[Lore Jokoak] Kultur praktika modernoen sustapena: lehiaketaren ardatza

Bertsolari lehiaketak ere lehen ziklotik landu izan dira. Bertsolaritzaren erreforma eta egokitzapenerako bitarteko gisa baliatu dituzte eragileek, sorkuntza jendarte modernoarentzat goi mailako kultur ikuskizun batek behar lituzkeen arropekin jantzi eta ikusgaitasuna, prestigioa eta oihartzun soziala lortzeko.

 

Kultur praktika modernoen sustapena
Antoine Abbadie

 

1930eko hamarraldian jokatu ziren Bertso Guduek aurretiazko kanporaketak gehitu zituzten, baina gainerakoan, funtsean, Lore Jokoetan ezarri zen txapelketaren formatua. Labordek laburbiltzen du Lehen Euskal Pizkundearen bi olatu hauen artean bertsolaritzaren formatu berri honek izan zuen garapena, eta horren jarraitasuna:

“Abbadieren lehiaketek bertsolariak eszenatokira eraman eta halako ikusgarritasuna eman artean, bertsolarien bat-bateko olerkiak ez ziren aintzakotzat hartu. Esan liteke paisaiarekin batera azaltzen zirela, ohartezinak zirela. Mendeko kinka horretan, oro har 1850etik 1935era doan horretan, arreta modu berria agertu zen gizarte joera horiekiko. Arian-arian, bat-bateko olerkigintza antzeman, aipatu, lekuz aldatu eta ikuskari gisa aurkeztu egiten da. Esku hartzeko txandak ezartzen dira, ebaluazio irizpideak lantzen dira, organum literarioa finkatzen da, antzezpen antolamendua agertuz. Egun, bertsolaritzaren sorrera instituzionalaz galdegitea, antzezpen era horiek bat-bateko olerkigintza hartatik ‘literatura genero’ bat egiteko nolatan eratu diren begi ematea da” (1998: 601).

Kultura popularra ikuskizun moderno bihurtzeko joera hori Europa osoan gertatu zen fenomeno bat da Burkeren arabera (1991: 377-383), eta Smithek berresten du ideia hori (1997: 118). Bai batak eta bai besteak mugimendu etnokulturalek tradizioaz egiten dituzten berrirakurketetan kultura popularra jasotzea bilatzen duten ekimenak ohikoak direla azaltzen duten arren, azpimarratzeko modukoa da, ikusi den bezala, Europako hainbat herrialdetan antolatu ziren Lore Jokoen artean hemengoak izan zirela bat-batekoari tokia egin zioten bakarrak. Horrek popularraren eta jasoaren hibridazio gordinago bat ekarri zuen. Esperimentuaren originaltasuna azpimarratzen du Gabilondok:

“[…] subaltern voices and subjects were incorporated by high Basque literature in a polyphony of voices that was not reducible to the categories of genuine tradition or sheer fabrication (to use Hobsbawn’s terms). It was precisely the polyphony of voices inscribed in this literature that made its invented discourse genuine and false, historical and invented, subaltern and modern” (2016: 193).

 

Kultur praktika modernoen sustapena
Abbadieren apunte hauetan bere lore joko gehienen zerrenda ikus daiteke, 1851n hasita, sari ezberdinekin. Iturria: Patri Urkizu.

 

Baita topaketa horiek euskal kulturgintzari ekarri zioten bulkada eta irakinaldia ere: “[…] made the mixing of subaltern and (lower) middle-class literatures a very permeable environment where texts, myths, tropes, and rhetoric flowed in every direction while cross-pollinating each other in a polyphonic fashion” (id.: 192).

Labordek bifurcation esthétique kontzeptua erabilitzen du bertsolaritza genero literario eta ikuskizun moderno gisa hautemateko egin zen prozesu hori izendatzeko (1998: 614). Bidartek ere antzeko terminologia darabil: “[…] Il s’agit là de la première instrumentalisation idéologique et esthétisation de l’ensemble des traditions rurales populaires basques” (Bidart, 1998: 268). Esnalek, aldiz, ikuspegi ezkorragoa du prozesu horren inguruan eta modernitatearen zauri terminoa erabiltzen du (Esnal, Egaña eta Sarasua, 2002: 811).

Bertsolaritzaren historian eztabaida gehien piztu duen lan ildoa hau izan da[1]. Epaileen lanaren inguruko polemikak Lore Jokoekin hasi ziren eta gaurdaino jarraitzen dute. Argi dago sorkuntza lehiaketa formulara makurrarazteak deserosotasun ugari eragiten dituela, baina bertso munduak gogotsu eutsi dio bide horri. Izan ere, bertsolaritzaren garapenerako funtsezko formula bat izan da txapelketa, eta gaur ere hori da zale gehien erakartzen duen saio mota, bertso mundua aktibatzeko pizgarri indartsuena eta bere mezuak, prestigioa nahiz indarra gizarteratzeko bitarteko garrantzitsuena.


 

[1] Modernitatean hedabideak funtsezko kultur bitartekari bihurtuko dira, eta lehiaketa hauen xede nagusia jendarte modernoan eragitea izanik, lan ildo hori izango da hedabideratzeari estuen lotzen zaiona ere. Ildo horretan esanguratsua da Bertsozale Elkarteak bere sorreratik kasik gaurdaino bi lan-ildoak organikoki sail berean sartu izana (Sustapena-Hedapena Saila). Esanguratsua da baita ere Txapelketaren protagonismo mediatikoaren hazkundea erakusten duen datua: Iparraldeko lehen Lore Jokoen inguruan gehienez prentsako bizpahiru testu topa daitezke; aldiz, azken hamarkadetan, Txapelketa Nagusiko finalari buruz, 150 eta 200 artean topa daitezke. Prentsak bertsolaritzaren inguruan jorratzen dituen gaien inguruan ez dago horrelako hazkundea izan duen beste bat.

Kultur praktika modernoen sustapena Kultur praktika modernoen sustapena Kultur praktika modernoen sustapena