Glosa Mallorcan: eboluzioa eta ebaluazioa

Glosa Mallorcan: eboluzioa eta ebaluazioa –

Testua: Mateo Matas Xuri (erredakzioan itzulia)

 

Glosa Mallorcan: eboluzioa eta ebaluazioaBidea oinez egiten dela diote. Baina batzuetan merezi du ibiltzeari uztea, geratu eta pasatu denaren zein gertatzea nahi dugunaren perspektiba hartzeko. Posible da glosak Mallorcan aldaketa gehiago jasan izana XXI. mendeko lehen urte hauetan, azkeneko bi mendeetan baino. Idatzi honekin dudan asmoa da, beraz, nire iritziz egoera honetara ekarri gaituzten arrazoiak azaltzea, egungo panorama zehaztu eta etorkizuneko erronka nagusienetako batzuk orraztea. Garaipenez eta porrotez hitz egin beharko dugu, tradizioaz eta modernitateaz, edukiaz eta teknikaz, glosadoreaz eta entzuleaz… Funtsean, bat-bateko ahozko poesian dauden dikotomia edo pendulu kulunkariez.

Biziraupen baten mamia

Garatu beharreko analisia tentuz egin nahi badugu, 90eko hamarkadara jo behar dugu atzera. Jakinekoa da pasa den mendean ahozkotasunak eta herri kulturak dekadentzia etengabea bizi izan zutela, bai arrazoi demografiko zein kultural edota soziopolitikoengatik. Mallorcak landa gunea izateari utzi zion turismo gune bilakatzeko, eta glosa, bizipen-sustrai izatetik, museoetan sartutako elementu folklorizatu bihurtu zen. Hala eta guztiz ere, glosak biziraun egin zuen iruditeria kolektiboan; hala nola Sant Antoniko festaren bitartez, errepertorioko glosa bat ezagutzen zelako, idatzizko glosen argitalpenen bidez eta herrigintzan zirauten glosadore zirkustantzialak edo iraun zuten glosadors de picat (inprobisatzaileak) gutxi haiek tarteko. Tradizioa mantendu zuten hari fin horiek batetik, eta glosa betiko galtzeak sortzen zuen beldurrak bestetik, ahalbidetu zuten Canonge de Santa Cirga elkarteak, Manacorren egoitza daukanak, indarra egitea glosa eta glosadoreak berriro erdigunean jartzeko, Felip Munar eta Mateu Llodraren eskutik. Glosatsak eta emankizunak antolatu zituzten, glosa tailerrak egiten hasi ziren, oraindik jardunean zebiltzan glosadoreak lagundu zituzten… Baina, ai!, zeinen zaila den denborak baztertutakoa ikusgarri bihurtzea.

XXI. mendeko lehen urteetan gertatu zen Mallorcako bat-bateko glosaren biziberritzea eta gorakada azaltzen dituen faktore erabakigarriena: belaunaldi erreleboa eman zen oholtzan agertu ziren glosadore berriekin. 2003an Juan Planisi, Antoni Socias, Rafael Roig eta Jaume Juan beteranoekin glosan hasi zen 20 urteko gazte bat, Felipe Munarren eskutik. Mateu Xuri (baimendu iezadazu ene buruaz hirugarren pertsonan mintzatzea) rara avis bat zen orduan, ezohikoa. Glosa familia tradiziotik ezagututa, denbora laburrean eta arestian aipatutako glosadoreei esker, haize ufada berri bat eraman zuen Canonge de Santa Cirga elkartera. 2004. eta 2005. urteetan gauzatu ziren arnasa luzeko lehen glosa tailerrak, eta haietatik glosadore uzta jaso zen: Toni Llull, Toni Galmes, Xisco Muñoz, Catalina Forteza, Jordi Cloquell, Toni Viver, Margalida Cortes… Une haietan glosara ahots berriak txertatzeko zegoen hil edo biziko beharrak baldintzatu zituen eman ziren pausoak. Garrantzitsuagoa zen kantitatea kalitatea baino, bagenekielako halabeharrez batak bestera eramango gintuela. Kontuan izan behar dugu glosadore horiek, belaunaldiari dagokionez, glosadore zaharren eta Mateu Xuriren artean kokatzen direla; handik gutxira batu ziren Macia Ferrer, Antonia Pipiu eta Blai Salom; Pere Joan Munar eta Llorenç Cloquell, kolektiboaren batezbesteko adina jaisten dutenak.  Arian-arian eta modu naturalean zaharrek tokia uzten diete gazteei, belaunaldiak nahasten dira eta, ondorioz, Glosadesetako publikoa heterogeneoagoa da.

Hazteko beharreko bulkada

2008an, Glosadors de Mallorca kultur elkarteak lekukoa hartu zion Canonge de Santa Cirgari, ordu-arte glosadoreei estalpea eman zien taldeari. Antolatu zituzten hamar erakusketa internazionalak mugarri oso garrantzitsuak izan ziren, gazteei mundu guztiko inprobisazioekin blaitzeko aukera eman zietelako, baita irlatik kanpo glosatzera joateko ere.

Mende honetako lehen hamarkadak glosa eta glosadoreak oholtzan egonkortzeko balio izan du. Glosades gehienak instituzioen babesarekin  antolatzen ziren (udalak, gobernua, entitateak, elkarteak…), eta plaza eta teatroetan jokatzen ziren. Manifestazio herrikoi baten instituzionalizazioak arriskuak dakartzan arren, glosadoreak, pixkanaka, glosa funtzionalitateaz hornitzen joan ziren, eta ordu arte ezezagunak izan ziren gizarteko zenbait esparrutan sartzen. Glosadoreek irrati eta telebistetan presentzia handiena izan zuten urteak izan ziren, bat-bateko kantuaren ezagutza eta zabalkundea hauspotzen zuten programekin, desiratutako kalitatea beti lortzen ez zen arren.

Igoera etengabe horretan (bai inprobisatzaileetan, bai emanaldietan), edozein iniziatiba hazten jarraitzeko aukera gisa ulertzen zen. 2009an eta 2010ean ehun ekimen inguru egin ziren glosaren inguruan, eta gainera, geroz eta anitzagoak. Glosatu zitekeen bai herriko jaietan, bai liburu baten aurkezpenean, unibertsitatean edo hirugarren adineko jendearentzako zentro batean. Glosadoreek estatusa irabazten dute egiten duten glosa bakoitzarekin.

Bigarren hamarkadan krisi orokor baten testuinguruan aurkitzen gara, non kultura bera ere ahultzen doan; eta, logikoki, jada kulturako elementu bat gehiago den glosa ere bai. Glosada instituzionalak jaitsiz doaz, irletako egoera politikoaren ondorioz areagotzen doan egitatea. 2011. urteko hauteskundeetan Jose Ramon Bauzaren gobernua sartzen da, hizkuntza katalanari modu basatian erasotzen diona; eta, ondorioz, ehun kulturalari. Glosadoreak zenbait herritan esandakoagatik zentsuratzen dituzte; ahozko inprobisazioaren historian berria ez bada, oso gutxitan ikusitakoa.

Glosa, hitza, gizarteak aintzat hartzen duen arma kritiko bilakatzen da. Gainera, glosada pribatuak areagotzen dira, tabernetan bereziki. Horrek glosadoreak publiko berri batengana hurbiltzea eragiten du, ezberdina eta gazteagoa, eta, ondorioz, glosadore berriak sortzen dira: Maribel Servera, Joan Toni Sunyer, Sebastián Adrover… Helduentzako tailerrak etengabe egiten dira irla osoko herrietan. Urtetik urtera glosa tailer gehiago egiten dira eskola eta institutuetan, gehienbat Sant Antoni festaren inguruan, glosadore berri askoren lehen kontaktu puntua.

Oinarri soziala geroz eta zabalagoa da; jada ez dauzkagu glosadoreak bakarrik, baizik eta glosaden jarraitzaile iraunkorrak ere bai. Berrikuntza eta eboluzio urteak ere badira. Tonada eta melodia berriak txertatzen dira, publikoarekin elkarreragiletasuna geroz eta handiagoa da, musika eta rapa bezalako diziplinekin fusioak hasi dira… Alditik aldira, glosadoreak geroz eta perfekzio tekniko handiagoaren bila dabiltza, filigrana linguistikoarena. Teknika eta edukiaren artean kulunkan dabil pendulua. Glosa tradizionalena eta berritzaileenaren artean ematen da elkarbizitza.

2012-2014ko tartean glosada marka guztiak gainditzen dira: ikasleenak tailerretan, sare sozialetako presentziarena… 2013an ospatu zen 12 orduko bat-bateko glosadan (urtero Herrialde Katalanetan egiten den ekimen ibiltaria) Manacor, Mallorcako glosaren erdigunea, pil-pilean dago. Jende askok egiten ditu glosak eta parte hartzen du Glosadesetan. Manacorreko Sant Antoniko xinbombadesetan jendetza biltzen da. Glosada bikoitzak ezartzen dira, ofiziala eta ofiziosoa. Hau da, tailerretako ikasle askok tabernetako Glosadesetara joan eta glosadoreekin abesten dute parte formalena amaitzen denean.

Glosadorearen irudia inoiz baino aldarrikatzaileagoa da testuinguru politiko eta sozialaren ondorioz. Pendulua kulunkan dabil. Glosa monotematizazio politikoarekin zeharka gehiegi ebakitzeko arriskua dago. Azken denboraldian 20 urteko glosadoreak irten dira institutuetako tailerretatik, Migel Angel Adrover edo Pau Riera kasu. Baita Miquel Servera bezalakoak ere, tailer batetik pasatu gabe glosatzen dutenak.

Pendulua kulunkan dabil. Glosaren ospeak ahots berriak sortzea ahalbidetzen du modu naturalean. Baina batez ere izugarri garrantzitsua da glosadoreen inguruko jendearen ekarpena: glosadak proposatu, antolatu eta jarraitzen dituen talde handi samarra. Horregatik zabaldu nahi ditu bere ateak Glosadors de Mallorca elkarteak eta pertsona horiek guztiak batu, beren ekarpena egin dezaten: ezinegonak, zalantzak, erronkak, hausnarketak…

Ezinezkoa zirudien bidea egin dugun arren, oro ez da urre. Lan asko dago oraindik egiteko, oraindik esploratu behar diren zenbait bide. Ondorio gisa azaltzen saiatuko naiz hausnartzera bultzatu eta arduratu beharko gintuzketen zenbait problematika. Gaur egun glosak funtzionalitatea daukan arren, glosadoreekiko ikuspegi folklorizatua dago oraindik gizarteko eremu zabal batean. Oraindik ere glosadore batek lantzea ulertzen ez den gai arantzatsuak daude, glosa bera, jende askorentzat, entretenimendu hutserako baliatu beharko litzatekeelako, barrea eragiteko. Beharrezkoa da glosadoreak eta publikoa hazten joatea. Glosadoreek esperimentatzen eta eraberritzen jarraitu behar dute, entzuten dituztenekin konexioa ez galtzen saiatuz.

Fusio bakoitzean eman behar da hori, glosa poesiarekin bezala; melodia eta metrika berrien esplorazio bakoitzarekin; formatu edo performance aldaketa bakoitzean; txertatzen diren elementu berri guztiak asimilagarriak izan behar dira gehiengoarentzat, zeren eta Miquel Sbert adituak dioen bezala, ardo gazteak gara zahagi zaharretan. Ardo gaztea, lehenik, “ondo sartu” behar da; baina ondoren, gradualki, kontsolidazio maila bat lortzen joan behar da, sozialki barneratutako kalitatezko produktu bilakatzeko.

Glosak irlako lurralde eta demografia dualitatea ere islatzen ditu. Mallorcako herri gehienetan gauden arren, ia ezezagunak gara Palman, biztanleriaren erdia bertan bizi arren Glosaden %10 egiten ez den tokian. Esan daiteke hori herri kulturaren adierazpide gehienekin gertatzen dela, dantzarekin egiten den ñabarduraren bat salbu.

Bestalde, ez da lortu glosa hezkuntza tresna gisa ikusaraztea. Eskoletan, urtetik urtera, glosa tailerrak biderkatzen doazen arren, funtsean ikasleek generoarekin azaleko kontaktu bat izateko besterik ez dute balio. Puntu honetan, ziurrenik, hezkuntzako arduradun instituzionalen sentsibilitatea eta laguntza falta zaizkigu. Jada badaude proposamenak norabide horretan, baina beharrezkoa da hurrengo urteetan ahaleginak biderkatu eta glosa indar gehiagorekin sartzea ikasgeletan; ez glosa objektu gisa ulertuta, baizik eta transmititu ditzakeen ezagutzengatik, bai maila linguistiko, kultural, sozial eta konpetentzialean.

Komunikabideetan ere presentzia handitu beharrean gaude, prentsa idatzian zein irrati-telebistetan; kontuan izanda, bestalde, bat-bateko ahozko poesiaren hauskortasuna masa hedabideetan sartzen denean, eta trataera axolagabe edo instrumentalizatuak sortu ahalko lukeen folklorizazio arriskua. Ez dago glosarekin lotutako ekitaldiei modu iraunkorrean espazioa eskaintzen dion hedabiderik, salbuespen bereziak kenduta. Lanean jarraitu beharra dago glosa sare horietan presente egon dadin, bere existitzeko arrazoiaren esentzia galdu gabe.

Tradizionalki glosadoreei ordainsariak eman zaizkie beren jardueragatik. Gaur egun, oraindik ere, kosta egiten da hori ulertaraztea. Glosadore bakoitzak, gutxi gorabeherako bariazioak egon daitezkeen arren, 100€ kobratzen ditu glosadako. Dena den, asko egiten dira kobratu gabe, bai kausa batekiko elkartasunagatik, konpromiso pertsonalengatik edota ekimenak berak glosari eman diezaiokeenagatik.

Une honetan ez dago irizpiderik erabakitzeko nor den, eta noiztik aurrera, glosadorea (Norena da konpetentzia? Egon behar al da?). Erabaki pertsonala da glosadore bilakatu eta zirkuituan sartzeko oinarrizko koska. Konplikatua da, eta beti izango da, Glosadetan parte hartzea. Gehiago deitzen diete glosadore batzuei beste batzuei baino. Gainera, erantsi behar da, gaur-gaurkoz Glosada gehienak taberna, jatetxe eta elkarteetan izaten direla, pribatuak direla (urtebetetzeak, ezkontzak…) eta azken postuan instituzionalak daudela, glosadore berriek parte hartzeko aukera handiena eskaintzen dutenak.

Bestalde, azpimarratu behar da glosa diru laguntza gutxi jasotzen dituen kultura jarduera dela, arestian aipatu ditugun lehen urteak salbuetsita. Profesionalitatearen afera ez dago itxita. Jardunean dabiltzan ia glosadore guztiek daukate beren ogibidea, eta glosa diru sarrera bat ematen dien afizioa besterik ez da. Ezin dugu gai ekonomikoa lehen planoan jarri, baina onuragarria da glosara dedikatu daitezkeen glosadoreak egotea, askoz gehiago baita eman dezaketena bueltan jasotzen dutena baino.

Pendulua kulunkan dabil; eta hori positiboa da. Bakoitzak glosaren inguruko bere ikusmoldea dauka, eta lortu behar dugu denek elkarrekin bizi ahal izatea. Teknika eta edukiaren arteko oreka aurkitzen saiatu behar gara. Teknikoki geroz eta zehatzagoak gara, bertutetsuagoak, terminoa balekoa bada; baina ez genuke ahaztu behar bat-bateko glosa faktore askoren mende dagoela, ez testuarena bakarrik, ekintza komunikatibo magiko eta zorabiagarria den heinean.

Funtzioz umezurtza zen glosatik gentozen, eta, agian, pendulua gehiegi kitzikatu eta sobera itsutu gara batzuetan. Testuinguruak testua eta egoera baldintzatzen ditu: mezua. Egunetik egunera gehiago gara, kantitatean eta kalitatean. Glosadore gehiago, zale gehiago, publiko gehiago, formakuntza gehiagorekin, tailer gehiagorekin eta ilusio gehiagorekin. Honaino egin dugun bidea pentsaezina zen; aurrerantzean egin behar duguna sumatu dezakegu. Etengabe birkokatu, belaunaldi gazteenak erakarri eta datozen erronka guztiak onartu, erakusteko Glosa lengoaia izugarri baliotsua dela. Glosatu, glosatu eta glosatu! Gure praktikarekin zorrotzak eta kritikoak izan.

Ulertzen dut horiek direla etorkizuneko koordenatu nagusiak ahozko bat-bateko poesiarentzat, Mallorcan eta bazter guztietan.

Glosa Mallorcan: eboluzioa eta ebaluazioa
Glosa Mallorcan: eboluzioa eta ebaluazioa
Glosa Mallorcan: eboluzioa eta ebaluazioa
Glosa Mallorcan: eboluzioa eta ebaluazioa
Glosa Mallorcan: eboluzioa eta ebaluazioa
Glosa Mallorcan: eboluzioa eta ebaluazioa
Glosa Mallorcan: eboluzioa eta ebaluazioa
Glosa Mallorcan: eboluzioa eta ebaluazioa