Iparragirre, lehen bertsolari mediatikoa eta inoiz izan den mediatikoena

2021-01-11

Iparragirre –

Testua: Antxoka Agirre
Argazkiak: Urretxuko Udala
Marrazkiak: Txema Gartzia Urbina

 

Iparragirreren jaiotzaren berrehungarren urteurrena ospatu berri da eta oharkabean pasatu den alderdi bati erreparatu nahi dio lan honek, urretxuarraren dimentsio mediatikoari. Batetik, hedabideetan presentzia garrantzitsua izan zuen lehen bertsolaria izan zelako, eta, bestetik, oso luzaroan inork baino askoz ere presentzia gehiago izan zuelako: 1980 aurretiko prentsan berari buruzko 442 testu topatu diren bitartean, testu gehien dituen bigarrenak, Xalbadorrek, 289 ditu, eta hirugarrenak, Basarrik, 175. Benetan figura interesgarria izan arren, azken hamarkadetan oihartzun hori apalduta erdi ezezagun bihurtu zaigu, eta, honenbestez, beharrezkotzat jo da errepaso bat ematea.

 

Iparragirre

 

Zenbaitetan, Iparragirre bertsolaritzat har ote daitekeen ere zalantzan jarri izan da: Xenpelarrekn bere bertso famatuan luzatu zion desafioaz harago, hare bat-bateko jardunaren arrastorik ez da gorde. Abeslari gisa egin zen ezagun, berak ‘euskal kantari’ gisa definitzen zuen bere burua, eta, garaiko prentsan, bardo edo trobalari gisa aurkezten zuten gehiago bertsolari gisa baino.

Gerora egin izan diren analisietan ere, zenbaiten ustez, kantariagoa da bertsolaria baino (Amuriza, 1981), beste batzuek bertsolari eta kantariaren tarteko hibridotzat daukate (Lekuona, 1982 eta 1987), eta badago bertsolari txar gisa definitzen duenik ere: “No hay duda alguna de que Iparraguirre era bersolari. Malo, pero bersolari” (Aresti, 1965: 12). Inork ez dio ukatzen, ordea, bertsolaritik ere badaukanik, eta bertsolaritzaren historiari buruzko lan guztietan jasotzen da Iparragirreren ekarpena.

Izatez, prentsa historikoan Iparragirre aipatzen den testuetan bere bizitzak izan dezake protagonismoa, edo foralismoak, edo legitimismoak, edo abertzaletasunak, edo bere figuraren garapen gisa garai ezberdinetan batzuk eta bestek buruturiko lanek… Bertsolaritzari ez zaio toki handirik gordetzen, baina horrek ez du esan nahi bertsolaritza aipatuko ez denik. Bertsolari, bardo nahiz trobalari gisa definitu, askotan esaten da euskal inprobisatzaileen tradiziotik sortua dela eta, zenbaitetan, tradizio honi lerroren bat eskaintzen zaio. Edota bere musikaz ari direnean, esaterako, euskal doinuei egiten zaie erreferentzia, eta, zenbaitetan, bide horretatik ere iristen dira bertsolaritzaraino. Beraz, esan daiteke Iparragirrek bertsolaritzaren medioetako ikusgarritasunari ekarpen garrantzitsua egin ziola bere garaian.

Londresko emanaldia (1851)

Iparragirreri buruz prentsan topatu den testu zaharrena Parisko La Presse-n argitaratu zuten, Le Siécle-rekin batera Frantziako lehen egunkari handia, eta sinatzailea ere ez zen edozein izan: Théophile Gautier, garaiko kazetaririk ezagunenetako bat, kritikari ospetsuena, eta Victor Hugo, Honoré Balzac, Alejandro Dumas edo Charles Baudelaire oso gertuko izan zituena.

1851n argitaratu zuten testua Feulleton de la Presse/International Paris-Londres izenburupean. Iparragirrek oraindik ez zuen Gernikako Arbola sortu. Hamabi urte ziren gerra galduta Europara ihesi joan zela eta hiru Marsellesa abesteagatik Frantziatik erbesteratua izan zela. Londresen eskaintzen zituen bere emanaldiak, Florentziako konpainia baten ikuskizunean txertaturik, eta, hain zuzen, bertako kultura-eskaintzaren errepasoa egiten du Gautierren testuak.

Artikulu luzea da, hiriburu britainiarrean ikusi ahal izan dituen hainbat antzezlan eta opera iruzkintzen ditu, topatu dituen idazle eta abeslariei ere eskaintzen die tarte bat, eta azken paragrafoan ekiten dio Iparragirreren emanaldiari. Lerro gutxi dira, baina nahikoak urretxuarra edozerrekin ausartzen zen artista zela erakusteko: “Baronian-Hall-etik irtetean ezinbestean espainiarra behar zuen gitarra baten hotsa entzun genuen, eta Toros del Puerto kantu ezaguna  abesten zuen ahots kartsu eta urduri bat. Sanz des vachesek (Suitzako abeltzainen abesti tradizionalak) suitzarrengan sortzen duten eragin bera izan zuen guregan, eta Ingalaterra uzteko desio indartsu batek hartu gintuen. Octavio eta beste abeslari batzuk bezala Simposiuneko kontzertuetarako kontratatua dagoen Jose Iparragirre zen gitarra horrela jotzen zuena. Bere aberriko hizkuntzan eman genizkion eskerrak, sortu zigun plazeragatik, eta andaluziarrez nahiz ijitoen hizkeran kopla batzuk abestu zizkigun (…)”[1]

Mitoaren sorrera

Gernikako Arbola sortu ondoren etorri ziren hurrengoak. La España egunkariak Madrilen eskainiriko hiru emanaldiren berri eman zuen 1855eko apirilean eta maiatzean. Ekainean Euskal Herrira zihoala iragartzen zuen egunkari berak, beste zenbaitek ere jasoko zuten berria, eta abuztuan Martin Sarasaterekin batera Donostian emandako kontzertuaz informatzen zuen.

La España euskaldun batek zuzentzen zuen, Pedro Egaña gasteiztarrak. Justizia Ministro eta Gobernazio Ministro izandakoa, politikari garrantzitsua zen Madrilen, eta kazetari gisa ere ibilbide oparoa zuen. Bere egunkariak 1855eko ekainaren 13an argitaraturikoa izango da Iparragirreri eskainiriko lehen testu luzea, bere dimentsio mediatikoaren lehen harria jarriko duena. Bertan, ordurako ezaguna zela aipatzen da: “Mañana jueves sale para su país natal, deteniéndose algunos días en Burgos, el famoso cantor guipuzcoano don José María Iparraguirre (…)”. Eta Gernikako Arbolaren egile gisa aurkezten da: “(…) Árbol de Guernica, verdadera y magnífica inspiración en la cual el fuego poético del entusiasta montañés compite con el gusto músico más puro (…) pudiera llamarse el himno nacional de los vascongados”. Urretxuarraren deskribapen xehea ere eskaintzen da: “Iparraguirre, con su negra y luenga barba, ondeante cabello, ojos de fuego, gentil continente, solemne actitud y enérgicos movimientos, arrebata y conmueve al auditorio (…)”. Euskal askatasunen ordezkaritza ere aitortzen zaio: “El genio del País Vasco, reciamente apegado al Fuero, a la ley vieja (legue sarrá que dicen ellos) respira (…) en aquellos vigorosos acentos que parecen elevar al cielo los fervorosos votos de un pueblo amante ciego de su libertad”. Eta Gauthierrek, atzerritar batek, goretsi badu aintzat hartu beharrekoa dela azpimarratzen du: “(…) críticos extranjeros, a cuya cabeza campea el célebre ex-folletinista de la Presse, Teófilo Gauthier, han caracterizado y elogiado con igual buena fe al modesto y gallardo joven que hace quince años recorre la Europa (…)”.

Argentinan eskaini zituen emanaldiek ere utzi zuten bere arrastoa Buenos Airesko El Nacional eta La Tribuna egunkariek 1858ko azaroan idatziriko dozena erdi bat testutan. Baina Pedro Egaña izango da, berriro ere, mitoa hauspotu eta behin betiko prentsaren fokupean jarriko duena. 1864ko ekainean Espainiako Senatuan Foruen inguruan piztu zen eztabaidan hitzaldi luzea eskainiko zuen, Foruek euskal herritarren artean pizten duten sentimendua ilustratzeko Iparragirren historia kontatuz; jarraian Gernikako Arbolaren arrakasta azaltzeko: “Señores: yo he concurrido á oir uno de esos cantos en aquellas montañas. Estaba anunciado que Iparraguirre cantaría la canción titulada ‘El árbol de Guernica’ (…) Concurrieron de todas las villas, pueblos y caserios circunvecinos, sobre 6.000 personas (…) se posternaban las 6.000 boinas cual si fueran movidas por un resorte, ó heridas por una impresión magnética, y se quitaban los sombreros (…) Señores: y luego se dice que los vascongados no quieren los fueros, cuando á un simple canto de una persona oscura, de un pastor convertido en músico, a la sola voz de ese hombre, repito, porque hablaba de los fueros, se movía apiñada la multitud, hincaba su rodilla en la tierra y levantaba al aire sus nervudos brazos para jurar como los antiguos cantabros morir por las santas leyes de sus padres!”.

Hurrengo egunetan sekulako zabalkundea izan zuen Egañaren hitzaldiaren testuak. La Época, El Pensamiento Español, El Contemporaneo, La España… Hemendik aurrera Iparragirreren inguruko edozein informaziok sarbidea izango du prentsara, pertsonaia mediatiko bihurtu da.

Bizitza harrigarria

Urretxuarraren mitoa hainbat osagairekin kozinatuko da, baina bere biografia abenturazale, bohemio eta gorabeheratsua izango da horien artean nagusiena, figura erromantiko gisa izan zuen oihartzuna etengabe elikatu zuena. Olasok eta Agirrek honela laburbiltzen dute: “La senda vital de Iparragirre (…) presenta meandros fabulosos, golpes de efecto cómicos (…) si me apuran hasta elipsis narrativas que realzan al personaje sobre la peana de mito” (1999: 79).

Hamalau urterekin etxetik ihes egin zuen, karlisten bandoan gerra egiteko, eta, gerra horretan erakutsitako ausardiagatik —hiru aldiz zauritu zuten—, Karlos V.aren ohorezko guardiako kide izendatu zuten. Baina gerra galduta, 19 urterekin, Frantziara joan behar izan zuen ihesi.

Karlosen gortean egin zituen kontaktuak zirela medio, garai hartan Pariseko operan tenore ezagunenetako bat zen Gilbert-Luis Duprezek hartu zuen bere Parisko etxean. Bertan, erromantikoak irakurtzeko eta musikaren nozio kosmopolita batzuk bereganatzeko aukera izan zuen. 23 urterekin, Paris atzean utzi eta, bost urtean, batetik bestera ibili zen Frantzia, Austria, Suitza eta Italian zehar, bere gitarrarekin, euskaraz egiten zituen emanaldiak ogibide zituela. 1848ko iraultzarekin bat egin zuen, berriro Pariseratuta, eta, urte hartan bertan, Frantziako Tolosan, atxilotu egin zuten: Napoleon III.ak debekatu berri zuen Marsellesaabestu eta ‘desordena publiko larriak’ eragiteagatik.

Hainbat kartzela pasatu ondoren, Britainia Handira erbesteratu zuten eta, aitortu gabeko seme bat Frantzian utzita, Florentziako konpainia baten ikuskizunean parte hartuz atera zuen bizimodua. Manuel de Mazarredo, Esparterorekin bi aldiz Gerrako Ministro liberal izandakoa, Guardia Zibilaren burua eta euskal probintzietako Gobernadorea, txunditurik gelditu zen emanaldi horietako batekin, eta Euskal Herrira itzultzeko baimena eman zion. Honela, 1851n itzuli ahal izan zen, baina, 1852an, Manuel de Mazarredo berak berriro erbesteratu zuen Euskal Herritik, berriro ere bere abestiekin eragiten zuen nahasmendua zela eta.

Portugaldik pasatu ondoren, Madril hartu zuen bizileku eta, 1853an, Montera kaleko San Luis kafetegian eskainitako emanaldi batean egin zuen ezagun Gernikako Arbola abestia.

1855ean —Mazarredo gobernutik kenduta—, Euskal Herrira itzuli zen. Bere ospearen gailurrean aurkitzen zen urte haietan, bai herritarrek eta baita garaiko agintariek ere estimatzen zuten, baina, 1858an, Ameriketara emigratzea erabaki zuen, Argentinan, bera baino 20 urte gazteagoa zen Angela Kerejeta alegiarrarekin ezkontzeko (Euskal Herrian ez zuten baimenik lortu)…

Pedro Egañak Espainiako Senatuan kontatu zituenerako herri xeheari ezagunak zitzaizkion urretxuarraren gorabehera eta balentria horiek gehienak.

Prentsak bideraturiko itzulera

1876an, Foruen indargabetzearekin batera, espresuki galarazi nahi izan zen Gernikako Arbola abestea. Debeku horrek abestiaren egilearen inguruko arreta berpiztu zuen zenbaitengan: kasik hogei urte ziren Ameriketara joan zela, urte batzuk bai, bere berririk ez zela, eta Montevideon hil ote zenaren zurrumurrua zabaldu zen. Debekutik hilabete gutxira, ordea, Iparragirrek bertso batzuk helarazi zizkion Antonio Trueba kazetariari.

Truebak Madrilgo La Paz egunkarian kolaboratzen zuen eta, 1876ko irailaren 16an, Iparraguirre izenburupean, gogotsu eman zuen berria: “El inspirado trovador vascongado cuyo nombre acabamos de escribir, y a quien tiempo hace dábamos por muerto, ¡vive todavía!”.

Argentinako El Correo Español-ek urriaren 28an jasoko du Madrilgo egunkariaren albistea, eta Iparragirreren ezagunen batek irakurri eta Uruguaiko bere etxeraino eraman zion. Urretxuarrak eskutitz bat helarazi zuen egunkari argentinarrera, azaroaren 5ean argitaratuko zena. Bertan kontatzen du Uruguaiko Daca ibaiaren ertzean bizi dela, Argentinako mugatik gertu, artzain gisa, eta auzokoen seme-alabei klaseak emanez ateratzen duela bizimodua; bederatzi seme-alaba dituela, oso pobreak direla eta Euskal Herrira itzuli nahiko luketela.

Uruguaiko El Progreso egunkaria eta Argentinako El Correo Español nahiz El Diario Español Iparragirreren aldeko diru bilketarekin hasi ziren. Iparragirreren beste eskutitz bat argitaratu zuten, eta Uruguaitik Buenos Airesa nola aldatu zen kontatu; azkenik, 1877ko irailaren 25ean familia Uruguain utzita Euskal Herrira abiatu zela zabaltzeko.

Euskal Herrian eta Madrilen ere eman zuten bertsolariaren itzuleraren berri, eta bake gizona zela azpimarratzeko bidali zituen eskutitz batzuk argitaratu zituzten. Donostiara urriaren 24an iritsi zen, sekulako ongietorria egin zitzaion, eta Nere etorrera lur maitera estreinatzeko aprobetxatu zuen. Gabirian jarri zen bizitzen, baina Tolosa, Urretxu, Beasain, Bilbo, Gasteiz… batetik bestera ibili zuten, etengabe, garaiko politikari, kazetari eta artista hainbatek. “No ha habido corazón generoso que no le haya llamado amigo, ni caseros que no le hayan abrazado, ni damas aristocráticas que no le hayan abierto las puertas de sus salones, ni literatos que no se hayan apresurado á saludarle”, kontatzen zuen Becerro de Bengoak 1878ko otsailaren 26an La Paz-en argitaraturiko testuan. Gutxira, Madrilera abiatu zen eta bertako Erret Antzokian egin zen emanaldi batean ikusi ahal izan zuten. Berriro ere Becerro de Bengoaren kronikak eskaintzen du aitonduta itzuliriko urretxuarraren eta sortzen zuen miresmenaren erretratu bikaina: “Allí se vió efectivamente saludando, conmovido y cariñoso á los miles de corazones que repetían su nombre; allí apareció el encorvado cantor de las montañas, cuya barba blanca, cuyas canas, cuyo modesto y sencillo traje formaban sin duda, singular contraste con el recuerdo del gallardo y simpático mozo de negra y lustrosa abundante cabellera y larga barba, de colorada boina y airoso atavío de ‘guizon’ vasco, que las gentes habían conocido en las romerías del país (…) Los vascongados sintieron un orgullo legítimo al contemplar con qué entusiasmo Madrid distinguía y honraba á su ‘versulari’”.

Uruguain gelditu zen familia Euskal Herriratzeko diru bilketari ekin zion Madrilgo La Paz egunkariak. Argentinan Laurak Bataldizkaria ere ahalegin berari lotuko zitzaion. Becerro de Bengoak bertsolariarentzako pentsio bat eskatuko zien Aldundiei hainbat hedabideren bidez… Prentsak bere gain hartu zuen itzulerari zegozkion alderdi guztiak bideratzeko ardura. 

Iparragirreren ondorengo Iparragirre

Bere heriotzak ere sekulako oihartzuna izan zuen: El Arga, La Iberia, El Noticiero Bilbaíno, La Unión Vasco-Navarra, El Globo, Euskal-Erria, Boletín histórico, Revista Euskara, Laurak Bat, El Anunciador Vitoriano… Berriro ere Becerro de Bengoa izan zen testurik zaporetsuena, kasu honetan mingotsa, argitaratu zuena. La Mañana egunkariak apirilaren 7an argitaraturiko artikuluan itzuleraren ondoko desengainua azaltzen zuen: Iparraguirre llegó á su patría cuando ésta lloraba perdidas sus viejas y veneradas leyes: cuando se enjugaba las lágrimas de sangre que había vertido en la guerra civil. Halló al país triste, desengañado, sin entusiasmo, sin aliento y sobre todo pobre, muy pobre. La madre Euskaria ha sido saqueada por la guerra infame; sus arcas estaban exhaustas, su corazón velado por el luto. Poco valieron las excitaciones de los amigos del poeta: las diputaciones correspondieron á las solicitudes hechas en su favor con una exígua limosna. Se le concedió a Iparraguirre lo puramente necesario para que (…) no se muriera de hambre”.

Eta desengainu hori jotzen zuen heriotzaren iturburutzat: “(…) su corazón no ha sido suficientemente fuerte contra el pesar (…) no ha podido dejar la patria por la familia, y volver al seno de ésta; se ha visto abatido por el infortunio y soltando su vieja guitarra y tirando su pluma, ha doblado para siempre su cabeza, feliz aún porque sus huesos iban á descansar en medio de la euskal erria”.

Heriotzaren ondoren, gertatu ohi den legez, dena izan ziren gorazarreak eta asmo ederrak. Aldundiek lutozko adierazpen ofiziala egin zuten, mausoleo bat eraikitzeko diru bilketari ekin zioten La Unión Vasco-Navarra-k eta El Arga-k… Hamarkada bukatzerako, kalea jarri zioten Donostian, eskultura altxa Urretxun eta bere biografian oinarritzen zen opera bat ere estreinatu zen (Juan Guimonen Iparraguirre, Donostiako Zirko Antzokian, 1889ko maiatzaren 4an). Mendea bukatzerako, Aldundiek pentsio bat esleitu zioten alargunari, bere gitarra objektu sinboliko gisa gordetzea erabaki zen…

Bizi zen artean, Egañak bere diskurtsoa eman zuenetik, mito bat izan bazen ere, Iparragirreren ondoren loratuko da Iparragirreren mitoa. Prentsak zertzelada horien guztien berri eman zuen, kasu gehienetan akuilari lanak bere gain hartuz. Zenbaitetan, polemikatxoak ere piztu ziren argitalpenen artean, Euskal-Erria eta Diario de Barcelona-ren artean urretxuarraren estatua zela-eta sorturikoa kasu. Eta mito bati dagokionez, pertsonaiaren inguruko fikzioa ere argitaratu zen[2].

Mendea bukatu aurretik mitoaren oihartzunak Euskal Herriko mugak gaindituak zituen, erabat. La Renaxensa-k galegoz idatzi zuen urretxuarraz eta La Ilustració Catalana-k, katalanez. Estatuko egunkari handietan ez ezik Las Baleares, El Isleño, El Eco de Santiago edo El Guadalete bezalako argitalpen periferikoetan ere irakur daitezke bertsolariaren gorabeherak. Frantzian, Revue des Pyrénées et de la France Meridionale, Le Journal des Débats politiques et littéraires, L’Avenir des Pyrénées et des Landes edo Le Gaulois interesatzen dira gaiaz. Azkenik, mende berriarekin, The Times-etik El Telegrama del Rif-eraino topatu ahalko dira bardoari buruzkoak.

Hurrengo urteetan, prentsak haren ingurukoak ere hartuko ditu fokupean. Alargunaren heriotza albiste bihurtuko da, baita bere seme-alabek ozeanoaren beste aldean daramaten bizitza ere, eta beste hainbeste gertatuko da Iparragirreren bizitzaren geografiarekin (bere jaiotetxea, itzuli zenean izan zuen etxea eta abar). Haren jaiotzaren ehungarren urteurrenean hainbat ekitaldi antolatuko dira, eta inguruko prentsa guztiak emango du ekitaldi horien eta urretxuarraren figuraren berri: Heraldo Alavés, Euskal-Esnalea, El Correo Español, El Pueblo Vasco, La Libertad, Euskalerriaren Alde, La Hormiga de Oro… baita Montevideoko Euskal erria aldizkariak ere. Hortik aurrera, pixkanaka, urretxuarrari buruzko liburuak hasiko dira pilatzen.

Bertsolaria ikur

Beste figura oso interesgarri batekin, Agosti Xahorekin, lotzen da Iparragirreri buruz azaldu nahi den azken puntua. Hainbat arlotan aitzindari izan zen Xaho; euskara hutsezko lehen aldizkaria, Uskal-Erriko Gaseta argitaratu zuen, esaterako, 1848an, edota bertan Euskal Herriaren independentzia aldarrikatu zuen prentsan lehenengoz. Eta bertsolaritzarentzat ere egin zuen bidegile lana, prentsan bertsolaritzaren lehen apologia eta lehen bertso jarriak argitaratuz.

Bere ekarpenik garrantzitsuena, ordea, bertsolaria, ikur bezala, zirkulazioan jartzea izan zen. Jada Trilby aldizkarian 1844an argitaratu zuen lehen apologia hartan, bertsolaria menditarren egunkaria zela zioen, Europan parekorik ez zuen fenomeno bat zela, eta euskal nazioaren ikur gisa har zitekeela. Urtebete geroago Ariel aldizkarian argitaratu zuen Aitorren kondaira famatuan, bertsolari gisa irudikatu zuen Aitor, eta bertso saio batean, bertsotan kontatzen zuen euskaldunon jatorriari buruzko kondaira.

Kondaira hori funtsezkoa izango zen euskal abertzaletasunaren genesian[3], eta, baita, beste zenbait faktorerekin batera, tartean Iparragirrek ‘euskal askatasunen kantari’ gisa hartuko zuen sona, bertsolariak euskal kulturaren ikur nahiz herriaren ahots gisa hartuko zuen indarraren eragile gisa ere.

Xahok eta Iparragirrek bertsolariari ikur gisa emandako bultzadan lotura estu eta harrigarriago bat ere antzeman daiteke, ordea: oso litekeena da Xahoren Aitor Iparragirreren figuran inspiratu izana.

Iparragirre 1843an abiatu zen Europatik barna, 23 urterekin, baina 1845ean Ipar Euskal Herrian, Larresoroko seminarioan kontzertu bat ematen, kokatzen du Bernadouren Azpeitia, Les Fetes Euskariennes de 1893 (1894) lanak. Eta Xarritonek garai bertsuan, Baionan, Agosti Xahori abestu ziola dio: “(…) Baionako Erakustokiko Euskaldun Almanaka zahar batean (1911) Battitta Larçabal adiskideak aurkitu digu beste euskal aldizkari zenbaitetarik hartutako orritxo bat. Paper horretan inprimiturik dira euskal Neurtitzak, Iparragirrek Chaho-ri kantatuak Baionan (…) Delako neurtitzak Larresoron kantatu haiek berak zitezkeen, hots Gitarra zartxo batenak (…) Ikusi det Frantzia/baita Italia,/bietan bilatu det asko malezia… (…) Gitarra tchartcho bat det/nik nire laguna (…)” (Xarriton, 1987: 302).

Xahoren Biarritz, entre les Pyrénées et l’Océan lanean, izenik aipatzen ez badu ere, agerikoa da topaketa hura eman zela: “Benetako euskal bardoa duela urte batzuk Italiatik bueltan gitarra zahar bat eskuan, ahots bikain batekin, maisu handienen eskolan ikasita, aurkeztu zitzaidan abeslari gipuzkoar gaztea bezalakoa da: Guitarra zarcho bat det/Neretzat laguna (…)” (1855: 155-156)[4].

Aitorren kondairako patriarkaz egiten duen deskribapenarekiko antzekotasunak ere bistakoak dira: “Euskariar barduluen edo gipuzkoarren tribukoa zen, bere gerlarien adoreagatik ezagunak eta baita euren gazteek mimikarako, dantzarako, kanturako eta inprobisaziorako zuten gaitasunagatik ere. Lara, hogeita hamar urte bete berri zituela, gerlari goren eta bardoen printze izendatu zuten” (2010: 18)[5].

Alegia, fikziozko figura eta erreala, biak gipuzkoarrak, biak gazteak, biak gerlan ohoreak irabazitakoak[6] eta biak inprobisatzaile ez ezik kantari bikainak direla. Eta Aitor sortu zuen urte berean ezagutu zuela Iparragirre Xahok.

Bere sorkuntzarik ezagunenarekin, Gernikako Arbolarekin, foruzaleen eta euskal askatasunen ikur bihurtu zen berehala urretxuarra, eta gerra karlisten testuinguruan, lehenengo Espainian eta gero nazioartean, indartsu zabaldu zen ikur horren oihartzuna.

Gerora, elkarrengandik bereizten joan ziren hainbat ideologiak (karlismoa, tradizionalismoa, abertzaletasuna) bere egin zuen Iparragirreren ereserkia eta figura, eta horrek mitoaren garapen anitza, zenbaitetan kontraesankorra ere bazena, ekarriko zuen[7].

Horren guztiaren aurretik, ordea, Gernikako Arbola oraindik sortu gabea zela eta urretxuarraren ospea zabaltzen hasi berria, Agosti Xahok ikusi zuen bertsolariek oro har eta Iparragirrek zehazki euskal nortasunaren ikur gisa izan zezaketen potentziala.

Bertsolaritzari neurri handi batean arrotza zaion mitoa izango da Iparragirrerena, bestelako eragile eta interesei erantzuten diena eta nazioarteko dimentsio bat hartuko duena. Etxekoagoa izango da, esaterako, Bilintxen mitoa. Baina bertsolaritzaren bilakaeran funtsezkoa izango da hala ere. Bertsolariak nortasun ikur gisa hartuko duen garrantzia eta lortuko duen presentzia mediatikoa ezin daitezke ulertu Iparragirre gabe.

 


 

[1] Jatorrizkoa frantsesez.

[2] 1884ko Euskal-Errian Felix Ortiz y San Pelayo idazleak himnoaren sorkuntza unea birsortzen zuen Episodio de un Bascongadon, esaterako: “(…) En el caso que lo encontramos viajaba por la bella y montañosa confederacion Suiza y si mal no recordamos en el Canton de Berna (…) (…) á veces agobiado, no por el peso de su guitarra que esta jamás le cansaba; sino por el mucho camino que recorria, sentarse al pié de un árbol de robusto tronco y sobre cuyas salientes raíces encontraba dulce albergue cobijado por la ancha copa que solo permitia en su artística construccion el paso de algunos tímidos rayos del sol para que al chocar con las gotas de sudor que pausadamente caian de su frente, brilláran como perlas que engalanan las musas que tanto lo secundaron (…)

[3] Honela azpimarratzen du Joseba Gabilondok Xahoren ekarpenaren garrantzia: “After Chaho, Aitor became the “newly found” old patriarch of the Basques. After Zumalakarregi died and the Carlist movement became a decadent political cause, the legend of Aitor continued to serve other cultural and political agendas in the Basque Country throughout the 19th and 20th centuries” (Gabilondo, 2016: 181).

[4] Bertso jartzaileei benetako bertsolari gisa, hau da, inprobisatzaile gisa kontrajartzen die Iparragirre Xahok testu honetan.

[5] Testu biak, Arielekoa eta ‘Biarritz’-ekoa frantsesez dira jatorrizkoan.

[6] Xahok sinpatia handia zien karlistei eta hainbat hilabete egin zituen eurekin frontean 1836an. Ezinbestean ezagutu behar izan zituen Iparragirreren gerrako ibiliak, oso sonatuak baitziren karlisten artean.

[7] Olasok eta Agirrek azaltzen dute bizi zen artean ere askotariko inguru ideologikoetan integratzeko gaitasuna zuela urretxuarrak: “Niño mimado de los carlistas, pupilo de un noble liberal, agraciado por los legitimistas, cantor de los republicanos, amigo de los patriotas… El personaje se siente en su salsa en cualquier parte y en todos los partidos, con tal de que reine la alegría y una sana tolerancia”. (1999: 78)

Iparragirre
Iparragirre
Iparragirre
Iparragirre
Iparragirre
Iparragirre
Iparragirre
Iparragirre
Iparragirre