[PERLAK] Fikzioa II: Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak (1973)

2022-01-25

Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak –

Anaitasuna aldizkarian argitaratu zituen fikziozko bi testu labur hauek Bernardo Atxagak. Atxagak berak aurkezpen gehiago behar ez duenez, Anaitasunari (1953-1982) buruz 1960ko hamarralditik aurrera abertzaletasun eta euskal kulturgintza ezkertiarrenaren erreferentzia izan zela gaineratu beharko da, eta bertsolaritzari eskaini zizkiola hainbat testu.

Aurretik jaso diren fikzioekin alderatuz, bestelako jite bat nabari zaio Atxagaren planteamenduari. Bi testutan, hildako bertsolariek egin ei dituzten batzar batzuen kontakizuna dakar.

1973koak dira testuak, hain justu hamarkada luze batez Markinan urtero egin zen Bertsolarien Batzarra desegin zen urte berekoak. Izan liteke, beraz, idazleak batzar haien berri izatea, eta ipuinerako ideia hortik sortu izana. Kontuak kontu, alegiazko batzarren aktak jaso ohi dituen idazkariaren ordezko bezala kokatzen du narratzailea, eta bertsolari bakoitzaren euskalkia nahiz hizkerarekin egiten du jolas. Umorea eta bertsolaritzaren historiaren ezagutza dira beste bi osagai garrantzitsu.

 

Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak

 

Euskal Herriko bertsolari hilezinen batzar nagusiak (I eta II), Bernardo Atxaga. Anaitasuna, 253 eta 256 zbkiak, 1973ko apirilaren 15ean eta maiatzaren 31n.

 

“Zeruaren ertzeko bost izar gorriak itzaltzen direnean (Arkturo eta Betelgeuse lehendabizi, eta Aldebaran, Antares eta Pollux azkenik), ilundu egiten du zeharo, eta asko tristetzen da gaua. Orduan gehiago erretzen du suak, eta gehiago bustitzen urak. Denbora gelditu, eta ez da gehiago betetzen.

Gau horretan, gainera, ezkutuko indar sakonak libratu egiten dira, eta, hauen poderioz, euskal bertsolari hilezinek hitz egiteko aukera edukitzen dute.

Batzar hauetako ohizko sekretarioaren eritasun bat dela medio, oraingoz nik hartzen dut esaten direnak gordetzeko eginkizuna, eta munduari azaltzekoa, izan dadila denon onerako, eta gaiztoen txarrerako.

Arratsa iritxi zenerako, ailegatuak izanen ziren guttienez bostehun bertsolari. Han ikusi nituen Neolitiko garaietako batzuk, Erdi Harokoak (eta, hauen tartean, Santxo VII. Bortitzari hainbeste gustatzen zitzaion Etxarriko Beltza), Errenteriako Xenpelar, Musarro, Saiburu eta abar, Asteasuko Pello Errota eta Zakarra, zazpigarren mendeko Motxondo eta Usurbilgo Udarregi; bai eta ere Etxahun, Bordel eta iparreko beste zenbait bertsolari. Ez zen falta Muskariako Iruain, Fernando Katolikoak 1512. urte goibelean gartzelatu zuena, ez eta ere oraintsu joan zaizkigun Txirrita, Urretxindorra, Zepai eta beste anitz.

Batzar hauetara beti azkena heltzen dena, Fernando Amezketarra omen da. Besteetan ez dakit, baina oraingoan behintzat bera ailegatu zen atzeraturik.

Batzar honetarako aginduta zegoen gaia, hauxe zen: «Mundu honetako bizimodua». Eta horretaz kantatu behar zuena, Jose Manuel Lujanbio «Txirrita» bertsolari handia. Bere 150 kilo zutitu, eta honela eman zion ihardunaldiari hasiera: Gure munduko bizimodua/ guziyentzat da laburra/ griña gaiztuak tiratzen gaitu/ hortatik dator makurra/ leku askotan ikusi ohi da/ lapur guardiyan lapurra/ animaliya ere igual/ katua eta zakurra/ berak asko nahi t’ezin sofritu/ bestek daraman apurra.

Pello Mari Otaño Zizurkildarraren hitza entzun zen orduan. ‘Kontuan izan —esan zuen— bertso batek, ona izateko, gauza bat duela derrigorrezkoa, hori da, fantasiaren arintasuna, irudi eta imajen poetikoen bizkortasuna, kontrasteen sendotasun eta indarra. Erlea lorez lore ibiltzen ohi den bezala ibiltzen da bertsolaria ere, inongo ederrarekin gelditu gabe, gozoa laburki dastatuz. Alferrikako hitzak —hots, bertsoa ulertzeko behar beharrezkoak ez direnak— ez dira maiz aurkitzen bertso onetan. Joxe Manuelek botatakoa adibide da horretan’. (…)

Marmarrak isildu eta gero, Bilintxek hau aipatu zuen: ‘Bertsoak, ona behar badu izan, arrazoi sakona, zartadarik sendoena azkeneko estrofan gordeta etorri behar du. Gainera, aurreneko estrofek jendea talaian jar erazi behar dute, honetarako ahal den poesia guztia erabiliz. Begira, bestela, arestian botatakoari’ (…)

“Nola giroa asko seriotu zen, Txirritaren ingurukoek «bertso txar bat egiteko» esan zioten, «ea horretarako gauza zen» (…) Bart arratsean Panplonan/ giñaden feriyan/ Etumetako artzaiak/ sermoia debalde/ ernari jarri omen dek/ Aizarnan idiya/ ai zer esne eratea/ batere ez balu/ nere txapela tellatuan/ ala Jaungoikoa

Eta algara batean, batzarrari bukaera eman genion[1]”.

Bigarren batzar baten akta ere jasoko du idazleak, berriro ere Anaitasunan, aurreko testua argitaratu eta hamabost egunera, errepikatuz:

“Zeruaren ertzeko bost izar gorriak ostera itzaldu zirenean, eta ura urago eta sua suago bihurtu zirela konturatu nintzenean, azkeneko lanak bukatu eta arin arinka abiatu nintzen batzarrera.

Bidean, Fernando Amezketarrarekin egin nuen topo, eta, honengatik, berandu nenbilela susmatu nuen. Zeren bertsolari hau –orain urruneko kronikan adierazi nizuen bezala- ez baita behin ere behar den garaitako ailegatzen, desgaraian ibiltzen baita beti.

Gertatu ere, uste bezala gertatu zen. Batzarra hasia zegoen, eta Patxi Bakalloren aldamenean eseri nintzen. Txintik ere atera gabe, zer gai genuen galdetu nion, zein bertsoz arituko ginen. «Matalasen hilketarenak zitiagu gai» erantzun zidan (…)

Piarres Topet «Etxahun» zuberotar bertsolariak kontatu zigunez, gauza arraro ugari sentitu eta ikusi omen zituen. Adibidez, haritz baten zazpi adarrak nigarrez, xaguxar baldarrak airoso kantatzen; eta, horretaz gainera, xorien xirulian kantore hau entzuten zuela iruditu zitzaion: Urz’aphal bat ba dügü herrian trixterik,/ Nigarrez ari düzü kaloian barnetik,/ Bere lagün maitiaz beit’izan iitzirik:/ Kuntsola ezazie, ziek adizkidik.

Matalas arras maitea zuen baten baten lanturuak ote? Etxahunek hori dio.

Miarritz Ahamil andre bertsolaria, berriz, itsas inguruan paseatzen omen zebilen ezbeharraren egun goibelean, eta, adi adi jarriz, itsas haizeak zekarren kanta ilun baten notak aditu omen zituen (…)

Emakumeak hitz egin eta gero, Mikeltxo Apala Otxagiko bertsolariak hartu zuen hitza, eta hark ere zerbait bitxi ikusi zuela esan zigun. Kantatu zuenez, bi hilabete izanen ez zituen haurtxo batek (ordurarte hitzik ere esan gabekoa, noski) eta bere aita-amen harridurako, bertso bat kantatu omen zuen. Hemen bukaera bakarrik dakart, zeren gurasoak ez baitziren lehen estrofez oroitzen, eta umetxoak ez baitzuen atzera kantatu. Hona hemen amaiera hori:

… jende pobreak edaten degu/ zazpi ontzitan ozpiña,/ euskaldunari gurutze askok/ ematen diote miña. (…)”.

 


 

[1] Azken pasarte hau idazlearen inspirazio kolpe baten emaitza baino ez da izango ziurrenik, baina izan daiteke bertsolaritzaren historiari eginiko keinu bat ere. Izan ere, Dorronsorok nahiz Zulaikak kontatzen duten bezala, Xenpelarrek Justo bertsolariaren kontra Lezoko plazan buruturiko desafio famatuan bertsorik aldrebesenak nork bota izan zen dema.

Honela kontatzen du pasarte historikoa Joanito Dorronsorok: “Garai hartan ba omen ziren bertsolari traketsak. Juxto eta Lonjinos izeneko bi behintzat. Bertso hain baldarrak kantatzen… eta jendeak txalo ugari jotzen ziela eta, zerbait berezia bazirela uste haiek ere… eta behin Juxtok Xenpelar sonatuari apustu egin omen zion, Lezon, Santa Kruz jaietarako: “ea nork botatzen zituen bertso aldrebesagoak” (1981: 95). Ik. Dorronsoro, J. (1981): Bertsotan (1789-1936). Donostia: Gipuzkoako Ikastolen Elkartea.

Zulaikak, honela ematen dio jarraipena istorioari: “Xenpelar saiatzen omen zen, bai, Juxto imitatzen, baina hau bezain aldrebesa izaten zaila oso. Halako batean sekulako hau bota zuen Xenpelarrek: ‘Txantxangorri batenak/ sei libra tripaki/ txingurri batek berriz/ zazpi arto-jai./ Bayak iriña iyo,/ errotak iralki,/ ganibetak erre ta/ labiak ebaki…/ oyen madria nun dan/ Xenpelarrek daki’. Baina Juxtok honela erantzun: ‘Neguan otzak eta/ udan txingurriyak/ orbela ta zipotza/ denak ziyatuak./ Sugia ta ziraba/ dauzkat inguruan…/ beldur-beldurrak nago/ sartzeko mixtua’. Hura zen jendearen parrez sena galdu beharra! Hura hesteak bota beharra! Bertsolariek ez omen zuten jarraitzerik izan, jendea lurrean zilipurdika botata baitzebilen algara izugarrian. Horrela amaitu zen desafioa, garailerik ere ez eta azken bertsorik ere ez”. (2003: 33). Ik. ZULAIKA, J. (2003): Bertsolariaren jokoa eta jolasa. In Bertsolaritzaz bi saio. Andoain: Bertsolari Liburuak.

Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak Atxagaren bertsolari hilezinen batzarrak