EGIN egunkaritik ateratako zuri-beltzeko argazkiak

EGIN egunkaritik ateratako zuri-beltzeko argazkiak –

Testua: Iñaki Vigor, EGINeko kazetari ohia

 

Duela 25 urte,1998ko uztailaren 15ean hain zuzen ere, EGIN egunkaria eta EGIN Irratia itxi zituzten. Egun hartan (gau hartan, hobeto esanda) 250 langile inguru kale gorrian geratu ginen; Guardia Zibilak, Orain SA argitaletxeko eta egunkariko zuzendari batzuk atxilotu zituen, eta milaka eta milaka dokumentu eta argazki geratu ziren barruan, ez bakarrik Hernaniko egoitza nagusian, baizik eta Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko egoitzetan ere bai.

Langileoi debekatu egin ziguten egoitzetara sartzea, baina hilabete batzuk pasatu eta gero, epaile batek baimena eman zigun Iruñeko bulegora sartzeko, gure objektu pertsonalak eta beste gauza batzuk berreskuratu ahal izateko. Lau-bost langile ohi eta beste hainbeste polizia espainiar, paisanoz jantzita, sartu ginen Iruñeko Donibane auzoan zegoen gure egunkariaren delegaziora, eta ordu pare bat eman genuen han barruan. Sartu bezain laster, konturatu nintzen nire lan-mahaiko kaxoiak fortzatuak izan zirela, eta dokumentu batzuk desagertu.

Los ordenadores no os los podéis llevar. Las carpetas de Itoiz tampoco se pueden sacar, ni documentos. Y esto tampoco, ni esto, ni esto…”, esaten ziguten poliziek. Beste karpeta batzuk, aldiz, arazorik gabe eraman ahal izan genituen. Haien artean, nik neuk prestatu izan nuen karpeta bat zegoen, izenburu honekin: Argazki zaharrak. Eta etxera eraman nuen.

Karpeta horretan zeuden argazki gehienak, 80-90eko hamarkadakoak ziren, zuri-beltzean eginak. Askotariko gaien argazki nahasiak zeuden han, eta haien artean, bertsolari batzuk agertzen ziren, nafarrak gehienak. Argazki horiek ez galtzeko, digitalizatu egin nituen. Joan den urtean Bertsolari aldizkarian harpidetu nintzen, eta, orduan, argazki horiek aldizkariko zuzendariari oparitzea bururatu zitzaidan.

Iruñeko delegazioan, milaka eta milaka dokumentu, argazki eta argazki negatibo geratu ziren, eta ez dakit zer gertatu zen material horrekin. EGINeko egoitza nagusia Hernanin genuen, eta han zegoen artxibo inportanteena. 2017ko abenduan, Lakuako Gobernua prest agertu zen material hori bere esku hartzeko, eta baimena eskatu zion Espaniako Auzitegi Nazionalari. Hilabete batzuk geroago, baimena lortu zuen, eta artxibo hori Kultura Ondarea sailaren esku geratu zen. Ordurako, material horren %60 hondatuta zegoen, alegia, milaka argazki eta dokumentu erabilgaitz zeuden.

Hernanin zegoen material periodistikoa, 950 kutxatan sartu eta Bilbora eraman zuten, Euskadiko Artxibo Historikora hain zuzen ere.  2018ko martxoan gertatu zen hori, baina orduz geroztik, EGINeko langile ohioi ez digute ezer kontatu. Eta beste gauza bat: nor edo nortzuk dira material horren jabeak? Kasu hau linbo batean dago, eta badirudi hor jarraituko duela.  

Hori gertatu zen Hernanin zegoen artxiboarekin, baina ez dakit zer gertatu zen Bilbo, Gasteiz eta Baionako egoitzetan zegoen material periodistikoarekin. Iruñeko kasuan, badakigu Nafar Gobernua ez zela arduratu EGINeko artxiboaz. Beste langile ohiek esan ei zuten material hori zakarontzira bota zutela Donibane auzoko egoitza saldu zutenean, baina, egia esan, ez dakigu ezer. Hor barruan zegoen material guztia desagertu da, eta inork ez digu esan zer gertatu zen dokumentu eta argazki horiekin guztiekin.

Nire ustez, argazki zaharrak dira interesanteenak. Gogoratu behar dugu urte haietan, 80ko eta 90eko hamarkadetan, ez genuela ez teléfono mugikorrik, ez Internetik ere. Argazki horiek, EGINeko argazkilariek eta herrietako korrespontsalek egin zituzten. Donibane auzoko egoitzara sartu ginenean, polizien begiradapean, Tafallaldeko negatiboak atera ahal izan nituen, eta egun batzuk geroago Tafallako korrespontsalari eman nizkion. Baina beste herrietako negatibo gehienak betirako galdu ei dira.

Paperean gorde nituen argazkiak kontserbatu dira, eta haien artean, bertsolari historiko batzuk agertzen dira, orrialde hauetan ikus daitezkeenak, hain zuzen ere.

 

EGIN egunkaritik ateratako zuri-beltzeko argazkiak EGIN egunkaritik ateratako zuri-beltzeko argazkiak EGIN egunkaritik ateratako zuri-beltzeko argazkiak