Ijitoak ere bagara

Ijitoak ere bagara –
Txirritak ijitoei dedikaturiko sorta hura bertso jarrien bilduman sartu zuenean (Makazagak argitaraturiko harako Txirritaren testamentua hartatik bilduta), Jose Ramon Erauskinen hitz batzuk txertatu zituen Antonio Zavalak, bertsolariaren ilobak osabari adituta kontatu zizkionak, hain xuxen ere: “Tolosa’ko edo Ernani’ko peri-egun batean, ijito-kuadrilla aundi bati kantatu zizkion, mai baten gañera igota. Oso pozik egon omen ziran bertsoak entzuten, eta ondoren onela esan zioten: -Beste guziak egia dira, bañan ijitoak ez gera lapurrak![1]”.
Alegia, ijito talde bat oso pozik egon zen bertso haiek entzuten.
Eta kontuan hartzeko bertze ohar bat ere egiten digu aita Zavalak bere argitalpen hartan berean: “Bertso auek ez dira Txirritaren illobak kopiatuak, arek Gazteluene’ra etorri bañon len jarriak dira”. Horrek erran nahi du bertsoak 1919 baino lehenagokoak direla.
Beraz, badaezpada ere, denok garbi ulertzeko, entzuleen artean zeuden ijito haiek euskaldunak ziren, segur aski euskaraz erdaraz baino hobeki moldatzen zirenak. Euskal herritarrak eta bertsolaria bera bezain euskaldunak, nahiz eta Joxe Manuelek “ijito jende horientzat” kantatu, arrotzak balira bezala, berak euskalduntzat hartzen zuen gutasun batetik apartekoak.
Bertso horien denbora bertsukoa da Jean Barbierren Antxitxarburuko buhamiak, 1895ean idatzia baina 1970. urtean argitaratu zena lehenbiziko aldiz (Gure Herria astekarian, hiru zenbakitan), eta handik urtebetera berriz ale bakarrean, Ikas bilduman. Nafarroa Behereko buhame komunitate baten berri ematen digu donibanegaraztar idazleak bere lunetak jantzirik dituela: “Donapaleutik heldu zira Donibane-Garazirat buruz. Donazaharren sartzean berean ezkerretarik ikusten duzu etxe-moltzo bat: herrixka bat bezala egiten dute egoitza horiek, eta hori dute Antxitxarburu deitzen (…) Aspaldi danik Antxitxarburun kokatuak ditazke Buhamiak. Gure aitaso-amasoek hor ezagutu dituzte, ba eta naski hauien aitaso-amasoek ere (…) Xahar okitu batzuek salbu, Buhamiek ez dute orai mintzaire hori erabiltzen biziki guti baizik (erromintxelaz ari da). Eskuaraz gu bezalatsu ari dira (…) Horra bada Buhamiak emeki-emeki herrikotuak eta Eskualdun garbiekin elhaire[2]”.
Obra hori izkiriatu zuenean hogei urte bertzerik ez zuen Jean gaztearen iduriz ere buhameak ez ziren “gu”tarrak, baina eskualdun “garbi”ekin batera bizi ziren, elkarren bizilagun ziren.
Bertzalde, Ikas bildumako liburu hari Ondoko solasa erantsi zion Piarres Lafittek ohar hau egiten zuen hantxe berean: “Barbierrek aitor zuen ari zirela (buhameak) herrikotzen, jendetzen, prestutzen”, eta Piarresek berak ere bere iritzia ematen zuen segidan: “Jadanik arras gurekilakatu dira, ala bizimoldez, erlisionez, mintzairez ala jendetasunez”.
Hernani edo Tolosako feriakoa eta Donazaharreko auzo batekoa, idatziz ailegatu zaizkigun bi lekukotasun, orain dela 120-130 urtekoak. Lehenagokoak ere baditugu, ez gutti, ikasi nahi duenarentzat.
Horra Uztaritzeko kondea erraten zioten harena, konparazio batera. Iturbide zuen deitura, eta Lapurdiko herri hori omen zuen bizileku, nahiz mugaren bi aldeetan ibiltzen omen zen lagun talde batekin. Auzitara eraman zuten Sunbillan eginiko lapurreta bat zela medio. Iruñeko epaitegian euskaraz egin behar izan zuen deklarazioa 1597an, ez baitzekien gaztelaniaz: “Vay gu eçeçe verçe ijitoric ere va duc Vaztanen[3]”. Erranen nuke konde hura duela burutan Axularrek berak haragiaren bekhatuaz ari denean, erraten baitu begiratu behar dela “ukitzea, eskuztatzea eta hazkatzea… Zeren hura da ohoiñen kapitaina: ijitoen kondea”[4].
Gauza jakina da, bistan dena: Ekialde urrunetik nomada gisa aspaldi handian abiatu zen herri hartako gizon-emakume aunitz orain dela sei mende hasi zen estatuen arteko mugaren bi aldeetako euskal lurretan laketzen, errotzen, sustraitzen, han-hemenka, Iparraldean bezala Hegoaldean[5].
Errotze horren ondorioz, Euskal Herriko herri anitzez erraten da “ijito herri” direla. Zenbait buhame komunitatek bizilekua finkatu zuten herri jakin batzuetan[6], Jean Barbierrek kontatzen digun Antxitxarburu hartan bezala. Konparazio batera, historialari askok seinalatu digute Ziburun eta Donibane Lohizunen errotu zela buhame komunitate handi bat, “kaskarotak” deitzen zietenak, zeinak ikertzaile batzuen iduriz[7] segur aski bi etorkitakoak izanen baitziren bederen, agotak eta ijitoak, euren artean gero nahasi zirenak (baita Antxitxarburun berean ere, Arizkungo Bozaten bezalaxe).
Gipuzkoako Oriori ere erraten baitiote ijito herri, Anjel Lertxundik 2010eko irailean ekarri zuen gaia Berriako bere zutabera, dotore ekarri ere: “Oriotarroi ijitoak deitzen digute, irain moduan askotan. Deituraren zergatiaz entzun ditudan argibide ugarien artean, ederrena (…): inguruko herrietan inork ijitorik nahi izaten ez, eta Orion ematen omen zitzaien beren kanpamenduak eraikitzeko aukera. Ez dakit horregatik garen ijitoak, baina hala balitz, iraina lore bihurtzen zaigu”[8].
Irain moduan erraten zaio inori ijito. Inork ez du nahi ijitotzat hartua izan; izan ere, berri onik ez dator inondik ijitoarentzat. Lertxundik berak salatua du fama txar hori gure artean zabaldu izana: “Ugariak bezain iraingarriak dira euskaldunon oilalur literarioan ijito lapurrei buruzko akuilukadak; ijitoa eta lapurra etengabe berdintzen dira gure ahozko tradizioan ere”[9].
Patxi Etxeberria oriotar bertsolaria aspertu egin zen gai-jartzaileek behin eta berriz gai hori proposatzen ziotelako: “Gai-jartzaile askok jarri izan dute gai hori eta kantukide askok ziri modura sartu, eta egia esan, graziarekin ez dut hartu beti”[10].
Beraz, gai-jartzaile askok jarritako gaia, bertsolari kantukideek ateratakoa ere bai. Txistea egin nahi, irria eragiteko asmoa, ahulagoaren kontura; hemen ere, jomuga bertze hura baita, haiek ez baitira gutar, gu ez baikara ez ijito ez buhame.
Eta ustezko konplizitate keinua egin entzule-hartzaile multzo ergelduari, denok irri egin dezagun. Ez gai-jartzaileak ez bertsolariak ez dute uste iraintzat hartzen den horrek (testuinguru horretan ziri gisara erabilia) entzulerik minduko duenik, haien ustez ijitorik ez baitago bertsozale euskaldun puruen artean.

Maskaradetan ere (eta antzeko bertze usadio batzuetan) gisako zerbait gertatzen dela kritikatzen du Nicole Lougarotek[11]. Buhameak karikaturizaturik ageri dira. Han ere lapurrak dira, nola ez, ohoinak; eta mozkorrak; eta alferrak ere bai. Antzezleek helburu bera dute, jendeari irria eginaraztea. Ez zaie burutik pasatzen laidoa izan daitekeenik ikusle diren buhameentzat, bertze diren haientzat.
Buhameen parodian ez da beti nahitaez ijito herria mendratzen, Hegoaldean behinik behin, baina deigarriak izaten dira antzezpen klase batzuk. Adibidez, ijitoen kontra noiznahi gaizki erranka ari denak ez du inolako problemarik izaten kaldererotan tzigano-zingaro jantzirik agertzeko, haien behialako arropa koloretsuek liluraturik, ezpainak gorri, buruan zapia eta beharrietan uztaia. Gauza bera izaten da ihauterietan ere. Zenbaitek ez luke kalte gogoeta ttipi bat egitea jokabide horretaz.
ETBko pantailak berak ere behin baino gehiagotan parte hartu du feria berean eta manera bertsuan (orain berriz ere ematen hasiak diren Vaya semanita arrakastatsuko aspaldiko esketx batzuk ditut burutan; baina ez da programa horretan bakarrik).
Eta batean nahiz bertzean, egiazko ijitoak bazterretik begira, soraio.
Euskal gizartean denboraren buruan gertatzen joan diren egiturazko aldaketa guziek (industriaren garapena, laborantzaren eta abeltzaintzaren bilakaera, migrazioak, eskolaratze orokorra, teknologia berriak eta abar) ijito komunitatean berean ere izan dute eragina, Euskal Herria den ore hori osatzen duten gainerako gizatalde orotan bezalaxe. Mendetako bizimoduak eta adierazpen kultural batzuek indarra galtzearekin batera, lan mundu berrira sartzea eta bertze etnia eta kulturetako jendearekin nahastea etorri da, urtzea.
Milaka euskal herritarren baitan arras galduak dira ijito nortasun propioaren arrasto guziak; ez da misterio, sei mende joan baitira. Eta bertze hainbertzek isilik gordetzen dute mendetan zigortua eta jazarria izan den nortasuna, euren erroen kontzientzia galdu gabe.
Nicole Lougarot zuzenean joan da solas egitera garai batean buhame komunitateetan bizi izan zirenen ondokoengana, haien hitza aditzeko. Bere liburuko Buhame ondokoei hitza atalaren sarreran, honela mintzo zaigu ikertzailea: “Badaude batzuk beren Buhame leinua ezagutzen dutenak eta familiaren historia ere bai. Eta beste batzuk hori deskubritzen dutenak genealogia ikertzen hasi ondoan. Dena den, ez dira anitz publikoki aipatzen dutenak[12]”. Lau lekukotasun bildu ditu: Céline, Mikola, Corinne eta Firmin. Zinez interesgarria da haien ahotsak aditzea. “Baina zer gara gu?”, hasten da galdezka haietako bat, eta ondorio garbira ailegatzen da: “Buhame jatorriko euskalduna naiz”.
Lougarot kexu da, bere azken obraren izenburuan txertatu duen galderak adierazten duen bezala: Buhameak, Historiarik gabeko jendeak? Liburuan, azken hitz gisa, honela dio: “Ipar Euskal Herriko buhameen Historia ezezagun geratzen da, historialari garaikideek ez baitiote interesik erakutsi”[13].
Arrazoi du, ezjakintasuna da nagusi gure artean; baita artisten “arte”an ere. Zer ikusten du bere buruan gai-jartzaileak ijito hitza handik edo hemendik agertzen zaionean edo berak ahoskatzen duenean? Zer gogoeta eragiten dio bertsolariari?
Estereotipo zabalduak dio ijito jendea arriskutsua dela eta bizkarroi modura bizi dela azpimunduan. Eta bai, bada ijitorik marjinazioan bizi denik (baina marjinazioan ez-ijito zenbat ez ote da bizi!) eta bada ijitorik gaizkiletza lanbide duenik (baina gaizkile gehienak eta handienak ez dira ijito), baina horiek ijito komunitate historikoaren parte bat baino ez dira. Hori bertzerik ikusten ez duenak, arbola ikusten du, eta ez haren atzeko oihana. Nicole Lougarotek ez zituen bere lekukotasunak bilatu bazter auzoetako etxe ilunetan.
Diren baino ezagunagoak izan beharko genituzke Jabier Etxeberria Nabarlaz[14] (1811-1911), Ezkirozko ttunttuneroa; Kaxilda Hernáez Vargas[15] (1914-1992), Zizurkilgo anarkista eta feminista; edo Telmo Zarraonaindia Montoia Zarra[16] (1921-2006), erandioztar futbolari ospetsua.
Kaxilda Hernaez, Telmo Zarra eta Jabier Etxebarria
Ijito kastako euskal herritarrik ez da falta unibertsitatean (ikasle nahiz irakasle), komunikabideetan (kazetari, esatari, kamerari), osasungintzan, polizian, borroka armatuan, politikan, edozein lantokitan, edozein bulegotan, sormenaren edozein alorretan, baita bertsolarietan ere. Nafarroa ez eze Euskal Herria ere arrago baita, eta ijitoak ere bagarelako behelaino artean.
[1] Antonio Zavala – Txirritaren bertsoak (II). Auspoa, 1971 (1992ko edizioan zerttobait aldaturik)
[2] Jean Barbier – Antxitxarburuko buhamiak. Ikas, 1971
[3] Armiarma.eus – Klasikoen gordailua – Sunbillako ebasketa, 1597
[4] Pedro Agerre Axular – Gero, bi partetan partitua eta berecia, 1643
[5] “El pueblo gitano llega en el siglo XV a Euskal Herria para no abandonarla jamás…” David Martín Sánchez – El pueblo gitano en Euskal Herria. Txalaparta, 2017
[6] “Hay que distinguir entre aquellos grupos de gitanos que residían en las villas de manera más o menos constante y los que continuaban con la itinerancia, aunque fuese en un radio de cien o doscientos kilómetros. Familias como los Bustamante, ya a mediados del siglo XVII, estaban asentadas en las villas navarras …” David Martín Sánchez, id.
[7] Nicole Lougarot – Buhameak, Historiarik gabeko jendeak? Gatuzain argitaletxea, 2021
[8] Anjel Lertxundi – Hitz beste/Berria, 2010eko iraila
[9] Anjel Lertxundi – Letrak kalekantoitik. Alberdania, 1996
[10] Etxeberriari egindako elkarrizketa batetik bilduak ditut hitz hauek horrelaxe, baina galdua dut erreferentzia.
[11] Nicole Lougarot, id.
[12] Nicole Lougarot, id.
[13] Nicole Lougarot, id.
[14] Ikus: https://dantzan.eus/hemeroteka/tio-javier-el-chunchunero-gitano8-de-julio-de-1911 edo
https://www.euskonews.eus/0632zbk/efem63203es.html
[15] https://eu.wikipedia.org/wiki/Kasilda_Hern%C3%A1ez
[16] https://rfef.es/es/noticias/7-cosas-que-quiza-no-conozcas-telmo-zarra