Datorrenari

Elixabet Etxandi

Elixabet Etxandi

2021-01-09

Datorrenari –

Doinua:​ Amodioa gauza tristea

 

Datorrenari

 

1. Urte zaharrak utzia digu

konzientzia goibela,

Urtarrilean alta gogotsu

gentozen beti bezela

Baina betiko martxa hasi zen

krisi, injustizi, gerla

Izurritea gehitu zaigu

ez genekien honela

Bi aldiz 20 zuen urteak

kuarentena zekarrela

 

2. Urte berri hau berria alda?

Zaila baita hobetzea:

Mundu hontako menderakuntza,

jendearen pobretzea.

Etxegabe bat hil berri zaigu

Hendaian hotzez hezea,

Urte berrian oraindik daude

gorrotoa, espetxea

Etxegabeko jendeak eta

jende gabeko etxea.

 

3. Urte bat doa, urte bat dator

denboraren besoetan

Kulunkan goaz, baina dantza hau

luzeegi da, kaltetan.

“Urte berri on” diogu beti

ezkilaren kolpeetan:

Ta ez bagara borrokan hasten

antolakuntzaz benetan

Urte berririk ez da izanen

datozen ehun urtetan

 

4. Zein resoluzio hartu duzu zuk?

Hau da betiko galdera.

Aurtengoan nik gutxi baditut,

ez dut sinesten sobera.

Mundu berri bat marraztu nahi dut

txiroenen arabera,

Nola aldatu gure buruak

urte batetik bestera?

Gure burua aldatuko da

munduarekin batera

Datorrenari