Erabateko jazarpenetik bizitza begetatiboa onartzera
Erabateko jazarpenetik bizitza begetatiboa onartzera –
Lehen urteetako erabateko jazarpen horren ondotik postura apur bigunagoa etorri zen. Hamar-hamabost urtetako sarraskiaren ondoren euskara apurka-apurka hil egingo zela kalkulatzen zuen frankismoak, kaduzitate-data zuela bere garaian Unamunok esan bezala. Honela, baserriko sutondoan gorde zitekeenari ameto eman zioten:
“Frankismoak maite (?) duen euskara herri-mailakoa da, tradizionala, antigoaleko kulturaren ekarlea. Horri deitzen dio jatorra […] Borrokatzen duen euskara, aldiz, euskara jasoa da, kultua, kultur tresna gisa erabili nahi dena. Izan ere, frankismoak euskarari eman dion egitekoa oso bazterrekoa da, folklorikoa, familia-barnekoa, hilzorian dagoen gizataldeak bakarrik erabiltzekoa.” (Sudupe, 2012: 825-826)
Zentzu berean, errazago onartu zen kultura popularra, behe mailakotzat eta desagertzear zen iraganeko kontutzat zeukana, euskararen beste ezein adierazpen literario baino:
“Argi berdea lortzeko traba gutxien maila apaleko liburuek dute: kristau-ikasbideak edo deboziozko liburuak, eta ahozko literaturakoak, bertso-liburuak.
Maila bat gorago dago olerkia. Olerkiak ere nahikoa libre du pasoa, azken batean sentimenduak agertzeko modu bat baita, dimentsio sozial gutxikoa berez. Olerki sozialaren ordua iritsi zen arte. Aresti, Artze edo Gandiagarekin ez dute eskuzabaltasun bera erakusten zentsoreek.
Nobela hurrengo mailan dago, altuagoan. Eta are gorago, saiakera. Pentsamenduak, gogoetaren maneiuak genero hauetan leku handiagoa du. Ez al da hori hizkuntza kultuari dagokion zeregina?” (Torrealdai, 2000: 241)
Bestalde, prentsak liburuek baino zabalpen handiagoa izanik, are traba gogorragoak jarriko zaizkio euskarari alor horretan. Hala, 1947an El Diario Vascoren baitan planteatu zen euskarazko atal bat atzera bota zuen Kultura Ministerioak, eta, urte berean, Prentsako Zuzendaritza Nagusitik euskara erabiltzeko debekua iritsi zitzaion Boletín de Acción Católica de la Mujer, Luises Obreros, Santísimo Rosario, Aránzazu, San Antonio, Misiones Franciscanas, Redención, Voz de la Madre eta beste hainbat aldizkariri.
Euskarari pixkanaka onartu zitzaiona, esan bezala, ez zen hil hurren dagoenari errespetatzen zaion azken hatsa baino:
“[…] las autoridades vigilan muy de cerca todas las actividades sospechosas de considerar el euskera en otro aspecto que en el de curiosidad arqueológica, que toleran por imposición de las circunstancias mundiales. Se evita cuidadosamente toda posibilidad de proporcionar pruebas de esta actitud, pero se palpa en el ambiente lo exacto de la frase del P. Espiritual del Seminario de Vitoria: No está el horno para bollos…” (Bilbao, 2003: 852)[1]

Arrakaletan ernatutako kulturgintza
Gerraostean debekatu ez zen euskalgintzaren erakunde bakarra Euskaltzaindia izan zen. Hala ere, Frankismoak Estatuaren eta probintzien arteko erakunde guztiak ezabatu zituenez, Hegoaldeko lau Aldundien babespeko akademia izanik, finantzaketarik gabe gelditu zen. Bizirik eustea lortu zuen, bada, baina euskara bera bezala bizitza begetatiboa eginaz:
“Azkue orduko alderdi nazionalistetan behin ere afiliatu ez zelako, eta, bestalde, zeukan apaiz kontsiderazioagatik, agintariek bere Euskaltzaindi ‘izoztuan’ utzi zuten bakean. Horrela, gainera, Estatuak, kanpora begira, museoko hizkuntza zahar hura errespetatzen zuelako itxura egin zezakeen […] Bilerak bakan eta erdi klandestinoak izaten ziren urte ezin tristeago haietan. Euskaltzain abertzale asko ihes eginik edo atzerrian zeuden, euskara ikertzeko bitartekorik ez, eta ofizialtasun hispano-frantsesetik kontrako eraso etengabeak zetozkion, desprestigiatze-kanpaina latzekin […] Azkue lekeitiarrak, gure kostetako karramarro ermitauen antzera, legez kanpoko Euskaltzaindi hartako oskol ahulean gorderik, gerrarik izan ez balitz legez, gure hizkuntzaren aurkako girorik ez balego bezala, egunero lanera joaten segitzen zuen Ibaiondo kalean” (Kintana, 1999: 4).
Horrenbestez, lehen urteotan euskarak arnasa hartzeko errepresio frankistari irekitako arrakalarik garrantzitsuena erbestean egindako lana izan zen. Garrantzi handia aitortzen zaio, adibidez, Jokin Zaitegik 1950ean Guatemalan sortu zuen Euzko-Gogoa aldizkariari. Literaturari eta pentsamenduari emana, euskara hutsez argitaratua, Zaitegik Orixe Guatemalara joanarazi zuen aldizkariarekin lagun ziezaion, eta aldizkaria Guatemalatik Euskal Herriratzeko ere ahalegin berezia egin zuen. Hegoaldean legez kanpokoa izanik, klandestinoki zabaltzen zen. Iparraldean Bigarren Mundu Gerraren ostean sortutako Herria astekaria eta nazien debekuak eragindako etenaren ondotik berrabiarazi zen Gure Herria ere garrantzitsuak ziren.
Pixkanaka, Hegoaldean ere hasi ziren lan batzuk loratzen. Torrealdaik luze eta zabal azaltzen du ekimen haiek jasan behar izan zuten zentsura frankistaren funtzionamendua, eta euskararekiko jarrera onberago bat zuten frankistengan topatu behar izan ziren konplizitateei ere erreparatzen die: “Normalean tradizionalistak dira, integristak, ACNPko katolikoak, monarkikoak… eskuindarrak, hitz batean. Falangista batzuen laguntza ere badute, Gonzalo Manso de Zuñigarena, Arabako Falangekoa berau, edo Antonio Tovarrena Mugimenduko kontseilaria” (2000: 56). Arreta berezia jartzen dio, bestalde, Francoren hirugarren gobernuan Propagandako buru eta liburuen zentsuraren arduradun nagusi izandako Pedro Rocamorak jokatutako paperari ere:
“Zarautzen etxea omen zuen Pedro Rocamora honek, eta bertan igarotzen zituen udak. Dirudienez nahikoa harreman zuen hemen. Behin eta berriz ikus daiteke bere eskua […] Badakigu, jakin, zenbait liburu Rocamoraren interbentzioari esker lortu zirela […]. Adibidez, Orixeren ‘Euskaldunak’, Salbatore Mitxelenaren ‘Arantzazu’, euskal poema, Bera-Mendizabalen Hiztegia, Jon Etxaideren ‘Alostorrea’ […]” (id.: 75-76)
[1] Frankismoaren jarrera “bigunago” horrek, bada, XIX. mendeko kolonialismoak Ameriketako indigenen kulturarekiko erakusten zituenaren zantzuak ditu: “A lo sumo podía prestar oído con conmiseración a los gorgoteos bárbaros cuyo sitio eran el museo o el circo” (Calvet, 2005: 66) .

