Urruña, oinak emanda
Ohar parea
a) Urruña. Akitania Berrian batzuentzat, Sanjuandeluzen ondoan besteentzat, Lapurdin ororen gainetik. 10.000 biztanle inguru. Hendaia, Biriatu, Ziburu, Azkaine, Irun eta Bera mugakide. Itsasoaren eta Bidasoaren artean. Baserri-tradizio handiagoa arrantzarako joera baino. Urtubiko gaztelua, Ibardin, Zokoa… Azken aspaldian, ez da turista oldeaz zein bigarren etxebizitzen negozioaz libratzen. 30 urte beteko ditu aurten Urruñako ikastolako lehen haziak. 2020tik auzapez abertzalea du herriak.
b) Ibilbide hau bertso bat bezalakoa da: edozein tokitatik has daiteke, edozein puntutan bukatu. Ganbaran sortzen denak eta ahotik irteten denak ez dute beti elkarrekin zerikusirik. Ez ditu burutik igarotako guztiak biltzen, bidean topatutakoei lekua egin nahi die. Gai berari bi bertso arras ezberdin kanta dakizkiokeen gisan, aukeratu zitezkeen bestelako xendak.

Urruña oinak emanda –
-
GELTOKIA. Herriko plaza: Lore Jokoak.
XIX. mendearen bigarren erdian hasi ziren antolatzen euskararen eta euskal kulturaren aldeko Lore Jokoak Euskal Herrian, Antton Abadia, geografo, astronomo eta kultur eragilearen eskutik. 1851n ikusi zuten Lore Jokoek argia gurean eta lehen hamar edizioak Urruñan ospatu ziren.
Bigarren ediziorako aurkeztuak dira, Martin Halsouet (Urruña,1793-1855) “Ttipi Urruñarrak” Napoleoni jarritako bertso hauek:

NAPOLEON
I
Mila zortzi ehun eta berrogoi-ta hamabi
Eman nahi nituzke zonbait bertsu berri
ohore emaiteko Napoleoni
Zorionean dela gu ganat ethorri
guziak nahi gaitu trankilik ezarri,
bakea emanikan erresumari.
II
Huna nola jin zaukun gure iguzkia
argitzen duelarik Frantzia guzia
Aspaldian ginauden berandetsia,
zonbeitek hartzen dute hortaz jelosia,
zeren emaiten zaion bere merezia,
orai ez baita lana gaizki hasia.
III
Napoleon Frantzian hirugarren zare
Biga ezagutu ditut lehenago ere,
oseba eta kusia Enperadore,
gu heien zerbitzatzen ibiliak gare
Zerbitzatuko dugu zuretako ere,
adinean zahartuak izanik ere.
IV
Luis Napoleon harrazu kuraie
zure zerbitzatzerat borondatez gaude,
erresuma guziak ikharan daude,
norat nahi joaiteko orai gauzak gare,
baldin zu gurekilan ethortzen bazare,
etsai guzien kontra beldurrik gabe.
V
Autrixia jin zaiku umiltasunean,
bere beharrarekin xapela eskuan,
leheneko obra onak dauzka gogoan,
Napoleon gaztea han galdu ondoan,
ez baitzuten pentsatzen batere orduan,
bertze Napoleonik bazen munduan.
VI
Autrixia bezela Anglesa ere
segurra naiz ez dela beldurrik gabe
Leheneko aferez orhoitzen dire
Napoleon zaharra han galdurik ere
Iloba hemen dugu, harendako ordre
zoina egin baitute enperadore.
VII
Napoleon zaharra huntan zen tronpatu
Angleterran zuen egoitza hautatu
kriminel bat bezela zuten tratatu
Isla Santa Elenarat zuten desterratu,
harroka baten puntan hantxen zen finitu,
ilobak nahiko tu zorrak pagatu.
VIII
Egin izan zitzaioten hoinbertze obra
onikan baterez, gaixtotikan sobra
Errekonpetsekin iloba hor da
Othoi, ez berantetsi! Jinen da denbora
zuek izana gatik burua gogorra
arrazoina nork duen ageriko da
Zenbait urte geroago, 1860. urteko Lore Jokoetan, sorta honengatik saritu zuten, 1823an sortutako Martin Arrupe, bertsolari urruñarra:
PENA HANDI BAT EUSKAL HERRIAN
I
Adios, Eskal Herria
bethi zohaz beheiti,
zeren doan gazteria
lur hautarik ihesi,
fortuna handiak
liluratzen guziak.
II
Oraino gatea deusez
etxeak kargatuak,
hek gatean egin zorrez,
dire atakatuak,
fortuna…
III
Gan dire, beraz, gan dire
laster ethortzekotan,
bainan ez berririk ere
aspaldiko urthetan.
Fortuna…
IV
Zorioneko Indiak,
Amerika, Habanak,
jan gaitutzue guziak,
akhabo eskaldunak.
Fortuna…
V
Zenbat burhaso penatu,
beren umeengatik,
zaizkotela barraiatu,
erdiez ez berririk.
Fortuna…
VI
Hori othe dute bada
burhasoek merezi,
hanbat sem’eta alaba
dituztenean hazi.
Fortuna…
VII
Zahartzean pausa orde
nekheak doblatuak,
alaba horiek ere
dituzte airatuak.
Fortuna…
VIII
Semeak itsasoz ganak,
alabak hirietan,
ezin egin beren lanak,
burhasoak penetan.
Fortuna…
IX
Ikhusten dugu ikhusten,
ikhusten penarekin,
gazteek elgar berotzen
dutela elgarrekin.
Fortuna…
X
Heldu dire bat edo bi
noizetikan noizerat
herriko gazterieri
gogoa berotzerat.
Fortuna…
XI
Aditzen dituztenean
hekien espantuak,
uzkhur haukien lanean
haritzeko gogoak.
Fortuna…
XII
Baratzen balitz bederen,
usantza triste hori,
eta gogoa xaindatzen,
heldu diren haurreri.
Ganbia, ganbia,
eskaldun gazteria.
Urruñan ospatu ziren Lore Jokoen uzta aztertuz gero, bada izen esanguratsu bat: Marieder Uthurralt. 1859an hartu zuen parte Bertsolari Guduetan, baina inork ez daki bere datu biografikorik. Orduan, jarri zituen bi bertso sorta hauek baizik ez dizkiogu ezagutzen. Oraingoz.

HAUR BAT
I
Aspaldiko ametsa, ilusionia,
haur batek egin liro enetzat egia.
Ainu bat! Sinhets niro, ama izatia,
emaztiaren dela ohore handia.
II
Mundiari erranik bethikoz adio,
haren inganioer ihes egin niro.
Esku makhil hona da haur bat bermatzeko,
eta lagun segura xuxen ibilteko.
III
Egun honak urtheko doatza zalherik,
doluz eniro egin halere nigarrik.
Nik gal niroena denborak joanik,
haurrak irabaz liro, adinak emanik.
IV
Gogoz ene laguna baledi kanbia,
enetzat lizateke ohiko maitia.
Erran niro: ama niz, haren haurrarena,
zeren etsi? Bil diro haurrak amagana.
EGUN SALBATZALIA
I
Egun salbatzalia Mariak du sortzen,
berokienik egun nik hura othoitzen.
Bihotz min bat gaistoa bethi zait alhatzen,
emazte niz et’ama ezin niz izaten.
II
Ama pare gabia! Jinko denarena!
Nigarrez erortzen niz zure hoinetara,
ikhusiz zure haurra zonbat den ederra,
bihotza baten nahiz jiten zait galtzera.
III
Ene othoiak batuzu egun honhartzen,
dutudan ederrenez nitzaizu bilaizten:
Seme bat, ainguru bat, dereizut galthatzen,
urhezko khoroa bat ordari eskentzen.
IV
Enetzat haur bateki sor laizte plazerak,
bai eta ere agort bethikoz nigarrak.
Ene boztarioan, gaxo emerria!
Ahantz nitzazke bertan bihotz min guziak.
2. GELTOKIA: XANPUN BASERRIA
“Batzuentzat Jesukristo gurutzera igo zenean, hasten da historia (…) Niretzat David Bowiek ilea moztu zuen egunean” idatzi zuen behiala Xabier Montoiak. Libertate horrekin, Urruñako bertsoaren aro garaikidea, Manuel Sein, lau urterekin, Urruñako Xanpun baserrira etorri zenean hasten dela diot nik. 1928an, Senperen sortu bazen ere, 1932an itzuli zen familia Urruñako amaren baserrira. Bixente Izkierdo ditxolari trebearekin zaletu ostean, 1945ean egin zuen Xanpunek bere lehen plaza, Urruñan bertan, Juan Joxe Eizmendi Goenaga Errexil lagun zuela. Gerora, Xalbador eta Mattinekin ibili zen plazaz plaza, eta 1980ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean ere kantatu zuen.

Hemen, 1995eko otsailaren 19an, Saran, Mixel Itzaina gai-emaile zela, Maialen Lujanbio eta Sebastian Lizasorekin egin zuen saioa:
Gaia: Lizaso eta Lujanbio senar-emazteak zarete eta Xanpun Lujanbioren ama. Zera erran dio gaur amaginarrebak Lizasori: “Nere alabak bertze gizonik merezi zian”.
Xanpun
Nere suhi jauna zerbeitek derau
argitu egun gogoa,
ta alabari hau salatzerat
atrebitu eta noa,
zeren baitakit zurekin dauka
egin nahia geroa,
hauta zezakeen bertze gizon bat
bederen arinagoa.
S. Lizaso
Alabarekin laguna baina
bere amarekin etsai,
harremanetan ondo gabiltza
ta ama ez dago lasai;
beste senar bat behar zuela
zuk al daukazu esan gai?
Beste senar bat merezi zuen
beste ama bat ere bai.
M. Lujanbio
Ez det egon nahi soltera eta
ez det egon nahi alargun,
horregatikan ikusi nuen
lehenbizikoa hartu nun.
Beraz, senar bat arinagoa
ama neretzat nahi zendun,
jakin nahi nuke nere aitatxok
zugatik zer esaten dun.
Xanpun
Gure arteko sekretu danak
noski ezin dinat esan,
baina ba al dakin pisutzar hori
beharko dunela jasan?
Edo bertzelaz ginasi edo
zerbeitetan hor ari zan,
bere edertasuna atxikiz
kilo batzuk galdu dezan.
S. Lizaso
Behin behar eta ama zahar honek
aldrebes egin digu hitz,
gu ginasian jarduten gera
nahi degun hainbeste aldiz.
Gu biok elkar maite degu-ta
ama alferrikan zabiltz,
eta gehiago maiteko nuke
zure alaba ez balitz.
M. Lujanbio
Nere amatxok nahiko errita,
oihu eta gainontzeko,
nere senarra ere ez dago
batere tripa hutseko.
Bi haundi hauen ondoan nago
ni andre gaizto antzeko,
a ze pareja! Hobeto zeuden
elkarrekin ezkontzeko.
Xanpun
Alabatxoa, ez otoi jarri
nere kontra gaur hasarrez,
nik kontseilu bat emana dinat,
hori gaur ongibeharrez:
nik bazekinat pisua zer den
eta esan bai edo ez,
ez etor gero ondoko egun
horietan neri negarrez!

Senperen sortu zen Xanpun, Donibane Lohizunen dago egun bere izena daraman karrika baina, esan gabe doa, ezizena baino zerbait gehiago zor diola Manuelek Urruñako bere amaren baserriari.
3. GELTOKIA: ITSAS-MENDI ZINEMA

Xanpun, Errexil, Mattin, Xalbador… Ez dira izen ezezagunak Urruñako zineman. Ospetsuak dira garai hartako Euskal Herriko bertsolari famatuenekin egiten ziren jaialdien hotsak. Zinema mukuru egoten omen zen orduan eta, kanpotik ere, jende samaldak luzatzen zuen belarria arratsaldeko ateraldia edo zirrara bere egin nahian.
1984an, halaber, zineman bertan lehiatu zen Euskal Herri osotik etorritako bertsolari gazteak batu zituen lehendabiziko Errexil saria. Xabier Euzkitzek irabazi zuen lehen saria, Pablo Jose Aristorenak bigarrena eta Jon Sarasuak eraman zuen bertso onenarena.
Zenbait urteko saio-etenaren ostean, 2000. urte inguruan, ekin zitzaion berriz zinemako jaialdia antolatzeari. 2000 ko otsailaren 6ko jaialdikoa da, Karlos Aizpuruak gaia jarrita, Amets Arzallusek eta Mixel Aire Xalbador IIak egindako ofizio dotore hau:
Gaia: Zuk, Mixel, pastorala biziki maite duzu eta urte guziz joaten zira, bederen behin, ikusterat, eta zurekin eramaiten duzu zure seme Amets, baina egun erran dizu ez dela gehiago joanen pastoralaren ikusterat.
A. Arzallus
Hainbat gauza jasoa
aita zuregandik,
baina uko egiten
hasi naiz gaurdanik.
Ni pastoral horrekin
nazkatu jadanik,
siesta etxean ere
egin dezaket nik! (bis)
Xalbador II
Zure siesta ez dut
nahi sasira bota,
ez uste izan hortaz
ez zaidala inporta;
bainan xuberotarrer
zerbait zaie opa,
ala zerbait baduzu
zuk horien kontra? (bis)
A. Arzallus
Nahiz ni ez joatean
zu egon penetan,
Xalbadorren biziaz
luzaz eleketan;
eta aspertua naiz,
diotsut benetan,
nahikoa ikusten dut
nere ametsetan! * (bis)
Xalbador II
Pastoralak irauten
ditu hiru oren,
lau ere zenbaitetan
edo bi bederen;
behin seurik zato Amets,
ai naiz arren ta arren,
ta ikasiko duzu
agotak zer ziren. (bis)
A. Arzallus
Agota zer den ere
nik erranen nuke,
baina nazkaturik naiz
urterikan urte.
Hala ere joan ninteke,
ez zazula uste,
Lizarazuri buruz
egiten badute. (bis)
Xalbador II
Lizarazuri buruz
lukete eginen,
ez dakit nik noiz bainan
erran dute omen.
Lehen xuberotarrak ta
gu anaiak ginen,
ta hek bertso saiotat
ez zauzkigu jinen. (bis)
A. Arzallus
Lehen aldiz joatean
ni ohartu nintzen,
erre, erre eta ü
hor dira aritzen;
erdi lo egon ta erdia
ez diet aditzen
eta bertze erdia
ez dut konprenitzen. (bis)
Xalbador II
Ez dauzut galdegiten
dezazun adora,
xuberotarra bainan
nolazpait ohora;
lanean pasaturik
hek hainbat denbora,
eskertzeko bederen
goazen Xuberora! (bis)
Gaur egun, bertso jaialdi klasikorik ez, baina Bertsulari Ttiki egunak ospatzen dira Urruñako zineman, Itsas-mendik iragan bezainbat etorkizun duen seinale.
4. GELTOKIA: BERTTOLI ELKARTEA

Azken bi hamarkadetako Urruñako bertsogintzaren berri izan nahi duenak derrigorrez egin behar du geldialdi bat Berttoli elkartean. Bertso eskolari aterpe emateaz gain, orotariko bertso bazkari eta afariak izan dira bertan, handik atera dira ihauterietako eskeko saioak, Xilabako taldekako txapelketako saioak antolatu dira, merendu baten inguruko jaialdiak… 2008ko abenduaren 28an, ofizio hau utzi ziguten bertan, Aitor Mendiluzek eta Kristine Txoperenak, Jon Garmendiak gaia jarrita.
Gaia: 40 urte inguruko bi lagun zarete. Zuri, Aitor, iraganera begiratzea gustatzen zaizu; Kristine, zuri, etorkizunera.
A. Mendiluze
Urteak ia aurrera doaz
biok hemen buruz buru.
Bizitza hobe bat amestea,
horixe duzu helburu.
Baina joan ziren urteak ia
ahaztuezinak ditugu,
hobeak etor litezke baina
ez nago oso seguru.
K. Txoperena
40 urte, zure ondoan
zenbat denbora igaro!
Ta bai urteak aurrera doaz,
pasako dira gehiago.
Atzera buruz beti ametsetan
zein hemengo ta zein hango
baina ez ahantzi lehen zinena
ez zara berriz izango.
A. Mendiluze
Lehen nintzena ez naiz izango,
hori pasa zen jadanik.
Orain konforme egon beharko
naizena neurez izanik.
Ta gerorako amets gehiegi
ez nuke eduki nahi nik,
lehenago ez nuen hala pentsatzen
bizitzak erakutsi dit.
K. Txoperena
Gaztetasuna pasa zaigula
bai ohartu gara jada.
40 urte, 40 urte,
gainean ditugu hara.
Baina oraindik gozatu asmoz
urtetan dugu parada
eta aurrera ezin da segi
amets egiten ez bada.
A. Mendiluze
Nik lehen banuen amets hori ba,
baina usteldu zen hala.
Haseran ginen gazteegiak,
utzi denbora doala.
Gero helduak, lana ta lana,
geure lotura formala…
Ta orain ez dugun seme-alaba
faltan botatzen dudala.
K. Txoperena
Gaztetasuna joan zaigula
aipatzen duzu aurrena,
eta semerik ez daukagula
ta sortzen dizula pena.
Baina aurrera egingo dugu
gure urtetan barrena,
garena izan gaitezen eta
eman daukagun onena.
Zalantzarik ez da Berttoli elkarteak daukan onena ematen lagundu diola Urruñako bertsogintzari.
5. GELTOKIA: XAIA OSTATUA

Berttoliri eskainitako loreek balio dute Xaia ostatuarentzat ere. Pausu auzoan, Bidasoaren bazter-bazterrean kokaturik, bertso anitz entzun da 105 urteko historiak edertutako ostatu miragarrian. Beñat eta bere kideek zerbitzatutako sagardotegi menuaren ostean, ez da inoiz presarik izan saioari azken agurra bota eta etxera joateko. Halaxe aritu ziren 2011ko otsailaren 11n, Odei Barroso urruñarra eta Andoni Egaña, Xumai Muruak pausatutako galderaren inguruan.
Gaia: Oxaldek baditu bertso batzuk idatziak gaztetasuna eta zahartasunaren inguruan. Zer behar du bertsolariak, gaztetasuna ala zahartasuna?
A. Egaña
Hara Oxalderen bertsoren batzuk…
Odei jarri dute zita.
50 urtera aurten
egin behar dut bisita.
Bertsolariai komeni zaio
hainbeste esperientzi ta
zahartasuna luke onena
gaztea dela sinetsita.
O. Barroso
Zahar izan da orduan ongi,
gazte izanik bada uste.
22 urte beteak ditut,
berriz beteko nituzke.
Baina askotan izan nahi ditut
berriz 18 urte.
Ordea, Egañai begiratuta
zaharra izan nahi nuke.
A. Egaña
50 gainean dauzkat
ta zuk 22 urte.
Pentsatzen jarriz ze inbidia,
ai mutiko zenbat suerte!
Lehengo bertsoan zuk esan duzu:
“Egaña izan nahi nuke!”
Ba nik 4 txapel emango ditut,
zure adinaren truke.
O. Barroso
Nire adina ukan nahi duzu,
lasai etxetik irtenda.
Bada atzera eginez duzu
zuk sekulako zerrenda.
Ilerik gabe, gorputzez beno…
Begira nolako prenda!
Hau gaztetxean koplak kantatu
eta fite gaztetzen da.
A. Egaña
Pertsona zahartzen joaten dela
ez da ez mito ez leienda,
ta 22 urtekoa da
nire aldameneko prenda.
20 nahi ditut, baita 21…
24 ze zerrenda!
Baina 22 ez nituzke nahi,
soldaduskan nengoen-da.
O. Barroso
Nik soldaduska ez dut egina,
maiz galde egina didate.
Ez naiz joanen, ideia hori
utzi ezazu aparte.
50 urte beteak
eta 4 txapel gaur arte.
80 urtekin, txapel batekin
konformatuko nintzake.
Txapelak txapel, ez harritu 80 urte barru ere, Xaia ostatuan bertsoak entzuten baldin badira.
6. GELTOKIAIA: POSTA GELA
Posta gelak ez du Xaia ostatuak duen bertso tradiziorik. 2024ko udazkenean, alta, bi hamarkada lehenago zineman antolatutakoa gogoan, Errexil saria antolatu zen berriz bertan.
1918an, Errezilen sortu zen Juan Joxe Eizmendi Goenaga Errexil bertsolaria, baina, 18 urte zituela, altxamendu faxistak bete-betean harrapatu eta Urruñara egin zuen ihes, 1965ean zendu zen arte. Xalbador, Mattin, Ezponda eta Xanpunekin asko ibili zen Ipar Euskal Herriko bertso plazetan, eta bertso hau kantatu omen zion Urruñako etxeko sukaldera bisitan etorri zitzaion anaiari:

Alde batera utzi nituen
Azpeiti eta Errezil,
lehenago harro banintzen ere
orain jarria naiz umil.
Handikan ihes etorri eta
geroztikan hemen nabil,
oraindik hemen bizi naiz eta
han bizi banintz igual hil.
2024ko urriaren 4an jokatu zen Errexil sariko finala, Urruñako Posta gelan eta, hauxe, Aritz Bidegainen aginduetara, Eneko Lazkoz eta Maddi Sarasuak egin zuten buruz buruko lehen ofizioa:
Gaia: Besta batean, galduak izan zareten bi objektu zarete. Eneko, zu mugikor bat zara eta zu, Maddi, aldiz, giltza andana bat. Oraintxe bertan, utzi zaituztete barra gibeleko objektu galduen kutxan. Zuk, Eneko, pentsatzen duzu Maddi baino garrantzitsuagoa zarela. Maddi ez dago ados. Nola doa elkarren ezagutza?
E.Lazkoz
Nik mundu hontan badut
aski garrantzi ta
azaldu behar dizut
bi hitzetan ti-ta.
Nagusiak behar nau
bera ikusita,
ezin delako bizi
Instagram utzita.
M. Sarasua
Bestan argazki txarrak
baitira gehienik,
mozkor bisaia hori
nahi ez nuke nik.
Iphonea kario da
ez diot besterik,
baina ni ez banauzu
ez duzu etxerik.
E. Lazkoz.
Eta etxebizitza
ez al da kario?
Gaixoak iristean,
ze malko-jario!
Hara heltzen denean,
triste ta serio,
norbaitek maite badu,
irekiko dio.
M.Sarasua
Ez dira oino ohartu
gaur duten erronkan…
Zenbat objektu galdu,
kutxa hontan tropan!
Gero hasiko dira
jabeak borrokan,
argazki gabe eta
gaztetxean lotan.
E. Lazkoz
Gure egoeran bada
gaur zer azaldua,
nagusiak memoria
baitauka galdua.
Objektu galduetan
da gure mundua,
gure nagusia bai
objektu galdua!
Lan puntuagarriak amaiturik, Errexilen seme, Jean Louis Eizmendi Errexil II bertsolariak jantzi zion txapela Eneko Lazkozi. Ea denborak Posta gela Urruñako bertso ibilbidearen ezinbesteko geltoki bihurtzen duen.
BONUS TRACK
Jabetuko zineten, mugak (edo mugarik ezak) leku esanguratsua duela Urruñako bertsogintzan (eta bizimoduan). Ez zuen alferrik kantatu Irati Alcantarilla bertsolari urruñarrak, 2023ko Osinalde saria irabazi berritan, honako azken agur hau:
“Iparraldeko neskatxa horrek
barrenean ze indarra!”
Egia esan, iruditzen zait
nahiko hegoaldetarra.
Mingarriegi iruditzen zait
hori onartu beharra
eta mendeku izan daitezen
saria eta irrifarra.
Leku berdina izan artean
hegoa eta iparra,
aldarrikatzen segi dezagun
herri bat eta bakarra.