak egin zituela. Saria nik jaso banuen ere, badakit talde bat zegoela atzetik, Andoni Egaña, Joserra Garzia, Laxaro Azkune eta beste hainbatek osatua. Lan praktikoari dagokionez, zama nagusia nik eramaten nuen, baina haien gidaritzarik gabe ezin zitekeen egitasmoa aurrera atera.

 

Joseba Jaka

Aldizkariaren hasierako bultzagileen merituak banatzen hasita, ezin da ahaztu giltzarria izan zen gizon bat: Joseba Jaka, beste hainbat egitasmotan bezalaxe hemen ere bultzada eman zuena. Ez dut inoiz ahaztuko, ideiarekin aurrera egitea erabaki eta arazo larrienei aurre egiteko ordua iritsi zenean (nola ordaindu lehen bi zenbakien inprimategia, esate baterako), Groseko bere etxera joan nintzela gau batean. Afari legea egina zegoen, eta etxapean zegoen taberna batera jaitsi ginen eta whisky bat eskatu zuen. Hari tragoxkak eginez entzun zidan luzaz ezer esan gabe. Nik erretolika luze samarra nuen ordurako, han eta hemen matraka horrekin bainenbilen. Bukatu nuenean ere isilik egin zuen tarte bat eta “aurrera egin behar duk. Anaia gazteari esango zioat arazoaz arduratzeko”, esan zuen. Hitz gutxikoa zen batzuetan gizona, baina eraginkortasun handikoa. Geroztik, Xanti Jaka eta biok ibili gara proiektu honekin urte askoan, azkenaldi honetan gure ardurak txikiagoak, ia hutsaren hurrengoak, badira ere. Lehen zenbakien inprimategiko kostuei aurre egiteko konpromisoa hartu zuen Elkarrek, eta horrek izugarri erraztu zuen bidea.

 

Zertarako?

Bertsolariek askotan errepikatzen dute ez direla divoak, ez direla, artista handiak bezala, saioa bukatu eta kamerinoan ezkutatzen, eskaileretatik jaitsi eta jendartera itzultzen direla, diru aldetik ere oso eskuragarriak direla. Horiek denak egiak dira, baina oso jende gutxik du saioa bukatu eta jendartera itzultzen direlarik ere, haiekin berriketan egoteko zoria. Adiskide minek bakarrik edo antolatzaileek izaten dute saioko gorabeherak komentatu edo beste hainbat gairi buruz bertsolariekin mintzatzeko aukera.

Bertsolaria agertoki gainean ikusten ohituta zegoen bertsozalea. Agertokitik kanpo, ez horrenbeste. Aldizkariaren helburua, hasieratik, oso garbi izan genuen: bertsolariaren eguneroko bizimodua, bere baitako kezkak eta ametsak, ofizioari buruzko zertzeladak eta xehetasunak bertsozalearengana gerturatzea; horretarako, kazetaritza garaikideak eskaintzen zituen bitartekoak erabiliz, elkarrizketa eta erreportajeak, batez ere. Horregatik, oso gutxitan ikusiko da aldizkariaren lehen zenbakietan, eta gero ere, bertsolari bat kantuan. Bertsolariak bere etxean, kirola egiten, familia giroan agertuko dira. Beren zaletasunez mintzatzen dira, bertsolarien amak agertuko dira hurrengoan, dantzan ere ikusi genituen zenbaki batean, inkesta bat egin genuen emakume harpideen artean bertsolarien janzkerari buruz. Oso denbora gutxian, bertsolariei buruzko iruditegi zurruna hautsi eta aberastea lortu genuen.

 

Sentsazionalismoa?

Ideologian, komunikazioan edo beste hainbat arlotan jarrera bat markatu nahi denean, pitin bat muturrera jotzea komeni izaten da hartzaileak ohar daitezen. Zenbaitek sentsazionalismoa aurpegiratu zigun. Norbaitek “euskal Hola” ote ginen ere esan zuen. Eta egia da bide berri hori markatu nahiak mugakoak ziren erreportaje batzuk egitera eraman gintuela, baina berehala etorri ginen erdibide batera.

Badago euskal kulturan —txikia eta jipoitua izan delako, seguru asko—, gureak diren gaiak modu handios eta solemnean tratatzeko joera bat. Jarrera hori bitxiagoa da bertsolariengan, beren lana edo lanaren zati handi bat gauarekin, edanarekin eta bizimodu galdu samar batekin lotua egonik. Bertsolaritzak, ilargiak bezala, bi aurpegi ditu: egunekoa eta gauekoa. Kazetari baten ikuspegitik, eta bertsozale baten begietatik ere, askoz ere interesgarriagoa da gauekoa. Hala ere, zein zaila den bertsolaritzaren aurpegi ezkutu horren berri ematea. Zein zaila den gaueko ibilerak erreportaje baterako baliatzea. Auspoa bilduma osoa irakurrita ere apenas agertzen den aurpegi horren aztarnarik. Are gehiago esan daiteke, ezkutatu egiten da batzuetan bertsolaritzari hain berezkoa zaion alderdi hori.

Rockaren edo poparen historian hain garrantzitsua, berdin esan genezake jazzaren historian, funtsezkoa den gauarekin lotutako informazioa tantaka ematen da bertsolariez ari garenean. Gogoan dut behinola Zepaik eta Uztapidek El Leon garagardo fabrikan lan egin zuteneko garaiak gogoratuz erreportaje bat egin zuela Felix Ibargutxik. Bi bertsolari horiek apopilo egon ziren Antiguako taberna botatzera zihoazelako. Bi bertsolarion garaiko parranda-zaletasunaz printza politik bazegoen kontatzeko, baina neurtuta ibili ginen, bertsolariak, oro har, oso estuak direlako kontu horiekin. Trikitilarien historiak askoz ere joko gehiago ematen du horretarako eta eurak ere, trikitilariak alegia, askoz ere irekiagoak dira. Bertsolariak bere buruaren eta egitekoaren irudi transzendentalagoa dauka.

 

Beste hainbat atal

Aldizkariak atal finko zenbait zabaldu zituen lehen zenbakitik beretik. Horietako bat kanpoko inprobisazioari buruzkoa izan zen. Gogora dezagun lehen zenbaki horretan Kubako dezimistei egin geniela lekua, hain zuzen ere mundu mailan arlo batzuetan (telebista, bertso-eskolak, etab) bertsolaritzarekin parekidetasuna duen fenomenoari. Zenbakiz zenbaki joan ginen bide hori egiten. Askotan, munduan barrena lanean ari ziren euskaldunei eskatu genizkien kolaborazioak, beste batzuetan bertako adituei. Guztiek ez zuten asmatu edo ez zuten jakin beren lana gure premietara egokitzen, eta atal honek gorabehera handiak izan zituen. Tarteka, oso tarteka, bertara joanda egin genituen erreportajeak. Horietako bat izan zen Toscanako Altamante Toglirekin egindakoa. Gizona hunkitu egin zen eta ez zuen sinesten Euskal Herritik berarekin egoteko bakarrik joan ginetik. Autoan egin genuen bidea eta Antonio Breschi musikariaren mendiko etxe zahar batean egin genuen lo. Afari legea egin genuen atarian. Hogei bat lagun mahaiaren bueltan. Txerri saiheskia, erreta. Eta bere ikasle bat kontrario gisa zuela, Gianni Ciolli izeneko matematikari gazte bat, Unibertsitateko irakaslea, hasi ziren kantuan. ‘Contrasto’ horretan gaia emanda jardun zuten, batzuetan eserita, besteetan zutik, baina eskuekin eta gorputz osoarekin imintzio esajeratu samarrak eginez beti ere. “Poeta” askoren maisua izandakoa zen Altamante. Bere ikasle izandakoen artean Roberto Benigni zegoen, La vita e bella film arrakastatsuaren zuzendari eta aktore nagusia.

 

Militante lana

Hasierako etapa luze horretako militante lana aipatu nahi nuke edo borondatezko lana. Askotan gogoratu ohi dugu familian, lehen zenbakiekin asteburu osoak ematen genituela etxean aleak kartazaletan sartu eta helbideak idazten. Alabak pare bat urte zituen eta estalki guztiei tanpoia berak jarri zien.

Gogoratzen naiz publizitatea ere geuk egiten genuela eta lehen zenbakietan agertzen diren modelo batzuk familiakoak direla. Bada papera guraizeekin moztu eta figurak eginez osatu nuen publizitate orrialde bat. Orain, begiratu eta polita iruditzen zait. Bizitzan gutxitan izaten dira gisa horretako inspirazio uneak.

Orain dena saretik bidaltzen da, baina orduan argazki bat inprimategira bidaltzeko, autoa hartu eta joan egin behar izaten zen. Gogoan dut lehen negu horretan, laugarren zenbakia edo izango zen, argazkiak nahastu egin zituztela inprentan, eta arazoa telefonoz konpondu ezin genuenez, emaztea joan zela autoan Lizarrara. Biderik laburrena Urbasatik zuela esan nion, baina elurrak harrapatu zuen eta ez aurrera eta atzera egin zituen orduak. Pasadizo hori kontatzen duenean gorroto puntu bat nabaritzen zaio ahotsean.

 

Lehen azala

Lehen zenbakiko azalak (Mañukorta bizarra kentzen) adierazten du ondoen aldizkariak sorreratik izan zuen helburu nagusia: bertsolariak ahalik eta gertutasun handienarekin erakustea bertsozaleari. Bizarra kentzea gertutasun edo intimotasun horren adierazle da. Bizarra kentzeko xaboia erosi genuen, spray bat, aitzurra ere bai eta igo ginen Jainkomendira. Garai hartan, orain 25 urte, Jainkomendiko mutila jainkoa zen jende askorentzat. Mañuk ez zuen sekula Euskal Herriko final batean kantatu, Bizkaiko batean bakarrik seguru asko, baina hala ere, bera izan zen 80ko hamarkadan eta 90eko zati batean urtean saio gehien egin zituen bertsolaria. Famatuak egin ziren bere kantaera berezia, bekainen mugimendua, kontsonanteen bere ahoskera eta «errrre» indartsuak, bere imintzio eta keinuak eta baita bere “hanka sartzeak” ere (“Nik maite ditut Kubako brasileñak”, kantatu zuen behin). Arrakasta bera zuen euskaldun berri kalekumeen edo euskaldun zaharren artean, karisma handiko bertsolaria baitzen eta da oraindik ere. Urte batean 200 saio egitera iritsi omen zen, lana errelebotan eginez. Gu berarekin egon ginenean 150 saiorekin zebilen.

Esparru intimoagoen bila, Mañukortako sukalderaino sartzen saiatu ginen, baina ez zigun utzi eta, horretan bai, elkarrizketatuak agintzen du. “Atarian nahi dituzuen argazki guztiak, baina barruan ez”, esan zigun, eta bagenekien Mañuk gauza bat serio esaten duenean, alferrik dela. Gurasoekin bizi ziren bera eta anaia gaztea. Ordurako baserria erosia zuten, maizterrak izan baitziren aurretik. Gurasoak ere atera ziren une batean argazkiak egitera. Irudi horiek ez dira beste mundukoak, elkarrizketa ere ez; lehen zenbakia osorik begiratu eta ez da borobila inondik ere, baina intentzioak sumatzen dira.

 

Azalez azal

Aurtengo udan, kostuak jaitsi egin behar zirela-eta, Martin Ugalde poligonoan genuen lokal argitsu batetik leihorik gabeko batera aldatu genituen bulegoa eta biltegia. Bi solairu jaitsi behar izan genituen stockean zeuden aldizkari pilak hartuta, eta, bidean, hainbat azali buruzko gomutak hasi zitzaizkidan berritzen, eta orduan sortu zen oroitzapen bilduma hau idazteko asmoa. Baina, orain, berriro azalak begiratzen hasteko ordua iritsi zaidalarik, nagi pixka bat sentitzen dut.

Badaude zenbaki batzuk maitasunez gogoratzen ditudanak. Horietako bat da Antonio Zavalari eskaini geniona. Ez zen Zavala elkarrizketak eman zalea. Egiten zituen liburuen aurkezpen bakanetan bizpahiru galderari erantzuten bazekien, baina gehiagorik ez. Deustuko Unibertsitateak Honoris Causa Doktore izendatu behar zuela jakin genuenean, saiakera bat egitea erabaki genuen. Antonio Zavala izan zen bertsolaritzaren ondarea bildu, arakatu eta ondoko belaunaldiei altxor gisa uzten lanik gehien egin zuena. Eta lan hori musu-truk, diru saririk eta laguntzarik gabe egin zuen. Berrogei urte inguru eman zituen lan horretan. Bazuen, beraz, zer kontatua. Haren editore eta adiskidearen bidez, Joakin Berasategiren bidez, egin genuen hitzordua bere terrenoan, bizi zen lekuan, Jabierren. Jesuiten komunitateak bertan duen komentuko jardinetan hiru ordu luzeko hitz-aspertua egin genuen, eta, zenbakia osatzeko, beste hogeita bost bat lagunen lekukotasunak eta iritziak bildu genituen.

Aipatu dugun Joakin Berasategi erabili genuen bitartekari gisa. Gogoratzen dut Joakinek begi onez ikusten zuela aldizkaria eta dagoeneko martxan geundela eskaintza bat egitera ere iritsi zitzaigula, Sendoa argitaletxearen itzalean funtzionatzeko aukera eman baitzigun. Ezetz erantzun genion.

 

Lazkao Txikiren azken argazkia

1993ko Bertsolari Eguna zen. Gu 9. zenbakia prestatzen ari ginen eta Lazkao Txikirekin elkarrizketa egiteko asmoa genuen. Donostiako jaialdia bukatu eta Lasarteko Dana Ona jatetxera joan ziren bazkatzera, parte hartu zuten bertsolariak. Liborio Urrutia ondoan zuela, bere Seat Ritmo zuriarekin iritsi zen Lazkao Txiki jatetxe atarira, eta, argazkilaria inguruan zebilkion bitartean, bromak egin zituen. Handik egun batzuetara berriro Donostiako ospitalera bihotzeko proba batzuk egitera etorri behar zuenez, hitzordua egin genuen berarekin. Ez genuen espero egindako argazki horiek egin zitzaizkion azkenak izango zirenik. Probak egin zizkioten eta ingresatuta gelditu behar zuela erabaki zuten sendagileek. Handik egun batzuetara igo gintzaizkion bisitan, eta umore ederrarekin jarraitzen zuen, nahiz eta egun batzuk barru ebakuntza egin behar zioten. Ebakuntza egin eta gero ere denbora izango genuela eta atzeratu egin genuen elkarrizketa. Aste horretan bertan eraman zuten ebakuntza-gelara. Bidean bromak egiten jarraitzen omen zuen. Lokartzeak ez ziola axola, esan omen zien erizainei, baldin eta iratzargailua ondo jartzen bazioten. Iratzargailuak, ordea, ez zuen funtzionatu eta ez zen esnatu. Koman egunak eman ondoren hil zen, eta zenbakiaren zati nagusia Lazkao Txikiri eskaini genion.

 

Uliako Sorgina

Sinpatikoak egiten zaizkidan azalen artean bosgarren zenbakikoa aipatu nahi nuke, Anjel Mari Peñagarikano Maritxu Gullerrekin agertzen duena. Uliako Sorginak Peñari besotik heltzen dio. Telebistatik ezagutzen zuen bertsolaria. Are gehiago, Gipuzkoako Txapelketaren final batean Peña agertokian ikusi eta “honek jantziko du txapela”, esan omen zuen berekiko. Maritxu Gullerrek, zegoeneko, ez zuen bezerorik hartzen, baina adiskideak bai. Tartean bertsolari bat zegoela jakinik, baietz esan zigun. Ez hori bakarrik, testu bat prestatua zuen gu joaterako, Manuel Lekuona, Oteiza eta Joseba Zulaikaren testuekin. Maritxu ez zen edonor. Irakasle ikasketak eta Filosofia ikasitakoa zen. Irañetan egon zen irakasle, eta han ikasi zuen zekien euskara apurra. Erronkarin jaioa, ulertu egiten zuen euskara, baina hitz egin ez, eta barkatzeko esanez hasi zen lanean. Poltsa batetik pendulo txiki bat eta tarot karta joko batzuk atera zituen, eta hasi zen penduloarekin, lehenik; eskua irakurtzen, gero; eta tarotarekin, azkenik. Beti gogoratuko dut, tarotarekin egin zuen saioan, bertsokideen artean azeri bat ateratzen zitzaiola, behin eta berriz. Itxura guztien arabera, Andoni Egañari buruz ari zela ematen zuen, “zu baino gehiago dela uste du, oso ona dela uste du, baina zuk ez diozu utzi behar. Hurrengo bileran saiatuko da zuri txapela kentzen” eta gisakoak esaten baitzituen. Tentatze aldera, bere lagunen argazkiak karpeta batean nituela esan nion. Berak argazkiekin lan egitea ez zitzaiola gustatzen erantzun zuen, hildakoekin izan ezik, baina salbuespen gisa saiatuko zela eta argazkiak mahai gainera botatzen hasi eta Egaña ikusi orduko esan zuen: “Hauxe da, hauxe da azeria”.

Nik neuk ere etorkizunaren berri jakiteko baliatu nuen abagunea. Tarota bota zidan eta gauza eder asko iragarri zizkidan, eta beste sorgin batzuek esan izan didatena esan zidan, egunen batean norbait izango nintzela, eta oraindik egun hori ikusteko nago.

Zenbakirik bitxienetako bat 55.a da, Mantalarekin goiburua daramana. Bertsolariek sukaldaritzarekin eta sukaldariek bertsoarekin dituzten harremanak agertzen ditu. Arbelaitz, Arzak, Argiñano eta Berasategi mintzo dira bertsolaritzaz, eta bertsolariak, sukaldeaz. Errezetaz eta ezustekoz betetako zenbakia da. Azalean, Juan Mari Arzak eta Andoni Egaña ageri dira, sukaldean lanean. Gastronomiaz, mahaian ez ezik, irakurtzen gozatzen duen bertsozalearentzat opari bat izan zen.

Badira beste hainbat azal, azal gisa balio izugarririk izan gabe, gaiagatik begiko egiten zaizkigunak. Horietako bat da 37. zenbakikoa, Amaren semeak deitua. Hamabost ama dira beren seme-alabei buruz hizketan. Oraindik ere irribarrea eragiten duten elkarrizketak dira. Amurizaren amak (Maria Jesus Sarrionandiak), esate baterako, 91 urte zituen orduan; Fermina Perurenak (Millan Telleriaren amak), 88 urte; Juli Zangitu (Jose Luis Gorrotxategiren ama) eta Felisa Labaka (Anjel Mari Peñagarikanoren ama) ere adinean aurrera zihoazenak ziren. Gozada bat da, esate baterako, Begoña Makazagak, Andoni Egañaren amak, semearen izaerari buruz esaten dituenak irakurtzea.

Ikusgarria da, esate baterako, Josu Martinezen eta Antton Olariagaren artean egin zuten 58. zenbakia, Bertsolaritzaren historia berrogeiko txikian izenekoa, non berrogei eszenaren bidez kontatzen diren bertsolaritzaren historiaren une gogoangarrienak. Aipatzekoa izan zen Bertsoa eta gatazka politikoa izeneko zenbakia ere. Gogoangarriak izan ziren Txapelketa Nagusiaren ondoren finalisten lekukotasunak bilduz egindako zenbaki batzuk ere, eta oso txalotua izan da Xabi Payak eta Patxi Gallegok ondutako azken zenbakia, Nork? izeneko komikia.

Askotan, gaiak berak ematen du azala. Beste batzuetan, bila joan behar izaten da, edo bila joaten ginen, hasieran behintzat. Gogoratzen dut 19. zenbakian Gipuzkoako Txapelketan parte hartzera zihoazen bertsolariak taldeka banatu genituela, eta talde bakoitzaren argazkiak egin genituela. Erniopeko taldea, esate baterako, (Telleria, Loidisaletxe, Olaso, Lizarreta eta Bernardo Azpillaga) segan jarri genituen, belarra ebaki eta biltzen, argazkiak ateratzeko, eta Goierrikoak Lazkao Mendira eraman genituen golfean jokatzera. Gogoan dut Imanol Murua Zarauzko alkateari eskatu nizkiola golferako bere trepetak. Pilotak ere ugari eraman nituen, eta eskerrak, Xabier Zeberiok jotzen zuen bakoitzean pilota galdu egiten baikenuen. Iñaki Muruak iruditu zitzaigun zuela estilorik onena, eta haren irudi batekin egin genuen azala.

Zenbaki batzuk lehenago, hamargarrenaren azala egiteko ere lan dezenteak hartu genituen, eta, “genituen” horren barruan, Tolosaraino eraman genituen bertsolariak sartzen ditut. Bertsolariek dantzarekin izan duten harremanaz egin genuen erreportajea. Hori ilustratzeko Joxe Lizaso, Azpillaga, Peñagarikano, Larrañaga eta Telleria bildu genituen, Tolosako dantza eskola batean, eta sueltoan nahiz lotuan jarri genituen dantzan. Azalean Azpillaga agertzen da eskolako irakasle batekin. Erreportajean beste hainbat bertsolarik ere hartu zuen parte eta, nik behintzat, gauza bat ikasi nuen lan horri esker: plazarik konplikatuenetako bat Iurretako Berna auzoa dela, han bertso saioa egin ondoren oholtzatik jaitsi eta bertako emakume guztiekin egin behar izaten baita dantzan. Jon Lopategi, Mañukorta eta Enbeita izan dira auzo horretan gehien kantatu duten bertsolariak eta, ondorioz, dantzarik gehien egin dutenak.