[Egañaren belaunaldia II] Sebastian Lizaso

2021-04-28

Sebastian Lizaso –

Testua eta argazkiak: Joxean Agirre
Akuarelak: Mari Kruz Etxeberria
Erretratuak: Pilar H.Socobehere
Gertakarien ilustrazioak: Txema Garzia Urbina

 

Sebastian LizasoSebastian Lizasok datu, data, leku-izen eta pertsonak izen-abizenez gogoratzeko duen gaitasuna beldurtzekoa da. Gure asmoa zein zen eta Egañaren belaunaldia definitzeko orduan genituen zalantzak aipatu genizkionean, berak irizpide kronologikoari heldu zion, eta taldeko bakoitza zein urte eta egunetan jaio zen kontatzen hasi zitzaigun erreskadan. Bere palmaresa ere ikusgarria da. Hogeita lau urterekin iritsi zen Euskal Herriko finalera eta, geroztik, beste lau alditan izan zen finalista; horietako bitan txapeldunorde, eta 86an, txapeldun. Andoni Egañarekin batean egindako saioen kalkulua egiten hasten da eta zifra izugarriak ateratzen zaizkio. Umetan, etxeko tabernan ezagutu zituen garaiko bertsolari mitikoak. Mutikoa zela hasi zen jendaurrean aitak jarritakoak kantatzen, eta oso gazterik beretik botatzen. Bi seme ditu, Jon gazteena eta Beñat zaharrena, bertsolaria hau ere. Auto saltzaile eta Euskaldunon Egunkaria-n komertzial ibili zen. Zaharren zentroetarako material enpresa bateko ordezkari dabil azken urteotan. Bertso saioetan ez ezik telebistako Herri Txiki Infernu Handi saioan ikusiko dute askok. Azpeitiko Elosiagatik gora Urraki gainera iristeko zorian dagoen Mauri Berri izeneko baserri zaharberritu eder batean bizi da bertako alabarekin, Amaiarekin.

 

Sebastian, lider bat

Telleriak kontatua

Sebastian oso gaztea zela ezagutu genuen Azpeitiko hiru handiekin bertsotan, artean mutikoa zela, mutil handia bazen ere, ehun eta kilo askokoa. Bertsotan besteen pare egiten zuen, eta berehala konturatu ginen bertsotan berarekin ginenean lidertza halako bat hartzen zuela, berak egiten zigula gidari lana: herri batera joan, herriko kontuak prestatuta eraman, jendearekin egon eta, bukatzen genuenean, agur esan. Gure taldean itzal izugarria izan duen bertsolaria da. Berak deskubritu zigun Baztan erreka. Bailara horretako herri guztietan ibili gara bertsotan, eta berak egin zigun sarbidea.

Azpeitia zen orduan bertsolaritzaren bihotza eta han biltzen ginen omenaldiren bat antolatu behar zenean edo saio handi samarrak antolatu behar zirenean, Elkartea martxan jarri zen arte. Euskal Herriko Elkartearekin batean lurraldeka elkarteak sortu zirenean, guri egokitu zitzaigun Gipuzkoako zuzendaritzan ibiltzea. Eta guk ezagutu genuen egoera hartan, Azpeitia eta ingurua zen bertsolaritzaren motorra eta bihotza. Gipuzkoako txapelketa bai ala ez eztabaidan aritu ondoren erabaki genuen Herriarteko Txapelketa egingo genuela. Ni lehendakari nengoen, eta oso harreman estua nuen Jokin Sorozabal, Lierni Elortza, Unai Agirre eta beste hainbatekin. Txapelketaren antolakuntzarako lana banatu egiten genuen, eskualdeka. Sorozabali egokitu zitzaion Azpeitira joan beharra eta ea lagunduko al nion galdetu zidan, herri horretan jende fuertea zegoelako. Iritsi ginen, eta bertako bertsolari handi guztiak han zeuden, bata izkina batean meriendatzen, beste bat mahaian erdi etzanda. Txapelketaren proposamena luze eta zabal agertu genien eta ez zitzaien ideia gehiegi gustatu. Ezer konpondu gabe abiatu ginen etxera eta, bidean, oso ezkor etorri ginen; Jokin, behintzat, lur jota. Sebastianen lidertza hainbestekoa zen, hurrengo egunean lantokira agertu zitzaidala.

—Atzo han esan zirenak ez hituen esan beharrekoak. Zuek segi lanean eta gurekin kontatu –esan zidan. Bere lidertza horretan beti aitortu izan diot nola jakin izan duen, beti gogotsu ez bada ere, bere ingurua bereganatzen. Herriarteko finala ere Azpeitian jokatu zen.

 

Blancaren apuruak

Muruak kontatua

Azkar eta gutxi ahoskatuz hitz egiteko ohitura du Sebastianek, eta hori sano dagoenean eta ondo, nik bezalaxe. Blanca euskaldun berria da, eta Gasteiztik etorri berritan, orain gabiritar bat gehiago ematen badu ere, Sebastian ezagutu zuenean, larri samar zebilen artean euskararekin, eta Sebastianek telefonoz deitzen zuen bakoitzean galdetzen nion ea nork deitu zuen.

—Sebastianek —esaten zidan.

—Eta zer esan du? —galdetzen nion, orduan.

—Ez dakit, ez diot ezer ulertu —erantzuten zidan.

—Eta nola dakizu bada Sebastian zela? —jarraitzen nion nik.

—Horrexegatik, ez diodalako ezer entenditu —esaten zidan.

Sebastiani ulertzen hasi zenean atera zuen EGA eta hasi zen ikastolan lanean.

 

Sebastian Lizaso

 

Bi hitz bakarrik

Egañak kontatua

 

Xebastianen pertsuasio dohainak aski ezagunak dira. Urte asko daramatzagu elkarrekin hara eta hona. Haserreturik ezagutu izan dut, baina haserre horri galga ahapeka jartzen dio gehienean. Behin, ordea, kontu larri bat zela tarteko  —ez dut zergatik, non eta norekin zehaztu nahi—, mehatxu bat nola egiten den irakatsi zidan.

—Horrelakorik egin duala berriz jakiten badiat nik…

 

Eta bi hitz bota zituen. Bi baino ez, baina izugarri eragin zidaten esanindarrarengatik.

 

—Horrelakorik egin duala berriz jakiten badiat nik… Jainkoak guarda!!!

Niri baino gehiago eragin zioten nonbait hitzok jasan zituenari. Ez dugu orduz geroztik begien bistan ikusi.

 

 

Sebastianen radarra

Peñak kontatua

Sebastianen ezaugarrien artean batzuk aipatzekotan, gidari ona dela esango nuke eta matrikulak gogoratzeko radar bat duela buruan. Egun batean saioa genuen Labaienen, egun luzea izan genuen eta etxera bueltan ea Oiartzungo jatetxe batean utziko al ninduen eskatu nion, lehengusu batekin afaria nuelako. Zein lehengusu zen galdetu zidan eta Anjel zela erantzun nion, berak ere ezagutzen zuen lehengusu bat.

Iritsi ginen jatetxeko aparkalekura. Kotxe piloa zegoen aparkatuta egun hartan eta, iristen ari ginen bezala, matrikulei ezker-eskuin begira igaro ginen gure kotxearekin.

—Anjel ez duk iritsi oraindik. Hemen ez zegok –bota zuen. Harrituta utzi ninduen. Nik ez nekien nire lehengusu horren kotxeak zer kolore zuen ere eta berak matrikula buruz zekien. Utzi ninduen han eta berehalaxe agertu zen nire lehengusua.

 

Sebastian Lizaso

 

Sebastian eta semaforo gorria

Mendizabalek kontatua

Beasaingo Usurbe mendiko iraileko festetan, Sebastian Lizasok ateraldi ederra izan zuen. Antolatzaile taldeko Inaxio Muxugorri ari zen kotxeei, igo ahala, aparkalekura pasoa ematen, eta Sebastianek bere kotxearekin Inaxioren parera iritsi zenean planto egin zuen, kotxea gelditu zuen bertan. Inaxio builaka, bi besoak altxaturik, demanda batean hurbildu zitzaion Sebastiani, ea zertan gelditu zuen kotxea, aurrera jarraitzeko aparkalekura esanez. Sebastianek bi eskuak altxa eta barrezka erantzun zion:

—Ni semaforo gorrian gelditu egiten nauk, badaezpada.

Inaxio bera ere barrez lehertu beharrean hasi zen, eta ingurukoak ere bai, jakina!

 

Bertsoaren profesionala

Telleriak kontatua

Oso gazteak ginela, ostiralean egin genuen bertso saio bat, larunbatean bigarrena eta igande goiz batean Azpeitiko Pastorkuan geldituta geunden Itziarren baserri erre baten aldeko jaialdira joateko, garai hartan bertsolariak baikinen baserrietako asegurua. Gogoan dut nola geunden Pastorkuan Mikel Mendizabal eta biok igande goiz horretan egunkariak irakurriz Sebastian azaldu zenean.

—Egun on! Gosaria eskatu al duzue? –galdetu zigun bere ohiko indarrarekin.

—Ez, oraindik ez.

—Zer kristo egiten duzue, ba? Karmen!! —egin zion oihu etxekoandreari— Ekarri guri gosaria.

Gu burua altxatu ezinik, asteburuan egurra hartuta geundelako, eta Sebastianek gosaldu zuen, kafea hartu, purua piztu zuen eta bere buruari matrailean eskuarekin zaplaztekoa emanez esan zuen:

—Bien, Sebastian, gaur ere seguru haiz!

Ohitura zuen, bere burua animatzeko, zaplaztekoa eman masailean eta martxan jartzeko.

Plana egina genuen Itziarrera joan, jaialdia egin eta segidan etxera etortzeko. Saioa bukatu zen eta, nola dirurik ez zuten ematen, antolatzaileak bazkaritan geldi gintezen saiatu ziren. Guk etxera nahi genuen, baina Sebastianek esan zuen:

—Bazkaldu eta segituan joango gaituk.

Bazkaldu genuen eta erabaki genuen, orduak aurrera zihoazenez, bueltan Pastorkuan mokadu bana eginda itzuliko ginela etxera. Pastorkuan merienda egin eta banatuko ginen.

Hura izan zen bere buruari animoak emateko Sebastian bere matrailean zaplaztekoa jotzen ikusi nuen lehen aldia. Ez naiz ni jaialdietan eta Txapelketan gozatzekoa izan. Hobeto moldatzen naiz biren arteko jardunean. Behin motorra berotuz gero bertsotan luze jardutekoa naiz. Jaialdi baten bukaeran ezkor ikusten ninduenean, “hurrengoan hobeto aterako duk”, esan ohi zidan animatzeko. Berarengan beti aurkitzen genuen erreferentzia bat. Bertsoaren profesionala da eta bertsoarekiko duen konpromisoa ikaragarria da.

 

 

Goizaldeko hamabietan

Egañak kontatua

Igande eguerdia zen eta Behobian genuen hitzordua. Behobiatik aurrera biok auto berean jo genuen Bidasoan gora. Bolantean Xebastian. Ondoan ni. Bezperan ibilia zela antzematen zitzaion. Antiaju beltzak soinean zituela zegoen nire zain. “Goizaldeko hamabiak” ziren beretzat, nire lagun bihurri batek esango lukeen legez. Etxalde batera gindoazen gonbidaturik. Etxalde handia; etxalde berria. Lujoz beteriko etxaldea. Handikeria bat…

Iritsi eta ukuiluak erakutsi zizkiguten lehenik. Hango behi eta bigantxa, zezen eta idisko. Denak ere sariketetan premioa irabazitakoak. Etxea erakutsi ziguten ondoren. Sukaldea, egongela, komunak… Eta komunetan, iturriak urrezko bainu eta guzti. Bazkaltzera eseri ginen gero, eta lehen mokaduarekin Xebastianek nobedaderen bat sentitu zuen urdailean. Presaka alde egin zuen mahaitik eta handik gutxira itzuli zen.

—Zer… Ondo al hago? —galdetu nion…

—Ba al dakik zer egin dudan? —erantzun zidan berak. —Joandako tokian ikusitakoa egin behar dela eta… urrezko iturriari txahala!

 

 

 

Sebastian zen gure Lanku

Muruak kontatua

Sebastian izugarria da herri txikietako jendea izen-abizenez ezagutzen, eta berari esker egiten genituen bertso saioak ere, herri horietan kontaktu asko zituelako. Bera zen gure Lanku urte horietan. Lesakara joan ginen batean aitona txiki polit batekin egin genuen topo. Uste dut jatorriz Ataun aldekoa zela. Bere alabarekin zegoen eta Sebastian alabarekin hasi zen berriketan, ezaguna zuelako, eta aitonak esan zion:

—Zu Sebastian Lizaso izango zera. Telebistako bertso programan ikusi ohi zaitut.

Eta Sebastianek erantzun zion:

—Nik ere ezagutzen zaitut, handik dena ikusten baita. Telebistatik ikusle guztiak ikusten dira —eta bere izen eta abizenak esan zizkion. Aitona seko harrituta utzi zuen, eta alde egin genuenean esan nion:

—Hik dauzkak arrautzak, aitona beldurtuta utzi duk.

—Horrek sukaldea dena jasota edukiko dik hurrengo Hitzetik Hortzera-ko, eta trajearekin eseriko duk telebistaren aurrean —erantzun zidan Sebastianek.

 

 

Agenda bat Lizasoren buruan

Loidisaletxek kontatua

Behin Lizasorekin geundela norbaitek telefonoz deitu zion, bertso saioren baterako izango zela pentsatzen dut, ematen zituen erantzunengatik esaten dut hori.

—Nik ez, horrelako lekutan kantatu behar diat –erantzun zion, eta Egañagatik galdetu izango zion. Egaña ere berarekin zela erantzun baitzion. Libre zein egongo ote zen galdetuko zion telefonoaren bestaldean zegoenak, honela jarraitu baitzuen Sebastianek:

—Murua, horrelakorekin, halako lekutan dek. Bestea, halako lekutan —eta horrela eman zion errepasoa bertsolari plantilla osoari. Dozena bat bertsolariren agendaren berri bazekien. Sebastianen eskuetatik zenbat bertso saio etorri zaigun besteoi, inork ere ez daki. Orain, mugikorren kontuarekin, telefono zerrenda ere pixka bat borratuta edukiko du, baina lehen ikaragarria zen. Behin baino gehiagotan gertatu zait norbaitek nire telefono zenbakia eskatu eta hark nik baino lehenago ematea.

 

Lizasoren erantzuna

Peñak kontatua

Bertsolari moduan, Sebastianen ezaugarria puntuari azkar eta ondo erantzuteko dohaina da. Nire ustez, punturik onenetako bat Lazkao Txikiri erantzun zion. Altzon zen, sanignaziotan, berak esaten duen moduan “saninaziyuek”. Beste askotan bezala afaldu genuen elkarrekin. Xabier eta Manuel Olano han ziren, eta Lazkao Txiki ere bai. Afal ondoren, Sebastianek kafearekin batera purua eskatu zuen, nola ez, eta Montekristoa hartu eta, txiskerorik aurkitzen ez zuenez, su eske hasi zen. Sua edo “zua” eskatu zuen, Azpeitiko hizkeran “s”aren eta “z”aren arteko ahoskerarekin. Lazkao Txiki erne zegoen.

—Hi, zua eskatu al dek edo sua? —galdetu zion, adarra jotzeko asmoarekin.

—Poxpoluk —erantzun zion Sebastianek, eta sekulako algarak egin zituen entzuten zegoen jendeak. Baina Lazkao Txikiri ez zion grazia handirik egin erantzunak, beti bera protagonista bakar izaten ohituta baitzegoen. Ezpainak zimurtu egin zitzaizkion.

Sebastian Gure kasa programara joan zen batean bertso bat eskatu zidaten eta orduan aipatu nuen gertakari hori:

 

Gogoan diat behin Lazkao Txiki
gurekin afaltzen zela,
Montekristoa piztu nahi eta
“Zua” eskatzen hintzela,
“Sua edo zua, zer eskatu dek”
beraren ziri epela,
ta bapatean hire erantzuna
poxpoluk nahi hituela,
hik utzi huen Lazkao Txiki
zer esan etzekiela.

 

 

Sebastianen errieta

Sorozabalek kontatua

Sebastianekin badaukat pasadizo bat adierazgarria dena. Arbizuko festetan izan zen, baldintza eskasetan egin genuen saioa: megafonia txarra, afaltzera bildutako jende andana bat plazan bertan. Aho gustu txarra uzten duen saio horietako bat izan zen eta azken agurrean barkamen eske bezala kantatu nuen, ez naiz gogoratzen zehatz, lastima izan zela esango nuen, saiatu ginela, baina beti ez direla gauzak ondo ateratzen eta horrelakoak esango nituela pentsatzen dut, eta Sebastiani ez zitzaion gustatu. Erretiratzen ari ginela mekauenka hasi zitzaidan, eta sekula ez zela esan behar saioa txarra atera denik esan zidan, errieta tonuan. Horrek islatzen du nola bizi genuen bakoitzak bertsolaritza. Irudiari beti eutsi behar zitzaiola adierazi zidan. Uste dut baduela horrek zerikusia izaerarekin. Hasierako urte haietan nire liderra zen Sebastian, eta haren itzalean oso eroso sentitzen ginen.

 

Sebastianen abaroan

Euzkitzek kontatua

Plazak utziz geroztik leku bakarrean kantatu izan dut finko samar: Zumaiako Artadin. 2016ko San Migel egunez sanmigeldar kuadrilla bat agertu zen, gazte-gaztetatik bertso munduan ezagutu izan ditudan anaia eskoriatzarrak, andre, alaba eta guzti. Han zer ote zebiltzan galdeturik, erantzunak harrituta utzi ninduen: “Heu fitxatzera etorri gaituk. 25 urte dituk hik azkena Apotzaga auzoan kantatu huela, eta hurrengo bertso-afarian hi nahi haugu. Heuk aukeratu eguna eta bertsolaguna”. Ilusioa egin zidan, handia. Bertan zehaztu genuen eguna. Lagunarekin zalantzarik ez nuen: “Sebastianekin nahi diat”. Lizasok asko esaten du, baina beti uzten du bidea. Luzaroan aritu gabe dagoen norbaitentzat ez dago lagun aproposagorik. Giroaren goxotan eta Sebastianen abaroan, erraz eta gustura aritu nintzen. 25 urteko etenik izan ez balitz bezala.

Sebastian Lizaso
Sebastian Lizaso
Sebastian Lizaso
Sebastian Lizaso
Sebastian Lizaso
Sebastian Lizaso
Sebastian Lizaso
Sebastian Lizaso
Sebastian Lizaso
Sebastian Lizaso
Sebastian Lizaso