Txirrita epaileen jomugan (Legasa 1913 - Iruñea 1916)

Mikel Taberna-(r)en argazkia Mikel Taberna 2018-12-18
Ilustrazioak: Unai Iturriaga

Txirrita epaileen jomugan –

Ez, ez genuen guk gai hau hautatu, ez zen hau landu nahi genuena, bertze zerbait genuen burutan. Bera etorri zitzaigun guri, argitara genezan galdeka. Ezin izan genion ezetz erran.

Aginte politikoak eta legelariek artisten adierazpenak isilarazi edo zigortzea, gaur egun Espainia aldean hainbertze ikusi eta aditzen ari garena, aspaldiko kontua dugu, baita Kantabriako partean ere. Txirrita akusatuen aulkian jarrarazi zuten orain dela ehun eta bi urte, Iruñean, Nafarroako Malerrekan zabaldu zen bertso-paper batengatik. Ia dena ikasi dugu kasu hartaz, baina inportanteena falta dugu: delituaren oinarritzat hartu zuten orri huraxe. Erreportaje honetan argitara atera nahi ditugu auzi hark utzi zituen arrastoei segika egin ditugun ibilerak. Agian ere honek balioko du hainbertze bilatzen aritu garena norbaitek nonbaitetik ateratzeko, handik edo hemendik agertzeko.

 

  1. Ari naizela, ari naizela, hor ikusten det

Ustekabean hasi zen dena. Amautxi Margaritaren anaia Luis Elgorriaga Astibiaren gaineko datuak bilatzen ari nintzen. Afrikako gerrara eraman zuten 1921eko abuztuan, eta ez zen handik sekula bueltatu. Ekarri ere ez zuten egin; lur haietan gelditu zen betikoz haren gorputza. Bertsolari polita omen zen (“Apextegiko Inaziari harek kantatu zittion toberak…”), eta horregatik, hain xuxen ere, gure ama oroitzen zen irakurria zuela aspaldiko egunkariren batean bertsolari etxalartar bati eginiko elkarrizketa, zeinek kontatzen zuen gerra hartan berean galdu zuela beratar lagun bat, bertsotan ederki egiten zuena. Amak konprenitu zuen osaba Luis izan behar zuela ‘beratar lagun’ hura. Etxalartarra, berriz, Ixiar Rozasen atautxi Xamuio ote zen nago ni, lasartearraren Beltzuria[1] irakurtzea suertatu baitzitzaidan ikerketa honen zirimolan sartua nintzelarik (hori ere suertatzea… ez al da harrigarria?). Pentsatu nuen eskuratu behar nuela prentsako berri hura, nire begiekin irakurtzeko. Horretan ari nintzen.

Entrebista hura zein egunkaritan izan ote zen? Gipuzkoan argitaratzen zirenetakoren bat, segur aski, baina, hasteko, niretzat erraxagoa zen Iruñekoetan bilatzea. Horrela hasi nintzen Diario de Navarraren hemerotekan galbahea pasatzen, esperantza handirik izan gabe, lagun fin bat konplize nuela, Iruñeko Udal Artxiboko administraria, Inés Roldán, egoitza hartako funtsak hain ongi ezagutzen eta zaintzen dituena. Harena da ni saltsa honetan sartu izanaren kulparen puskarik handiena; hari zor diot istorio hau ezagutu izanaren suertea. 2015eko udazkeneko kontuak dira.

Bilatzailean “bersolari” sarturik, prentsa zaku hartatik gauza interesgarri franko bildu genuen. Ondotik, lagunak “versolari” ere sartu zuen, zer gerta ere. Adiskideak badaki euskaraz, baina ez du euskal mundua bizi eta, konparazio batera, bertsolari guziak (lehengoak nahiz gaur egungoak) arrotzak zaizkio. Hala ere, nire aurpegia ikusirik eta nire espantuak aditurik, agudo ohartu zen zerbait berezia aurkitu genuela azaro hasierako egun hartan. Ezin nuen sinetsi nire begiak ikusten ari zirena. 1916ko urriaren azken eguneko egunkariaren hirugarren orrialdean, “Tribunales” goiburua zuen zutabe batean, testu hau heldu zen azpiko informazioaren aitzindari: “…á vosotros mi canto consagro … Y efectivamente el canto del versolari fue tan avieso que se cayó en las redes del Código penal”[2]. EME sinadura zekarren kronika honela hasten zen: “El conocido versolari “Chirritak” –creemos que es de Hernani-, Jose Manuel Lujambio, y el vecino de Legasa Tomas Alcaine ocuparon ayer el banquillo ante el Tribunal de Derecho, acusados de los delitos de injuria y calumnia al alcalde pedáneo que fue de Legasa Eusebio Babace.[3]

Nonbait, Legasako seme batek mandatu eginda, Txirritak bertsoak idatzi zituen hango alkate izandakoaren kontra, eta bertso-paperak Donezteben saldu ziren, arrakasta handiz, aitzineko urteko bestetan, halaxe zioen kronikagileak: “Se vendieron a 10 céntimos, con un éxito loco, el día 30 de junio del año pasado”. Bertsoen jomuga zen gizonak, sumindurik, auzitara eraman zituen ordaintzailea nahiz egilea bera.

Harrigarria iruditzen zitzaidan irakurtzen ari nintzena. Orain arte, Leteren aspaldiko antzezlan hartan ez bazen[4], ez genekien Joxe Manuel sekula epaitu zutenik. Nola zen posible kasu hau orain arte inork ezagutzera eman gabe egotea? Egunkariko berri hark mami gehiago zuen: bi itzultzaile-interpreteren izenak eta akusatuen nahiz salatzailearen abokatuenak, den-denak aipatzeko moduko bertze gertaera batzuen protagonista zirenak; bertsoen itzulpenari buruzko oharrak; eta bi aldeek hondarreko egin zituzten zigor eskariak (auzipetu bakoitzari bi delitu egozten zizkion akusazioak: ‘irainak’ eta ‘kalumniak’).

Epaiketaren sententziari buruzko berria handik egun guttitara argitaratu zuen egunkari berak, azaroaren 10ean. Kondenatu egin zituzten, hala legasarra nola hernaniarra.

 

  1. Utzi ditzagun bide illunak, billa ditzagun argiyak

Inon gordetzen ote dira hain aspaldiko aferak? Ez naiz sekula auzitegietako artxiboetan galdeka ibili. Ordea, Inesek bazekien zer pauso eman behar zen. Probintziako Auzitegiko Artxibora joan ginen lehenik, eta bertako arduradunetako batek, Teresa Eslabak, argitu zigun Nafarroako Errege Artxibo Nagusira (NEAN) jo beharko genuela, hura baitzen hain aspaldiko auzien biltoki orokorra. Han zerbait aurkituko ote genuen?

Artxibo Nagusia izugarria iruditu zitzaidan: jendearen begibistan dagoena (armairuak, liburuak, jendea begiak xahutzen paper horituetako lerro okerrei begira…) eta barreneko gordelekuetan norberaren irudimenak imajina dezakeena; izenak eta gertaerak, zenbat istorio eta historia!

Miriam Etxeberria adeitsuari zertara gindoazen kontatu, eta eskaera egin  genion. Esperoan gelditu ginen, emozio doi batekin. Ongi eta trebe baliatu zituzten eman genizkien datuak, eta zuzen jo zuten behar genuen tokira. Bilatzen ari ginena 225/1915 sumarioan zegoen. Kutxetan sartuak dituzte paperak eta liburuak. Sumario horri loturik, hiru kutxa eman zizkiguten.

Lehenik, 56613 kutxa atera ziguten. Bertan, Iruñeko Lurralde Entzutegiko 205 liburua. Barrenean, 197 epaia, 1916ko azaroaren 6koa.

Urduritasunez ireki genuen, han heldu ote ziren altxor sekretuko perlak, bertso beltzak. Hamalau orrialde idor, makinaz idatzirik, xehero-xehero irakurri genituenak. Epaia zen, eta honela hasten zen: “SENTENCIA. En la Ciudad de Pamplona a seis de Noviembre de mil novecientos diez y seis. Vista… contra Tomas Alcaine Expósito, de sesenta años de edad, casado, tejedor, natural de Pamplona, residente en Legasa; y José Manuel Lujambio Retegui (a) Chirritak, de cincuenta y cinco años de edad, hijo de Juan Bautista y de Josefa, soltero, cantero, natural de Hernani, residente en Rentería…”.

Segidan, epaileek azaltzen zuten prentsatik ikasi genuena, Legasako bizilagun bat haserretu zela alkatearekin, eta bertso-paperak eginaraztea erabaki zuela, hari min egiteko. Horretarako, Jose Manuel Lujanbio “versolari”arekin elkartu zela (hitz horren adiera argitzeko, “cancionero popular” eransten zuten parentesi artean), eta Lujanbiok bete zuela eskaria, hamalau bertso egin zituela, eta jatorrizko papera sumarioko zazpigarren folioari josia zegoela. Adierazten zuten bertso haien itzulpena egina zegoela, gaztelaniaz eta hitz lauz, eta sumarioko berrogeita seigarren orrian zegoela; eta jarraian, epaian berean txertazen zuten bertsoen gaztelaniazko ordain hura, hamalauena banan-banan: “Primer verso: hacia el año mil novecientos catorce hemos tenido un caso muy chusco, Los de este pueblo de Legasa, y para cuando llegamos a este extremo nos hemos tenido que proveer de buena dosis de paciencia…”[5]. Jatorrizkoak ez, eta haien erdarazko bertsioa bai. Kaka zaharra!

Aitzinxeago ikusiko dugunez, bertsoetan kontatzen zaigu zer motibo zuten legasar batzuek herriko alkatearekin haserre egoteko. Horrela jakin genuen urte pare bat lehenago ere izan zela demanda eta auzia pertsona horien artean, eta hori ere ikertuko genuen, behin hasita dena jakin nahi genuelako.

Horretaz aparte, epaileek euren arrazoibideak ematen zituzten sententziako orrietan, amaieran, ondorio gisara, akusatuen kondena erabakitzeko. Epaileek zioten, bertzeak bertze, alkatearenganako mespretxuz idatzi zirela bertso bidez kontatzen ziren gertaerak, eta gainera espres idatzi zirela eskualde hartan nagusi zen hizkuntzan: “…haberse redactado, de propósito, en la lengua dominante en el pais donde se publicó; en versos populares…”. Zirkunstantzia horiek garbi uzten zutela zein zen egileen asmoa: auzi-jartzailea (alkatea) mendratzea eta fama txarra ematea (“…desacreditar y menospreciar…”).

Epaileek ebatzi zuten bi akusatuak berdin zirela errudun. Legasarra, berak jakinarazi zizkiolako bertsolariari bertso-paperean aireratzen ziren kontu iraingarriak; eta errenteriarra, gauzak erran zituelako kantatzeko maneran eta min emateko asmoz (“…revistió dichos conceptos de la forma ritmica e incisiva o mortificante…”).

Artxiboan atera ziguten bigarren kutxak zenbaki handiagoa zuen, 120639, eta agiri kopurua ere bai, hirurogeita hamarretik goiti. Epaiaren ondoriozko goiti-beheitiak heldu ziren gehienbat: jakinarazpenak, errekerimenduak, balizko erantzukizunak bermatzeko fidantzak, lekukoen aitorpenak, bahitura eskaerak (bi mila pezetarainoko ondasunak)… Kontu gogorrak ziren, gehienbat legasarrarentzat, zituenak eta, batez ere, ez zituenak kendu baitzizkioten; eta Txirritarentzat ere hala izanen ziren harrapatu izatera, baina hari ezin deus egin zeren, gero hirugarren kutxan irakurriko genuenez, ez baitzekiten non barna zebilen, “en ignorado paradero” omen. Ez ziren huskeriak; baziren gauza interesgarriak (bertzeren artean, Juan Berdún y Pallarés Iruñeko Instrukzioko Epaitegiko idazkariak sinaturiko oharra, zeinean argitzen baitzuen José Manuel Lujambio Retegui aipatzen zen agiri guzietan ulertu behar zela José Manuel Luxambio y Retegui erran nahi zela, “…por ser estos los nombres y apellidos del mencionado procesado…”, eta behar ziren zuzenketak egin beharko zirela), baina guk jatorrizko bertsoak nahi genituen. Eta haiek falta. Delituaren “gorputza” inon ageri ez! Izorra hadi Piarres!

Beraz, hirugarren kutxa ere eskuratu genuen, 121418 zenbakia zuena. Eskuz idatziriko lau orri ziren, 225/1915 sumarioaren laburpena. Zehazki aditzera ematen zen zer urrats egin ziren 1915eko urriaren 30etik, kereila gisara hasi zenetik, 1918ko maiatzaren 21a bitarte, egun horrekin emandako autoan deklaratu baitzen bi akusatuak “insolventes” zirela (kaudimengabeak) eta ezin ziotela erantzun diru-ondasunen bidez epaiak eskatzen zienari, eta horren partez deserriratze pena handiagoa ezartzen zitzaien. Datu interesgarri bat ikasi genuen hirugarren kutxako agirietatik: Tomas Alcainek errekurritu egin zuen Iruñeko Epaitegiko epaia, eta Madrilgo Auzitegi Gorenak aztertu behar izan zuen kasua; ordea, ez zioten arrazoirik eman legasarrari, eta Gorenak berretsi zuen Iruñeko epaia.

Artxiboko hiru kutxak begien parean genituen, informazio interesgarri franko genuen, baina sumarioak edukiko zuen agiri mordotik gehiena falta zen, eta bereziki guk nahi genuen huraxe: bertso-papera, Txirritaren hamalau bertsoak biltzen zituena. Oraindik ere hala gaude. Guk ez dakigun nonbait egonen da, edo inon ez: nahi gabe galdu da edo nahita espurgatu zuten (garai batean, agiriek balio berezirik ez zutela uste bazuten suntsitu egiten zituzten, paper orea lortzeko). Epaiketara bitarteko instrukzioko agirien artean egon behar zuten jatorrizko bertsoek. Zeren, epaian zehazten denari kasu eginez, bai baitakigu sumarioko zazpigarren folioari lotua dagoela jatorrizko orri bekataria; eta 169 folioz osaturiko auzian (laburpena dakarren kutxan ikasi dugu hori, “terminado el sumario… compuesta la causa de 169 folios”), bertso-paperaren 26 ale omen dira hamargarrenetik hogeita hamabosgarrenera bitartekoak, “ocupando los folios diez al treinta y cinco de la causa veintiseis ejemplares impresos de dicha composición vasca”.

 

  1. Illunpetatik nai det irten argira.

Handik honat ibili gara bilaka batean eta bertzean. Orain dela ehun urte Doneztebeko bestetan saldu, eta halako zalaparta sorrarazi bazuten, nahitaez pasatuko ziren ahotik ahora eta gordeko ziren jendearen memorian. Hala uste dugu oraindik ere guk. Bisita batzuk egin ditugu Legasara, Edurne Arbelaitz zubietar erdi legasarra lagun eta bide-erakusle genuela. Solastu gara bertako jendearekin[6]; Legasara esposatua den Maite Lakar ikertzailearekin ere aipatu dugu afera, eta irakurri-aditu ditugu Amaia Apalauzarekin batera hark eginiko Malerreka solasean liburuan eta grabazioetan heldu diren kontu batzuk, kasu honetako protagonista nagusietakoa den Tomas Alcaine Xaldixen gainekoak berexiki, espres aipatzen baitute hantxe berean. Izan gara Bertizaranako Udalaren eta Legasako Kontzejuaren herriko etxeetan, paper zaharretan txiripaz zerbait harrapatuko ote genuen. Galdetu dugu inguruko herrietan: Ituren, Eratsun, Urroz. Serioxeago begiratu ditugu Koldo Mitxelena Kulturuneko Txirritaren funtsak, hango bertako langileek erraztasun guziak emanda. Sesioak eta krimenak izeneko karpeta ere bada bertan, baina bertso haien arrasto pizarrik ere ez.

Ez dugu orain arte gaia plazara atera, jatorrizko bertsoak falta genituelako eta nahiago izan dugulako segitu istorio honen adar desberdinetan ikertzen, eta bilatzen, sua biztu zuten bertso haiek nonbait agertuko zirela sinetsi nahirik. Auzitegira eta Artxibora joan gara behin eta berriz, ea gogoratzen zaien zein bertze tokitan izaten ahal diren. Guardia zibilek Madrilen duten ikerketa historikoen erregistrora ere jo dugu (Sunbillako kuarteleko agenteak izan ziren esku hartzen lehenak), baita Espainiako administrazioaren artxibo orokorrera ere. Nahi genuen erantzunik ez, batetik nahiz bertzetik. Esperoan gelditu gara, esperoan segitzen dugu, esperantza horrekin.

Gaur, ordea, dakiguna plazaratzeko erabakia hartu dugu, bertsorik gabeko kopla laburretan. Izan ere, ustez egiten ahal genuen guzia egin dugu. Honaino ailegatu gara.

Bertzalde, liburu eta prentsajale erneak dagoeneko jakinen duen bezala, esku artean dugun istorio hau ezagutarazi egin da azkeneko hilabete hauetan argitaratu diren bi liburutan bederen. Bietako bat erdi oharkabean pasatu zen: auzi honen aipamena agertu zen Muertes oscuras liburuan[7], haren egilearekin informazio trukea izan baikenuen hura Gazteluko Legarreko leizearen kasua ikertzen ari zelarik[8]. Bertzea, berriz, prentsan ere aipatu da: Fernando Maiora ikertzaile artaxoarrak kasuko epaia eskuratu du, guk bezalaxe, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian, eta haren zati bat sartu du berriki plazaratu duen liburuan, Léxico autóctono histórico de Navarra II izenburukoan[9]. Patziku Perurenak egunkarietara bidaliriko eskutitzari esker izan genuen guk azken horren berri.[10]

Horregatik heldu gara idazki honekin orain, dakizkigunak kontatzera, nahi dituenak ikas ditzan.

Txirrita epaileen jomugan

  1. Zori gaiztoan fundatutako gerra

Goazen ikustera nondik sortu zen legasarren arteko gatazka hura.

Bertso-paperak aireratu baino urte pare bat lehenago, 1913ko abuztuaren 3an, igandea, herrian barna bueltaxka bat eman eta tragoxka batzuk hartu ondotik, arratseko hamarrak aldera sartu zen etxera Eusebio Babaze, Legasako orduko alkatea zena. Arozkenean, bi seme-alaba ttikiak ordukotz lo ziren eta ohatzean esperoan zuen emazte gaztea. Maindire azpira sartu aitzinetik, kanpoan oihu batzuk adituta, leihora atera zen. Zer ari ote ziren han barna Tomas Alcaine eta Frantzisko Mendiola? Gauza onik ez. Bertze norbaitek txistu egin zien. Gero txistugilearen boza ere aditu zuen. Pedro Hualde zen, dudarik gabe. A, zer hiru elementu! Baina ez zen hura guardia lanak egiteko tenorea. Buelta kamainara, begiak itxi, eta handik guttira, loaren besoetan errenditzeko zela, eztanda handi batek zakar urratu zuen gaueko kalma lasaia. Andrea ernatu zen, ikaraturik, eta haurrak negarrez hasi ziren ondoko kuartoan. Aita zaharra bere logelatik atera zen. Amaginarrebak oihu egin zuen: “Ze izan da tiro hori?”. Galtzak ez bertze deus jauntzi gabe, eskailerak beheiti oinutsik abiatu zen etxeko jauna lasterka, zer izan ote zen ikustera. Kanpora ateratzean, kea eta erre usaina. Zulo kozkor bat lurrean, baina bertzelakorik ez. Ezker-eskuin begiratu zuen. Karrika hutsik. Herriko zakur guziak saingaka, baina inguruko etxeetako bizilagunak mutu, deus gertatu ez balitz bezala. Tomaxaren ondora bueltatu zen Eusebio, maldizioak marmarka. Begirik ezin izan zuen bildu gau osoan, eguna argitu arte.

Biharamunean, egun argiz hobeki ikusi zuen bezpera arratsean norbaitek dinamita edo gisako zerbait leherrarazi zuela haien etxe parean, eta Sunbillako guardia zibilen kuartelera joan zen segituan salaketa paratzera. Han, zer gertatu zen kontatu (“en la noche de ayer, 3 del actual mes, y hora de las once proximamente, estalló un cartucho de dinamita al frente o fachada y muy cerca de la casa…”[11]), eta herriko hiru lagun salatu zituen, uste baitzuen haiek egina zela azioa. Tomas Alcaine, Pedro Hualde eta Frantzisko Mendiolaren izenak eman zituen. Haiek ziren leherketa izan baino istant batzuk lehentxeago etxe inguruan sumatu zituenak. Gainera, bazituen motiboak pentsatzeko haiek izaten ahal zirela gaiztakeria egin zutenak, haserre zirelako berarekin, aste pare bat lehenago isuna paratu zielako hirurei: bosna pezetako multa biraoak errateagatik, bortz pezeta gehiago Hualderi alkateari men ez egiteagatik, eta pezeta bat gehiago Alcaineri herriko ordenantzak ez betetzeagatik.

Probintziako prentsak eman zuen gertatuaren berri (data oker, hala ere), “en Legasa ocurrió el día 5 del actual un atentado terrorista”[12], eta jakitera eman zuen hiru gizaseme preso hartu zituztela, izen eta guzi, alkateak salatu zituen hirurak hain xuxen ere, “presuntos autores” omen zirenak.

Auziak bere bidea egin zuen, gisa honetakoentzat plantatua dagoen maneran. Lehenbiziko, Bertizaranako Udal Epaitegiak deitu zituen deklaratzera kasuarekin zerikusi zuzena zutenak, bai eta, haiekin batera, zenbait herritar ere, lekuko modura mintza zitezen. Gero, Iruñera joan behar izan zuten parte ematera alkateak eta hiru akusatuek. Hiriburuan, akusatuek leherketaren soinua aditu zutela adierazi zioten instrukzioko epaileari, baina ez ziotela garrantzirik eman eta pentsatu zutela zernahi izaten ahal zela (norbait ariko zela dinamitarekin arrantzan Bidasoan, erran zuen batek). Onartu zuten, noski, alkateak isunak paratu zizkiela egun batzuk lehenago, baina ez ziotela horregatik gorroto berezirik eta estimatzen zutela gizona. Babazek eta sortzez iturendarra zen Hualde zurginak erdaraz ulertzen bide zuten, eta idazten ere bazekiten nonbait, haien eskuz sinatu baitzuten aitorpena. Iruñean jaio (Inklusan utzi zuten, haur abandonatuen etxean) baina txikitatik Legasan bizi zen Alcainek eta Urnietan sortua zen Mendiolak, berriz, itzultzailea behar izan zuten, “no hablan ni entienden el castellano sí el vascuence”, eta horretarako Gerardo Valcarlos Egiguren prokuradorea eskaini zieten. Prokuradore horrexek berak sinatu behar izan zuen aitorpena, haien partez.

Epaileak kasua itxi egin zuen epaiketarik egin gabe, ez zelako jakiten ahal nor izan ziren dinamita paratu zutenak, “…no habiéndose comprobado quién o quiénes sean los autores de los delitos que se persiguen… se sobresee provisionalmente esta causa…[13].

Txirrita epaileen jomugan

  1. Euskaldun bat etorri zait ipiñitzeko bertsuak

Dinamita kartutxoaren auzia inorendako zigorrik gabe geldituagatik, ez zen Iruñeko auzitegian amaitu alkatearen eta herritarren arteko tirabira. Iduri duenez, akusatuei ez zitzaien aski iruditu libre eta kargurik gabe gelditzea eta, ordain gisara, haien ustez Babazeri zegozkion txerri-puskak nola edo hala bueltatu behar zitzaizkion. Tomas Alcaine Xaldix behinik behin ez zegoen konforme, eta halako batean alkatearen kontra bertsoak jarraraztea gogoratu zitzaion.

Nola jarri ote zen Txirritarekin harremanetan? Mendiola urnietarraren bitartez akaso? Sorterriagatik eta adinagatik, hark ezagutuko zuen, seguru. Herritar batek erran digu uste duela herriko besta batzuetan etorri zela bertsolaria eta orduan egin zuela tratua harekin Alcainek. Baliteke. Bertzela ere izaten ahal zen, beharbada Joxe Manuel lanean ariko zen handik ez sobera aparte, Bertizaranan berean edo Baztan nahiz Malerreka aldean. Kontuan hartu denbora hartan jo eta fuego ariko zirela Bidasoko trenbidea egiteko afanean (1916ko maiatzean egin zuen Elizondoraino ailegatu zen lehenbiziko bidaia ofiziala) eta jende aunitz beharko zela mendiak zulatzeko edo suzko gurdiaren bidea zelaitzeko. Ez zen harritzekoa izanen bertsolaria lantegi hartan enplegatua izatea. Eskarmenturik ez zuen falta, bertsotan errana zuen urte batzuk lehenago, “… Milla gañera bederatzireun / beatzigarren urtian… ‘Doble vía’ bat egiten ari / dira Legazpi aldian / ala biarrez ni ere antxen / asi nintzaden lanian …[14] Edo bertze zerbaitetan. Nork daki? Nolanahi ere, paraje haiek ez zitzaizkion arrotzak izanen, uste baitugu han barna ibilia zela Baztango uholde ospetsua izan zen garaian. 1913ko ekainean izan zen Erratzuko tronba, eskualde hartan hiru hildako eta sekulako hondamendia eragin zituena, eta Txirritak bertsoak paratu zituen, “Deklaratzera nua kaso bat Valle Baztan’en pasia, egun arretan bistan giñenak akordatzeko klasia…”[15]. “Bistan giñenak” erraten digu, eta urak ekarri zituen deskalabruak ere nola aipatzen dituen ikusirik, apustu eginen genuke gizonak bere begiekin ikusi zituela hangoak. Denak ez, ordea, ezin; horregatik “negoni bistan enitzen baño ala jakindu nituan” zehazten du zortzigarrenean, mutiko bat itotzetik doi-doian salbatu zutela kontatzen duelarik; hura ez zuen ikusi, baina erraten dituen gainerakoak bai, gure idurikoz, nahiz eta Aita Zavalak bertzelako iritzia izan zortzigarren bertso horren bukaerari erreparaturik, “Berak bere begiz ez-bear oiek ikusi ez bazituan, Baztan’dik bat edo bat etorriko zitzaion, ujoldearen berri emanez eta bertso batzuk eskatuz”[16].

Kuestionea da Xaldix legasarrak nolabait ere aurkitu zuela hernaniarrarengana jotzeko manera, herriko hiru lagunek alkatearekin izan zituzten goiti-beheitien gaineko bertsoak para zitzan eskatzeko.

Uholdeko bertsoak Baztanen berean inprimatu baziren ere (Imp. G. Quintana – Elizondo), Babazeren kontra paratutakoak Gipuzkoan egin ziren. Sententzian irakurtzen dugu Errenteriako moldiztegi batean inprimatu zirela (“original que entregó para su impresión en una imprenta de Renteria” eta “original… fechado en Renteria el día veintitrés de Mayo de mil novecientos quince”), baina Doneztebeko Baltasar Moreno notarioak kasurako idatzitako protokolo batean bertzela dio: “Una hoja impresa en el establecimiento de la viuda de Valverde de Irun”[17]. Ez dakigu bi baieztapen horietako zein ote den zuzena. Bertzalde, orduko berrogei pezeta ordaindu zizkion Alcainek Lujanbiori haiek egitearen truke. Inprimategian ere pagatu izanen zuen faktura. Bi sosetan saldu omen zen paper bakoitza (-pezetaren- hamar zentimotan). Atera kontuak zenbateko saila saldu beharko zuen, dirurik galdu nahi ez bazuen.

Hamalau bertso ziren, erran bezala, oraindik ere aurkitu ez ditugunak. Txirritak sortu eta bertze norbaitek idatzi zituenak, epaileek horixe erraten baitute (“…original, que dictó a un amanuense por no saber él escribir…”), haren iloba Jose Ramon Erauskin Lujanbiok segur aski, Antonio Zavalari kasu egiten badiogu: “…Txirritak, bertsoren batzuk argitaratu nai zituanean, bere illoba orri deituko zion eta aren lumaz baliatuko zan…”. Hamalauak hantxe daude, eskuratu dugun epaian, gaztelaniara aldatuta[18]. Horiek harturik, ez ote genituzke jatorrizko euskarazkoak asmatuko? Guk ez dugu geure burua kapaz ikusten, baina agian gu baino abilago denak txirritaratuko ditu.

Lehenbiziko bertsoaren itzulpenak pixka bat harritu gaitu, “hacia el año mil novecientos catorce hemos tenido un caso muy chusco” paratzen baitu; alegia, ez mila bederatziehun eta hamahiru, isunak paratu eta dinamita kartutxoa lehertu zen urtea, ez mila bederatziehun eta hamabortz, bertso-paperak saldu ziren urtea. Baina, pentsatzen jarrita, ez diogu garrantzi berezirik eman, “hacia el año” horrek zehaztasuna kentzen baitio urteari (euskarazko bertsoetan, “aldera” edo paratuko zuen).

Ondoko bertsoetan, Urrozen jaiotako Eusebio aipatzen du bertsogileak (hangoa zen Babaze, Legasara esposatua): lehenago agintaria izana, orain kargurik gabe dago, herritarrek bota dutelako; alkate ohiak dexente sufritu izan behar du, eta horregatik mehetu da hainbertze; lehen adiskide, eta orain etsai omen; lehen halako konfiantza familia horrekin, eskutitzak irakurri ere egiten zizkioten (Alcainek ere ez zekien ez idazten ez irakurtzen), baina hori dena galdu da alkateak pezeta bateko isuna jarri dionean; arrazoiaren kontra harrokerian aritzea leporatzen dio Babazeri, inolako kulparik ez dutenak zigortu dituela, eta hori ederki dakitela legasarrek berrogeita hamabi urte baititu herrira etorririk (erran bezala, Iruñean jaioa zen Alcaine, 1856an; bertso horren arabera, sei-zazpi urterekin ekarri izanen zuten Legasara).

Baina bertsoaldiaren mamia dinamita kartutxoaren afera da, bertsoen erdiak horren berri emateko erabiltzen baititu, zortzigarrenetik hamalaugarrenera, “Dice que le pusieron dinamita en su casa…”, itzuli zuten perituek; gero, harengatik akusatu zituztela, eta udal epaileak Iruñera bidali zuela kasua, eta han hobeki sentitu zirela, jendeak ez zuelako beldurrik egia errateko (Bertizaranan ez bezala erran nahiko zuen), eta ederki urrikitu zitzaiola Babazeri bide hura hasi izana, galtzaile gertatu zelako.

Hamabigarren bertsoak badu misterioa eta badu karga, zeren bertsolariak aipatzen baitu akusatuek bazutela itzal handiko lagun bat bere burua eskaini zuena zernahitan laguntzeko, problemarik baldin bazuten egun erdia aski izanen zuela haiek justiziaren zigorretatik libratzeko. Espantuka ari ote zen? Eta egia baldin bazen, nor ote zen adiskide ahaltsu hura?

Saila amaitzeko, erraten du jendeak ez zuela konprenitzen ahal zergatik sortu zen halako gatazka, eta ez dakiela horrekin guziarekin zenbat galdu ote duen alkate izanak, baina haiek, behinik behin, “Tomás, Pedro y Francisco”, arras satisfos gelditu direla (“deskantsatu dira”, segur aski jatorrizkoetan, epaian egiten den aipamena kontuan hartuz).

Azkeneko bertsoan ikusten denez, dinamita kartutxoaren auzian akusatuak izan ziren hiruren izenean sortuak dira bertsoak, baina gero, zabaldu ziren bertso-paperengatik Tomas Alcaine bakarrik epaitu zuten, Txirritarekin batera. Sumarioko agiri gehienak falta direnez, ez dakigu instrukzioan Hualde eta Mendiola ere sartu ote zituzten auzian hasieran, baina segur aski deitu izanen zituzten deklaratzera, eta bide horretan noizbait ere erabaki izanen zen kulpagabeak zirela.

Txirrita epaileen jomugan

  1. Oraiñ eman dit auziya

Doneztebeko bestetan saldu ziren bertso-paperak, 1915eko ekain hondarrean. Nork kantatu ote zituen jendea tentatzeko? Irungo itsuak? Horren berri ere ez dugu, eta ez dakigu aipatuko ote duten falta dugun sumarioaren puska handienean. Kondenarik behinik behin ez zuen hartu. Alcainek berak ez bazituen saldu… Bertsoak saltzen hasi, eta jendeak aski gustura erosi zituen, hala erran digu prentsako artikuluaren egileak. Eromena izan omen zen hura, bai: guardia zibilek sartu behar izan zuten tartean, “la algazara pública revistió caracteres de desorden y tuvo que intervenir una pareja de la guardia civil”. Zertarako muturra sartu, ordea, eltzetzuek? Kazetariaren azken ohar horrek pentsarazten digu kasaila eta liskarra sortu izanen zirela aldekoen eta kontrakoen artean. Jende pobrea alegeratuko zen agintariek egiten zituzten abusuak salatzen zirelako, eta, bertzalde, botere puskaren bat zutenei arriskutsua irudituko zitzaien edozein olentzerok hain aisa eta eskura izatea injustizia agerian uzteko manera; hura kutsatzen bazen, igandero aterako ziren bertso-paper berriak herri guzietan.

Eusebio Babazek berriz ere salaketa aurkeztea erabaki zuen. A zer buruhausteak! Etxean, andrea eta seme-alaba ttikiak zituen; kanpoan, hargingoa baitzuen ogibide, langile talde bat zuen bere kargu, han eta hemen obrak egiteko. Gogoa behar du auzitegietako paper-lan nahasi eta garestian bigarren aldiz hasteko! Berezko urguilu handia ez ote zuen, eta ezin eraman Alcaine bezalako gizajo batek hari irri egitea. Bertizarana eta Malerreka aldeko jauntxo jendeak animatu ote zuen pauso horiek ematera?

Ezezagunak ditugu instrukzioko lehenbiziko urratsak, eta, nahitaez, jauzi egin behar dugu epaiketaraino. Agiri ofizialen faltan, egunkarian aurkitu dugun kronika aztertuko dugu, hasieran aipatu dugun huraxe. Deigarriak egin zaizkigu, bertzeak bertze, auzitegiko aretoan bildu ziren pertsona zenbaiten izenak.

 

  1. Eskribiante ederra

1916ko urriaren 31ko Diario de Navarraren 3. orrialdean, bortz zutabetan antolatua dago informazioa. Lehenbizikoan, Madrilgo Gorteetako informazio mamitsua heldu da; bertzeak bertze, preso politikoendako amnistia proiektuaren berri ematen dute. Bigarrenean, Francisco Bergamin orduan ministro ohiak, Jose Bergaminen aita zenak, Zaragozan emandako hitzaldi interesgarria kontatzen digute: Europako Gerran (Lehen Mundu Gerra) Espainiak izan behar lukeen neutraltasun jarreraren alde. Hirugarren zutabean, klase diferenteko notiziak, nahas-mahasean: Mazantinito toreroa eri zegoela; Zaragozako Udalak dirua eman behar zuela Sarasateri Iruñean egin gogo zioten estatua eraikitzeko; eta Euskal Jai pilotalekuan izaniko partiden emaitzak (“noticias de sport”). Laugarrenean, gerraren azken orduko komunikatuak heldu ziren: alemanen kuartel nagusitik bidalia lehenik, eta ondotik, laburrago, austriarrena, frantsesena eta italiarrena.

Bosgarren zutabearen goialdean “Tribunales” irakurtzen dugu, auzitegietako berriak alegia, eta horren azpian, kronikaren izenburu gisara, aipu literario bat, arestian erran duguna: “…á vosotros mi canto consagro”. Bitxia da epaiketa baten berriari sarrera emateko ohar hori paratzea. Valle Inclán idazlearen Voces de Gesta antzerki lanaren lehenbiziko lerroa da, idazlearen eskaintzaren hasiera, gaztelaniazko bertsotan emana jarraian etorriko den obra osoa bezalaxe. Kazetariari ezin egokiagoa iruditu bide zitzaion, bertsoa eta bertsolaria juzgatuak izan ziren epaiketaren kronika apaintzeko. Nolanahi ere, ez da kasualitatea izaten ahal idazle galiziarra lerro haietara ekarri izana. Valle Inclánek, urte haietan, non eta Legasa ondoan pasatu zituen uda batzuk, Narbarteko Erreparazean, eta ezaguna zuen Raimundo García Garcilaso, egunkari hartako kazetaria. Baliteke gerora Diario de Navarrako zuzendari eta 1936ko estatu-kolpearen prestatzaile nagusienetarikoa izanen zen kazetari horrek idatzia izatea egunkariko zutabe hura, nahiz eta sinaduran guretzat arrotza den EME agertu.

Txirrita epaileen jomugan

 

 

……… Gehiago Bertsolari Aldizkariaren 110. alean

 

Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan  Txirrita epaileen jomugan Txirrita epaileen jomugan