Erdu Durangora, Joxemiel

Igor Elortza-(r)en argazkia Igor Elortza 2020-11-27
Argazkiak: Zarateman (Wikimedia)

Erdu Durangora, Joxemiel –

Bi bider bakarrik egin nuen bertsotan Lazkao Txikigaz. Lehenengoa Beasainen izan zen, nire bigarren lehengusina batek deituta hango institutuko jai batera joan ginenean Unai eta biok. 1991 izango zen, hala esango nuke, aurreko abenduan Araba eta Bizkaiko finalean lehenengoz lehiatu eta gero, Arriagan, gizon nagusien artean.

Lazkao Txiki eta hirurok ginen jai hartan bertsotan, gure orduko zein oraingo plazer eta ohorerako. Xarma handia izan zuen afalorduak, beragaz berriketan. Ea nongoak ginen, hark. Durangokoak, guk. Ezin zuela izan. Ezin zuela izan Durangon bertsolaririk, hark, gaztelera besterik ez zela-eta egiten Durangon. Inguruetako baserri-auzoetatik Durangora etorritakoen seme ginela, guk, orduan. Baietz, berak. Hori izan zitekeela.

Pozik gonbidatuko nuke Joxemiel gaur, Durangoko herrigunean itzuli hau egitera.

 

1.- ELKARTZEKO HITZORDUA: EZKURDI

Durangon bazkalduta
Mañarian gora
Txakurzulon jausi naz
Ipurdiaz gora

Erdu Durangora, Joxemiel

 

Horrela dio nik ikasi nuen lehenengo kopletako batek, eta horrela jausi ginen geu ere, ipurdiz gora, Kurutziaga ikastolako atezain behar egiten zuen gizona, guk umetan Ulezuri esaten geniona, bertsolari ibilitakoa zela jakin genuenean. Bertsozale Elkarteak urtero omentzen zuen bertsolarietako bat, zer eta durangarra!, nor eta Ulezuri!, noiz eta 1990ean!, ordurako ez hain ume eta dagoeneko bertsotan bidetxoa egiten hasitakoak ginela.

Jose Alberdi zen Ulezuriren izena, Iurretan jaio eta Mañarira ezkondua bera, baina Urkiolan gora egin beharrean, Durangon topatu zuena eguneroko bazkaria irabazteko modua: tailerreko behargin, lehenengo, eta ikastolako zaindari, geroago. Eta bizilekua ere Durangon egin zuen, handik lasterrera, Mañaritik Askatasun Etorbidera etorrita (Avenida del Generalísimo, sasoi haietan), Ezkurdi parketik bertan.

Ezkurdi parkeak moldeak apurtu ei zituen duela berrogeita hamar urte Juan Daniel Fullaondo Errazu eta Fernando Olabarria Delclaux arkitektoen eraberritze lanekin. Arkitektook ordura arteko ohiko pasealeku eta plaza herrikoi ereduagaz amaitu zutela diote, plano horizontala utzi eta mailak bereiztuz espazio labirintikoa sortu zuten bidexkak, belardiak eta ur-korronteak lotuz. Bere sasoian, gure mugez gaindiko entzutea eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren saria irabazi zuen hirigintza lan honek. Gaur egun, erdizka ikusi daiteke orduko parkea: musika-kiosko inguruko belardi eta bidexkak, eta uren tokia harrixkaz beterik lorategi japoniar itxura hartu duen urmaelak osatzen duten zatia. Gainerako erdia, oztopo arkitektoniko handikotzat jota eta mugikortasun arrazoiengatik, eta garbitasuna hobetzeko, berritu egin zuten 2009an. Azken berritze-lan horietan egina da bisitariak haizetara dauden terrazekin topatuko duen harlauza leuneko laugune zabala; umeekin datorrenak, gainera, aukerako geralekua du hauxe kafea nasai hartzeko, jolas parkea ere terrazen aurrez aurre baitago.

Nolanahi den, bi hirigintza-lan horien aurreko kontuei buruz ari gara hemen, musika kioskoa eta parean dagoen harri landuzko iturri dekoratiboa besterik ez baitira ageri garai bateko argazkietan. Han inguruetan irudikatu beharko ditugu bai Jose Alberdi bertsolari durangartua bai Alfontso Irigoien euskaltzale ekina, 1950eko eta 1960ko hamarkadetako bertsolari txapelketen antolatzailea; lehenengoa, 1958an, Bizkaian antolatu zuen, Bilboko Areatzan, eta bertan parte hartu zuten zazpi bertsolarietako bat izan zen Jose Alberdi. Hurrengo urtetik aurrera, eskualdeka jokatu ziren kanporaketak, bakoitzean txapeldun bat izendatuz. Jose Alberdi bera izan zen 1959ko Durangaldeko txapeldun, Urkiolan hain zuzen ere, San Antonio egunez, eta Durangaldeko txapeldun izanik Bizkaiko finalean ere hartu zuen parte; berdin gertatu zen 1960an eta 1961ean ere.

Urte haietan plazan ibili eta gero, pentsatzekoak diren baldintza eta beldurrengatik, utzi egin zion bertsoari, antza, Jose Alberdik. Alfontso Irigoienek etsi ez, baina, eta beste bertsolari askogaz ere bazuela dakigun zirirako joeragaz, Jose Alberdiri gutuna idatzi zion bertsotan jarrai zezan; baita hark sei bertsogaz erantzun ere.

Erdu Durangora, Joxemiel
Arg: Bertsozale Elkartea

Alfontso Irigoien:

Oso isilik dago Alberdi
Ez du ateratzen hitzik
Bere burua juana dauka
Esatea da alperrik
Bertsoetara ez zaigu sartzen
Buruan ez du zentzunik
Horregatikan ez da ausartzen
Ta dago guztiz gorderik

Jose Alberdi:

Laguntza eskatzen deutsut
Zeruko aitari
Erantzuna emoteko
Irigoieneri
Jakin dau bizi dala
Ondino Alberdi
Ta ez deutsala itzi
Bertsozko lanari

Isilik banago be
Ditut motibuak
Ointxe ezin esan danak
Alberdi gaixuak
Pazientzia emon
Deigula goikuak
Trabes gabiltzalako
Gaurko mundukuak

Gordeleku ederrak
Ditut Mañarian
Bertara juateko
Premia danian
Ondino ez naz aurkitzen
Horren beharrian
Argi nabilelako
Mundu zabalian

Akuilari on batek
Jakin behar ditu
Idiak bizkortzeko
Nundik zirikatu
Zuk ere jakin dozu
Neuri nun ikutu
Ez naiten betirako
Isilik geratu

Neure aurpegi latza
Ez da inoz gorritu
Esan eta entzuteko
Beti nago gertu
Horregatik, Alfontso
Niri zirikatu
Zure lako gizonak
Euskerak behar ditu

Dozena erdiko sortan
Hauxe dot azkena
Zuri bertsotatikan
Opa deutsut dana
Mundun izan daizula
Bake-zoriona
Bertsoz sendatuteko
Geixorik dagona

 

 

  1. BIGARREN GERALEKUA: ANDRA MARIKO ELIZPEA

Erdu Durangora, Joxemiel

Ezkurdi parkeak Askatasun etorbideagaz egiten du muga, mendebaldera. Kontrako aldean, berriz, Zumalakarregi kalea dago, XIX. mendean bertako burgesiak eraikitako etxe historizista eta erregionalistekin. Durangon banketxe sukurtsalik gehienak pilatzen diren kalea da. Gaur egun BBK sukurtsala dagoen tokian, Miota hotel ezaguna zegoen garai batean. Hantxe bazkaldu zuen Alfontso Irigoienek, beste euskaltzale batzuekin batera, Durangoko udaletxean bilera bat eduki eta gero. 1996ko udaberria zen. Hilabete batzuk geroago, urriaren 30ean, Durangon jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala: Astarloa aretoan, goizeko saioa; eta Andra Mariko elizpean, arratsaldekoa.

Europako arkuperik handienetakoa ei da Uribarriko Andra Maria basilikarena. Basilika Arandaño dorreari atxikita eraiki zuten, eta XIV. mendean dataturik dago; molde gotikokoa da, nagusiki, errenazimenduko osagaiak dauzkan arren. Arkupea XVIII. mendean dago datatuta, eta Euskal Herrian, behintzat, handiena da: ezelako zutaberik barik, zurezko habe borobilduekin egindakoa da, itsas eraikuntzako teknika zaharrak erabiliz. Zoladura errekarriekin egindako 500 metro karratuko labirintoa da: peregrinazioetan parte hartu ezin zutenek euren bekatuetatik askatzeko ibilbidea. Zoladurako irudi hori oraintsuagokoa da, Francisco Eguía udal perituak 1938an diseinatua. Urtebete lehenago, 1937ko martxoaren 31n, faxista italiarrek Savoia Marchetti hegazkinetatik bonbak jaurtita Andra Maria basilika, elizpea eta inguru osoa txikitu zuten, eta 300dik gora herritar hil. Bonbardaketa hura beste Francisco batek, Eguíaren tokaio batek, agindu zuen: Francisco Francok.

Hiru hamarkada geroago, frankismoaren labirintoetan ihesbideak topatzen hasita zeuden Alfontso Irigoien eta beste hainbat euskal kulturzale. Durangon bertan, 1965eko abenduan egin zen lehenengoz Liburu eta Disko Azoka, hain zuzen ere, Andra Mariko elizpean. 1966ko urriaren 30ean, esan dugunez, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala ere bertan jokatu zen. Baina ez hori bakarrik, Bilboko La Gaceta del Norten gazteleraz argitaratutako kronikari eskerrak dakigun moduan:

˝Este día fue para Durango un día pleno de ambiente vasco, pues también el grupo conocido Ez Dok Amairu puso su nota trascendental con sus modernas canciones vascas, que causaron un gran impacto ante el público”.

Belaunaldi eta mundu ikuskera berri esanguratsuen sasoia zen euskal kulturan, bai, eta final hartan Jose Maria Arregik eta Abel Muniategik binaka osatu zuten bertsoaldiak erakusten du horretatik apur bat. Honela zioen gaiak: “Arregi izango da eleizeak azpian errez harrapauko leukena. Muniategi eleizeak sekula azpian harrapauko ez leukena”.

Arregi:

Bakoitzak berena egitea
Beti da gauza erreza
Baino agertu nahi dizut lagun
Hemen gaur nire amesa
Aspalditxuan darabilkizu
Oso bide aldrebesa
Ta zuentzako nik entzuten det
Zuaitik egunero meza

Muniategi:

Adiskidia zertan hartutzen
Dezu gaur nire ardura?
Urte askotan ikusten zaitut
Txit elizkoien modura
Traza horretan zu ikustiaz
Nik hartutzen det tristura
Euskal Herriak eliz asko du
Falta duana kultura

Arregi:

Esan nahirikan gauza hauxe nik
Dadukat nire buruan
Zure antzeko asko ikusten
Dirade gaurko munduan
Mundu pixka batek engainauta
Noranahi nahi luke juan
Baino guztiak damutzen dira
Heriotzako orduan

Muniategi:

Une honetan ez zazu egin
Heriotzan esamina
Horren ardura gaberik dabil
Munduan kristinau fina
Ez geunke euko adiskidia
Daukagun bizitz samina
Sasoi zanean jakituriaz
Ondo hornitu bagina

Arregi:

Halan da ere lagundutzeko
Ni beti naukazu gertu
Horregatikan samurtasuna
Beti nahi dizut agertu
Munduarekin ez ote zera
Inoiz egingo aspertu?
Zu azkenian eingo zerade
Laguna inpernuratu

Muniategi:

Mundu honetan dago inpernua
Bai su ta bai ere garrez
Ikusten danez hortik irtetzen
Oraintxe ez dago errez
Eleiza hortan ibiltzen zera
Hain orazio samurrez
Baina gu preso aurkitzen gera
Erlijioan bildurrez

Arregi:

San Inaziok azken bizitzan
Hauxe zion egunero
Mundu hontako harro-bideaz
Sekula ez gintezke ero
Zer balio dau mundu hontako
Ondasun danak espero?
Alperrikuak dirala danak
Zerua galdu ezkero

Muniategi:

San Inazio militarra zan
Eta arretaz aditu
Gugaitik eta herrien alde
Ez zuan ezer sufritu
Bera zala ta bera ez zala
Erdera gailen gelditu
Ejerziziuak askoz hobe zan
Euskeraz egin balitu

 

 

  1. PINTXOPOTEA: GOIENKALE

Erdu Durangora, Joxemiel

Euskal kultura jazarria zegoen sasoi hartan, beste hainbeste ekimen baimentzeko ohi zenez, hamarkada haietako txapelketen antolakuntzan ere ez zen, sotanadunik falta. Ezta epaimahaian ere. Aldaketa garai hura ulertzeko, dena den, hona datu bat: Xabier Amuriza zen 1966ko Bizkaiko Txapelketako final hartan epaile egin zuen sotanadun horietako bat.

Handik lasterrera, sotana kendu eta bertso-mundua ez eze, euskal kultura eta gizartea eraldatuko zuen belaunaldi haren protagonistetako bat da Xabier Amuriza, Durangotik hur, Etxanon jaioa.

1980ko Bertsolari Txapelketa Nagusian bertso-molde berritzaileak, errimakera landuak eta euskara batua erabiliz txapeldun atera zen Xabier Amuriza, eta final hartan ezarri zuen bertsogintza modernoaren mugarria. Bertsogintza eraldatzen, baina, aurretik zegoen hasita, 1978tik gehiago herririk herri musikariekin bertso jarrien emanaldiak eginez, besteak beste. Durangon, 1979ko otsailaren 16an eskaini zuen emanaldi horietako bat, non eta Andra Mariko elizpean.

Herrietako emanaldi haiek prestatzeko, aurretik tokian tokiko herritarrekin batu ohi zen Xabier Amuriza, bertako berriak, jendeak eta lekuak ezagutzeko. Durangon ez zuen, baina, informante askoren premiarik izango, Goienkaleko berri jakiteko, adibidez.

Hasi Andra Maritik eta Santa Ana plazaraino, tabernaz beteriko kalea da Goienkale. Polit-polita ez, egia esan, baina, dakizuenez, lagunarteak eta giroak egiten du leku bat eder. Larunbat eta igandeetan, eguerdi zein iluntze aldean, jan-edanerako kale aproposa da Goienkale, Durangora bisitan datorrenarentzat.

Jan-edan zein gaueko bestelako gose eta egarriak asetzeko badira aukera gehiago ere Durangon eta inguruetan, noski, beti izan diren moduan, Xabier Amurizaren bertso umoretsu eta bizi hauek kontatzen diguten moduan.

Gure atsoa Balendrin
Altzoa bete pipermin
Dena serio hartzea ez da
Izango atsegin
Inor gogaitu ez dedin
Pentsatu dogu zer egin
Orain hastera goazen jiran
Zatoze gurekin

Durangon alderik alde
Famatua Goienkale
Inurriak lez sartu ta urten
Denak edanzale
Zenbat begiratu gabe
Barrura dale ta dale
Bertan itoak ginen oraingo
Balego debalde

Beste moduko jokoa
Hor daukazu Gogokoa
Pantera Rosan fresko ibili
Behar da kolkoa
Abaraska gustokoa
Txapel okerren txokoa
Berdezaleak klase bietan
Badauka nahikoa

Ezkurdin behera bagoaz
Bada hor non egin jolas
Gabon Sagarna, Lezuri eta
Lekker edo Dallas
Ez dago sarritan erraz
Hartzen behar beste arnas
Demonioen feria dela
Esan leike gabaz

Goizaldetan badago han
Nor lagun hartu alboan
Ateak nekez itxita gero
Pregoia kanpoan
Hesteak ia ahoan
Baina etxera nor joan?
Oilarrak ere ezingo gaitu
Gantxoaz eroan

Goiuri bideko urak
Askatzen ditu loturak
Bikote askok hantxe entzuten
Goizaldeko laurak
Hor konpon beste ardurak
Eta biharko logurak
Kendu deutsoguz alkarri aste
beteko hazkurak

Orozketako errekan
Edo bide bazterretan
Susto galantak izaten dira
Onenean bertan
Bedar usaian praketan
Kalanbreak gerri bueltan
Ai zer kontuak iretargiak
Baleki berbetan!

Gorputzetik bazagoze
Krisisean edo gose
Izpirituak behintzat Durangon
Badauka non ase
Fraile-abade ez eze
Mojak ere zazpi klase
Nahiago neuke bertan entzule
Balego San Jose

Jaitokiak eta salak
Estuak eta zabalak
Zer ete dino Urkiolako
Santu kaporalak
Tiratzeko dira balak
Eta gizentzeko txalak
Ondo pasatu ihauteriak
Edo karnabalak

 

 

  1. IBILALDI TXIKI BAT: KURUTZIAGA

Erdu Durangora, Joxemiel

Eguerdiko zein iluntzeko poteoa eta gero, aukera hoberik ezean, ez da txarra ibilalditxo bat egin eta haize apur bat hartzea ere. Goienkaleko behealdean, berriz ere Andra Mariaren ondotik, Kurutziaga kalera jo dezakegu.

Andra Mariko elizpea, bistan denez, gune zentrala da Durangon. Hantxe egiten ziren nik umetan ezagutu nituen lehenengo bertso saioak ere, Durangoko Bertso Eskolako kideak zirela gehienetan kantuan; baita, haiek antolatutako saioetan, Bizkaiko edo Euskal Herriko bertsolari ezagunagoak ere, oso lantzean behin. Durangon eta inguruko herrietan, beste eskualde askotan legez, 1980ko hamarkadan gertatu zen bertsozaletasunaren susperraldia, hain zuzen ere, Xabier Amurizak, bertsotan egiteko moldeak berritzeaz gainera, bertsoak egiten ikasteko teknikak sozializatu ondoren.

Goazen, baina, Goienkalen behera gatozela, Andra Marian eskumatara hartuta Kurutziagaraino. Kale zabal eta dotorea da Kurutziaga, altuera apaleko eta harri landuzko eraikinekin; hormatan 1937ko bonbardaketaren metrailak egindako zuloak agerian dituzten etxeak. Kalearen beste muturrean, Abadiñogaz muga egiten duten lurretara bidean, Kurutze Santuaren Museoa dago. Kurutziagako Kurutzea XV. mendekoa da, barrokismo gotikoaren adibide bikaina ei dena; askoren iritziz, Alfonso de Mella frantziskotarraren jarraitzaile ziren eta elizaren hierarkiak heretikotzat jo eta inkisizioak erretakoen fedearen oroigarri ere bada bertan tailaturiko iruditeria.

Durangon ere botereen kontrako bat baino gehiago jaio edo bizi izan baita beti, eta aldiro ezagutu dute jazarpena halakoek. Gure egunetara etorrita, Kurutziaga kalean bertan dagoen Jesuiten ikastetxean ikasitakoa da, adibidez, Joseba Sarrionandia. Ez hori bakarrik, umezaroan eta gaztaroan hazi ere, handik bertan hazitakoa da Joseba Sarrionandia: Pedro Pablo Astarloa kalean, Kurutziaga kalean zehar berriz erdialderako norantza hartuta ikastetxea inguratzen badugu, eskumatara. Beste durangar ilustre bat, Pedro Pablo Astarloa, XVIII. mendeko hizkuntzalaria; besteak beste, Wilhelm von Humboldt Euskal Herrira etorri zenean Durangon harrera egin ziona, eta eragin handia izan zuena mende bat geroagoko Euskal Pizkundean eta Sabino Aranaren euskara garbiaren gaineko pentsamenduan.

Dakigunez, Joseba Sarrionandiak aspaldi ez ditu zapaldu kaleok, hark ere euskal kulturan eta hizkuntzalaritzan eragin handia daukan arren. 1980an atxilotu zuten ETAko kide izateagatik, eta 1985ean ihes egin zuen Martuteneko kartzelatik. Ihesaldi sonatua izan zen, kanta ezagun bat sorrarazi zuena, besteak beste. Hain ezaguna egin ez bada ere, Durangoko Bertso Eskolako kide zen Santi Belarrek, Begi ezizenez ezagunagoa zenak, bertso sorta hau idatzi zuen orduan.

Uztailaren zazpian
Egunan erdi-erdian
Berrogeita hamar gizon burnizko
Kaiolan goardian
Seguridade guzian
Ustez ibiliak ziran
Txoriak iges musika entzunaz
Kajaren azpian

Martuteneko kaiola
Ondo itxita zegola
Noren bitartez, zeinen laguntzaz
Ez zaio ajola
Ezin sinistu inola
Txori hoientzat arbola
Urrutitako mendi batean
Zai ta zai zegola

Gogoan dute San Fermin
Ez die on asko egin
Kaiolan zeuden bi txori eder
Batera aldegin
Tripa erre mutur gordin
Atzeko aldean pipermin
Hartu neurriak berriz holakoik
Gertatu ez dedin

Justiziaren gogoa
Katez lotzea zangoa
Bainan txoriak nahiago izan
Mendiko pagoa
Nor ote da hurrengoa?
Ahaztuko duna lehengoa?
Orain nork ez du idatziko “Ni
Ez naiz hemengoa”

 

 

  1. IBILALDIA LUZATUZ: LANDAKO

Pedro Pablo Astarloa kalean behera jarraitu dezagun, Santi Belar, Santi Begi gogoan. Gazteenen artekoa zen Santi Belar 1980etako Durangoko Bertso Eskolan, eta 1990eko hamarkadan zubi lana egin zuen ordukoen eta gure belaunaldikoon artean. Barikuro batzen gintuen bertso eskolan, eta bertsotan ikasten lagundu ez eze, inguruko herri eta auzoetan lehenengo saioak lortzen eta bertso giro bat bizitzen ere lagundu zigun. Donostiara ere eroan gintuen Santik, ibilbide hau hasi dugunean aipatu ditugun Jose Alberdiren garaiko bertsolarien omenaldietara. Baita bertso afariak antolatu ere, gu eta aurreko bertso eskolako haiek batuz. Bertso saio bat antolatzeko deiez, kartelaz, oholtzaz, gaiez arduratzen ere erakutsi zigun. Gazterik hil zen Santi, gu oraindik nerabe plazan hasi berriak ginela, baina bihotzean inpronta sakona utzi zigun betirako.

Pedro Pablo Astarloa kalean behera goaz, baina, eta Montevideon ezkerretara hartuta Musika Eskolaren albotik behera jarraituz, Landako Erakustazokagaz egingo dugu topo. Hantxe dago, Durango garaikideko auzo zabal eta lasai baten erdian, uger koloreko habeekin egindako beirazko Erakustazoka handia. Euskal kulturaren ikur bat berau, huraxe baita azkeneko urteetan Durangoko Azokaren, DA!-ren gune nagusia.

Bestelako hitzorduak ere izaten dira, zelan ez, Landako Erakustazokan. Handienen artean azkenekoetako bat, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak izan ziren. Euskal Herriko Emakume, Trans eta Bolloen kopla txapelketa ere egin zen jardunaldi horietan. Kristina Mardaras bertsolari iurretarrak egin zituen agurreko ohoreak egun hartan, ondo merezita. Bera izan zen, 1986ko Txapelketa Nagusian, plaza publiko ikusgarri batean oholtzara igo zen lehenengo emakumea. Gona jantzita daukagu gogoan, Donostiako Belodromoan oroigarria hartzen, urrun batetik ezer gutxi ikusi genuelako baino gehiago, umeak izanik ere unearen esanguraz ohartarazten gintuelako giroak.

Ondoren, Santi Belarrek antolaturiko eta lehenago aipatu ditudan Durangoko Bertso Eskolako bi belaunaldien arteko juntadizoetan ezagutu genuen Kristina Mardaras;  baita beste hainbeste kantu eta kontutan ere, geroztik. Hauexek dira Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministatan bota zituen bertsoak.

Patriarkatuak gintuen
Lauso, borratuak
Andrazkorik ez zeukan
Aginte kuadruak
Baina aldatu dira
Orduko patuak
Eskuz esku egiten
Ditugu tratuak
Elkarlanean eta
Ondo antolatuak

Hitz egiten dakigu
Argi eta ozen
Aurrez aurrekoari
Begiratuz zuzen
Lanean ari gara
Bideak zabaltzen
Ta hasi gara jadanik
Koadroan agertzen
Ikusten ez den hori
Ez baita existitzen

Jardunaldi feministak
Durangon gaur egun
Hiru mila ta goitik
Ezagun ta ezezagun
Andrazkoa nahi dugu
Indartsu ahaldun
Bertso munduan geuk be
Hemen hainbat lagun
Merezi dogu eta
Gozatu dezagun

 

 

  1. AGURTZEKO ORDUA: PINONDO
Ilustrazioa: Pinondo, Darío de Regoyos y Valdés

 

Landako Erakustazokaren ondoan dago Plateruena, Durangoko kafe antzokia. Durangoko plateruak edo zidarginak izenagaz ezagun ziren anaia bien oroimenez ipinitakoa da izena; XVIII. eta XIX. mendeen bitarteko durangar sortzaileak eurak. Hona Frantzian argitaratutako Historia De Las Naciones Bascasliburuan Juan Antonio Zamakola dimoztarrak, Pedro Pablo Astarloaren laguna zenak, plateruei buruz dioena:

«Zidargin bi ezagutu ditut nik eta oindiño bizi dira, anaiak biak, Juan Kruz eta Antonio izenez; lenengoa, bertsolari ta soñulari trebea: bigarrena, yantzarako oso yayoa. Bizkaian, eta Bizkaitik arago be, amaika lekutan izanak dira, auzo ta errietako jaietara deituta. Lenengoak sekulako gatza eukan bertsogiñen eta zortzikoak joten; bigarrenak, bere umoreko arreba bat lagun ebala (ezkondu bakoa berau), ikusgarrizko yantzaldiak egiten zituen». 

Askotan gertatu ohi denez, ez dugu oraintsu arte arreba plateru horren berri izan, aipatu dugun liburua 1818koa izan arren. 2018an, Plateruena kafe antzokiaren 13. urteurrenean egin zitzaion gorazarre arreba horri, Maria Franciscari; bego, beraz, Plateruena izena hiruren oroimenez.

Eurekin amaituko dugu ibilbide zirkular hau: zirkularra denboran, joan zen mende erdialdean hasi dugun eta gaurko egunetaraino ekarri gaituen ibilaldian berriz atzera egin eta duela ia hiru menderaino joko dugulako; zirkularra espazioan, berriz ere alde zaharreko kaleetara itzuli eta Urkiolako bidean jarriko gaituelako; eta zirkularra forman, neba-arreba plateruei eta aipatu ditugun euskal kulturgileei eskutik helduta sokan joango garelako kalejiran.

Plateruena kafe antzokiaren atzealdetik, Uribarri kalean gora itzuliko gara Andra Mariara, eta Barrenkale kalea hartuko dugu. Kale honetako seigarren etxeko balkoira begiratuko dugu tarte batez, Juan Kruzek egunero jotzen ei zuen-eta txistua bertatik, goizeko hamaika eta erdietatik hamabietara. Barrenkalen gora jarraituta, kale amaieran, Lariz Dorrea topatuko dugu, eta aurreratxoago Santa Ana plaza, eliza, eta, azken bi horiek baino interes handiagoa daukan Santa Ana Arkua.

Lariz Dorrea Durangoko jauregi zaharrenetakoa da, oso kaltetua egon eta gero, 2007an berritu zutena. Aurrealdean, balkoi bati eusten dioten habearen mutur zizelkatuetan egindako figurak eta ojiba-leihoak izan ohi dira aipagarri; historiari dagokionez, 1483an Isabel I.a Katolikoak bertan lo egin zuela da sarri kontatzen dena, Bizkaiko eta Durangoko Merindadeko Foruak zin egitera etorri zenean. Santa Ana Arkua, berriz, Durango zaharra babesten zuten harresien ateetatik gaur arte iraun duen bakarra da. Barroko estilokoa da, 1566an eraiki zuten, eta bi bider berritu dute, 1744an eta 2017an.

Santa Anako Arkuaren azpitik igaro eta aurrera egiten badugu, Pinondo parkera helduko gara, eta, besteak beste, Pedro Pablo Astarloaren eskultura topatuko dugu bertan. Gasteizera eta, beraz, Urkiolara doan errepidearen beste aldean, berriz, Eche-Zuría jauregia dago: jauregi horren lorategia zen Pinondo. Ampuero Bizkaiko goi-burgesiako familiaren udako etxea zen Etxe Zuria. Familia horrek politikari karlistak eman zituen, eta baita euskaltzaleak ere. 1886an Etxe Zurian bertan ospatu ziren, Anton Abadiaren bultzadaz, Jaialdi Euskerazcuak; tartean, Felipe Arrese Beitiaren bertsoekin. Oraintsuago, 1980ko hamarkadan, ampuerotarren alaba batekin ezkondutako gitarra-jole andaluziar bat ibili ohi zen inguruotan txakurrarekin paseatzen, bere atseden egunetan: Paco de Lucía; ez zuen gutxitan joko Paco de Lucíak gaur egun bertso musikatu emanaldietan hain erabilia den Volando voy kanta, Camarón lagunduz, bi-biek flamenkoa, kanta herrikoia hura ere, irauli zuten garaian. Pentsatzekoa da, urte haietan, gurutzatu izango zela Paco de Lucía Jose Alberdi, Santi Belar, Joseba Sarrionandia edo Kristina Mardarasegaz.

Mende eta erdi lehenago, 1828an, Felipe VII.a eta Maria Josefa Amalia de Sajonia Espainiako errege-erreginak Etxe Zurian igaro ei zituzten bi egun, haien aurrekoak bezala euren menpeko lurrak eta jendeak zapaltzera etorrita. Ekainaren 15ean, jauntxoen entretenimendurako, Pinondon dantza luzea eta erreglak eskaini ei zizkieten. Tartean, hirurogeita hamar bat urteko bi anaia ziren aurreskulari eta atzeskulari: Durangoko Plateruak. Juan Kruz lodikoteak adin horretan itxaroten den baino arintasun eta bizitasun handiagoz egin ei zuen dantzan, eta Madrilgo gortetik irten zenetik barrerik egin ez zuen erregina algara batean jarri zuela diote.

Espainiako errege-erreginen kontuak baino gehiago ardura zaizkigu guri, baina, bertako herritarrei buruzkoak, eta badirudi horien artean bai bazutela entzute eta begirune handia plateruek. Bada beste kondaira bat, dioena bideetako lapurrak atera zitzaizkiela behin, Urkiola inguruetan hain justu, eta zeramaten guztia ateratzeko agindu zietela Juan Kruz eta Antoniori. Zilarrez beterik ei zihoazen plateruak; herrietan zehar saltzen zituzten eurek landutako piezekin. Hainbeste zilar ikustean, lapurretariko batek ezagutu egin ei zituen, eta lagunei esan baketan utzi behar zituztela, zilarginok ondraduak eta famatuak zirela-eta. Alde egiten utzi bakarrik ez, lapurrok laguntzat hartuta egin omen zuten bidea elkarri istorioak eta ipuinak kontatzen.

Beharbada jendearen asmakeriak dira pasadizo hauek, edo plateruen euren sorkuntzak. Ia seguru, gertatutakoetatik ederretsitako eta handitutako istorioak. Zelanahi, izan bazen Durangon kulturgile familia hau, eta Causino izeneko euren bertso sortarik ezagunenak erakusten du, zilarren eta bizipozaren artean, zer filosofiagaz bizi izan ziren. 2002an, Oskorrik Vizcayatik Bizkaiara diskoan grabatu zituen bertsoak, eta 2014an, Joseba Sarrionandiak bertso sortaren bertsioa egin zuen Gose taldearen Gosariak diskorako, Alegrantziaren Aldeko Konjura izenburuagaz. Bi kantetan, plateruek eurek sorturiko doinua dute oinarri, eta guztiekin batera kantuan amaiatuko dugu Durangon zehar egin dugun bertso ibilalbi hau.

Secreto andija da ta
Marabillosua
Causinoren liburuan
Aguerturicua

Ez diamante ez perla
Ez urregorriric
Alegrantzia baino
Ez dago oberic

Escolia ederra
Daukagu munduban
Sensañac alegrija
Aurrari cantetan

Ez diamante ez perla…

Causinok esaten dau
Lelengo doñuban
Alegrija dala onena
Biciteco munduban

Ez diamante ez perla…

Munduco tristecia
Melancoliña da
ta au gueisso modubau
Onan quenduco da

Ez diamante ez perla…

Gure jaquituria
Izan da ta izango da
Ez iñori gachic eguin
Jaunaren bildurra

Ez diamante ez perla…

Artu alegria ta
Tristecia ichi
Causinoren liburua
Beti presente euqui

 


 

Ibilbide hau osatzeko hainbat iturri erabili ditut, horien artean garrantzitsuenak, liburu hauek:

Bizkaiko Bertsogintza IV (Xabier Amuriza; Bizkaiko Bertsozale Elkartea, 2006)

Laurehun Herri, Mila Bertso Berri (Xabier Amuriza; Elkar-AEK, 1982)

Durangoko Plateruak (Antton Mari Aldekoa-Otalora; Gerediaga Elkartea, 1984)

Baita Interneteko orrialde hauek ere, besteak beste:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Durango

http://www.durangon.com/ezkurdi-la-plaza-que-rompio-moldes-en-la-arquitectura-vasca/

https://bertsoa.eus/bertsolariak/kristina-mardaras

https://www.elcorreo.com/vizcaya/20140303/mas-actualidad/sociedad/refugio-paco-lucia-durango-201402271314.html

http://mugalari.info/2017/05/23/gerediaga-inagurara-una-placa-homenaje-ampuero-precursor-las-euskal-jaiak-durango-1886/

Erdu Durangora Joxemiel Erdu Durangora Joxemiel Erdu Durangora Joxemiel Erdu Durangora Joxemiel Erdu Durangora Joxemiel Erdu Durangora Joxemiel Erdu Durangora Joxemiel Erdu Durangora Joxemiel Erdu Durangora Joxemiel Erdu Durangora Joxemiel Erdu Durangora Joxemiel Erdu Durangora Joxemiel Erdu Durangora Joxemiel Erdu Durangora Joxemiel