Jaialdi 2015: Bi bertsolari Boisen

Argazkiak: Asier Ibaibarriagarena

Gernikako arbola in the home of the brave

Zaila da deskribatzen Jaialdian euskaldun batek aurki dezakeen koadroa. Zailtasuna ez datza elementu ezezagunen presentzian, ezta urrik eman ere; Ameriketako pelikula pare bat ikusi duen euskal herritar peto-petoak aise identifikatuko ditu Jaialdian koloreztatzen diren postalak.

Lehenbiziko postala ostegun iluntzean osatu da, jaialdiaren azken bi urteetan. Hainbeste kirolari amerikaratzeko ahalegina eginda, antolakuntzakoei bururatu zitzaien, leku berezia behar zutela harri-jasotzaile, aizkolari eta abarrek. Burutazio haren fruitu da Sports night Kirol gaua. Jaialdian sekula izan ez direnentzat, Interneten irudiren bat edo beste aurkituko duten arren, komeni da erreferentziak ematea. Gertuko bati entzun nion bezala, Kirol gaua izan liteke auzoren bateko igande goiz bateko herri kirol saio baten eta gure umetako larunbat goizetako Pressing Catch ikuskizunaren arteko nahastea. Emaitza: 4.000 ikusle, 20 herri-kirolari, hamar dozena foku eta kea sortzeko makina horietako bat… A, eta bi bertsolari, Amurizaren talentuz edo erruz, hitzaren kirol nazionalaren atleta bihurtuta.

Egurra izotzaren pare jarri zuten gau hartan, izotz pistan autopsiarik gabeko zuhaitz baten enbor atalak ageri zirelako, ohiko geruza zuriaren tokian. Argiak itzali zituzten eta fokuak piztu. Amerikar batek euskaraz izango lukeen azentu berdina zuen gizon sendo baten ahotsak ongietorria eman zien bertaratutakoei, eta ohiko erretolikaren ondoren, iritsi zen herri-kirolariak (gihartsuak eta burutsuak) banaka-banaka deitzeko tenorea. Makina bat ke sortutako ke makina ari esker, laino artetik atera gintuzten banaka-banaka, gertatzen ari zen guztiari oraindik laino artetik bezala begiratzen bagenion ere. Ez nuen lehen aldia ke gortina zeharkatzen, baina ez dut uste horretara ohituko denik gizaki hilkorrik.

Egurrez jantzitako pista gaineko peoi eta alfilok hartu genituen egokitutako tokiak. Gladiadore sentitu nintzen une batez, amerikar globalizatuen begiek show eskean begiratzen ziguten bitartean. Ez zekiten, nonbait, bertsolarien jarduna dieta zorrotza dela hain urrun begiratu nahi duten miopeentzat. Neure buruarekin ari nintzela, norbaitek soinu banda jarri zien nire pentsamenduei: Oh, say, can you see… Bart Simpsonen musika irakaslea gogorarazi zidan gizon bat ari zen kantuan, eta Estatu Batuetako pasaportea zuten norbanako guztiak hipnotizatuta zeuzkan. Izaki boteretsua behar zuen irakasleak, kantuan hasi aurretik guztiak jarri baitzituen lurraldeko banderari begira. Hain kontzentratuta kantatu zuten guztiek, hain berdin, hain bat; handik ere atera zitekeen beste thriller beldurgarri bat.

Bukatu ziren ingelesezko hitzak eta, orduan, euskarazko ereserkiaren txanda heldu zen. Athleticen doinua? Agur jaunak? Ez… Gernikako arbola. Pentsatzen dut ez ziola grazia handirik egingo sushi puska erraldoietan txikitutako arbolari, baina… Gaixoak ahalik eta kexa gutxien izan zezan, saiatu nintzen ahalik eta ondoen kantatzen Iparragirreren bertsoa. Bai, niri tokatu zitzaidan ereserkia kantatzea: ez abizen euskaldun, ez euskaldun zahar… eta nik jarri nion ahotsa bertaratutakoen laurdenak kantatu zuenari. “Gernikako arbola” in the home of the brave. Aurrera doan herria gara.

Puntuka josi daitezke Euskal Herria eta Wyoming

Kondairak dio ba omen dela bertsolari bat ingelesez ere bertsoak egiten dituena. Ausartenek esaten omen dute kantuan ikusi zutela behin, Londresko plaza batean edo Boiseko Jaialdian.

Ingelesez bertso bat osatzea ez da euskaraz egitea baino zailagoa; euskara eta ingelesa berdin landu dituenarentzat, izan liteke gorabeheraren bat fonetikarekin edo oin kopuru egokiak aurkitzearekin, baina berdin-berdin beteko ditu zortziko txikiko 52 silaba. Kontua da gaseosarekin sortutako esperimentu hori baldintza oso berezietan baino ezin dela egin; adibidez, entzuleek euskaraz ez dakitenean. Euskal Herritik kanpo bertsotan egitea trainerua uretatik kanpo ateratzea bezala da: gogo betez ahalegindu zaitezke, baina arraunak ez badu ura ukitzen, nekez egingo du ontziak aurrera. Hala planteatuta, Ameriketan ohiko moduan bertsotan aritzeak ez du zentzu handirik, ez bada soilik entzule euskaldunez osatutako talde batentzat. Ulertu ezean, bertsolariak gaizki samar kantatzen dugun a capela abeslariak baino ez gara. Horrengatik, ingelesez kantatzea beste erremediorik ez zitzaigun gelditu. Lehen esperimentu serioa 2010ean egin nuen, Iratxe Ibarra lagun izan nuen Boiserako lehen espedizioan. Ordukoak gogoan hartuta, eta ontzen utzita, saiatu ginen ingelesez, zortziko handian edo bederatzi puntukoan:

Welcome to Boise ongi etorri

we are your two bertsolaris

our main strength is not in our muscles

but in the power of speech.

Thanks to many basques who came to Boise

our culture is strong and rich;

Ameriketan landatuta be

haritza beti da haritz.

Clap hands hard after bertsos,

as hard as it can be,

we are your bertsolaris

Nerea and me.

Lets tell you now what comes next,

what you are gonna see,

cause these strong men and women

who came over the sea

will chop down a big tree

will lift rocks like a pea…

so clap or shout, feel free

but please do never flee!

Be ready for a good show

this is Jaialdi!

Zailtasunak, nahi beste: bederatzi errima berdin ingelesez topatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula; speech, stop eta steak hitzen lehen “s” soinu hori silaba oso ez bihurtzeko ezina; pentsatua airean idatzi eta 80 letra zortzi silabatan ahoskatzeko komeriak… Saio osteko aldartea bi erantzunen batura zen: gure ohiko jarduna publiko euskaldun batentzat eginda izan genezakeen arrakasta eta ingeles hiztun bikainak bagina bertsotan txaloaldi latzagoak lortuko genituzkeen ustea. Baina bietako bat bera ere ez zen posible.

Larunbat goizeko lehenbiziko saioaren bukaeran aspaldiko lagun bat hurbildu zitzaigun: Martin Goikoetxea, Gorrititik Wyomingera joandako bertsolaria. 2003an ezagutu nuen Renon. Ameriketan bizi diren lau bertsolarien artean berori da, nire ustez, gure moldetik gertuen aritzen dena; sentsazioa daukat gainerako hirurek lehenago emigratu zutela Ameriketara, eta bertso molde zaharragoa eraman zutela maletan. Martin gerora joan zen, eta, gainera, sarritan itzultzen da Euskal Herrira. Aukera izanik hango eta hemengo bertsolariak oholtza gainean aritzeko, Nereak eta biok goizeko bigarren saioan gurekin jardutera gonbidatu genuen. Ez zigun saio osorako gonbidapena onartu, baina baiezkoa eman zigun, puntuka elkarrekin aritzeko; baita gustura aritu ere. Bertsolariok curriculumik bagenu, zerrendaratzeko modukoa da Ameriketako bertsolari batekin oholtza konpartitzeko ohorea. Puntuka josi daitezke Euskal Herria eta Wyoming.

Herri-kirolariak bertsolarien anai-arreba txikiak dira Boisen: eurek berenganatzen dute jendearen arreta guztia.

Bertsoak, gaur-gaurkoz, harro esan dezake bera dela BEC zortzi orduz betetzeko gai den euskal kulturaren adierazpide nagusia. Ziur nago horrelakorik esanez gero amerikar bati sinestezina egingo litzaiokeela: teknologiaren laguntzarik gabe, musika instrumenturik gabe, aparteko efekturik gabe… eta zortzi ordu? Ameriketan zortzi orduz estadioa beteko lukeen jarduna ez da bertsoa, herri-kirola baizik.

Herri-kirolariak bertsolarien anai-arreba txikiak dira Boisen: eurek berenganatzen dute jendearen arreta guztia. Ez ahalegindu ezin hobeto kantatzen, amerikarrentzat ezagunak diren doinuak bilatzen edo zenbait ale goitik behera ingelesez botatzen: alferrik da. Gutxien espero duzunean, harri-jasotzaile batek harri bat altxatuko du, aizkolari batek ezpal bi kenduko dizkio enbor bati… eta zure jardunak ikusleen memorian okupatu dituen byte guztiak ezabatu egingo dira. Gainera, harri-jasotzaileak selfie bat egingo du harri borobilari eusten dion bitartean, eta orduan sentituko duzu nola zur eta lur dagoen publikoko mutiko batek nagusitan harri-jasotzailea izan nahi duela esaten dion bere amari.

– Hurrengo ekitaldian ahalegin berezia egingo dugu, Nerea –esan dio algortarrak markinarrari. Lehenengo saioa Bob Dylanen Blowing in the wind doinuan egingo dugu, eta bigarrena Bob Marleyren Redemption song doinuan, Maiarenean…
– Ez dago doinu laburragorik? –galdetu dio markinarrak algortarrari.
– Egañak esan zidan Gimme hope, Joanna, gimme hope kopla handia dela, baina ez dakit yankie hauek doinua ezagutuko duten.
– No woman no cry erabili dezakegu agian?
– Eta nola egingo dugu estribilloa? No Boise no cry? Negargarri aritzen bagara zentzua izan dezake…
– …
– Aizu, Ba al duzu errimarik Boiserekin? Boise, noisy…

Bermeoko azentua galdu ez duen antolatzailea azaltzen da elkarrizketaren erdian, hurrengo ekitaldia hasteko ordu erdi falta denean.

– Gazteak! Hurrengo ekitaldia uste baino lehenago amaitu beharko dugu, eta pentsatu dugu, herri-kirolariek denbora gehiago izan dezaten, zuen saioa egitea guk pista prestatzen dugun bitartean…

No, Boise, no cry…

Eskerrak Euskal Herrian zerbitzari izateko ez den patinatzen jakin behar!

Abioiaren bide luzea sufrituta, ez dut jakin nahi zer kalbario izan behar den Euskal Herritik Ameriketara joatea, are gutxiago euskal artzainak joandako baldintzetan: bueltatzeko data jakinik gabe, ingelesez hitzik esan ezinda, sosik gabe… Tira, malenkoniak ahaztuta, ez dabiltza oso urrun Suediara edo Alemaniara egun joaten diren gazteak. Auskalo zer ez ote duten egin eta ikasi beharko atzerrian… eta ez naiz ni hasiko atzerrira joatearen aurka, baina “kanpo mugikortasunari” soilik onurak ikusten dizkietenei galdetuko nieke zergatik ez zuten gauza bera egin urrunen ezkonbidaian Parisera joandako gure aitona-amonek.

Aukeren lurraldea delako edo bizimodu bila joandako jende askoren helburu delako, Ameriketan sentsazioa duzu nahi duzun oro aurki dezakezula. Ez zait harrigarria egiten, adibidez, denboran bidaiatzeko hainbeste film eta telesail egitea Obamaren herrialdean, ematen baitu berrogeita hamar urte aurrera edo atzera egin ditzakezula pasaporterik erakutsi gabe, herrialdearen punta batetik bestera. Guk geuk, berbarako, ez genuen Grease pelikularen arora bidaiatzeko asmorik, baina bazkalordua heldu zitzaigun eta, errepidearen bazter batean, 50eko hamarkada aurkitu genuen.

Ez dut tokia deskribatuko; imajinatu nahi lukeenak, aski du Grease-ko hanburgesa-jatetxeko partea errepasatzea. Beraz, 50eko hamarkadan futurista eman nahi zuen hanburgesa, tipula-uztai eta marrubi irabiatuen fabrika hartara sartu ginen. Atean, zain genuen zerbitzari bat, gizon heterosexual kanonikoen ehuneko berrehunaren atseginerako prestatua (norberak irudika dezala parte hori). “Table for four” esan diogu eta lauko mahai batera eraman gaitu, elkarrekin joan ez garen arren. Bera patinetan dabil eta ziztu bizian heldu da egokitu digun mahaira. Jatekoak ere azpilaren gainean ekarri dizkigu, patinetan.

Nerea karrera egiten ari da oraindik, eta han-hemenka dabil lanean sosak ateratzeko. Ez digu ingurukoei esan, baina aurpegian sumatu zaio pentsamendu bera, zerbitzaria gurpil gainean hurbildu zaigun bakoitzean: eskerrak Euskal Herrian zerbitzari izateko ez den patinatzen jakin behar!