Mariano Ostolaiz Goia
Telefono dei bat. Mariano Ostolaiz oiartzuarraren inguruko artikulu bat idazteko proposamena. Sorpresa.
Beste telefono dei bat.
—Esteban, animatuko gara? Zer diozu?
Mariano Ostolaiz Goia –
Oiartzun, herri txikia izaki, ia denok ezagutzen dugu elkar. Gu arreba-anaiontzat, Esteban bertsozale amorratua eta Nekane sendabelarrak erruz maite dituena, arrunt ezagunak dira Mariano eta baita bere familia ere.
—Esteban, zer dakizu zuk Mariano Ostolaizi buruz?
—Badakit bai bere afizio handi bat bertsoak zirela. Joxe Joakin Mitxelena, Lexoti eta Koxme Lizaso bertsolarien laguna izateaz gain, auzokideekin ere bertsotan asko aritzen zela. Ez zen plazagizona, ez zen oholtzan bertsotan aritzen zen horietakoa, baina makina bat bertso saio entzuna izango da. Antolatu dituela ere esango nuke. Horretaz gain, badakit jaiegunetan sagardotegira joan eta auzoko lagunekin bertsotan aritzen zela. Entzuna dut bere bertsoak ere grabatzen zituela, nahiko nuke grabagailu hori eskuartean izango banu!
—Eta zuk Nekane zer dakizu Marianori buruz?
—Ekologista gaitza zela esango nuke. Natura maite zuen, oso sentsibilizatua zegoen izadiarekin. Zuhaitzak, mendiak, sendabelarrak… zituen bere eguneroko. Zuhaitz eta belar asko eta asko ezagutzen zituen. Diario Vascon sendabelarren inguruko artikuluak idazten zituen. Bera hil ondoren, 2000. urtean Senda-belarrak liburuan denak bildu zituzten. Etxean dut, behin eta berriz irakurri dut, azpimarratua eta oharrez beteta dago.
Asko idazten zuen hauen eraginez, erabiltzeko moduaz, noiz eta nola bildu ere azaltzen zuen, kantitateak ere ederki adierazten zituen… Entzuna dut etxean aritzen zela ukendu eta botikak egiten. Bere ezagutza ez zen sendabelarrak pertsonekin nola erabili jakitera mugatzen, sendabelarrak animaliekin ere nola erabili adierazten zuen bere idatzietan.
Horretaz gain, badakit bere etxera jendea etortzen zela sendatzeko aholku eta erremedio bila. Jendea zaintzeko eta laguntzeko sentsibilitate handiko gizona zen.
Hirugarren telefono deia.
—Ane, aitonari buruz zertxobait idazteko eskatu digute. Zer iruditzen ama eta laurok elkartzen bagara?
—Noski, gustu handiz oroitu eta errepasatuko ditugu aitonaren pasarteak.
Mariano Ostolaiz, baina, nor da? Duela 34 urte hildako oiartzuar bertsozale eta sendabelarretan aditua dugu.
Goazen ba Mariano Ostolaizi buruz zertxobait gehiago ikertzera.
1925eko martxoaren 14an jaio zen Pilitene edo Pirittene etxean Oiartzungo Altzibar auzoan. Gurasoak, Jazinto Ostolaiz Zumealdeta eta Nikolasa Goia Audela. Bederatzi senide ziren, Mariano senideetan bosgarrena izanik: Bruno, Jose Krutz, Agustin, Juanita, Mariano, Juliana, Inazio, Maria Krutz eta Manuel.
Bera iturrioztarra (Oiartzungo beste auzo bat) sentitzen zen, izan ere hamabi hilabete zituela bertara etorri ziren bizitzera. Berak zioen bezala: “Nik nire burua Iturriotzen ezagutu nuen eta geroztik bera dut lekurik maiteena”.
Maria Escudero Loiarterekin ezkondu zen, 1959ko irailaren 26an. Ordurako Iturritzeko Sabara edo “Xabare” etxean bizi zen eta bertan jarraitu zuen ezkondu ondoren ere. Hiru seme-alaba izan zituzten, Maria Jose, Andres eta Miren Gurutze.

Oso gaztetan hasi zen lanean, 12 urte egin gabe zituen, morroi, Olatz baserrira joan zenean. Herriko harrobian ere aritu zen. Hemen lana gutxitu zenean basora joan zen lanera eta azken urteetan Pasaiako Luzuriaga fabrikan aritu zen. Goizeko bostetan bizikletaz joaten zen lanera. Oso lan gogorra zen, hasieran 12 ordu egiten zituen lan nahiz eta denborarekin 8ra egokitu. Ez zuten jaiegunik izaten jaiegunetan ere labeak konpontzera joaten ziren eta. Igande arratsaldeak zituzten jaiegun bakarrak eta hori hamabostean behin. 1988an hartu zuen erretiroa 33 urte lan egin ondoren. Jubilatu orduko bere zaletasunak nahi bezala disfrutatzen hasi zen. Besteak beste bertsoak eta sendabelarrak. Baina gauzak nola diren, bere unerik onenean gaixotu eta 1990eko urriaren 18an 65 urterekin hil zen. Gaixotu eta hilabeteren buruan hil zen.
Esan bezala, bertsozalea zen Mariano. Beste herritar eta auzotar askoren artean Lexoti, Koxme Lizaso, eta Joxe Joakin Mitxelena bertsolariak zituen lagun. Igandeetan auzotarrekin sagardotegian elkartu, toka partida bat jokatu eta bertsotan aritzen zen. Une horiek zituen oso gogoko, lagunartea eta bertsoak.
Bertsozalea izateaz gain, beste bere zaletasuna idaztea zen. Bertsoak idazten zituen, baina baita prosa ere. Diario Vasco egunkarian argitaratzen zituen. Horretaz gain, Oroipen kutxa liburua ere argitaratu zuen Auspoa argitaletxearekin 1985ean. Bertan bere bizipenei buruz idatzi zuen (eskola eta dotrina, gerrateko oroipenak, morrontza, harrobia eta basoa, soldaduska…).
Baina, esan bezala, bazuen bertsoaz gain beste afizio handi bat, sendabelarrak. Bertsoak eta sendabelarrak lotzeko joera handia zuen. Edo hobe esanda, bertsotan ere azaltzen zituen sendabelarren propietateak. Modu honetara bere bi afizioak batzea lortu zuen. Sendabelarren inguruko artikulu bat idazten zuenean, orokorrean eta ia beti, bertso batekin laburbiltzen zuen bertan esandako guztia.

Marianok berehala esaten zuen belar bat osasunarentzat ona edo txarra zen. Jakituria modu ezberdinetara jaso zuen. Batetik herriko zaharrenengandik. Beti adi, ikasteko grina eta gogo askorekin. Berak aipatzen zuen, Olatz baserrian morroi egon zenean, naturaz, landareez, txertaketaz… asko ikasi zuela. Bestetik, liburuetatik, etxeko egongelan sendabelarren liburu asko zituen, pareta oso bat zuen liburuz beteta. Eta azkenik, familiatik ere bazetorkion. Bere aitona, aitaren aita, sendagilea zen Donostian eta haren emaztea gaixozaina. Beraz, hiru bide ezberdinetatik ikasi zuen sendabelarrei buruz zekien guztia.
—Esteban, ez al zaizu iruditzen Mariano bere garaiko oso gizon jantzia zela?
—Aurrerakoia oso esango nuke. Berak ematen zituen mezuak gaur egun ditugu puri-purian: natura eta ekologia, adibidez. Bere bertso batzuetan norberaren zaintzaz ari da, gaur egun ere zaintza jartzen dugu erdigunean. Euskara, dudarik ez zuen bere ama hizkuntzan idatzi behar zuela. Gai oso ezberdinetan zuen interesa jarria. Harrigarria da ia eskolarik gabeko gizon batek nola idatz dezakeen horrela, nola egin ditzakeen horrenbesteko aipamenak bere artikulu eta idatzietan… Munduko beste puntako herrialdeetako aipamen zehatzak ere egiten ditu: Txina, Egipto… Oso gizon argia zen.
Gorago aipatu bezala natura zuen maite bereziki Marianok. Bertso eta idatzi askotan egiten du natura zaintzearen alde. Mendietan surik ez zabaltzeko gogoratuaz, mendi jabeei eta udalei genero oneko zuhaitzak landatzeko eskatuz, edota arbolak kentzen direnean ahalik eta azkarren berriak landatzeko esanez, berak zioen bezala, osasunez bizi nahi badugu behintzat.
Horrelaxe idatzi zuen El Diario Vascon, 1987ko uztailaren 30ean.
Geuren bizia salbatutzeko
dauzkagu mendi maiteak,
iturri eta lore usaitsuz
zugaitz-arbolez beteak.
Dauden egazti eta ganaduz
orko gure izateak,
ontaz pentsatu menditan suak
egiten dituen kalteak.
Al den guzia geuren aldetik
mendia behar da zaitu,
lengo zugaitzak kentzen badira
berriak azkar landatu.
Landaretxoa datorrenean
argi ematen saiatu,
mendiak soiltzen baldin badira
legorrak itoko gaitu.
Natura zaintzeaz gain, norbera zaintzea ere zein garrantzitsua den aipatzen du, besteak beste, Marianok lizarraz (Fraxinus excelsior) ari denean.

Norbera izan leitekena da
sendagillerik onena,
geure gorputzai ondo miatu
bearrezkoa aurrena.
Jakiñen gañin asko gablitza,
ori dugu okerrena:
kanpoan utzi bear direnak
sartzen ditugu barrena,
sortzen den gaitza senda eziñik
ondotikan datorrena.
Gaitz asko emen senda leitezke
norberaren borondatez,
zeure gorputza ondo zaitutzen
alegin saiatu zaitez.
Jan-edanari neurri artuaz
ez ibilli zeure kaltez,
emen naturak daukan indarra
ta berak duen birtutez;
mundu onetan bizi bakarra
ez dezagun galdu kolpez
El Diario Vasco, 1988-3-13
Intsusaren (Sambucus nigra) inguruan asko zekien Marianok. 2000. urtean Auspoarekin argitaratu zuen Senda-belarrak liburuan ikus daitekeen bezala intsusa belarrari hiru atal dedikatu zizkion. Marianok zioen esaera zaharrak zioela intsusa antzinakoa zela eta horregatik esaten zitzaiola etxeko laguna. Bere ustez, intsusaren aurrean txapela kendu behar omen dugu. “Zugaitz aberatsa benetan” bere hitzetan. Gauza asko aipatzen zituen intsusaren inguruan: eztula kentzeko, begiak garbitzeko, angina kasuetan, odoluzki pozoituak daudenean, hankak handituak eta nekatuak dituenarentzat…

Baina bertsolaritzarekin eta kantuan aritzen direnekin lotzen zuen Marianok sendabelar hau, ahotsa ongi edukitzeko. “Gauean baso erdi bat ardo zuria, ona izan dedilla, jarri basoan. Ta intsusaren lorea ondo sekatu, ondoren irindu ta lau gramo irin edo autsa bota ardo orreri, ta goizetan baraurik edan baso erdi bat. Ez da gauza zaila. Aproba egin behar”.
Usai gozoko lore
indartsu dena,
erle ta txoritxoak
maite zaituztena.
Txuritzen zeranean
zera nabarmena,
malkarrin egoteak
ematen du pena,
lorategi batean
bear zendukena.
Aundi etzera baiñan
zugaitza kutuna.
Izena ala dezu:
etxeko laguna.
Indar berexia zuk
ixil daukazuna
orain artean eman
dezu erantzuna,
zugana joan leiteke
sendatu nai duna.
El Diario Vasco, 1988-5-31
Biri belarra edo birika belarraren (Pulmonaria officinalis) bertuteak ere bertsotan adierazi zituen oiartzuarrak. Bere liburuan aipatzen du: “Orain bederatzireun bat urte erabiltzen omen zuten petxutik edo birikietako gaitzak sendatzeko. Orregatik oraindik ere jarraitzen omen dute belar onekin biriketako ezbearrak konpontzen”.

Gure birikak askotan gaizki
gaude ezin sendaturik,
eztula eta nagitasunak
ondatzeraiño sarturik.
Saia gaitezen sendo
jarri artean ondo
belarren ura arturik;
gaitzik txarrenak joango direla,
ortan ez dago dudarik.
Miña dauka gorputzak zertan
izan orrenbeste neke?
Ezer gutxikin askotan sortu
gorputz guztiaren pake.
Sinistu lendabizi:
belarra da nagusi,
borondatearen truke:
asko gaude gaur ez dakigunak,
ikasi bear genduke
El Diario Vasco, 1990-5-29
Mandarosa (Tussilago farfara) “biriketako lagun” izendatzen zuen Marianok.
Aipatzen du liburuan “belar onek izan bear du zarrenetako bat biriketako gaitzak kentzeko erabilitakoa, emen askok ez badaki ere.”

Birikarentzat lagun bat ona
izango da mandarosa,
errez aurkitzen den jeneroa
ta komeni zaigun gauza.
Garbitutzen du arnas-bidea,
kendu eztularen otsa:
beraren ura edan zazute,
lasaituko da gorputza.
Osto berdeak datozenean,
baldin badezu zaurririk,
zanpatu ondo, jarri gaiñean
benda batekin loturik.
Iru bat bidez aldatutzea,
ori kontuan arturik:
laixter zerade daukazun miña
baztertu eta utzirik
El Diario Vasco, 1990-3-13
Hagina (Taxus baccata) zuhaitzaz ari denean aipatzen du zein garrantzitsua den txiki-txikitandik eskoletan irakastea. “Ikasiak ez du lekurik galtzen. Txinan amar urteetarako bai omen dakite zer jenero den ona edo txarra, umetatik eskoletan erakutsiak”, dio Marianok. Haginak sendabelar bezala bertute gutxi dituela eta zuhaitzaren pozoitasunaz ohartarazten digu. “Biotza gelditzen asiko zaio, pultsoak gutxitzen, tripetako miñak, giltzurdiñak aunditu, gibela ere bai: ta biotza geldituko zaio ta iltzea seguru”. Kasu honetan ere aipatzen du ardiak, konejuak eta erbiak hagina jaten badute ez direla hilko, baina bai aldiz astoak.

Mendiko zugaitz maltzurra
badaukat zure beldurra,
ez dakiena engaiñatzeko
zerade xamurra.
Balio dezun apurra
gerrian dagoen egurra;
uste gutxinez ematen dezu
betiko agurra.
Ain pozointsua izanik,
kezka aundia daukat nik,
ezin neiteke ixilik egon
esan gabetanik:
Ez dezu maite gizonik,
zugana joaten denik;
iñor galduta ikusi arte
ez daukazu onik.
El Diario Vasco, 1988-9-14
Erle belarra edo tomilloari (Thymus Vulgaris) ere bi kapitulu eskaini zizkion aipatutako liburuan. Ez da lehen aldia historian atzera egiten duela belarren erabilerari dagokionez, kasu honetan Egiptora egiten du salto: “Ejiptoarrak illak enbalsamatzeko erabiltzen omen zuten tomilloa: berari zumoa kendu ta moldatzen omen ziren. Garai aietan etzen izango gaur egun ainbat aurrerapen: baiñan ara nondik datorren aurrerapen oraingoa. Aiek ere etziren oso tontoak izango”.

Ezindua bazaude
arnasa artzeko,
aukera badaukazu
zuri laguntzeko.
Lurrak eskeiñitzen du
nai duenentzako,
dituzun ezbearrak
lenbailen kentzeko,
tomilloaren ura
azkar sendatzeko.
Landare ttiki onek
ditun birtuteak
asko gaude oraindik
ikasi gabeak,
ortarako egiñak
lurraren jabeak.
Aurrerapenez orain
badira trebeak,
baiñan nundikan sortu
zu baiño obeak?
El Diario Vasco, 1990-3-29
