Sisti sasta Ezpeletako. Joan den mendeetako galarrotsetako kantu zonbeitetaz

Ezpeleta aspaldiko merkatu gunea da. Lapurtar herri gotor hori betidanik izan da mota guzietako tratulant gomes eta ostatu solas eta jokoen ohantze joria. Ze giro paregabea lehenagoko (eta gaurko) bertsolarientzat! Mihiak alhan zituztenek bazuten hazkurri. Gauden XVIII. mende hondarretik XIX. mende hondarra arteko hiru adibiderekin.

Xabier Itzaina-(r)en argazkia Xabier Itzaina 2025-05-30

Sisti sasta Ezpeletako –

1794: Artzain ardi-jalea dantzari

Frantziako Iraultzaren garai ilunenean, Ezpeletako gazteriak dantza jauzien airean kantatu eta dantzatu omen zituen Diharassari tokiko apez juratuaren –Iraultzaileen Konstituzio berriari zin egin ziona– aurka jarri kopla hauek (Haristoy 1895, t. i : 215):

 

Artzain ardi‑jalea dantzari

Eskualdunen harrigarri

Murde Iharassarri

Jainkoaren kontra da yarri

Kontra dio yazarri

Haren kontra du bihurtu

Harek eman dohaina

Ardi jatera ohartu

Arthaldeko artzaina.

Utzazu

Sinhets nezazu

Hasi duzun lana

Ez baduzu goan nahi

Galtcha-Gorri gana

Tiratzera hazkarki

Jaun hari bustana

Ezponda.

Amigot non da?

Hor deya Domingo

Bizkar konkor makhurra

Betiri Gorringo.

Eskura zak okherra

Egin dezan bringo

Iharassarri non da?

Hura ere on da

Egiteko arronda

(Haristoy 1895, t. 1: 280)

 

Bertso horien neurri eta egitura ez dira erregularrak, dantza jauzi gehienen kasuan bezala funtsean. Zoin doinutan emanak izan ziren haatik, hori ezin erran. Lehen ahapaldia Mutxikoen aireari untsa koka liro, baina ez baitezpada segida. Gaur egun ezagutzen ditugun hogei eta piko barianteetarik bat, hain segur.

Hasteko, kantuek izan zituzten beren ondorioak. Bertsoen ustezko egileak ziren Gorostarsou anai-arrebak soldaduz inguratua zen etxetik eskapatu ziren eta mugaz bertzaldera joan ihesi. Jean Gorostarsou, Ezpeletako bake jujea preso eraman zuten etxean delako bertsopaperak aurkiturik. Pierre Duhalde, Ezpeletako auzapeza, halaber eraman zuten Baionarat iraultzaileek. Epaitu zituzten biak, kondenatu eta 1794ko martxoaren 17an, Baionako Gramont plazan gillotinatik pasatu, bertze sei lagunekin batera, horietan Domingo Garat Taulo eta Gaxina Hegi itsasuarrak. Hala diote Jean Duvoisin kapitainaren (1810-1891) paperek, Haristoy eta Daranatz apezek berantago berriz erabiliko dituztenek.

Sisti sasta Ezpeletako
Artzain ardi-jalea dantzari, Duvoisinen 6. kaiera (iturria: Baionako Mediateka – Bilketa funtsa)

Kantuak berak noiz egin izan ziren ez dakigu xuxen. Kondena 1794ko martxokoa zen, baina Diharrassari Ezpeletako erretore juratu egon zen 1791ko urriaren 28tik 1792ko ekainaren 18ra artean. Urrikiturik, prediku aulkitik erran zuen iraultzaileen erregimenari uko egiten ziola eta muga pasatu zuen.

Hasteko, bertso horiek iraultza garaiko bertze hainbat kantu satirikorekin batera sailka genitzake. Iraultzak ireki testuinguru politikoa franko nahasia izanki, galarrotsen “hizkeraren” desbideratze politikoak ere elikatu zituen. Iraultzaren aurkako kantu zonbeit franko ezagunak zaizkigu (Haristoy 1895, t.i: 274‑301), Bardozen bikario zen Salvat Monhoren kantuak lekuko, bertzeak bertze. Beha, halaber, auzo herriko balentria kantatzen duten Nazionearen besta Senperen non iraultzaileen besta batez atso batzuen gidari “kontrapasetan” ari zen Senpereko erretore juratuaz trufatzen diren. Bertze protesta kolektibo zonbeitek toberen hizkera eta gramatika ere erabili zituzten. Itsasun, erretore juratua irudikatzen zuen marika bat sinbolikoki urkatu zuten: herriko plazan, batzuen arabera, elizako arkupean, bertze batzuentzat. Mugerren halaber, Distiart erretore juratuaren itxura sinbolikoki urkatu zuten. Aipatu gabe Nafarroa Behereko eta Zuberoako hainbat gertakari. Hasteko, ezpeletarrak dantzan laketu ote ziren ez dakigu, baina zorra untsa ordaindu behar izan zutela, hori bai.

1828: Protestanta eta Mari ederra

1828an berriz izan zuten bertze balentriarik biperdunek. Ezpeletako neska bat ezkondu zen bake juje batekin, zoinaren bekatu nagusia zen protestantea izatea. Gaitzeko galarrotsak egin zizkioten Mari Eder edo Belle-Marie izengoitia zuen neskari eta senargaiari. Bi hitzez laburbiltzeko: nonbaitetik jinikako bake juje bat hurbildu zen Mari Ederrek Ezpeletan atxikitzen zuen ostaturat, eta ostalertsaz maitemindu. Ezagutzak eginik, ezkontzeko xedea hartu zuten. Ezpeletako auzapezarekin paperak eginik, erretorearenganat joan ziren, baina honek duda zerbait erakutsi zuen jaun haren curriculumaren aldera: “Hoberenak golkoan dauzkala iruditzen zaio eta paper gezurrezkoak dituela eskuetan” (Lutxoki, 1921: 442). Bere inkestatxoa egin behar zuela delako ezteiak ospatu aitzin. Ezkongaiek muga pasatu zuten delako zeremonia egin zezakeen apez edo fraile zerbaiten bila. Iturri batzuen arabera, Zugarramurdiko apez batengana joan ziren, bertze batzuen arabera, Urdazubiko fraileetarat. Hasteko, han ere ezetz. Baionako apezpikutegira joan ziren orduan, baina hor ere berdin. Etsiturik, Baionako pasteur edo elizgizon protestantearengana joan ziren, eta honek ezkondu zituen.

Sisti sasta Ezpeletako
Gillotina bidezko exekuzioa, 1897an, Lons-le-Saunier herrian

Balentriaren berri izan zutelarik Ezpeletan, gazteria sutan jarri zen. Hilabete oso batez gauero galarrotsak jo zizkioten gaixo bikoteari. Usaiako tresneriaz gain —zartagin, adar, kaxola, tuta…—, kantuak ere eman zituzten, eta ez alegiazkoak. Lehen kantuek hamaika bertso lerrokatzen zituzten, bigarrenek bortz eta hirugarrenak hamar. Daranatz kalonje ezpeletarraren paperetan begiratuak izan diren kantu horiek osoki argitaratu zituen Patri Urkizuk (Urkizu, 1984). Georges Hérelle euskal antzerkiaren ikerlariak frantseseratu zituen (Hérelle, 1924), eta Gure Herrian 1921ean Lutxoki deitu idazle batek istorioa bere gisarat kondatu zuen kantuen zati batzu ekarriz (Lutxoki, 1921).

Delako galarrots edo toberek ikaragarrizko oihartzuna izan zuten Lapurdi osoan, eta Baztaneraino omen. Justizia aferan sartu zen eta galarrots egileak Baionan auziperatuak izan ziren (Itçaina, 2022). Noizbait Ezpeletako erretoreak jakinarazi zuen elizan protestante katoliko bihurtu zela Montpellierren, eta hango apezpikuak esposatu zituela. Hortan utzi zituzten bakean ezpeletarrek. Ohargarri da Ezpeletako tobera horietan emazteak zirela buru. Prozeduran agertzen da emaztek kuxkula ttipi eta xilintxez apaindutako makil bat bazeramatela bai eta gurutze batekilako atabal txinatar bat («tambour chinois surmonté d’une croix») eta desfileak bandera beltza zuela segitzen herriko karriketan barna. Bertze iturri batzuen arabera, emazteek “Gomberti! Gomberti!” (konberti) oihukatzen omen zuten karrikan.

Erran dena, 24 koplak bertzalde eskuragarri direnez, hemen horien dasta baizik ez dugu emanen. Hona doi-doia sujeta nola plazaratzen zuten lehen hiru bertsoek. Daranatzen bertsioa dut hemen ekartzen, bere zirriborroekin:

1.

Mila zortzi ehun eta hogoi eta zortzian
Mirakulu bat gertatu zen escualdunen artean
Protestant bat ezconduik Ezpeletaco herrian /
Nesca coket bat harrapatu du zabilana airian

2.

Frantses hitz bat gisa balitz eskuaraz emaitia (marratua) erantzia
Belle Marie barkaturen daut niri hola mintzatcia
Haren ohoria nolacoa den hemen da ageraztia (marratua) lapatzia
Doluriuen zaut merezi duela orotara publicatzia/zabaltzia

3.

Haste tcharra duenac ez du akabantza hoberic
Lehen ere ibili da zembait jaunen ondotic
Ustez ez zen Espeleta hortan bertze liliric
Yandarmec ere utzi zuten guti estimaturic (…)

 

Emazteek toki berezia izan zuten, iduriz, 1828ko Ezpeletako galarrotsetan. 1863an berriz auziperatuak izan ziren herriko emazte zonbeit herriko neska bati toberen jotzeagatik. Ez zen maiz gertatzen ahal, ikusiz XIX. mende osoan zehar tobera eta galarrotsengatik auziperatuak izan ziren ezpeletar gehienak mutikoak zirela.

Sisti sasta Ezpeletako
Galarrotsak edo tutak jotzen (iturria: X. Itzainaren artxibo pertsonala)

 

1899: Xerrendako tobera mustraren zazpigarren artikulua

Beti Ezpeletan, 1882an egin zituzten tobera mustrak edo kabalkada bertze andre batzuer zazpi haur eman zituzten gizon ezkonduari. 1899an aldiz, tobera mustrak Elizako partean dagoen Xerrenda kartierrean iragan ziren. Aldi honetan, tobera mustrak izan ziren, erran nahi baita ez zirela soilik gauazko tuta eta kantuak, baizik eta egun betean eman kabalkada, dantza eta epaiketa baten eskarnioa. Kari horretarat eta komunzki gertatzen zen bezala, kantuak paratu zituzten. Baina, eta bakan baizik gertatzen ez zen bezala, ukan zuten errepostu. Janbattit Passajou, Elizaldeko eiherazainak eta hain segur toberetako sujetak prentsa errepublikarrean agerrarazi zuen egun hartan emanak ziren bertsoer errefera. Bere solasa artetan guti edo aski errimatuz gainerat. Eskual Herria deitu “gorrien” (errepublikar) kasetan agertu zituen bi artikuluetan, Passajouk metodikoki zirikatu zituen tobera egileak. Hona lehenik zer idatzi zion kaseta buruari, ironia zerbaitekin alabaina: “Iscribatzen dauzkizut bi lerro zuri erraiteko arras content nizela yuanden igandian eguin den libertimenduaz” (Eskual Herria, 1899ko azaroaren 18a). Ondotik, toberetan emanak izan ziren bertsoak komentatzen zituen aldizka: “1. Lehembiziko pertsuan declaratzen ahal zuten suyeta yendec hobeki yakin zezaten (…) Zazpigarrenak dio: crudela eta abandonazailia. Pertsulari horrec on luke mintzatzen ikastia eta zombeitec on lukete beren lekuen zaintzen ontsa yakitia (…)”. Ondoko astean agertu artikulua zuzenkiago lotu zitzaien tobera mustra egileer:

Huna miraikulu bat ez dena usu ikusten/ Oilachkoak acheriarekin adichkidetzen/ Gaicho inozentek hura dute sinesten/ Ustez eta gastu guziak inen diozkaten (…) Uste zuten bertzeri egiten zutela irri/ bainan berak ziren irri eguingarri/ behatzen zioten elgarri/ ze mirakuilu duk hori (…) charivarien eguiteko on dira mainguak eta astoac/ heyen etchekoak ez dira irakustera emaiten duten bezen guisakoak/ balituzte chede fermuac/ aise utz litzazkete holako libertizione zozuac”. (Eskual Herria, 1899ko abenduaren 2a)

Bai tobera mustren estakurua, bai Passajouren arrazoinamendua ez dira, egia erran, ura bezain garden. Iturriak eskas, berriz ere, gaiaren barnatzeko. Lerroen artetik ulertzen da bere haurrak utzi zituen aita bat zutela arbuiatzen, baina ez da argi. Ohar gaiten halere 1899ko azaroaren 27an, erran nahi baita toberen garai betean, Jean-Pierre, Janbattit Passajou eiherazainaren semea, Erratzun sortua eta Ezpeletan bizi zen jornaltiarra, Gratianne Pierri ezpeletar bixkotx egilearekin ezkontzen zela. Jean-Pierrek 23 urte zituen eta Gratiannek 33. Arraezkontza bat ote? Arrazoina zoin zuten ez dakigu xuxen, baina, hasteko eta orduko gizartearen ekonomia moralaren arabera, guti aski zuten ohidurazko zigor sinbolikoaren aktibatzeko. Erran behar da, bertzalde, urte horietan zernahi kabalkada edo tobera mustra muntatu zituztela eskualde hortan. 1899an berean izan ziren Ezpeletan, Luhuson, Itsasun, Ortzaizen, Luzaiden…

 

Galarrotsetako bertsoak vs kabalkadetako kantuak

Badira bertze ainitz adibide. III. Errepublika garaian (1875-1940), xurien (eliztarrak) eta gorrien (errepublikarrak) arteko kalapitek ere izan zituzten beren ondorioak galarrots, tobera eta gisa bereko libertimenduetan. Thierry Truffautek aurkitu zuen Ezpeletan argazki eder bezain enigmatiko bat. 1887ko data ekartzen omen du, eta agertzen dira dozena bat dantzari, kaxkarot jantzitan, beren xirribikariarekin, eta itxura guzien arabera 1789ko Bastillearen hartzea irudikatzen zuen karro bat. Gorriek Iraultzaren oroimenaren laudatzeko apailatu ospakizun zerbait? Edo, bertzalderat, xuriek errepublikarren sinbologiaz trufatzeko muntatu gertakizuna? Berek dakite…

Sisti sasta Ezpeletako
Besta bat Ezpeletan 1887an. Iturria: Thierry Truffauten bilduma

Beti Ezpeletan, 1893ko agorrilaren 20an, errepublikarrek irabazi zituzten diputatuen bozak. Herriko atabala aitzinean, talde bat ibili zen kontserbadore nagusien bortetan eta alegiazko ehorzketak antzeztu, «o Matxina! Matxina!» (auzapezaren izengoitia) oihukatuz. Herriko errienta zuten buru, bandera eskuan eta eskolako haurrak segidan. Miserere kantika ematen zuten eta apez eta heien aldekoen emazteetaz trufatzen ziren. Prentsa katolikoaren ustez, “ihauterietako jukutria” horiek diputatu bozak galdu zituen Mgr Diharassarryren (deusik ez ikustekorik 1794koarekin) kontrakoak ziren. Ezpeletako kontserbadoreek ihardoki zuten auzapezari ustelkeria elektorala salatuz. Usaia zaharren politizazioa, hemen bertze hainbat tokitan bezala.

Franko berant iraun zuten libertimendu mota horiek Ezpeletan. Sortzez ezpeletarra zen Itsasu-Olhako Mañex Olhagarayri entzun nion Bigarren Mundu Gerla aitzinttoan edo biharamunean Ezpeletako karrikan norbaiti karrosak egin zizkiotela, soinu eta guziekin. Ez zen izanen kabalkada handi bat, baina egiazko estakurua bazutela, hori bai.

 

Ezpeletako kaxkarotak, 1932ko ihauteria (iturria: Hargain familia)

 

Gauden horretan. Sisti-sasta Ezpeletako, dio erran zaharrak. Itsasuiar batek ezin du bertzerik erran. Balentria ederrik joaiten zituzten, beraz, lehenago ere ezpeletar horiek, gazteriak garai bakoitzari egokitzen zaikiolarik bertso, antzerki, sino, dantza eta jokoak. Gaur egun ere balegokeelarik kopla pare baten ontzeko ekeia.

 

Mexikotik, 2024ko buruilaren 24an,

Xabier Itzaina

 

Erreferentziak

Duvoisin kapitaina eta Georges Hérelleren paperak, Baionako mediateka, Bilketa https://www.bilketa.eus

Daranatz kalonjearen paperak, Arxibo departementalak, Baionako artxibogunea.

Haristoy P. (1895), Les Paroisses du pays basque pendant la période révolutionnaire, t. i : Cantons de Bayonne, Bidache, Espelette, Hasparren et les paroisses de Saint‑Jean‑de‑Luz et Ciboure, Pau, Imp. de Vignancour.

Hérelle G. (1924),«Les charivaris nocturnes en Pays basque français», Revue internationale des études basques, n° 15, p. 504‑522.

Itçaina X. (2022), La société du tambourin. Une histoire sociale de la musique à danser en Pays basque, Turnhout, Brepols.

Lutxoki J.-B. (1921)“Mari Ederren ezkontza”, Gure Herria, 7.

Urkizu P. (1984), Astolasterrak, Donostia, Eusko Jaurlaritza

Sisti sasta Ezpeletako Sisti sasta Ezpeletako  Sisti sasta Ezpeletako  Sisti sasta Ezpeletako  Sisti sasta Ezpeletako  Sisti sasta Ezpeletako  Sisti sasta Ezpeletako  Sisti sasta Ezpeletako  Sisti sasta Ezpeletako  Sisti sasta Ezpeletako  Sisti sasta Ezpeletako  Sisti sasta Ezpeletako