Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon

Xabier Paya-(r)en argazkia Xabier Paya 2025-11-13

Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon –

Ez da lehenengo aldia Bertsolari aldizkarian erreportaje bat egiten dudana bertsolaritzak Ipar Amerikan utzitako arrastoaren inguruan. 50. alean Amerikar ikerlariekin Renon: (Center of Basques Studiesek bertsolaritzaz antolatutako jardunaldien kronika) erreportajea argitaratu nuen, Andoni Egañak, Jon Sarasuak eta Joxerra Garziak Renora egindako bisita akademikoaren berri emateko. 22 urte geroago, muga-zergak gehiago igo baino lehen, zure eskuartera nator berriz, bertsozale, 2025eko martxoaren 22an San Frantziskoko Euskal Etxean izandako bertso ospakizun eder bat kontatzera: “Johnny Kurutxet bertsolariaren omenaldia”. Erreportaje honetan deskubrituko duzu zein lotura duten San Frantziskok eta bertsolaritzak, nor izan zen Johnny Kurutxet eta zein ederra izan zen hari eskainitako bertso saioa.  

Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon
Arg: Gaur8

San Frantzisko eta bertsolaritza

Bertso saio baterako San Frantziskotik deitu diotela esaten duen bertsolariak nahasmendu puntu bat eragingo du komunikazio horren entzulearengan, une batean, bederen. Izan ere, San Frantzisko entzun eta aiseago etorriko zaizkio hartzaileari Bilboko auzoa edo, akaso ez hain aise, Nafarroako Legardako ermita. Ziurrenik, burmuineko beste hemisferio batean edukiko ditu gordeta Amerikako Estatu Batuetan hiri famatuaren erreferentziak, eta nekez konektatuko ditu bertso saio bateko testuinguruarekin. Testu honen helburuetako bat garuneko alde bi horien arteko lotura egitea da, bertsolaritzaren eta San Frantziskoren artean uste baino harreman handiagoa dagoela frogatzeko.

Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon

San Frantzisko, Kaliforniako ipar-mendebaldean dago eta munduko hiri enblematiko horietako bat da, sekula han egon ez direnen iruditerian ageri den hiria. Izan ere, film eta telesail ugaritan da: Vertigo, Doubtfire anderea, Harria, Tximinoen Planeta, Inside Out (Alderantziz), Ant-Man, Dolittle doktorea, Sister Act, Full House (Aita behartuak), Monk, Charmed (Sorginduak) Ez dago San Frantzisko ezagutzen ez duen telebistadunik. Bere paisaia ikusgarriek, muino aldapatsuek eta ozeanoaren ondoan egoteak izaera berezia ematen diote eta filmegile ugarirentzat erakargarri bihurtzen dute. Golden Gate zubia da bere ikur nagusietakoa, eta haren siluetak mundu osoko bisitariak erakartzen ditu. Gainera, hiria aniztasunagatik da ezaguna: kultura, hizkuntza eta jatorri ugaritako pertsonak elkarrekin bizi dira. Elkarrekin, ez elkarren ondoan.

Chinatown, Mission District eta Castro auzoak nortasun handiko lekuak dira, bakoitza bere historia eta estilo propioekin. Azkenaren kasuan, San Frantziskok LGTB+ komunitatearen eskubideen aldeko borrokan paper garrantzitsua jokatu du, eta tolerantzia eta inklusioaren sinbolo nabarmena da gizaki mendebaldetuen geografian. Eta hori guztia gutxi irudituko balitzaio mugarik ezagutu ez duen gizaki hilkorren bati, gertu dauka Silicon Valley, informatikaren eta ingurune digitalaren epizentroa. Han garatu dira testu hau idazteko, maketatzeko eta pantailan irakurtzeko erabilgarri diren baliabideak, gauetik goizera milioika dolarreko balioa duten startupen produktuak, hain zuzen. Finean, San Frantzisko hiri bizia da, multi, poli eta trans asko dituen topagune dinamikoa.

San Frantziskoko muino lainotsuen artean, oraindik ikus daiteke Jack Kerouac North Beachen paseatzen. Harvey Milken ahotsa Castroko kaleetan dabil, askatasunaren oihartzun gisa. Janis Joplinen arima Golden Gateko haizeetan dabil, bluesaren akordeekin hiria margotzen… eta Steve Jobsen arrastoa nabari da gidari gabe dabiltzan taxietan. Eta aniztasun festa horretan, bertsolaritzak ere bere lekua du aspalditik.

 

1960: Xalbador eta Mattin San Frantziskon

1960ko ekainean, Euskal Herriko Hegoaldean diktadura amaitzeko oraindik 15 urte falta ziren garaian, Xalbador (Fernando Aire Etxart) eta Mattin (Mattin Treku) bertsolari ezagunak Kaliforniara gonbidatu zituzten: San Frantziskoko Les Jardiniers elkarteak, Frantziako migratzaileek sortutakoak, urtero piknik bat antolatzen zuen Saratoga Wild Wood Parken. Ospakizun hartan Ipar Euskal Herriko migratzaile asko elkartzen ziren, eta haien eskaera izan zen Xalbador eta Mattin gonbidatzea bertsotara.

Xalbador eta Mattin bazterrik bazter zebiltzan garai hartan bertsotan, eta Ipar Euskal Herritik Ipar Amerikara jauzi egin zuten. Bidaia luzea egin ondoren —ziurrenik jet lag koskorrarekin—, Xalbador eta Mattin parkeko oholtzara igo ziren bertsozale erbesteratuen gozamenerako. Saio bizia izan omen zen, ederra… baina bi bertsio entzun ditut saioaren amaieraz. Bertsio ofizialak dio frantses elkarteko kide batzuek mikrofonoa moztu zietela, ez zituztelako ulertzen Xalbadorren eta Mattinen bertsoak eta entzuleen barreak, eta ezaguna da deseroso samarra dela besteen gozamena ezin konpartitzea. Saioa bertan behera uzteak han zeuden euskaldunen haserrea piztu zuen, eta elkarteko arduradunei adierazi zieten euren kulturaren eta hizkuntzaren aurkako errespetu falta handia izan zela hura. Hain handia, ezen gau hartan bertan, euskaldun talde batek bilera bat antolatu baitzuen San Frantziskoko euskal jatetxe batean. Bilera hartan, San Francisco Basque Club sortzea erabaki zuten, euskal kultura eta hizkuntza babestu eta sustatzeko helburuarekin.

Bertsio ez-ofiziala Philippe Axeritogaraik kontatu zidan, euskal etxeko arduradun eta boluntario nekaezinak. Philippek dioenez, euskal etxeko kide zahar batek kontatu zion erdaldunen sumindura probokatua izan zela, ez berez piztua: Bearnotar batzuk ahalegindu omen ziren jakiten zeri kantatzen zioten bertsolariek eta zeri egiten zioten barre entzuleek… eta saioaz gozatzen ari zen bonetadun bertsozale bati egin zioten galde. Ezterenzubitik San Frantziskora emigratutako euskaldun zirikatzaile ezaguna zen bertsozale hura, eta abaguneak emandako aukeraz aprobetxatuta, honakoa erantzun omen zien: “Erraiten ari dira bearnotarrak pitoak direla”. Entzule txantxazale hura Johnny Kurutxet zen.   

Bertsio baten zein bestearen ondorioa zein izan zen badakigu: gaur egun, Xalbador eta Mattinen erretratuak South San Frantziskoko Basque Cultural Centerrean ikus daitezke, euren ekarpenaren eta euskal diasporaren historian izan zuten eraginaren omenez. Xalbador eta Mattinen bisita ez zen soilik bertso saio bat izan; San Frantziskoko euskal komunitatearen batasuna eta identitatea aldarrikatzeko mugarri handia izan zen.

Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon

San Frantziskoko Euskal Etxea: urruneko bertso plaza garrantzitsua

San Frantziskoko Euskal Etxea, edo San Francisco Basque Cultural Center, Kaliforniako euskal diasporaren ikur sendoenetakoa da. 1960ko ekainean ereindako haziaren fruitu ederra da, ahalegin eta gogo handiz egia bihurtutako ametsa. Izan ere, 22 urte geroago inauguratu zuten, 1982ko otsailaren 20an, South San Franciskoko 599 Railroad Avenue helbidean. Frontoia, antzokia, liburutegia eta jatetxea ditu, besteak beste: euskaldunen topalekuak handia behar zuen, euskaldunon bereizgarri diren herri kirol eta kultur jarduera guztien aterpe izateko modukoa. Horregatik, 1970eko hamarkadaren bukaerara arte ez zuten lortu biltzea gaur egungo palazio ederra eraikitzeko behar beste sos, hainbat familia euskaldunek, tartean Johnny Kurutxetena zela, eta North American Basque Organization erakundeak egindako diru bilketari esker.      

Munduko euskal etxe gehienetan bezala, dantza, gastronomia eta kirola dira San Frantziskoko Euskal Etxeko jarduera bereizgarriak: Amerikan, jaietako belaunaldi euskaldunek badakite Zazpi Jauzi dantzatzen, pilotan jokatzen eta txerrikia jaten. Tamalez, ez dute bertsotan jakiten, hizkuntza bera ere ez dutelako ikasten, baina San Frantziskoko euskal etxean, beste askotan ez bezala, badakite zer den bertsolaritza, euskal etxean bertan entzun izan dituztelako bertsolariak kantari; ziurrenik, Euskal Herriko herri batzuetan baino sarriago. Eta San Frantzisko bertsolaritzaren geografian agertzea eta hango euskal etxeko programazioan hain presente egotea Johnny Kurutxeten eta beste askoren ekinaren emaitza da.

Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon

Johnny Kurutxet: euskal diasporako kulturaren izar herrikoia

John Kurutxet San Frantziskon bertan jaio zen 1946an, baina bi urte zituela Ezterenzubira itzuli zen familiarekin, eta hantxe hazi zen harik eta 1966an, 19 urte zituela, berriro San Frantziskora itzultzea erabaki zuen arte. San Frantziskoko euskaldunen artean oso ezaguna bilakatu zen gaztetatik, piknik, ospakizun eta ekimen guztietan lan handia egin baitzuen. Ezterenzubin jasotako euskal kulturzaletasuna Kaliforniako euskal diasporaren bilgune guztietara esportatu zuen, hala nola dantza, herri-kirolak, “klika” eta batik bat bertsolaritza egitarau guztietako zerrendetan barneratuz.

Bertsozaletasuna Ezterenzubin edo etxean jasoko bazuen ere, 1972ra arte ez zen bertsotan hasiko: diasporako lagunen arteko bazkalosteko giro goxoan, Euskal Herriko modu bertsuan, bat-bateko bertsoak sortzen duen ustekabeko irriaren eragina ezagutu zuen, euskal ahozkotasunaren pozoi magikoa, eta ordutik ez zen isilduko azken hatsa eman arte. Ipar Amerikako gainerako bertsolari guztiekin konpartitu zuen oholtza: Gratien Alfaro, Jesus Jess Goñi, Martin Goikoetxea eta Jesus Jess Arriadarekin. 1988an Gardnervillen (Nevada) lehenengoz egin zen Bertsolari Txapelketan ere parte hartu zuen, baita 1991koan ere. Euskal Herrira urtean behin etortzeko ohitura zuen, eta bisita bakoitzean ahalegina egiten zuen sorterriko bertsolari handiekin kantuan aritzeko. Horrela iritsi zen kantatzera Xalbador berarekin, Xalbador bigarrenarekin eta beste hainbat izen ezagunekin.

Bertsolaritza Estatu Batuetan bizirik mantentzeagatik 2003an National Endowment for the Arts sari nazionala jaso zuen Washingtonen Jesus Arriada, Jesus Goñi eta Martin Goikoetxearekin batera, eta 2022ko martxoan, konpainia berberarekin, Amerikako euskal diasporaren Omenaldi Berezia jaso zuen San Frantziskoko Euskal Etxean bertan. 

2022ko martxoak 12: Estatu Batuetako bertsolariei Omenaldi berezia

Istorio hau ezohikotasunez beteta dago. Ezaguna da bertsolari batzuei urtebete aurretiaz deitzen dietela bertso saio baterako, agenda arazorik izan ez dezaten… bada, San Frantziskoko 2022ko bertso saiorako abisua 2019an eman zieten Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizasori. Saioak 2020ko martxoaren 14an izan behar zuen, baina ondo oroituko duzue aste horretan heldu zela Euskal Herrira COVID-19 birusaren pandemia. Donald Trumpek iragarri zuen martxoaren 13ko eguerdian itxiko zituela Estatu Batuetako mugak eta, aukeren lurraldean harrapatuta geratzeko beldurrez, bertan behera geratu zen itsasoz beste alderako bertso espedizioa. 2021ean oraindik musukoaren atzean ezkutatuta genbiltzan munduan, eta saioak 2022ra arte itxaron behar izan zuen.

Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon

Bertso saioaren helburu nagusia Amerikako bertsolari guztiei omenaldia eskaintzea zen. Zorionez, pandemiak ez zuen euretako bat bera ere harrapatu, eta 2022ko saioa 2020an aurreikusitako kartel berarekin antolatu zen. Batetik, azken hiruzpalau hamarkadetan euskal bertsolaritzaren sua Ipar Amerikako diasporan bizirik mantendu zutenak omendu zituzten egun hartan, eta bertsolaritzaren oroimenean leku bat merezi dute betiko: Kalifornian bizi ziren Jesus Arriada arizkundarra eta Gratien Alfaro urepeldarra;  Jesus Goñi, Oronozko semea, Nevadan bizi zen; eta Wyomingetik etorria zen Martin Goikoetxea gorritiarra. Haiekin batera, Franxoa Bidaurreta (Esnazu-Aldudekoa, San Frantziskon bizi zena) eta Joxe Mallea-Olaetxe (Munitibarkoa, Renora joandakoa) omendu zituzten antolatzaile eta gai-jartzaile gisa… eta nola ez, Johnny Kurutxet, Ezterenzubikoa, San Frantziskon bertan bizi zena hau ere. Bestetik, Euskal Herritik beren-beregi bertsotara joandako Sebastian Lizasok eta Aitor Mendiluzek diasporako bertsozale ugari erakarri zituzten. Gainera, lehen aldiz, aldi bereko interpretazioa eskaini genuen pantaila bidez, Valerie Etxarrenek, Xabier Berruetak eta nik neuk osatutako lantaldearen ekimenez. Ezohiko zerbitzu hori bereziki estimatu zuten euskaldun bertsozaleen senide ez euskaldunek, lehen aldiz aukera izan baitzuten euren aitak edo senarrak bat-bateko bertso saio batean nola eta zenbat gozatzen zuten ulertzeko. Ekitaldia Boisen bizi zen Todor Azurtza donostiarrak aurkeztu zuen eta pare bat orduko gozamena eragin zuen bertaratutako 100 lagun baino gehiagoren artean. Orduko bertsoaldi gogoangarri batzuk dira segidakoak:

Sebastian Lizaso eta Johnny Kurutxet binaka, gaia emanda

Gaia: Zuek biak Zesta punta edo Jai Alaiko pilotariak zarete. Miamin jokatzen aritu zarete urte askoan. Zoritxarrez, frontoia itxi egin dute eta hurrena zer egin ez dakizuela zaudete. Sebastian, zuk Estatu Batuetan gelditu nahi duzu, Zesta Punta berriro martxan jarri edo agian beste lan bat aurkitu, amerikar ametsa betetzen gelditu nahi duzu, american dream delako hori. Johnny, zuk aldiz Euskal Herrira itzuli nahi duzu. Zure herrira, zure kulturara, lagun eta senitartera itzultzeko unea dela uste duzu, amerikar ametsa guztiz amesgaizto bihurtu baino lehen.

Sebastian

Buru-belarri saiatu arren

gure kirolaren alde

azkenerako gelditu gera

ia aukerarik gabe

Hala ta guztiz Amerikatik

presaka zergatik alde?

Frontoiak itxi dituzte baina

ametsak zabalik daude

 

Johnny

Zuk esaten duzuna orain

ikusten dut nonbait nik e,

pentsaketan hasi eta

ordua pasa nezake.

Frontoiak itxiz geroztikan

nik zer ahal den dezake,

pilotan aritzeko gehiago

orain ez naiz aski gazte.

 

Sebastian

Oso gazterik iritsi ginan

Amerikako atera,

zoritxarrean gure usteak

ez dira ongi atera,

baina kolpetik etsitzea ere

nola den gure kaltera,

Amerikari eman diot

bere bigarren aukera.

 

Johnny

Aski nahi handia daukat

sendi dudana errateko,

zu eta ni pilotan arituta

aise ginake biziko,

baina aurretik baikinakien

gaur baino lehenago,

pilotarako adinak ez du

ez irauten betiko.

Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon

Aitor Mendiluze eta Martin Goikoetxea binaka, gaia emanda

Gaia: Zu Martin auto saltzailea zara. Zu Aitor eroslea. Azkenaldi luze honetan astero joan zara Martinen kontzesionariora autoren bat probatzera. Dagoeneko dendan dauden auto guztiak bi aldiz probatuak dituzu, baina halere test horien guztien ondoren ez duzu oraindik autorik erosi. Gaur Martinen kontzesionarioan sartu zara berriro auto bat probatu nahi duzula esanez.

Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon

Aitor

Ai, Martin, Martin, ustekabean

zuk jarri didazu lana

zure etxean probatu ditut

kotxe denak banan bana

eta berriro eskean nator,

hau da ezin eramana!

Zure errua da ez izatea

neri komeni zaidana.

 

Martin

Kotxeak dabil probatzen eta

gauza txarrak honek esanak,

zu bezalako piztiak ditut

aldi askotan izanak.

Nik saltzen ditut japones eta

nazional ta alemanak,

neri erosten didate kotxek,

zuk kenduta beste danak.

 

Aitor

Asko pozten nau zuk esateak

zenbat erosle dauzkazun,

negozioak badu orduan

aski ospe ta oihartzun.

Ni horregatik nator ehun aldiz

ea nahi dezun erantzun,

berriz gehiago ez etortzeko

zerbait eskaintzen didazun.

 

Martin

Berriro ere arrazoi bat nik

orain nahi nizuke eman,

zure autoa saltzen nik orain

egiten dut hainbeste lan.

Zuk badakizu zer ein behar dezun

tratu eginez hor neregan,

txeke handi bat eman zaidazu

ta autoa etxera eraman!

 

Aitor

Ai baina Martin altu samarra

jarri duzu salneurria,

ta aukeratzen ere badaukat

nik lan ikaragarria,

pentsa hobe det horrela segi

nago ohituran jarria,

hartara ez det ordainduko ta

aldiro kotxe berria.

 

Martin

Berriro ere hemen zaude ta

bota didazu sakea,

oain azkenean trato ein zagun

ta izan zagun bakea.

Kotxe bat erosi nahi dezu ba

zertaz hainbeste nekea,

gero erosi ezin baduzu

hartu ezazu merkea!

 

Sebastian Lizaso bakarka gaia emanda

Gaia: Estatu Batuetara iristean immigrazioko poliziak zure lanari buruz galdetu dizu eta San Frantziskora zertara zatozen galdetu. Zuk bertsolaria zarela esan diozu, abestera zatozela, bakarrik, musikaririk gabe eta gainera ez dakizula zer kantatuko duzun… Poliziak ez du ulertu eta ziria sartu nahi diozula pentsatu du. Baina, hala ere, nolabait sartzen utzi dizu. Azaldu iezaguzu mesedez nola lortu duzun poliziari ulertaraztea zer egiten duzun eta zertara etorri zaren hona.

Sebastian

Nik ez nekien hor aduanan

horrelakorik bazenik.

Dirudienez harek ez zeukan

ez poliziaren senik,

zeren ta neri ez zidan egin

berak galdera zuzenik.

Ikusi al da sekula dantzan

hain baldar eta gizenik?

Itsuak ere ez dit galdetu

Inoiz dantzari naizenik.

 

Lehenbizi broman hartu nion nik,

gero berotu odola,

gauza agertzen saiatu nintzan

hari hala edo nola.

Ez ulertuana egin zuen,

baina ez zitzaidan axola

ta esan nion holakorikan

hemen ez dela inola,

mingaina dantzan jartzen nuela

neu geldirikan nagola.

 

Aitortu behar elkarrizketa

izan genduela zaila,

horregatikan zalantzan daukat

haren polizia maila.

Bertsoetara etorri nintzen

eta hortik iskanbila,

nolabait ere gainditu ondoren

sortu zan arazo pila,

sartzen bederen utzi zidan ta

orain hor konpon dadila.

 

Saio osoa esteka hemen:

 

2025eko martxoak 22: Johnny Kurutxeti omenaldia

Johnny Kurutxet 2024ko azaroaren 27an hil zen San Frantziskon, 78 urte zituela. Egun berean doluz betetako bertsoak eta adierazpenak zabaldu ziren sareetan, zinez bertsolari eta euskal diasporakide maitatua baitzen. Motibo horrengatik, San Frantziskoko Euskal Etxeak ez zuen zalantzarik izan hurrengo urteko martxoan, bertso saioa antolatzeko sasoian, Johnnyri omenaldi eder bat antolatzeko. Ekitaldia North American Basque Organizationek eta San Francisco Basque Cultural Centerrek antolatu zuten, eta bi kontinenteetako bertsolariak bildu ziren berriz Ezterenzubiko lorazain zirikatzailearen izana ospatzeko.

Ehundik gora lagun elkartu ziren bazkaritara euskal etxeko areto nagusian. Bazkaldu bitartean, itsasoaren beste aldetik bideoz jaso ziren hainbat bertsolariren mezu pertsonalak pantailaratu zituzten. Izenen zerrenda ikusita, argi  geratu zen Johnny Kurutxet izartxo bat zela bertsolaritzaren zeru zabalean: Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Andoni Egaña, Mixel Etxekopar, Xabier Euzkitze, Nerea Ibarzabal, Jean Louis Laka, Maialen Lujanbio eta Julio Soto izan ziren omenaldirako bertsoak, mezuak eta bideoak prestatutako bertsolariak. Haien hitzek Johnnyren izaera apala, irribarretsua eta kulturarekiko maitasun sakona ekarri zuten gogora. Hona hemen adibide batzuk:

 

 

Xabier Peritz Euzkitze

Kalifornia zabal hartatik

urrun da Ezterenzubi,

zu izan zira itsasoaren

gaineko bertsozko zubi.

Aitortzen dautsut: zu pausatzean

ez dut malkorik isuri,

gugan txertatu eta oraino

bizi zarela dirudi.

Ez adiorik Johnny maitea,

bihotzez mila esker zuri.

 

Amets Arzallus

Ezterenzubik duen

mendi gorenean,

bazen iturritxo bat

haurra zinenean,

ta han ezpainak busti

zenituenean,

bertsua loratu zen

zure barrenean.

Sekula hartu gabe

teknikak menean,

bertsua bere molde

naturalenean.

 

Bertsularia zinen

leku arrotzetan,

beti irri ezti bat

ziri zorrotzetan.

Agur, Johnny maitea,

hatsaren ertzetan,

Heriotzak bertsu hau

utzi dit hortzetan:

Nahiz ta pausatu

goiko ordoki hotzetan,

atalaia bat duzu

gure bihotzetan.

 

Maialen Lujanbio

San Frantziskon autoko

atea ireki

ta zintan euskarazko

zenbat ereserki.

Hizketan gozo eta

kantuan ederki,

Boneta txikiakin

abegikor beti,

agur eta goraintzi

Johnny Kurutxeti.

 

Andoni Egaña

Ezterenzubikoa

zubi aski zaharra,

urrezkoa atea ere

ez da zubi txarra.

Naturaren zubia

dugu ortzadarra,

bertsoa ere zubi da

ta badu indarra.

Zer zen guztiak biltzen

zituen indarra?

Txapelpetik sortzen zen

Johnnyn irriparra.

 

Bazkariaren ondoren, bertso saioaren aurretik, North American Basque Organizationeko kideek Al Erquiaga Bizi Emankorra saria eman zioten Johnny Kurutxeti, euskal kulturaren alde egindako lan nekaezinagatik. Saria Mary Kurutxetek, Johnnyren emazteak, jaso zuen, publikoaren txalo zaparradapean.

Sari ematea amaituta, Mikaela Goikoetxea hurbildu zen mikrofonora eta bertso saioari hasiera eman zion. Banaka-banaka deitu zituen eszenatokira Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi anaiak, Martin Goikoetxea Wyomingeko gorritiarra eta euskal diasporako online bertso eskolako kideak: Todor Azurtza, Nerea Ezeiza eta Oier Pastor. Zortzi bertsolariz betetako oholtza, bertsolarien omenaldiak Euskal Herrian izan ohi duten tamaina berekoa. Mikaela Goikoetxeak bikain bideratu zuen saioa. Hasieran eta bukaeran Johnnyren omenezko bertso hunkigarriak izan ziren, eta tartean, haren bizitzan oinarritutako pasadizo dibertigarriak bertsoentzako bat-bateko gai bilakatu zituen. Ariketa honetan oholtza gaineko bertsolari guztiek parte hartu zuten:

Joanes Illarregi, bakarka gaia emanda

Gaia: Joanes, duela 60 urte Ameriketara etorritako emakume euskalduna zaitugu. Senarrak esan dizu ez duela gehiago joan nahi euskal etxera, “bere sasoiko guztiak joanda daudelako”. Bi bertso nahi duzun doinu eta neurrian.

Joanes Illarregi

San Frantziskora etorri nintzen

Mende erdi bat inguru,

Euskal Etxera joatea zen

nere asteroko helburu.

Orain parean jarri zara ta

hots batek hartu gaitu gu,

esan duzu buruz buru,

gehio ez duzula joan nahi baina

hortaz al zaude seguru,

lagun zaharrak joan dira baina

berriak egin ditugu.

 

Eta zalantza sortua zaizu

nik zuri hau esatean,

eskema denak ia dardarka

hasi dira bat-batean.

Euskal etxera astebururo

lagunekin joatean,

ni nago izar artean.

Zuk nahi baduzu geratu zaitez

gure etxeko atean,

baina nik joaten jarraitu nahi dut

bizi naizen bitartean.

 

Xabat Illarregi atzekoei kantari

Gaia: Xabat, Philippe Axeritogaraik jakinarazi berri dit oraintxe bertan hoteletako erreserbekin arazo bat egon dela eta ez dagoela zuretzako gelarik libre. Beraz, saia zaitez atzeko bertsokideetako bat konbentzitzen lo egiteko tokia egin diezazun.

Xabat

Hotelik gabe geratu naiz ta

ez ekipaje ta ez gai,

Nerea, zure etxen leku bat

egongo al da nire zai?

Ordainduko dut behar baldin bada,

baina nik zurekin joan nahi,

Nueva Yorkera joan behar bada ere

korrika joango naiz, lasai.

 

Nerea

Xabat lorik eiteko tokia

ez dezula gertukoa,

baina hortako nik orain dizut

ondoren aipatukoa.

Hona etortzeko zuk egin behar

neri bai kontatukoa,

zein da bertsotan ondo egiteko

zuk daukazun trukoa?

 

Xabat

Nik negar hotsak entzun baino lehen

nahiago lo egin kartzelan,

ta Oier aita da ta entzun dudanez

badauka galtzak bete lan.

Eramango al nauzu zurekin

txalupan edo batelan,

baina mesedez ez ni ipini

zure semearen gelan.

 

Oier

Hortxe Xabat zuk gai potentea

nire aurrean duzu atara,

nire etxeak baditu hainbat

arazo eta bai traba.

Nik zure plana maite dut eta

hor jarri dut begirada,

mesedez Xabat eramaidazu

zurekin ni kartzelara.

 

Xabat

Eta Todorrek etxe ederra du

bere gogo, bere afan,

eta berekin dena da ona

beti brometan ta trufan.

Lehen entzun diot bertso munduan

bera dela nire oso fan,

beraz zure ohean egingo dut lo

ta zuk eingo duzu sofan.

 

Todor

Oso ederra daukazu Xabat

zirikarekin hastea,

baina nolabait dezu zure buruan

Kristongo nahastea.

Nahiz ta nik zu miresten zaitudan,

zara xarmant ta gaztea,

ez zazu ahaztu nik nire etxean

zai daukadala emaztea.

 

Xabat

Ta orain berriz Martinengana

gerturatuko naiz fin-fin,

etxe bat utzi behar zenidake

bere bi leiho irikikin.

Egia esan berdin zait niri

Wyomingen zein Gorritin,

sobran daukazun etxeren baten

lo egin al dezaket, Martin?

 

Martin

Trato eder bat egiteko ni

pozez nago zurekin,

kontrato bat egin genzake ta

arreglatu elkarrekin.

Wyomingen ni bizi naiz

eta etxe ederrakin,

haraino eramango zaitut

nik gaur Uberrekin.

 

Xabat

Eta zein da hau, hara, anaia

Beraz, badakit, badakit,

negozio ona daukat honekin

zerbait eskatuagatik.

Bi urte gehio dauzka anaiak

ta aitzakia horretatik

lurrean lo egin behar zenuke

zure anaiarengatik.

 

Joanes

Anai txikia ongi zaintzea

betidanik daukat xede,

zaharrak beti zaindu behar du

bere indar ta botere,

ta ados nago lurrean egin

behar nizuke mesede,

ze zuregatik berdin-berdin zait

lorik ez eginda ere.

 

Xabat

Ta Aitorrek etxea handia du

ta sartu nahi dut muturra

Zazpi bat gela, hiru sukalde

ta atarian txakurra,

baina zurekin egin nahi dut lo

bai, bai, faltan dut beldurra,

ho(r)i bai zurrunka hasten bazara,

itxiko dizut sudurra.

 

Aitor

Nire etxea handia da bai,

badugu logela bana,

baina zurrungen beldurrik gabe

bildu nahian neregana,

ba… zatoz, zatoz nire ohera

jarri oinetan etzana,

gaur badakit nork egingo duen

poltsa beroaren lana.

 

Xabat

Sebastianek e gela bat dauka

entzun dut nik arestian,

nahiz ta agian aterako den

nahiko prezio garestian,

nik e zure ohean egingo dut lo

bai zurekin, Sebastian,

nik utziko dizut aukeratzen

gainean edo azpian.

 

Sebastian

Oherik ez du gazteak eta

eskema guztiak hautsi,

gure etxeko bidea honi

behar diot erakutsi,

baina hori bai hamar egunez

oherik ez dut ikusi,

joan zaitez lasai, han egongo da

arkakuso eta guzi.

 

Ekitaldi osoa hemen ikus daiteke:

XX. mendeko Ipar Amerikako bertsolaritza beti iruditu zait magikoa: munduko lurralde aurreratuenetako batera bidaiatuagatik, molde zaharreko bertsogintzaren erakusgarri eta gordetzaile izan dira kantuan aritu diren bertsolari guztiak. Iragana etorkizuneko orainaldian. Artzain joandakoen belaunaldia badoa pixkanaka-pixkanaka San Pedroren aurretik pasatzen, eta erbesteratzen diren belaunaldi berrien profila gehiago da goi mailako enpresetan talentua eskaintzera doazenena; iturri zaharretik edan gabe, bertsozaletasun berriak erakarrita animatzen dira bat-batean aritzera. Ametsek Johnny Kurutxeti eskainitako bertsoan aipatzen dituen teknikak ez daude oso presente mende batean zein bestean. Teknologiak inoiz baino gehiago gerturatu dituenean hango eta hemengo euskaldunak, ikusi beharko da zein bilakaera duen bertsolaritzak euskal diasporan, baina dudarik gabe, gure urrezko letretan idatzita geratuko da Johnny Kurutxet bezalako bihotz handiko euskaldunek egindako ahalegin eskerga.

Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon  Jhonny Kurutxeten omenaldia San Frantziskon