[Egañaren belaunaldia VII] Mikel Mendizabal

2021-05-05

Mikel Mendizabal –

Testua eta argazkiak: Joxean Agirre
Akuarelak: Mari Kruz Etxeberria
Erretratuak: Pilar H.Socobehere
Gertakarien ilustrazioak: Txema Garzia Urbina

 

Mikel MendizabalBitan kantatu du Euskal Herriko finalean, 1989an eta 1997an. Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak bertsolaritza eskoletara zabaltzeko eratu zuen proiektuko arduradunetako bat izan zen. Proiektu hori, gero, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak hartu zuen bere gain. Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren antolakuntza ere bere gain eraman zuen urte askotan. 1982az gero, arlo horren arduradun izan da Ikastolen Elkartean, jubilatu zen arte. 1956an jaio zen Itsasondon eta Ezkion bizi da Aitziber emaztea eta Oñatz eta Unai semeekin, Errotaburu izeneko eraikin berri batean. Lehen erreka ondoan zegoen Errota baserria zen eta, trenbidea berritzeko, baserria bota zuten eta berria egin zuten gorago. Etxe hori Ezkioko kaskotik hiru bat kilometrora dago, Igartubeiti baserri-museotik oso gertu. Goierriko bertsolari taldeko partaide izaki, Ordiziako asteroko bileretan izaten da.

 

Mikel zezenarena egiten

Lizasok kontatua

Mikel terremoto hutsa izan da. Hari gurpila ateratzen zitzaionean, adios! Segituan hasten zen saltoka eta dantzan, eta eskuan txanpan botila baldin bazuen, burutik behera igual botako zizun, edo zerbeza baldin bazuen, zerbeza. Behin, Landetako soziedadean, Rafael Donosti, Curro esaten geniona, jarri zen toreroarena egiten kapa eta guzti, Mikel zezenarena egiten zuela, aulki baten hankak adartzat zituela. Tripak bota genituen haiei begira.

 

Bilbotik Oderitzera

Telleriak kontatua

Mikel Mendizabalen pasadizoak ere bat baino gehiago dauzkat, baina 82ko Txapelketaren bueltako bat kontatuko dut. Hamaika urteko tartea daukagu belaunaldia dei genezakeen taldekook, Mikel zaharrena dela eta Jokin gazteena. 82ko Txapelketan, Sebastian eta Peña finalean sartu zirenean, aukerak etengabe izaten zituzten bertsotarako. Goizean Bilboko Arenalean izan ginen. Peña eta Sebastian Oderitzera joateko hitza emanda zeuden, baina ezin zirela joan eta guri esan ziguten joateko. Joan ginen Mikel eta biok herri horretara, eta kexatzen hasi zitzaizkigun:

—Zuek ez zarete guk esandako bertsolariak —esan zigun antolatzaile batek.

—Haiek ezin dutela eta gu etortzeko esan digute —erantzun genuen.

Sebastianek eta Peñak, nonbait, goizean saioren bat egingo zutela aginduko zieten, eta gu Arenaleko saioaren ondoren, bertan bazkalduta, arratsalde erdian iritsi ginen. Nahi baldin bazuten, etxera ere joan gintezkeela jakinarazi genien, eta ezetz erantzun ziguten.

—Etorri zaretenez gero, gelditu bertan —esan ziguten.

Erromeria amaitu zenean egin genuen, gaiak jarrita, saio luze bat.

—Bueno, joateko moduan izango gara —esan genuen, eta ezetz erantzun ziguten, gaueko dantzaldiaren atsedenaldian kantatu beharko genuela berriro. Herri guztia zebilen kalean, denak pixka bat bustita, eta Mikelek eta biok Arbizu aldera joan, han mokaduren bat egin eta etorriko ginela erabaki genuen dantzaldiko atsedenaldi horretara. Arbizuko ostatuan elkarri begira geundela, gizon bat sartu zen eta hasi zen:

—Zuek al zarete bertsolariak. Jakin dugu Oderitzen kantatzekoak zinetela.

Baietza erantzun genion, bertsolariak ginela edo horretan aritzen ginela behintzat.

—Orain ez zagok bertsolaririk. Bertsolariak Lasarte, Lazkao Txiki eta Agirre eta horiek zituan —jarraitu zuen—. Ibili bai, zuek bertsotan ibiliko zarete, baina zuek ez zarete bertsolariak.

Mikelek bazuen eta badu, bere izateko eran, onartzeko gaitasuna: “Zer egingo diagu bada”, esaten zuen. Baina askotan izaten dira une eta plaza zailak. Arenalean kantatu, ofizioa maite dugulako herri txiki batera iritsi, horrelakoak entzun eta isilik gelditu behar izaten genuen. Guretzat bertsolaritza zen bizitzako eginkizun nagusia. Gerora ez, baina, garai hartan, andregaiaren zita erraz galtzen genuen bertsotara joateko. Orain neure buruari galdetzen diot nola egiten genuen hori. Orain dela gutxi gogoratzen aritu naiz nola saio batera joan nintzen, jai iluntze batean, andregaiarekin ateratzeko geldituta nengoen arren. Baliarraingo baserri batekoa da Inma. Iritsi nintzen baserrira berandu samar, eta ohera joana zela esan zidaten, biharamunean lanera joan behar zuelako.

 

Mikel Mendizabal

 

Mikel erori zenekoa

Muruak kontatua

Mikel Mendizabali buruzko pasadizoak asko ditut. Plaentxin egingo zuen Euzkitzek bere azken saioa. Zine areto edo antzoki bat bazen han bertso saioak egiteko erabiltzen zutena. Pantailaren eta gu eserita egoten ginen artean, metro bateko lubaki moduko bat zegoen, foso bat. Kantatzen ari ginela orroa moduko bat entzun genuen, eta kolpe baten hotsa. Begiratzen hasi ginen eta Mikel Mendizabal falta zela ohartu ginen. Eta hara non azaltzen den jende artetik oholtzara berriro. Aulkiaren hankak, nonbait, jarri zituen atze samarrean eta atzeraka erori zen lubaki horretara.

 

Ekarri sokea

Sorozabalek kontatua

Asko maite dugun pertsona bat da. Eskolartekoa berak antolatzen zuen eta bere eskuetan ibili ginen, hasiera hartan. Apala eta jatorra izan da eta, inoiz, mendira ere joan izan ginen elkarrekin, kontu-esan ederrak eginez. Nik berari buruz dudan irudietako bat, lehen irudia izan liteke, Eskolartekoan parte hartutakoekin egiten zen irteera batekoa da. Egunpasa egiten genuen, jolasak eta jokoak eginez. Gogoratzen naizen egun horretan, Laurgaingo egoitzara egin genuen irteera eta, euria egokitu zenez, Aiako frontoian bukatu genuen. Irudi hori  daukat, frontoia umez beteta. Norbaitek soka bat ekarri zuen eta Mikel hasi zen sokatira antolatzen. “Ekarri honea sokea”, errepikatzen zuen, eta horrekin gogoratzen naiz, “sokea” izugarri arraroa egin zitzaidala. Sekulako grazia egin zidan hitzak. Eskolartekoak antolatzeaz gain, Mikelek bitartekari lan asko egiten zuen gu bezalako bertsolari hasiberriak batera eta bestera mugitzeko.

La Pueblan Andonirekin

Mendizabalek berak kontatua

Andoni Egañari eta bioi duela 25 urte inguru Errioxako La Pueblan antolatu zuten Araba Euskaraz egunera deitu ziguten bertso afari batean kantatzeko. Ostiral gauean elkartu, ardo pixka bat probatu eta afaltzera hurbildu ginen. Hitz eta pitz, kontu eta ezagutza ugari egin genuen mahaiaren bueltan. Bertso afarirako konpromisoa genuen, baina, handik eta hemendik eskaintza gehiago azaldu zitzaizkigun eta, nahi bagenuen, bertso saioa bukatzean lotarako lekua izango genuela jakinarazi ziguten; batere konpromisorik gabe, etxera biharamunean itzultzeko.

Geu ere, pixkana-pixkana, animatu egin ginen eta baiezkoa eman genien bertan gaua pasatzeko. Ustekabean, Lazkaoko emakume bat, La Pueblako ikastolan andereño zebilena, hurbildu zitzaigun, eta hurrengo goizean itzultzekoak ginela jakin zuela eta ea axola zitzaigun, kotxean lekurik bagenu, hura gurekin Goierri aldera ekartzea galdetu zigun, bestela autobusa hartu behar zuelako. Gure aldetik ez zegoela inolako eragozpenik eta biharamun goizean, 07:30ean, halako tabernan kafea hartu eta abiatzekotan geratu ginen; Herrera mendatea igo, Gasteiz aldera jo eta, handik, Beasain-Lazkaora jarraitzeko. Horretan gelditu zen gure zita.

Bien bitartean bertso afaria aurrera zihoan, eta bukatu zenean, kontu-kontari saioa egin eta, orduari begiratu genionean, ez zela hain berandu ere ohartu ginen, eta biotako batek hala esan zuen:

—Oraintxe bertan abiatuko bagina, garaiz iritsiko gintuzkek etxera, eta nik alde ederra banikek, bihar goizean 11:00etarako geldituta bainagok, halakoarekin, Azpeitiko Pastorkuan.

Eta besteak jarraitu zuen:

—Hi, niri ez zaidak axola abiatzea, siesta eginda etorri nauk-eta.

Esan eta egin. Kotxea ere gertu genuen. Bero-beroan sartu eta abiatu gara kotxean Herrerako aldapan gora, beti ere kontu kontari eta animoz lepo. Herrerako mendatea jaitsi, Gasteizera inguratu eta biotako batek eskuak burura eraman zituen:

—Egin diagu ederra! Ostra! Bihar goizean Lazkaoko andereñoarekin abiatzekotan gelditu gaituk-eta.

—Ba, orain ez zagok Lapueblara itzultzerik. Segi aurrera!

Hurrengo egunen batean hitz egin nuen Lazkaoko andereño horrekin, eta horrela bukatu zen La Pueblako bertso afariko gertakaria.

 

Mikel Mendizabal

 

Mendizabal Kalifornian

Peñak kontatua

Kalifornian ginen bertsolari batzuk eta baita beste zenbait lagun ere. Abendua zen, eta hango klima hemengoa baino eramangarriagoa da. Gau zoragarria zen, zerua garbi eta ilargi borobil-borobila. Terraza moduko batean luzaro egon ginen, kontu kontari, dotore asko. Hurrengo egunean, eguraldi zoragarria berriro eta, arratsaldean, bezperako gaugiroa gure solasgai. Ilargi borobil-borobil hura, besteak beste. Mendizabalek zer galdera egingo eta Euskal Herritik nola ikusten ote zen bezperako ilargia. “Berdin”, erantzun genion, Kalifornia eta Euskal Herria paretsu zeudelako, nahiz oso aparte egon.

—Nola, ba? —zioen Mikelek—. Hori ezin zitekek.

Eta horrela hasi zen gure eztabaida. Saiatu ginen azaltzen ipar hemisferioan zeudela Kalifornia eta Euskal Herria. Gero eta egoskorrago Mikel.

—Euskal Herritik ilargi hori erdia edo gutxiago ikusiko duk, ez osoa.

Gero eta beroago denok ere.

Eta halako batean Mikelek:

—Deitu ezak etxera, ea nola ikusten duten!

—Nola deituko diagu, ba, han lotarako ordua duk!

—Deitu ezak, deitu ezak eta ikusiko duk!

Eta bakea egingo baldin bazen, deitu egin behar izan genuen. Gure arrebak hartu zuen telefonoa, erabat izututa.

—Zer dela eta ari haiz ordu hauetan hoska?

Berehala azaldu nion zergatik.

—A, ba, gaur eguraldi oso ona egin dik eta ederki ikusten zuan!

—Baina, borobil-borobila?

—Bai bai, zer ba?

Eta berriro ni azalpenak ematen.

Horrelaxe baretu genuen gure Mikel. Ia denak lotan zeuden garaian hots egin behar izan genuen, bake eta lasaitasunik izango bazen.

 

Mendizabalekin AEBetan

Euzkitzek kontatua

Mikelekin AEBetara pare bat buelta egin nituen. Ingelesez batere ez dakienak uste izaten du pixka bat dakienak asko dakiela. Ni botatzen ninduen aurrera. Norbaitek paper batean apuntatuta jarri zizkion esaldirik beharrezkoenak, esaten diren bezalaxe idatziak: “jau ar iu? Beri gud…”. Sekula ez zioten balio izaten, ezin izaten zituen ulertu. Baina behin, jatetxe bateko zerbitzariak galdegin digu zer moduz gauden, eta Mikelek harrapatu: “Hi, jau ar iu galdetu dik honek! Guri bed, guri bed!”.

Galtzak bizkarrean hartuta

Muruak kontatua

Mikel oso aldarte onekoa zen inora joaten zenean. Lesakan ginen batean, errekan sekulako bustia hartu zuen. Herri horretan dantzarien artean ohitura da deskuidatzen dena errekara erortzeko eta baita despistatuak errekara botatzeko ere. Ohitura hori dagoelako edo, sartuko zen Mikel galtzak bizkarrean hartu eta errekan. Afalduta joan ginen, saioa hamarretan zelako, eta afalondoan trago batzuk hartuko genituen eta animatu egin zen, nonbait. Galtzak bizkarrean hartu eta sartu zen errekan gerriraino, eta galtzak bizkarrean zituela itzuli ginen bere kotxeraino ere. Hasi zen Mikel giltza bila eta giltzarik ezin aurkitu. Kostata, baina aurkitu genituen giltza horiek, eta etorri ginen etxe aldera. Bere kezka bakarra zen goizean goiz kamioia zetorrela txahala hiltegira eramateko, eta goizeko seiak baino lehen iritsi behar zuen, derrigor, amari eta arrebari lan horretan laguntzeko. Etxera iritsi omen zen, eta kamioia han omen zegoen, eta ama eta arreba ere bai, zain; eta bera, galtzak bizkarrean zituela.

 

Beste bertsio bat

Egañak kontatua

 

Ezagutu egin behar zen Mikel Mendizabal parrandan! Behin, Lesakako sanferminetan, erretira ordua genuen. Goiza argitzen ari zuen ia. Autorako bidean, ordea, Mikeli errekara salto egin eta, izter parerainoko uretan, Hugo Sánchez futbol jokalariak golak sartu ondoren egiten zituen txiribuelta haietako bat egin behar zuela sartu zitzaion buruan.

Pentsatu eta egin. Bera, Hugo Sanchezena egin nahaian, sekulako ipurdiko eta bizkarrekoak hartuz, eta gu lau-bost lagun errekako pretiletik begira. Hango zaplaztekoak eta hango zipriztinak! Irten zenean, blai eginda zegoen eta prakak erantzi beharra izan zuen. Eta han joan zen gurekin batera autorantz, kalean zehar kantzontzilo hutsetan, prakak bizkarrean hartuta.

Gure barreak autora iristean amaitu ziren. Mela-mela egindako galtzen sakelan hasi zen autoaren giltzen bila… eta falta! Bostok itzuli behar izan genuen, kalez kale errekara giltzen bila. Eta ez genituen aurkitu. Ez han…

 

 

Astoarena egiten

 Egañak kontatua

 

Parrandan baino hobea zen ordea jolasean. Bertsolariok tarteka egiten genuen geuk antolaturiko bazkariren bat familia eta guzti. Eta bazkalondo horietan Mikel izaten zen lurrean etzan eta besteon seme-alabekin jolasean aritzen zena. Astoarena egitea tokatzen zitzaion askotan, umeak bizkarrean hartu eta batera eta bestera. Behin, gure umeak txikiak zirela, Hitzetik Hortzera ikusten ari ginen etxean. Eta Mikel azaldu zenean, hala bota zuen gure semeak:

—Aita, begira! Gure astoa da!

“Zuena bakarrik ez”, erantzun niola esango nuke. 

 

 

Mikelen Golfa

Loidisaletxek kontatua

Behin, Mendizabal, Telleria eta hirurok joan ginen Oñatiko borda batera, ardi-jana egin behar zutelako. Mendizabal genuen txofer. Bordara iritsi, hamaiketakoa egin, gero bazkaldu, bi edo hiru bertso saio egin genituen orduan ere, meriendatu eta abiatu ginen etxera. Udanatik behera gentozela, bihurgune batean, ez dakit olio pixkaren bat zegoen-edo, bizi samar sartu izango ginen. Irristatu zen Mikelen kotxe hori eta, ibilera xelebrea egin ondoren, kuneta zuloan bukatu zuen Golfak. Sekulako sustoa hartu genuen. Atera, kotxeari begiratu eta ez zela ezer gertatu ohartu ginen. Kotxea ondo zegoen eta geu ere ondo. Berriro kotxean sartu eta jarraitu genuen. Ondo pasea ondo kontatzen da eta barreak eginez etorri ginen etxera, baina sustoa artean barruan genuela.

Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal