Bertsolaritzaren komunitate funtzioak

Ines Huarte Gonzalez, Leire Amenabar Larrañaga, Ane Bengoetxea Erezuma, Miren Aiertza Odriozola, Ana Villanueva Martinez-(r)en argazkia Ines Huarte Gonzalez, Leire Amenabar Larrañaga, Ane Bengoetxea Erezuma, Miren Aiertza Odriozola, Ana Villanueva Martinez 2022-09-26
Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Bertsolaritzaren komunitate funtzioak –

BERTSOLARITZAN AKTIBOAK DIREN BELAUNALDI EZBERDINETAKO EMAKUME GISA SOZIALIZATUTAKO AGENTEEN BIZIPENETATIK

 

Zein da bertsolaritzaren komunitatea? Eta, zein ez? Komunitate horrek zeren aurrean egin behar izan du erresistentzia? Zeri erresistitzen zaio gaur egun? Eta, komunitatearen baitan nor erresistitzen da noren aurrean, eta zergatik? Zein dira komunitatea indartzeko bertsolaritzak dituen ezaugarriak? Eta nola indartzen dute?

Adi!: Agian, emakume gisa sozializatutakoek egindako lana dela irakurrita pentsatuko duzu emakumeen eta bertsolaritzaren inguruko lan bat dela; baina ez, oker zaude: testu honek bertsolaritzaz dihardu.

 

Bertsolaritzaren komunitate funtzioak

 

Ikerketa honen helburu nagusia bertsolaritzak dituen komunitate eta erresistentzia funtzioak aztertzea izan da, horretarako bertsolaritzaren mugimenduko belaunaldi ezberdinetako, emakume gisa sozializatutako agente aktiboen artean ezagutza kolektiboa osatuz.

Zehazki, bertsolaritzaren komunitate eta erresistentzia funtzioen irakurketa historikoa egin nahi izan dugu; komunitate hau osatzen duten kideen identitate indibidual eta kolektiboan izan dezakeen eragina ezagutu; komunitate funtzioa indartzen duten elementuak aztertu, eta euskal komunitatean bertsolaritzak izan ditzakeen gabeziak identifikatu eta erronka berrietarako estrategiak definitu nahi izan dira.

Horretarako, bertso komunitatea osatzen duten agenteen parte hartzea bermatu dugu. Bertsolariak, bertsozaleak eta gai jartzaileak izan ditugu prozesuan kide; guztiak emakume gisa sozializatuak eta belaunaldi ezberdinetakoak, emakumeek bertsolaritzan izan duten papera errekonozitu eta erresistentzia plano batean baino gehiagotan kokatzen direlako batetik, eta, beren zapalkuntzaz harago, aditu orokor gisa hartzeko garrantziagatik, bestetik.

Helburu hauek betetzeko erabilitako metodologia anitza izan da, prozesuak berak izan dituen aldaketetara moldatu eta beharrezko egokitzapenak egitea ahalbidetu diguna. Bi etapa nagusi izan ditu: 50 emakumek erantzundako galdetegi kualitatiboa batetik; eta horretan oinarrituta sortutako Ikerketa Ekintza Parte Hartzailea (IEPH) bestetik. Horrela, galdetegian jasotako emaitzak aztertuta, horien inguruko jakintza kolektiboa osatzeko hiru eztabaida saio antolatu genituen, Ikerketa Ekintza Parte Hartzailearen metodologian oinarrituta. Izan ere, IEPHa ikerketa metodo malgua da, ezagutza zientifiko eta herrikoiaren arteko uztarketa helburu duena eta jendarte-eraldaketara ekarpenak egingo dituen ezagutza sortuko duena. Honen funtsa ikertutako lagina bera ikertzaile bihurtzea da, horregatik prozesuan zehar paper aktiboa du bai eztabaidagaiak aukeratzean, baita txostenetan eta idatzietan ekarpenak egitean ere[1].

Bi prozesu horiek kontuan hartuta, honako gaien inguruan hausnartu eta eztabaidatu zen. Ahalik eta modu zintzoenean biltzen saiatu gara:

 

Bertsolaritzaren komunitate funtzioak

 

Erresistentzia gure hitzetan

Erresistentzia definitzeko orduan Hollander eta Einwohnerren (2004)[2] eredua hartzen dugu oinarri, zeinek ekintza eta oposizioa erresistentziaren elementu nagusi gisa identifikatzen dituzten. Formalki, erresistentzia honela definitzen dute: sistema sozial jakin batean norberak duen mendeko posizioa desafiatzeko prozesua eta ekintza.

Bertsolaritza, urteetan zehar, erresistentziarako eta sostengu emozionalerako tresna izan da artean, ahotsik ematen ez zaion talde isilduari, isilaraziari, menderatuari ahotsa emateko balio izan duen neurrian. Ikerketa honetako parte hartzaileen ustez, erresistitzea zerbaiten aurka borroka egitea da, korrontearen kontra joatea, eta horretan eusteak, irauteak eta horrek guztiak ematen duen barne indarra da erresistentzia.

Erresistentzia bertsolaritzaren izaeran bertan dago, besteak beste, bertso komunitatean erresistentziarekin lotutako edukiak islatzen direlako eta, gainera, horiek ertzetara eramaten saiatzen delako, bertsoa edukiaz harago doan egitura dela jakinda. Horrek komunitatean balio jakin batzuk sustatzera eramaten du, erresistentziari oso lotutako balioak hain zuzen. Baina, hein berean, eduki eta diskurtso hori bera euskaldun mota bat betikotzeko modua ere izan daitekeela uste dute.

Ildo horretan, irakurketa historiko bat eginez, bertsolaritzaren eta erresistentziaren arteko harremana urteetan eta garaietan aldatzen joan dela uste dute parte hartzaileek, iraganean jorratutako eta gaur eguneko gaiak asko aldatu baitira, baita kantatzeko moduak, saioak eta momentuan izan zitzakeen funtzioak ere.

Dena den, bertsolaritzak baditu erresistentziarako tresna bihurtzen duten elementuak: euskaraz egina izatea, hizkuntza komunitate minorizatua den heinean horren biziraupena bermatu eta horren erabileraren aldarria delako; bat-batekoa eta ahozkotasunean oinarritua izatea, eta baita herri baten historiaren transmisioa bermatzea ere.

Erresistentzia funtzioa dauka jendarte gaiei erantzuten dielako eta ezinegonei eusteko diskurtsoak, galderak eta moduak eskaintzen dituelako; herri iruditeria bat. Badu sostengu funtzioa ere, garai lausoetan argitasun printzak eta umorea leungarri gerta litezkeelako eta taldetasunean eramangarriago egiten duelako egoeren labainkortasuna. Garai argiagoetan talde-indarra, hauspotzeko irrika eta aurrerako nahia bultzatzen ditu eta irakurketa kolektibo baikorrak eraikitzen lagun lezake, lekukotza baikorrak era zabaldu, landu eta ederrean gordetzeko (32 urte, Bertsolaria 22).

 

Bertsolaritzaren komunitate funtzioak

 

Erresistentzia sexuatua

Erresistentziaz ari garela, parte hartzaileen aburuz, bertsolaritzak zapalkuntza bati aurre egiteko joera izanda ere, horren barruan, komunitate hegemoniko bat sortzekoa ere badu. Horrela, mugimendu barruan ere erresistentzian dauden gorputzak, kolektiboak eta pertsonak daude, erresistentzia plano bakar batean baino gehiagotan kokatzen direnak.

Horrela, emakumeek emakume izateagatik bertsolaritzara hurbiltzeko izan dituzten zailtasunak aipatzen dituzte parte hartzaileek: zapalkuntza bikoitza da. Garai batean, heldu arte emakumeak ez ziren bakarrik joaten saioetara, adibidez. Eta ondo pasatzeko zaletasun gisa ikusten bazuten ere, momentu batean ere ez zitzaien burutik pasatu kantatzea: «Ez dakit zer esango zuen gure aitak momentuan hori esan izan banio» (61 urte, Bertsozalea 25). Garaiko jendarteak arautzen zuen gauzek nolakoak izan behar zuten. Gaur egun ere perfekziora iristeko beharra, exigentzia eta aitortzen den zilegitasuna aipatzen dituzte parte hartzaileek. Horren isla da emakume bertsolari gazte asko gai jartzaile bihurtu izana edo plazara ateratzeari uztea.

Hala ere, emakumeek bertsolaritzaren garapenean izan duten papera azpimarratzen da, honen hedapenean eta transmisioan. Gainera, irakurketa historiko bat eginez, emakume bertsolariek gai eta kantatzeko modu berriak ekarri dituzte oholtzara, lehenago erdigunean ez zeuden gaiak agerian utziz. Hala, rolen hausturaz, eremu pribatutik publikorako jauziaz, bazterreko gatazkak eta desberdinkeriak azaleratzeaz, bestelako erreferenteak sortzeaz nahiz sentsibilitate ezberdin batekin aritzeaz hitz egiten da. Bestela esanda, fokua emozioetan eta norbere kontraesanetan egongo litzateke, bertsolaritza barrutik kanporako eta txikitik handirako politika gisa ulertuta. Hein berean, horrek bertsolaritza eta bertsolari izateko moduak definitu dituela ondorioztatzen dute.

Komunitatea

Bertsolaritzaren erresistentzia funtzioa bertan jorratzen diren gaiez harago doala identifikatu zen ikerketa prozesuan zehar, eta, hain zuzen, komunitate funtzioarekin zerikusia zuela ondorioztatu zen. Izan ere, kulturak komunitatea definitzen duela diote partaideek, eta edertasunak zein sormenak kolektibitatea sortzen duela.

Hala, bertsolaritzak euskal komunitatearen minak, emozioak, beldurrak eta pozak elkarbanatzen ditu eta, bertsoaren bitartez, une jakinetan elkarrekin bizitzeko aukera ematen du; norbanako bakoitzak bere modura barneratuz, irudikatuz eta forma emanez, baina elkarrekin, kolektiboki, iruditeria komun bat osatuz. Horrela, emozio partekatu horiek erritu kolektibo gisa ulertuta, talde bateko kide izateko sentimendua handitzen dute.

Bestalde, bertsolaritzak, jardun soziala den heinean, kideen artean identitate kolektibo partekatu bat sortzea ahalbidetzen du. Aisialdia elkarbanatzeak, tertuliek, bertso saioetan parte hartzeak, bertsoa harremantzeko tresna bezala erabiltzeak, antolakuntzaren parte izateak, etab. komunitatearen parte sentitzera eramaten du norbanakoa, eta, are gehiago, kideen nortasunean eta identitate indibidualean eragiten du. Parte hartzaileek, besteak beste, beren harremanetan, politizazioan, zaletasunetan eta balioetan eragin duela aipatzen dute.

Bilaketa bibliografikoari esker, beste ikerketa batzuekin konparazioa eginez, aztertu genuen ahozkotasunak berak badakarrela komunitate eraikuntzarako eta erresistentziarako gaitasuna. Izan ere, kontatutako istorioetan jendeak bere sentimenduak adierazten ditu; ahaidetasun egiturak, kontrol sozialak, bizi baldintza materialak, lan eta ekoizpen moduak, hierarkiak eta botere mekanismoak transmititzen ditu. Transmisioak eduki sinbolikoen bidez egiten dira eta horrek memorian gordetzea ahalbidetzen du, eta, horrela, nortasun etnikoa eta kulturala berresten ditu. Izan ere, ahozko narrazioetan gertakari historikoa iragazki sortzaile batetik pasatuko da, eraldatuta eta aberastuta aterako da. Horrela, ahozkotasuna eta bere forma eta egitura era askotakoak, memoria menderatzailearen aurrean sortzen den kontramemoriaren garraiatzaile bihurtuko dira.

Dena den, komunitatea definitzeak, ezinbestean, kontraesanak eta galderak piztu zituen parte hartzaileen artean: “Baina zein da bertsolaritzaren komunitatea? Eta, zein ez?”. Parte hartzaileen aburuz, uste dena baino askoz murritzagoa da bertso komunitatea”.

Euskararen lurraldeak eta bertsolaritza arnasgune

Euskara euskal komunitatearen funtsezko elementua den aldetik, bertsolaritzak izugarrizko ekarpena egin du eta egiten jarraitzen du arlo honetan, bai galarazita zegoenean zapalkuntza horren aurrean erresistentzia guneak sortzen zituelako, baita gaur egun ere, pertsona askoren bilgune eta euskalduna ez den eremu batean ere giro euskalduna sortzeko tresna baliagarria baita.

Zentzu horretan, bertso eskolak arnasgunetzat hartzen dira, euskara hain presente ez dagoen eremuetan batez ere, giro euskalduna bilatzen duen jendea elkartzen baitute. Gainera, bertsozaletasun handirik ez duten pertsonak ere hurbilarazten ditu zenbaitetan, euskara bermatzen delako eta bilatzen diren diskurtsoak eta balioak aurkituko direlako.

Bestalde, hizkuntza eta diskurtsoa bermatzeaz gain, bertso eskolek eta bertsolaritzak bere horretan parte hartzea, elkartasuna, kolektibitatea eta belaunaldi artekotasuna bultzatzen dituzte, gaur egun beste espazioetan aurkitzea hain ohikoa ez dena. Hau da, balio eta egiteko modu batzuk sustatzen dira, bertsolaritzaren erresistentziak hizkuntzarekin zerikusia duen gisan, identitatearekin eta balio kulturalarekin duen konpromisoa oso garrantzitsua baita.

Kontraesanak: diskurtsoak, eraldaketak eta zilegitasunak

Tokian toki eta plazaz plaza bertsolaritza ezberdina da, eta eskerrak. Bertsolarien eta bertsozaleen arteko elkarreragin etengabeak, hau da, harreman interdependenteak bertsolaritza den komunikazio ekintza zuzena kode konpartitu batzuetara bideratuko du. Parte hartzaileek adierazi duten bezala, bertsozaleen eta bertsolarien arteko elkarreraginari esker momentuko magia gertatzen da. Askotan, publikoa eta bertsotan ari den pertsona gauza bera sentitzen ari direla nabaritzen da, eta horrek konexio emozional bat eta komunitate sentimendua sortzen duela uste dute.

Izan ere, entzuleek paper aktiboa dute bertsoaren sorkuntzan, ez baitira neutralak; saihestezinak diren erreakzioak, txalotzea edo ez, horretarako jarrerak eta sinpatiak eragin egiten baitute. Txalotzea errituaren parte da, baina txalotzeko moduak daude eta hori epaitzeko modu bat da. Ikusle moduan erantzukizuna esleitzen diete bertsozaleei parte hartzaileek. Oholtzaren gainean ikusten, entzuten edo hautematen dutenaren aurrean nola erreakzionatzen duten eta zein beste modutan egin ahalko luketen pentsatzera daramatza. Gutxiago edo gehiago txalotuaren kodeetan murgilduta, zalantzan jartzen dute bertsoak berak edozein baldintzatan sorkuntza artistiko eta jardun inprobisatu moduan duen txalogarritasun hori. Performatibitatetik eginik ere, diskurtsoa hor dagoelako beti, eta diskurtso batzuk biolentzia direlako, eta beren egituretan bertan biolentziak sortu, hedatu eta iraunarazten dituztelako.

Diskurtsoa bertsolariaren ahotsetik egiten den arren, zaleen diskurtsoa eta ideiak berresteko eta indartzeko balio dezake askotan bertsoak. Bide nagusitik kanpo kokatzeak dakarren zailtasuna jakinarazi dute zenbait bertsolarik. Izan ere, deserosotasuna eragiten du eta zaila da eusteko, indarra behar da. Honenbestez, bertsolariak neurtu egin beharko du noraino transgreditzeko eta eragiteko prest dagoen, era bateko edo besteko feedbacka jasoko baitu publikoaren partetik.

Oreka bilatze horretan, kontraesan bat identifikatzen dute parte hartzaileek. Bertsoaren diskurtsoa, bere ezaugarri desberdinengatik, kontrahegemonikoa izan daiteke; baina, hein berean, jendarte edo komunitate horretan politikoki zuzena ere izan daiteke. Beraz, non dago transgresioa edo eraldaketa kasu horretan? Gainera, parte hartzaileen ustez, hasiera batean eraldatzailea den diskurtsoa behin eta berriz kantatzeak, edo plazaratzeak, eraldaketarako gaitasuna murrizten dio.

Eraldatzeko aukera horretan, diskurtsoak plazaratzeko zilegitasuna ere kontraesan bilaka daiteke egoera askotan. Errealitatearen eta fikzioaren balantzan, bertsolariak bazterreko kolektiboei, hau da, oholtzan leku fisikorik ez dutenei, diskurtsiboki espazioa ematen die. Parte hartzaileen ustez, ordea, leku fisikorik ez duten horiek plaza hartzea eta euren errealitatetik kantatzea askoz ere eraldatzaileagoa da. Gainera, estatus/klase antzekoa dugunon komunitatea da bertsolaritza, eta, askotan, errealitate horretatik at dauden subjektuen posiziotik kantatzen eta txalotzen da. Parte hartzaileen ustez, hausnartu beharreko elementua da zein ahotsetatik zein diskurtso plazaratzen den eta horren zilegitasuna.

 

Bertsolaritzaren komunitate funtzioak

 

Estetika: eragiteko eta erresistitzeko tresna

Arte diziplina guztien moduan, bertsolaritzaren helburu gorena edertasuna da. Edertasun horren kanonak denboraren, jendearen, egunaren, gustuen edota lekuaren arabera aldatzen dira, nahiz eta kultura bereko jendearentzat plazer estetikoa antzekoa izan daitekeen. Azken finean, bertsolaria entzuleen erreferentea eta ordezkaria izanik, bertsoaren edertasuna entzuleek epaitzen dute eta horien pertzepzio subjektiboaren arabera baloratzen da. Baina pertzepzioaz harago, bertsoaren edertasuna diskurtsoak duen eragin emozionalean sentitzen da. Izan ere, bertsolaritza artearekin lotutako praktika den heinean, parte hartzaileen ustez, sorkuntzak, mezuak eta fikzioak transgresioa dakar, emozioen bitartez erresistentzia indartsuago egin dezakeena.

Bertsoak ez dira mitin politikoak, nahiz eta helburua konpartitu dezaketen. Bertsoa da, nire ustez, hoskidetasuna, esateko modu eder bezain sinple bat, gutxi esanda asko esatea. Nik ez dut nahi panfleto bat entzun, horretarako panfletoa irakur dezaket. Bertsotan ideia bati irudiak jar diezazkiokezu, fikzioaren bitartez egia handiak esan, eta gogoangarri bilakatu (26 urte, Bertsolaria 6).

Bertsoaren estetika bota nahi den diskurtsoaren menpe dago, esan nahi denaren arabera aldatuko baitira doinua, kantatzeko jarrera, neurria… hau da, erabiltzen diren errepertorio horiek guztiak kontatu eta kantatu nahi den horren arabera aldatuko dira eta horrela diskurtsoa indartu. Izan ere, bertso batek (zein beste edozein kultura jarduerak) komunikatu nahi duenak askoz indar handiagoa izango du eta askoz ere gehiago eragingo du jendearengan estetikoki ona bada. Era berean, doinu eta estetika tradizionalak erabiltzea ere erresistentziarekin lotu daiteke; izan ere, denboran zehar herri baten sostengurako balio izan dute.

Urtez urte, belaunaldiz belaunaldi transmititu den tradizioa da bertsolaritza. Tradizioa da, baina egunean egunean berritua, eraldatua. Bertsoa ez da imitazio bidezko arte espresioa. Bertsoa egunerokoan sortzen da eta unean uneko gaiak jorratzeak egiten du erakargarri. Horrela, esan daiteke bertsolaritzak ez duela eredu bakarrik, tokian tokikoa izan ohi delako. Tradizioari helduz, bertsolaritza ariketa folkloriko moduan uler daiteke, folklorea herriaren izpiritu gisa hartuta; hau da, beste kulturekin alderatzen duena, berezkoa baino ez dena eta idiosinkratikoa. Baina, hein berean, parte hartzaileen iritziz, folklorea museoetan estankatuta dagoen artea da, eta bertsoak hortik ihes egiten du, izaera dinamikoa daukalako.

Beraz, arte diziplina hau folklorearen eta politikotasunaren artean uztartu bitartean, ezinbestekoa dugu galdetzea: folklorea ezin da politikoa izan? Folkloreari erreparatzea, gure sena aztertzea da, bertsolaritzak gure identitatearen zer alde islatzen dituen behatuz. Horrela, folklorea nagusiki sistema kapitalistaren barnean kokatzen dute parte hartzaileek, jardunak folklore deitzeak interes batzuk ezkutatzen dituelakoan. Bertsolaritza kutxa horretatik kanpo dagoela uste dutenentzat, bertsoa ez da lortu saltzea eta hori ere erresistente izatea da. Aldiz, folkloretzat hartzen dutenentzat nabarmena da, tradizioaren ordezkari bezala, bertsolaritza eremu instituzionalera, ekitaldietara, zientzia mailara… eraman izan dela ere.

Nolakoa da amesten dugun bertsolaritza?

Behin bertsolaritzaren erresistentzia eta komunitate funtzioak aztertuta, aurrera begira parte hartzaileek mugimendurako ikusten zituzten erronkak izan ziren eztabaidagai. Erabilitako metodologiari jarraituz, prozesuan sortutako ezagutza kolektiboak eraldaketarako eta bertsolaritzaren barnean ekarpenak egiteko balio dezan, identifikatutako erronkei soluzio posibleak eta tokian tokikoak diseinatu behar.

Zentzu horretan, zu irakurle ere prozesuaren parte egin nahi zaitugu. Hau irakurtzen ari bazara, segur aski izango duzu zer esan landu diren gai horien guztien aurrean. Zein zentzutan da zuretzat bertsolaritza komunitate eraikuntzarako eta erresistentziarako tresna? Etorkizunari begira, zeintzuk dira antzematen dituzun erronkak? Nolakoa(k) d(ir)a zuk amesten d(it)uzun bertsolaritza(k)? Zer egin dezakezu zuk, edo zure inguruak, zuen herrian edo hirian horretarako?

 

Norbere interesen

eremu hertsian

norbere indargune

eta gabezian

geunden baina sortu da

txispa amnesian:

eztabaida gune bat;

lan bat sintesian:

eremu seguru bat

erresistentzian.

 

Oihana Arana

 


[1] Montero, Maritza. (2003). La investigación-acción participativa: aspectos metodológicos. Montero, Maritza. (Ed). Teoría y práctica de la psicología comunitaria: La tensión entre comunidad y sociedad -en. Bartzelona: Paidós.

[2] Hollander, Jocelyn. A. eta Einwohner, Rachel. L. (2004). Conceptualizing resistance. Sociological Forum, 19, 533-554.

Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak Bertsolaritzaren komunitate funtzioak