Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean

Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean –

Testua eta argazkiak: Remo Leaño (erredakzioan itzulia)

 

Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldeanKaxa kanten jatorri urruna identifikatzea oso konplexua da. Onar dezagun, lehenik eta behin, ahotsa eta perkusioa izan direla mundu osoan zehar humanitate gisa izan genituen lehen adierazpideetako bi. Jakina, denbora igaro ahala, trukeen edo gainjartzeen ondorioz, kontaktuak, nahasketak eta aberasteak izan dira askotariko norabideetan. Esan behar da euren hizkuntza eta egitura poetiko musikalekin aitzinatu ziren nazio batzuek aldaketa sakonak eragin zituztela beste lurralde batzuetan. Beraz, adierazpide honek gaur egun Argentinako ipar-mendebaldean duen formara gerturatzeko saiakera bat egingo dut.

 

Instrumentua

Kaxa kolonaurreko aurrekariak dauzkan danbor mota bat da, egurrezko uztai fin eta malgu batez egina, bi partxerekin. Goialdekoa edo kolpekaria (percutor), lodiagoa, ahuntz edo ardi larrua izan ohi da, eta behealdekoa edo durunditsua (resonador) behi sabelez edo tripako parteren batez egina dago. Durunditsuan, kantu estilo batzuetarako, chirlera izeneko tenkatzailea gurutzatzen da soinuari dardara emateko. Txirikordatutako hiru zaldi zurdaz egiten da chirlera.

Kaxa huancara izenez ezagutzen da Bolivian eta tinya izenez Perun. Horrez gain, hori jotzeko erabiltzen den makilatxoa huastana da; izen hori eta aurrekoak kitxua hizkuntzakoak dira (Andeetako inka kulturako hizkuntza zahar bat). Probintzia eta estiloaren arabera huastana bat edo bi erabiltzen dira.

Esan behar da probintzia bakoitzak ezaugarri bereziak dauzkala kaxak egiterakoan: diametro ezberdinak, uztaiaren altuera, larruen tratamendua edota partxeetatik ilea kentzea edo ez. Horrek guztiak ezaugarri akustiko ezberdinak sortzen ditu, hala nola soinuaren proiekzio txikiagoa edo handiagoa, zonalde bakoitzeko kantaerara moldatuz.

 

Estiloak

Jujuyko probintzian partikularki “kopla estilo gisa izendatzen den arren, ikerketak beste familia batzuez mintzo dira: tonada, vidala, baguala, chaya. Kopla lehen familiaren barruan egongo litzateke (tonada), eta zonalde horretan sortzen da. Vidala hegoalderago entzun dezakegu, eta aldaera ugari dauzka: Santiago del Esteroko probintziatik (ohikoa da binaka abestea, baita gitarraz lagunduta ere) Valles Calchaquies ingururaino, Salta, Tucuman eta Catamarcako probintzietan (abeslari eta kaxa ugarirekin egin ohi da konpartsan). Vidala del cerro edo mendikoa ere badugu, Catamarcako probintziaren mendebaldean, eta dakigunez estilo zaharrenetakoa da, ez du letrarik (salbu soinua gelditzen denean, orduan lauko txiki bat errezitatzen da), eta joy-joy izeneko zonaldeko beste erritmo batekin lotuta dago. Azken bi horiek, beren egitura eta forma musikalengatik, zonaldeko jatorrizko hizkuntzan abesten ziren melodien arrastorik zaharrenak dira.

Zonalde hezeagoetan ohikoagoa den baguala (bakarka egiten den kantua, canto solisto deitzen diote) kantu sakon, luze eta lazgarria da; ziurrenik, izaki bizidunaren eta inguru geografikoaren arteko loturak eragindako fruitua. Chaya, bestalde, La Riojako probintzian abesten da, otsailaren hasieran, eta aitortzen da uzta ondorengo jaia izendatzeko aitzinako moduetako bat zela, berau carnaval (inauteri) gisa eraldatua edo berrizendatua izan aurretik.

Bi probintzia azter daitezke eragin afroengatik (afrikarrak), populazio horren tasa oso altua izan baitzuten behinola (presentzia handiaren XVII. eta XIX. mendeen artean, esklabo gisa erabiliak): Santiago del Estero eta La Rioja. Saiatuko gara existitzen ziren aldaera erritmikoei eta danborren fabrikazioari dagokionean ere zer ekarpen egin zieten zehazten.

 

Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean

 

Kopla

Ez legoke gaizki termino honi erreparatzea, nahasgarria izan baitaiteke. Koplaren egitura eta metrika Espainiatik datoz, eta, arakatzen jarraitzen badugu, Indiara iritsiko gara eta 7.000 urte egingo ditugu atzera. Hala eta guztiz ere, idazketa mota hau 1492tik aurrera sartzen da Amerikan.

Koplaz hitz egiterakoan, batzuetan cuarteta edo redondilla izendatua, lau bertso oktosilabo eta bigarren eta laugarren bertsoen artean errimatzen duen egitura poetikoari egiten diogu erreferentzia, kontinente osoan zehar zabaldu zena (hizkuntza espainiarraren eskutik, ideiak 8 silabatan egituratzeko joera duena). Errima asonantearekin erabili ohi da, eta garai haietatik iritsitako adierazpenen berdin-berdinak daude: kantu beraren aldaerak topa ditzakegu Espainian, Kolonbian, Ekuadorren edota Argentinan.

Lurralde honetako kantu zaharrenek ez zioten men egiten metrika eta errima itxiei, eta gainera, jatorrizko hizkuntzetan abesten ziren. Hala eta guztiz ere, agerikoa da nola lur hauetako jendeak forma hori bere egin zuen, ondoren bertan euren balio kulturalak, pertsonalak, sinbolikoak eta filosofikoak sartzeko.

 

Worksongs

Eguneroko jarduera askok, kaxa kanta sustraituta dagoen zonaldeetan, askotariko zailtasunak dauzkate. Batzuetan geografia tarteko, besteetan klima, jendea bizi den tokietara iristeko dagoen distantziagatik, eta baita tokiko ohiko zereginengatik ere. Horri dagokionez, eta adin txikia dutenetik, familia bateko seme-alabek izendatutako eginkizunak dauzkate, eta bakarrik egoten dira maiz. Lanok dira: abereen zaintza eta lekualdatzea, artzaintza, nekazaritza lanak, edateko ura bilatzea edo etxeko beste hamaika zeregin.

Egoera horietan kantua konpainia eta kontaketa gisa agertzen da. Bizitza da, gizaki horien pentsamolde eta sentimenduak hitzen bidez kateatuz doana, forma aurkitu arte. Batzuetan melodia lehenago iristen da, eta ahapeka kantatzen edo txistua jotzen da, eta unitate aldagaitz bat balitz lez, bertsoak sortzen hasten dira.

Burua, barne eta kanpo begirada eta ahozkotasuna entrenatzeak eramangarriagoa egiten du horrelako baldintzetan bizitzea. Lan fisikoaren eta intelektualaren arteko elkar elikatze bat dago, ideiak eta sentipenak antolatu eta kantuak sortzen joateko. Kantu horien berezitasunetako bat da askoz ere esakera intimoagoei eusteko ahalmena, beren akats eta zuzenketa premiekin, desafio batean zeharo ezberdina dena beste abeslari batekin eta adi-adi dagoen publiko baten aurrean.

 

“Oinak” eta bat-batekotasuna

“Oina” deitu ohi zaiona daukagu. Bertso edo ideia gisa definitu ahalko genuke (batzuetan bertso bat baino motzagoa da), abiapuntu edo lotura modura balio duena. Adibide batzuk: “En el aro de mi caja”, “este el nuevo remate”, “yo soy como…”: Éste es el nuevo remate,/ liviano como la espuma,/ baja del cerro más alto,/ sigiloso como el puma” (“nire kaxaren uztaian”, “hau da erremate berria”, “ni… bezalakoa naiz”: “Hau da erremate berria,/ aparra bezain arina/ mendixka altuenetik jaisten da/ puma bat bezain isilik”).

Jarraian abestu behar duenak hori entzutean, normalean, hartu eta errepikatu egiten du, baina beste buelta bat emanez. Oinaren bertso kantitateak gorabeherak dauzka, ohikoena bat izatea bada ere, orokorrean lehena. Hori izan ohi da “oinak” “kantutegi herrikoiaren” parte direlako, eta kantu espazioan parte hartzen ari direnak (abeslari zirkulu bat, normalean) beren ahots eta instrumentuekin kopla hori lagunduz joango dira, uneren batean, ezaguna edo espero dena aldatzeko.

 

Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean

 

Bat-batekotasun garbia

“Oin” baten edo ezaguna den kopla baten atal bat erabiltzearen kontrapartida litzateke hasieratik bukaerara sortzen dena. Praktika hau bi espaziotan sortzen da, gutxienez: batetik, ohiko zereginen artean izan ohi den egunerokotasun pribatuan; bestetik, kantatzearen ariketa berean. Errepikapenak ahalbidetzen du gordetzea eta partekatzea. Eta gonbidapen horretan dago, justuki, kantu hauen alde garrantzitsuena: kolektibotasuna eta publikotasuna.

Kantuek presentzia duten jaiegunak daude urtean zehar, eta horietan kantari kopuru handiek pribatuan sortutako bertsoak haizatzeko baliatzen dute parada, besteak gonbidatzeko, edo zirkuluan euren txanda iristen denean besteen aurrean aurkezteko, etxe bati baimena eskatzeko, gonbidapen bat eskertzeko, eskaera bat egiteko edo beste edozertarako.

 

Kantu kolektiboaren indarra

Kantua bakarkako lanetan lagun den gisan, badu erabilpena eta praktika erritu kolektiboetan ere. Batzuk izan daitezke: etxe bat eraiki edo berritzea, lurra ereiteko prestatzea, animaliak markatzea edo uzta garaia. Erritualen artean aipa ditzakegu Pachamama (Ama Lurra, abuztuan ospatzen da) edo Inti Raymi (ekainaren 21ean eguzkiari itxarotea, urte andetarraren hasiera gisa ere izendatua), baita Karnabalaren “deshobiratzea” ere eta “hobiratzea” amaitzen denean eta dagozkien compadre eta comadre ostegunak ere.

 

Kantuaren dinamikak

Zirkuluan edo taldean kantatzeko modua honela garatzen da: abeslari solistoak darama ahotsa, lehen bi bertsoak abesten ditu, gainontzekoek errepikatu egiten dituzte, lehen ahotsera itzultzen da eta hirugarren eta laugarren bertsoa abesten ditu, eta beste guztiek errepikatu. Une honetan ohikoena izaten da beste batek hitza hartu eta jarraitzea. Bi dira modu ohikoenak: kantatutakoari erantzutea (hemen duelu edo desafio bat legoke) edo beste kopla batekin segi (honi de orilla a orilla deitu ohi zaio, ertzetik ertzera), bai gaiarekin jarraituz edo lotura duen beste gai bati helduz. Egia da, erabilera bat edo bestea eman, kantuaren edukia aldatu egiten dela.

Duelu edo desafio baten kasuan hainbat eszenatoki posible daude: gizona/emakumea, gizonak/emakumeak, 1 komunitatea/2 komunitatea; eta ezohikoenak lirateke: emakumea/emakumea eta gizona/gizona. Dinamika ohikoena oposizioa da, ideia kontrastea, bihurrikeria, harrokeria, bigarren zentzuak eta tentsioa sostengatzen duen oro, partekatzeaz gain “gudu” hori irabazteko asmoz.

Esan genezake hori dela inprobisazioa baloratuko eta bere espresio gorenera iritsiko den eszenatoki nagusia, berori baldintzatzen duten mugak baititu: momentu horretantxe sortua izatea, denbora laburrean, melodia baten barnean eta danborren erritmoan. Horri gehituz, bistan dena, egoera horren parte diren pertsonak edo publikoa baino ez direnak eta abesten dutenen kontakizuna jarraitzen dutenak. Kantu horien ikuspegi sozialak hemen erakusten du bere alderik garrantzitsuena, eta hori partekatze kolektiboa da.

Praktika honek munduko beste herrialde batzuekin dauden harremanak erakusten ditu, non musikak eta kantuak, bizitzen eta partekatzen ari denaren inprobisazioa gehituta, bat egiten duten erabileran.

Pentsa dezakegu inprobisazioak, birfundazio forma gisa, ziklikoki urtarotik urtarora birsortzen den naturaren erritmoekin bat egiten duela.

 

Erritmoak eta gaiak urteko sasoiaren arabera

Hego hemisferioan, uda (abendutik martxora) nekazaritza ekoizpen handieneko garaia da. Hauek herri laborariak izaki, garai honetan topatuko ditugu kaxen erritmo azkarrenak, jaia, harrabotsa, edari mozkorgarrien presentzia eta bertsoen edukia giroarekin bat eginez.

Urtaro honetan ospatuko da Karnabala. Latitude hauetan kolonaurreko formak dauzka, Europatik iritsitako beste forma batzuen nahasketarekin.

Karnabalaren kasuan, kantuak “deshobiratzetik” “hobiratzera” egongo dira presente, eta une horretatik aurrera, jendearen gehiengoak abesten jarraituk du, baina danborrik gabe.

Kantuen edukia entzuterakoan agerian geratzen da uztaren indarra. Aurreko urtetik abiatu zen lan gogor baten fruitua, ñabardura, kolore, testura eta zapore kantitate handi baten bidez adierazten dena.

 

Abesteko moduak

Koplaren kasuan, bere egitekoa betetzen du abestua denean, beraz, lotura estua du melodiarekin. Alde horri tonada esaten zaio, eta herri edo lurralde bat identifikatzen du; hala eta guztiz ere modu berean deitzen zaie kantuaren bi urtaro handiei: udakoa eta negukoa, eta amaitzeko, arestian aipatu bezala, badira adierazten dutenak tonada kaxa kanten barruko estilo bat dela.

Lehen ezaugarriak, abesten edota ikertzen urteak daramatzatenentzat, adierazten du pertsona nongoa den edo non ikasi zuen abesten.

Bigarrenarentzat, badaude ziurtatzen dutenak kaxa ez dela Karnabala amaitu ondoren erabili behar (erabiltzen den instrumentuaren arabera, naturako elementu eta indarrei egiten zaie dei, eta beraz, harmonia handiago bati eusteko asmoa dago).

Hirugarren ezaugarria onartuagoa da ikasketa eta ikerketa zirkuluetan, lurraldean “kopla” gisa izendatzen den arren (eta horrela egiten dut neronek ere).

Kaxak abuztuan agertuko dira berriz, Pachamamaren (Ama Lurraren) zeremonia ospatzen denean: “Aho” bat zabaltzen da lurrean, belarrak erabiltzen dira kez lurrintzeko, tabakoa eskaintzen zaio, janaria, edariak, eta koka hostoak ere sartzen dira zulo horretan, igaro den urtearengatik eskerrak ematea azpimarratuz…, eta, horren ondoren, pertsona bakoitzak bere eskaerak egingo ditu: babesa, osasuna, etxea, animaliak, uzta… Jarraian, zulo hori itxi egingo da eta bere inguruan kaxekin abestu, errituala ixteko.

 

Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean

 

Nork abesten du

Eraldaketa handia eta beste talde sozial batzuen etorrera egon da kaxa kantan. Luzaz gizarte maila herrikoienetan kontserbatu da, ahozkotasunaren dinamika historikoekin. Baina urteen poderioz, ikerketa lanekin, eduki hori hirietara iristen hasi zen, aztertu egin da eta irakasten hasi. Musikari zenbaitek euren ekoizpenetan sartu dituzte melodiok, eta euren nortasuna eman diete. Horretaz gain, hazi egin da antzinako musika arrastoak munduko beste musika batzuekin edo base elektronikoekin nahasten diren konposaketen erabilera.

Gertatzen da bagaudela landa eremuan jaio ez garen jendea, baina estilo horiek ikasi genituen eta topaketak antolatzen diren tokietara joaten hasi ginena.

Bere forma ezberdinekin, kantatzeaz harago, denbora eskaini behar genioke milaka urte bizirik daramatzan adierazpen forma honetan murgiltzeari, ziurrenik bere baitan ezagutzea merezi duen jakintza eta sakontasun ugari baitauzka. Eta ondoren, hala nahi izanez gero, biderkatu.

 

Irakaskuntza, egiteko

Ikusi dugun bezala, kaxa kantak Argentinako ipar-mendebaldeko musika mapan nahitaezko atala dira. Izanik, gainera, estilo laburra eta birsortzeko malgua, irakaskuntza ofizialean txertatu beharko litzateke, bere pisu kulturala balioetsiz.

Geroz eta gehiago gara gai honen bueltan ikertu, hitzaldiak eman eta formakuntzak antolatzen ditugunak. Horiek modu independentean eta iniziatiba propioz garatzen dira, eta Estatuarekin elkarlanen bat egon denetan ez da modu iraunkor eta etengabean izan.

Informazioaren mugikortasuna zorabiagarria den garaiotan, garratzitsua litzateke belaunaldi berriengan pentsatzea, ez soilik hedabideek eskaintzen dutenaren kontsumitzaile hutsal eta biderkatzaile gisa, baizik eta euren sentimenduak, helburuak, bilaketak inprobisatzen dituzten sortzaile lez. Hauxe da erronka, euskal lurraldean egiten den lana eredutzat hartu, bai irakaskuntzan eta bai entrenamenduan, eta baita ikerketan, erreskatean, erregistroan eta ondarearen zainketan ere; hala nola inprobisatzen dutenen ikusgarritasuna hobetu eta handitzen duten emanaldien antolaketan.

Espero dut hegoaldeko neguan idatzitako lerro hauek ahozkotasuna maite duten beste pertsona batzuekin elkartzea, hurbiltzea ahalbidetuko duten lotura urrunak sortzeko.

 

Jujuyko probintziatik, Argentina

 

 

Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean Kaxa kantak Argentina ipar-mendebaldean