[Gipuzkoa Bertsotan] Utzi azalari sentitzen

Amaia Agirre-(r)en argazkia Amaia Agirre 2025-05-23

Utzi azalari sentitzen –

Ohi baino urtebete gehiagoko tartea utzita, txapelketa urtea dugu 2024a Gipuzkoan. Apirilaren 25ean hasita, bertsoaren gurpila jiraka dabil, lehenik Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea, eta udazkenean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa.

Utzi azalari sentitzen

Bertsolari aldizkariak hala eskatuta, udaberriko atarian joko dugu aldaba. Ariketa ausart samarra hiru saiotara soilik joan naizela kontuan hartuta. Bertsoa.eus webgunean zintzilikatu diren bertsoaldiak izango dira oinarri nire gogoetak eta hautemateak plazaratzeko, baita han-hemen entzunak eta elkarteko langile gisa jasotakoak ere.

Lehenengo fasean 12 bertso saio izan ziren. 74 bertsolari parte hartzen. 16 gai-jartzaile gaiak prestatzen eta aurkezten, eta 15 epaile bertsolarien lana epaitzen.

Gai-jartzaileen eta epaileen taldeei erreparatuz gero, lehen begi kolpean parekidetasuna nabari da. Hots, erdiak dira emakumezko* eta erdiak gizonezko*.

Bertsolariei dagokienez, datuek bestelako argazki bat bistaratzen digute. Emakumeen parte hartzea ehuneko hogeita zortzikoa da lehen fase honetan.

Udaberriko sailkapen fasean 74 parte hartzailetatik 53 dira gizonezkoak, eta 21 emakumezkoak. Udazkenera hiru dozena gizonezko eta dozena bat emakumezko igaro dira.

Datu objektiboak dira zifra horiek, noski. Baina asko esan nahi dute. Bakoitzak egingo du norbere irakurketa, eta bakoitzak aterako ditu kopuruan dagoen desorekaren arrazoiak, baina errealitatea horixe da.

Hala ere, ez dut uste Gipuzkoa Bertsotan plazaz plazako ibilbidearen edo errealitatearen ispilu denik. Ispilatze bat ere ez, noski, dena esate aldera.

Parte hartu duten bertsolarien gehiengoa ez dabil ohiko saioen zirkuituan. Eta gai-jartzaileei begira ere gauza bertsua esan dezaket. Hau ere tamalez egungo bertsolaritzaren isla da. Agian batzuek pentsatuko duzue nire talaiatik erraza dela hau dena esatea, baina niri ere sortzen dizkit neure burukominak gai honek. Inoiz bizkarrera entzun bai, baina gero ni mikrofono baten aurrean jartzera ausartu ez naizen ganbarako gaia dirudien gai-jartzaileen plazaratzea ere gai delikatua da. Anarik dioen moduan “nola ereiten duenak ez duen beti jasotzen” eta “duenak ez du beti ereiten”. Ez dut betelanean aritu nahi gai honekiko. Lan betean ari direnekiko errespetuz. Txapelketako gaiak sortzeko lana zaila eta zehatza izateaz gain, talde lan batean borobiltzen den pieza jakina bihurtzen baita. Buruan bertsolari jakin bat izateko aukerarik gabe. Taldean adostu eta formulatu den gaiak oholtzan defendatzea ez baita beti lan samurra. Bestelakoa da plazako gai-emailearen lana eta zeregina, eta zergatik ez, askatasuna. Baita tonua, intonazioa eta estiloa ere.

Gai-jartzaile baten lanaren atzean dagoen beste detaile bati buruz ere egin nahi ditut bi hitz. Esker on oso gutxi, eta kontrako asko, jasotzen dituen ahalegina eta entrega dela iruditzen zait. Txapelketako gai-jartzailetzaz ari naiz orain, noski. Puntuak jartzen aritu eta trebatu ez denak ez daki zein zaila den zazpi seira galderak eta formulazioak errenditzea. Zailtasuna ez da errima erraz bat topatzea. Zailtasuna ez da puntuen arteko oreka topatzea soilik. Ditxosozko hitza: oreka. Gordeka egindako iruzkinak, kontuan hartu gabe gai-jartzailearen hiru izkinak. Oreka, bat-bateko jardunean ezer ez denean ordeka. Apirilean hasi eta abendu arte 400 gai aurkeztuko dituzte gai-jartzaile taldekoek. Esatea eta jartzea errazagoa da sortzea eta adostea baino. Pentsa taldera eraman baina oholtzara iritsi ez diren beste zenbat gai geratuko ziren bidean. 

Utzi azalari sentitzen

Ofiziotako gai bat bestea baino errazagoa zela, helduleku gehiago zituela… ganbarako gai bakarra izan ordez bi edo hiru izatearen arrazoia… Ohartzen ote gara zenbat ordutako lana dagoen hor atzean? Eta intentzionalitatea? Denei gustua egitea ezinezkoa da. Gustura geratu edo disgustura aritu den haren araberakoa baita askotan gai bat ona edo txarra. Momentuan harrapatu bazaitu, ondo… Tematika horrekiko ezagutza baduzu, hobeto… gorputza zeharkatu badizu, zoragarri… gauza asko daude gai bakar batean ezkutaturik.

Nik podcastean aipatu nuen antzera, gaiak onak ez ezik oso onak ere iruditu zaizkit. Oholtza gainean tenplea eta segurtasuna transmititzeko ahalegina ere antzeman dut gai-emaileen aldetik, eta zozketa egin ondoko eta saioa hasi aurreko ordu erdian izan duten tratua ere gertutik ezagutu ditut, eta eskertzekoa iruditu zait. Beraz, zorionak!

Bestalde, bada antolakuntzan, oharkabean igarotzerik nahi ez nukeen datu eta ezaugarri bat. Aski garrantzitsua dena txapelketa bat baldintza egokietan aurrera eraman dadin. Oholtza gaineko izarrek argi egin dezaten, tabladu azpian ere oinarriak sendo behar dira ikuskizuna bermatuko bada. Jendaurrean erakusten da aurrez bertsolariek, gai-jartzaileek eta epaileek egindako isileko eta itzaleko lana. Alfonbrarik, teloirik eta argiztapenik eskaintzen ote zaio, ordea, boluntario lanetan ari denari? Baietz esango nuke, baina komeni da noizean behin lehen lerrora ekartzea. Aurten ere ahalegin berezia egin da Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen aldetik. Ez dira alferrik egin saio osteko mokaduak. Esker onez aipatu dira tokian tokiko bertso eskolak eta boluntario lanetan aritu diren bertsozaleak.

Kanpotik barrura joanda, txapelketak baditu tentsioa eta presioa eragiten duten ezaugarriak. Zenbakiez ez ezik hitzez ere epaituko zaituztela jakitun izateak norbere mamu eta beldur denak jartzen ditu martxan. Militarte eta militante hitzak korapilatzen dira leku eta ordu berean. Bat-bateko jardunean norberak bere misioa darama. Aurrez landutako teknikaren erakustaldia gauzatzea du xede. Bolbora, txispa eta hitzezko armak. Pauso guztiak eman behar dira ondo errimaren eta esan indarraren ilaratik atera gabe. Zenbaki batek eserleku eta hurrenkera bat markatzetik, ahalik eta puntuazio altuena lortu bitarteko maniobra da. Arriskutsua batzuetan eta arriskuak hartu beharrekoa besteetan. Baina erabakigune handiko lur labaina da oholtza. Biak behar dira argi izan: misioa eta bisioa.

Eta militanteak edo boluntarioak ere badu bere intentzioa. Urduritasuna eta beldurra kontra dituenari lasaitasun puntua ematea hain zuzen. Kontrapuntua. Bertsolariei egokituko zaien eserlekua egokitzea. Bertsolariak jarrera eta antolatzaileak harrera. Eta bostak puntuan, boluntarioei esker ere, hasten da bertsoaren karrera. Nork gaindituko puntuen barrera. Ondo bideratu sarrera, entzuleak aurrera, bertsolariak beharrera, botila urak lurrera, gai-jartzaileak ezkerrera, zalantzak bazterrera… eta kale edo bale… dena saio bakarrera!

Bestalde, bolumen eta dimentsio honetako antolakuntzak eta parte hartzeak badu ukatu eta ezkutatu ezin den alderdi on bat. Denok partaide garen ekosistema hau indarberritzeko garai ezinhobea da udaberria. Loratzen ari diren kimuekin batera, kimatutako hostoak eta sustrai luzeko enborrek hartu dute lur bertsoaren lorategi honetan. Bertso eskolak biziberritzeko eta herriko dinamizaileak elkarlanean jartzeko baliagarri izan da.

Lehen aldiz oholtzaratuko den gazteak ilusioa dakar, eta gazteak zaletzeaz gain, bertsozale berrien multzoa hurbiltzen du txapelketara. Badira entzule taldeak mugitu dituzten beterano batzuk ere, jakina. Txapelketan soilik kantatzen duten bertsolariek ere ez dute meritu makala. Miresmena baino ez diot ausardia eta gogo horri. Horietako pare batek aipatu didate heldutasuna lagun izan dutela, bizitzako esperientziak ere bai… baina gero formulazioan ez dutela asmatu. Errentatik nekez bizi daiteke, nonbait.

Utzi azalari sentitzen

Batzuek udazkenera begira hasi dute udaberria. Beste batzuk, aldiz, udazkenetik edo konfinamendutik atera, eta euren burua probatzera edo esperientzia hori bizitzera joan dira. Berriz ere lagunartean elkartzeko aitzakia. Arantzaren bat ateratzera ere bai, beste batzuk. Eta egongo da Gipuzkoako Txapelketan parte hartu izanaren harrotasun horren bila joan denik ere. “Ni ere han izan nintzen” kontatuko diena bere ondorengoei.

Jokoan asko dutenei, eta presio estra batekin doan taldetxoari, erreparatu nahi nioke nik. Lau urtez behin pasatzen den trenari ihes egiten utzi nahi ez dion bidaiari tropelari hain zuzen. Bidaia ahalik eta gehien luzatu eta luzitu nahi duten gazteez ari naiz. Gipuzkoako lehen bagoira heltzeaz gain Euskal Herriko trenbide gaineko txartela ere eskuratu nahi duten horietaz. Lehen edo bigarren txapelketa duen lehiakideak badu bere ardura, eta bere etxeko lanei hautsa kentzeko nahi eta behar bat ere bai. Plazetan lekutxoa egiten eta bertsogintzari bere alea eskaintzen dien pieza garrantzitsu horiez ari naiz. Egiten eta eragiten ari denaz. Inertzia eta aurreko belaunaldiek jasandako bidesariak eraitsi eta feminismotik eraiki nahi dutenak. 18 eta 30 urte artean daudenak. Belaunaldi berria dator. Ikasteko adina dutenak irakasteko. Eta ez zaie entzulerik faltako esan nahi dutena entzun dezaten, nahiz eta erresistentziak ere agertuko zaizkien bidean.

Aipatu dugu entzulea, eta hemen nabarmentzekoa da egun eta ordu berean herri ezberdinetan egin diren saioen arrakasta. Asteburuaren aurretik egindako saioetan aretoak bete egin dira, eta jende gazte asko ikusi da. Hitzak bere soilean eta lehiak soinean sortzen duen tentsio, arrisku eta magia horrek oraindik jende gaztea erakartzen duela ikusteak poza ematen du. Saio ondorengo mokadutxoek beldurtxoa sortzen zidaten, izan ere, horrelakoetan denok bihurtzen baikara epaile eta ustezko aditu. Eta batzuetan bertsolariarentzat ez da eremu erosoa izaten, eta epaileentzat ere ez. Zenbat buru hainbat aburu. Tokian tokiko bertso eskolak, bertsozaleak eta kultur taldeak aktibatzeko, ordea, oso ideia ona izan da. Baita komunitate bat sortzeko ere.

Epaileen inguruan ez dut hitzik egin, baina saioak entzun gabe ezin inor epaitu. Ez onean, ez txarrean. Zurrunbilo honetan bete-betean lanean ari den lagun batek oroitarazi zigun bezala “ez gaitezen excel taulak izan”. Mokadu garaian tertulia luzatzeko eta gure barruak askatzeko terapia izan daitezke puntuazioak, eta horretaz ere hitz egin behar da, noski. Baina haserretik apenas eraikitzen omen da ezer onik eta… elkarbizitza eta bizirautea den txapelketan, denok jarri beharko genuke gure hondar alea, nahiz eta batzuei hondarrezko erlojua buruz behera jartzen zaien uste baino lehenago. Hemendik pasatu garen guztiok dakigu zer den merezi eta eman aditzen arteko subjektibotasuna eta zenbaterainokoa. Bertsoa silabatan neurtu daiteke baina hortik aurrera… 

Bertsolari bakar baten izenik ez dudala aipatu leporatuko dit agian norbaitek. Edo gai zehatzik ez dudala ekarri, bestela. Baliteke puntuazioaren inguruko adostasun edo injustiziaren baten zain egotea besteren bat. Ni azaleko geruzatik aritu naiz. Sentitu dudanaz. Bertsoaren tripak barrutik ondo ezagutzen duenak badaki non mugitzen garen, eta digestioak batzuetan zein zailak izaten diren. Udazkena bustitzeko garai hobea omen da. Nik orain ere badaezpadare aterkia zabalik izango dut erauntsirik edo erantzunik baletor ere. Ez ahaztu, kontrako eztarritik ere joaten dira mokaduak, eta, doinu batek dioen moduan, batzuetan minberatzen zaizkigu zilbor eta heste, baina gauzak ondo egiteko nahiari esker ona ere zor zaio. Beraz, eskerrik asko txapelketa hain ondo joan dadin eskuak, ahotsak, gorputzak, buruak eta bihotzak jartzen dituzuen guztioi. Eta zorte on!

Utzi azalari sentitzen  Utzi azalari sentitzen  Utzi azalari sentitzen  Utzi azalari sentitzen  Utzi azalari sentitzen  Utzi azalari sentitzen  Utzi azalari sentitzen  Utzi azalari sentitzen  Utzi azalari sentitzen  Utzi azalari sentitzen