[Lore Jokoak] Atzerriko begiradak hauspotutako erreakzio kulturalista

Atzerriko begiradak hauspotutako erreakzio kulturalista –

Mende hasierako oldarraldiari apologista belaunaldi berri batek erantzun zion. Pedro Pablo Astarloak Apología de la Lengua Bascongada o ensayo crítico filosófico de su perfección y antigüedad sobre todas las que se conocen (1803) eta Reflexiones filosóficas de defensa de la Apología de la lengua bascongada (1804) argitaratu zituen; eta Juan Bautista Errok Alfabeto de la lengua primitiva de España (1806), Observaciones filosóficas en favor del alfabeto primitivo (1807) eta El mundo primitivo o Examen filosófico de la antigüedad y cultura de la nación bascongada (1815). Aurreko apologistak jurista eta historialari laikoak baziren, euskal nobleziaren orbitakoak, elizgizonak ziren hauek, prestaketa aldetik ahulagoak, eta Antzinako Erregimenaren defentsan gotortuak.

 

Atzerriko begiradak hauspotutako erreakzio kulturalista
Karl Wilhem von Humboldt

 

Erreakzio honek Europa mailako Erromantizismoaren zabalkundearekin kointziditu zuen. Jada azaldu den bezala, mugimenduaren aita pontekoak berak, Herderrek, seinalatutako bideari jarraituz, Karl Wilhem von Humboldt hizkuntzalari alemaniarrak bi egonaldi luze (1799 eta 1801) egin zituen Euskal Herrian. Humboldt figura esanguratsua zen alemaniar erromantizismoaren baitan, eta bere lanek izaniko oihartzunari erantzunez Euskal Herriari buruz idazteari ekin zioten hainbat atzerritarrek. Euskarari eta euskal kulturari prestigioa eman zion atzerriko begirada horrek: “El hecho de que autores extranjeros se preocupasen por el estudio de las costumbres, historia y lengua vascas, aportó, especialmente a esta última, un prestigio del que, hasta entonces, había carecido, tanto en el país como fuera de él” (Aizpuru, 2001: 26-27).

Bisitari horien ekarpenen artean aparteko aipamena merezi dute Luis Lucien Bonaparte printzeak eginikoek. Mendearen erdi aldera ekin zion euskara ikertzeari eta hiru hamarkada luze eman zituen horretan. Batez ere euskalkien inguruan egin zuen lan, 68 liburu argitaratu zituen, eta antolatu zuen laguntzaile sare zabalean euskararekiko grina piztea eta maila zientifiko txukun bat hartzea lortu zuen[1]. Frantziako II. Inperioaren buru zen bere lehengusu Napoleon III.ak izendatu zuen “printze” 1852an, urteko 130.000 liberako pentsioa esleitu zion, eta zati handi bat euskararen ikerketara bideratu zuen.

Azkenik, mendearen bigarren erdi horretan, euskal komunitatearenganako Europaren interesa piztuko zuen beste olatu bat altxatu zen: Brocak, Retziusek, Collignonek, Hervék eta beste hainbatek modan jarri zuten Antropologia Fisikoak, euskara Europako hizkuntzarik zaharrena izan zitekeela zioten hizkuntzalarien teoriekin bat eginez, euskal gizakia jarri zuen kontinenteko jatorrizko arrazaren aferaren xede puntuan. Erromantizismoak sustraien inguruan zuen lilurak sekulako hauspoa eman zien planteamendu horiei, Gabilondoren hitzetan euskal nortasun modernoaren sorrera gertatu zen Europako indigena gisa (2016: 187).

Eta Karlistaldiak ere nazionalismo etnikoaren logikaz ulertu ziren Europan:

“El militar inglés Henry Wilkinson que luchó en el bando liberal, acompañó su descripción de las campañas de la primera guerra carlista con una selección de national music; fue un periodista británico el que calificó a Muñagorri como the basque patriot en el periódico United Service Journal; el escritor francés Justin Cénac-Moncaut calificó el Gernikako Arbola como Chant national. El mismo Pierre Larousse subrayaba que, a diferencia de otros pueblos como el castellano, el andaluz, el bearnés o el gascón que hacían gala de su calidad de españoles y franceses, respectivamente, ‘el Vasco […] es, ante todo Vasco y prefiere ese título a cualquier otro’” (Madariaga, 2008: 27).

 

Atzerriko begiradak hauspotutako erreakzio kulturalista
Louis Lucien Bonaparte

 

XIX. mendearen erditik aurrera geroz eta nabarmenagoa zen industrializazio prozesuaren garapena, lanera zetorren erdal emigrazioak geroz eta pisu handiagoa hartu zuen euskal jendartean, eta gutxika masa kulturaren lehen agerpenak hasi ziren loratzen. Euskal kulturak Europan geroz eta interes biziagoa pizten zuen bitartean, geroz eta ertzerago egin zuen bere lurraldean: “La cultura etnoeuskaldun, mayoritaria hasta ese momento, acentuó su subordinación frente a la cultura española-urbana, difundida por la escuela, la prensa y los nuevos sectores dominantes” (Aizpuru, 2001: 61).

1870eko hamarkadarako Luis Lucien Bonaparteren inguruan antolatutako euskarari buruzko ikerketak ere gainbeheran ziren, gerra franko-prusiarra galduta bere lehengusu Napoleon III.a kargugabetu zutenetik baliabiderik gabe gelditu baitzen ikertzailea.

Eta Foruen galerarekin euskarari zegozkion alarma guztiak piztu ziren: “Defentsa on baten antolamendurako erakundeen jabetasuna galduta, soldadutzak gazteak erdal herrietara eramaten zituela, eskolan maisu erdalduna nagusi zela, etorkizuna beltz ageri zen” (Intxausti, 2014: 128)[2].

Galera hori izan zen, ordea, protonazionalismo zantzuak zituen erreakzio kulturalista bere indar guztiz leherrarazi zuena. Lehen Euskal Pizkundea jarri zen martxan, eta mendetako bestekotzeari kontzientzia berria gailendu zitzaion.

 


 

[1] Maila zientifiko onekoa zen Bonaparteren lana eta, besteak beste, Oxfordeko Unibertsitateko “Doctor Honoris Causa” titulua lortu zuen.

[2] Askok galdutzat ere ematen zuten etorkizun hori: “Incluso los defensores de la lengua vasca estaban penetrados de estas ideas de incapacidad de adaptación de la lengua vasca a la sociedad moderna. Un ejemplo entre los muchos posibles. En 1879 se presentó como tema de discusión en las tertulias del Ateneo de San Sebastián, el de la pertinencia o no de la desaparición del euskera. Algunos socios eran partidarios del abandono lo antes posible de la lengua, mientras que a otros les repugnaba esta proposición. Se encargó de defender esta última postura Nicolás de Soraluce, conocido vascófilo. Pero sin negar en las conclusiones de su discurso que el vapor, el telégrafo y la escuela acabarían por hacer desaparecer la lengua vasca. Él solo se oponía a acelerar el proceso” (Madariaga, 2008: 155).

Atzerriko begiradak hauspotutako erreakzio kulturalista Atzerriko begiradak hauspotutako erreakzio kulturalista Atzerriko begiradak hauspotutako erreakzio kulturalista Atzerriko begiradak hauspotutako erreakzio kulturalista Atzerriko begiradak hauspotutako erreakzio kulturalista