[PERLAK] Bertsolariak Parisen (1958): Hernandorenaren bertsioa

Ilustrazioak: Txema Gartzia Urbina

Hernandorenaren bertsioa –

Hernandorenaren txapelketek eten bat izan zuten 1950eko hamarraldiaren erdialdera. Parisera aldatu zuen bizitokia familiarekin eta Parisko Cervates dispensarioan lortu zuen lana dentista gisa. Dispensario hau SIA (Solidaridad Internacional Antifascista) erakundeak sortu zuen errefuxiatu espainiarrei laguntza zerbitzuak eskaintzeko, eta hamar urte egin zituen bertan lanean zizurkildarrak.

Parisen egonagatik, ordea, ez zion bertso munduaren eragiletzari uko egin. Pariseko Euskaltzaleen Biltzarrak, Euskalduna erakundeak eta Euskal Etxeak urtero Eskuararen Eguna antolatzen zuten. Tartean ibiltzen zen Hernandorena ere, eta 1958ko ekitaldirako bertsolari txapelketa bat antolatzea erabaki zuen. Urruñan egin zuten lehenengo kanporaketa saio bat eta Basarrik, Uztapidek, Mattinek eta Xalbadorrek lortu zuten maiatzaren erdialdean Parisera joateko txartela.

Euskal Herrian dezenteko jarraipena egin zitzaion txapelketari, baina xehetasun gehienak urte batzuk geroago ezagutu ziren, Hernandorenak berak 1965ean argitaratutako hiru artikulutan[1]. 1960ko hamarraldian antolatu ziren txapelketen harira Iparraldean ez zela bertso mundua mugitzen esan zion norbaiti erantzunez idatzi zituen hiru artikulu horietan. Honenbestez, saioaren arrakastan jarri zuen azpimarra: saioaren entzule gisa bildu ahal izan zituen prestigiozko izenen kontakizunean, eta saioak izan zuen oihartzun mediatikoan. Antolakuntzaren inguruko kontuak ere jaso zituen, eta bertsolariei Parisen eman zitzaien tratu bikainaren ingurukoak ere bai.

Esanguratsuena bigarren artikulua iruditu zaigu eta hori da ekarri duguna.

 

Hernandorenaren bertsioa

 

Pertsulariak Paris’en, Hernandorena, Herria, 1965eko apirilaren 22an

 

(…) Konparazioneak on dira noizian bein (…) Donosti’ko Anoeta pilota tokian 4.800 entzule-ikusle zituztela pertsulariak. Paris’en aldiz… miliunka eta miliunka Frantziako telebisuan bitartez.

Donostia’ko Anoetan bizpahiru dozena radio-entzule zituzten pertsulariak. Paris’en aldiz ehunka edo miliunka kontatu bear ziran radio francesa… radio inglesa… alemana eta española entzun zutenak eskualdun pertsularien txapelketa aipatzen. Gainera radio inglesak oren laurdeneko galderantzunak izan zitun Eskualzaleen Biltzarreko Presidenta Dassance jaunarekin.

Jakingarri da ere Paris’eko eta Frantzia’ko, Heskual-Herriko eta Madrid’eko egunkariak txapelketa orren berri eman zutela.

Bertzalde Paris’eko Unibersidade berak ohoratzen zituan pertsulariak egun ortan, Bidarrai’ko seme den profesore Posenpes-en bitartez (…) On da jakitea ere Musée National des Arts et Traditions Populaires etorri zela beren tresnakin Eskual-Etxera eta pertsulariak konbidatu zituala hurrengo egunian Trokaderoko Musée d’L’Homme-n aperitifa artzera[2] (…) Ez, sekulan etzuten izan pertsulariek orrelako goralmenik (…)

Algeria’ko gerla zala ta egun horietan Paris’en beldur aundia zegon momentu batetik bertzera erreboluzionea sortuko ote zen. Paris arras itxusia zegon gendarmez eta karroz josia batetik bertzera. Adixkide batek baino geiagok txapelketa gibeleratzeko kontseilatu ziguten. Irrixku guziekin guk aintzina jo gendun.

Txapelketaren hurrengo egunian metrua greban eman zen, Xalbador eta Mattin gogoratuko dira agian (…)

Eskual-Etxean jokatu zen Azkena. Jendia pulliki bildu zen bainan ez geiegi. Orregatik eta guk uste bezela, Urruña’n aurreratutako sosak bearrezkoak izandu zitzaizkigun emengo zuloa betetzeko.

Adibidez: LIDO. Paris’en ezagunenetako kabaret bat da. Eta bertara ez da sos batekin edo birekin sartzen… milaka bear dira.

Sartu baginan sartu, amar minutu baino lehen Xalbador lo gelditu zitzaikun mainaren gainean burua emanaz. Basarri, aldiz, begi-belarri zegon bertako ikuskizun politari begira[3].

Bainan Eskual-Etxean bildu zen jendia auta zen: Unibersidadeko jaunak, Unesko’ren bat edo biga, jakintza gaietako jende aunitz, Euskadi’ko Lendakaria Aguirre (…)


[1] Hirurak Herrian argitaratu zituen: lehena 1965eko apirilaren 15ean Pertsulariak Parisen izenburuaz, bigarrena apirilaren 22an izenburu berarekin, eta azkena uztailaren 22an Pertsulariak. Azken zeaztasunak izenburupean.

[2] Honela gogoratzen du Uztapidek: “Ikusi genduan museo ori; baña gure Ernandorenak bertsoak botatzea nai eta an ziran komeriak. An bertsotarako giroa palta, eta girorik gabe ez da bertsotan egiten. Lenbizi amaiketako ederra egin, eta gero, norbere gustoko lagun batzuek jiran dituanean, orduan bertsotarako gogoa etortzen da (…) ordea, Hernandorena etzen errez etsitzekoa. Gero museoaren gañera atera giñan, eta Paris guzia ikusten zan, andik begiratuta; eta an aurrean zer ikusten genduan kantatzeko esan zigun Ernandorenak”. (Olaizola, 1975: 228-229). Ik. OLAIZOLA, M. (1975): Lengo egunak gogoan II. Tolosa: Auspoa Saila.

[3] Kabareteko eszena hau ere badakar bertsolariak: “(…) Porteroa euskalduna zan, Baigorriko semea.

An bata baño bestea politagoak asi ziran ateratzen, eta Mattin bereala asi zan lepo-Iuzeka. Bestela ezin zuan, ba, ezer ikusi; pixka bat lepoa luzatu ezkero bai.

Besteak santuak giñan, baña iñor ez nuan atzera begira ikusi nik. Xalbadorrek, artxek lo piskaren bat egin zuan; besteak danak erne egon ziran an. Ala, txanpana edan genduan eta espektakulo ederra ikusi ere bai (…)” (1975: 227).

Hernandorenaren bertsioa Hernandorenaren bertsioa Hernandorenaren bertsioa Hernandorenaren bertsioa Hernandorenaren bertsioa Hernandorenaren bertsioa