ZIRI BERTSOAK (I. atala) – Patri Urkizu

2020-09-24

Ziri bertsoak –

Hobe da irriaz idaztea negarrez baino,
Irri egitea baita gizakiaren berezitasuna.

(Rabelais, Gargantua… 1535)

 

Ziri eta irri, Irri eta zirika deitu zion Piarres Lafittek mota honetako bertsoen bilduma sailari Kantu, Kanta, Khantore liburuxka ederrean (Baiona 1967, 167-214). Irri eta ziri sailean sartu nituen neuk kanta hauen ondoren ihauteri eta astolasterretakoak eta xikitoak eman nituelarik Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako Kantak I. Anonimoak (124-182, Donostia 1991) liburu lodikotean. Batzuetan kopla iraingarri gisa ere izendatu izan ohi dira Literatura Terminoen Hiztegia (Bilbo 2008) entziklopedian satira hitzaren sarreran aztertzen direnean, burla eta isekarekin lotuz. Isekazkoak ere deitu zitzaien XIV., XV. eta XVI. mendeetakoak biltzen dituen Euskal Literaturaren Antologia. Testuak eta argibideak Erdi arotik Errenazimentura (I) (Bilbao 2015) Euskaltzaindiko LIB taldeak apailatu lehen liburukian.

 

ziri bertsoak

 

Satirak berez, bertsotan, hitz lauz, edota hitz lauz eta bertsotan ageri daitekeen literatur generoa izanik, eguneroko errealitate gordina bere alde mugaezinetan agertzea dauka helburu: gizonen akatsak, aberatsen bizioak, gizon eta emakumeen arteko harreman traketsak, eta gizarteko beste hainbat eta hainbat arlo kritikagarri. Horiek modu errealistan, hizkera arruntean ematen dira borondate argi batekin, alegia, era kritikoan egunerokotasuna adieraztea. Eta Mijail Bajtin kritiko ezagunak, hain zuzen, kontsideratzen du munduaren inauteria sentimendua, izpiritu karnabaleskoa ageri zaigula satiran (L´oeuvre de François Rabelais et la culture populaire du Moyen Âge et de la Renaissance, Paris 1970).

Grezia eta Erromako teatroan eta poesian ez ziren falta ziri bertsoak, garaiko ohiturak kritikatzearren; ez eta nobelagintzan, adibidez Petronioren Satiricon eleberrian. Erdi Aroan ere ugari ziren hierarkia salatzeko goliardoek moldatzen zituzten bertso satirikoak. Galizian Cantigas de escarnho e maldizer deitu zieten eta agian formarik borobilenak Heriotzaren Dantzek osatu zituzten.

Bizkaiko Foru Zaharrean (1452) ere aipatzen da nola baziren andere lotsagabe eta nahasleak auzoetan, zeinak kantatzen zituzten coplas y cantares a manera de libelo difamatorio; beraz, iraingarriak ziren koplak. Eta debekatu egingo dira ehun urte geroago Errenterian ere (1568) antzeko bertso eta kantak, batez ere elizatik difuntuaren etxerakoan abesten zirenak, zeren eta aritzen baitziren hiciendo endechas y resucitando humores contra vicios y difuntos (Iruñeko Eliza Artxiboa, Aginaga U, 10 zkia, f. 23); alegia, pertsonen eta bizioen aurkako eresiak, ohiko bertso satirikoak, kantatzen.

Hona hemen bildu ditugun adibide batzuk, iturriak adieraziz irakurleak sakondu nahiko balu nondik norakoak aurki ditzan. Baten bat oraino gutxi ezaguna eta argitarabea da, eta, zenbaitetan, testu orijinalaren eskuizkriburen faksimilea eta bertsopapera ilustrazio moduan emango dugu.

 

  1. In nomine Patrika (XIV. mendea)

Erdi Arokoak ditugu, antza, geroago jasoak izan arren, In nomine Patrika hasten diren bertsoak. Aragoiko errege zen Pedro IV.a (Balaguer 1319-Bartzelona 1387) eta Juan I.a (Épila 1358-Alcalá de Henares 1390) Gaztelako erregearen aurkakoak bezala ageri dira. Bertso hauek tradizio luze baten lekuko dira eta lehenik Pierre de Lancre oroitzapen gaiztoko inkisidoreak jaso zituen bere Tableau de l’inconstance des mauvais anges et démons où il est amplement traicté des sorciers & de la sorcellerie… (Paris 1613) liburuan. Geroxeago, 1680an, hain zuzen ere, Mariana Tornariarena epaitu zutenean sorginkeriaz, honek esan omen zituen formula satiriko gisa kontsidera daitezkeen bertsook, Florenzio Idoatek jasotzen duenez La Brujeria en Navarra y sus documentos liburuan (Iruñea 1978).

In nomine Patrika, Aragoiko Petrika,
agora, agora Valentzia, joan da gure gaitz guztia.
In nomine Patrika, Aragoako Petrika,
Gaztelako Janikot, ekidak ipordian pot.

 

       2. Martitxo Musuren kopla (1491).

III. mende bukaerakoa da iritsi zaigun Martitxo Musuren kontrako kopla, zintzarrots edo tobera batean kantatua. Ez ziren gutxi izanen halakoak lehen aipatu dugun 1452an idatzitako Bizkaiko Foru Zaharrak dioena kontuan hartzen badugu. XVI. mendearen erdi aldeko epai-dokumentu batean, Etxalekuko (Imotz) auzoko batzuen lekukotasunak jasotzen dira, zeinetan Maria Iturburuaren eta honen senarraren, Martitxo Musuren, gertaeren berri ematen den. Diru arazoak izanik eta senarraren onarpen etsituaz, Mariak Etxalekuko bere jauregia saltzea erabaki zuen. Eroslea, Felipe de Beaumont jauntxoa, etxeaz gain, emazteaz ere jabetu omen zen, Uharte-Arakilgo bere egoitzara eraman baitzuen. Hona bada Rikardo Urrizolak aurkitu bertsoak Nafarroako Epaien artean (AGN, 197511) eta Fontes Linguae Vasconum errebistan argitaratuak (FLV 104, Iruñea 2007, 59-63):

Antzareak oina xabal, buztaina laburko,
nork berea demana beti da bellako.
Martitxo Musu da halako eta hala zainezko.

 

  1. Domingo ARANGUREN, Txori naturalea (1566)

Azkoitiko herriari dagozkion Iruñeko elizbarrutiko paperen artean, bada bat 1566koa, non Domingo Aranguren eta Sebastian Lasao izenekoek sortutako bertso iraingarri bat jasotzen den. Azkoitiko bizilagun baten izen onari egiten zaio iseka, faltsu eta adardun, senar engainatutzat hartuz. Bertsoa esaera arrunt batez hasi eta, segidan, udak ekarriko duen txori naturalea aipatzen da. Jose Maria Satrustegik eman zuen aurkitu eta plazaratu zuen “Miscelánea de textos antiguos vascos” artikuluan (FLV 58, Iruñea 1991, 289-290):

Orain negua bada bere, etorriko da udea,
uda onek ekarriko deu txori naturalea,
txori onek esango deu berak dakian kantea.

 

  1. Joan PEREZ LAZARRAGA, Monjearen koitak (c. 1567)

Beste maila batekoak, izpiritu erasmista nabarmentzen zaielarik, eta berez Errenazimenduko izpirituaz kutsatuak lirateke Joan Perez Lazarragakoak XVI. mendeko bigarren partean moldatuak, mojaren kuitak eta protestak bere familiaren eta fraide sabelandi, lizun, hipokrita eta berritsuen kontra, gaztelaniaz, malmonjada-ren erromantzeak bezala ere ezagutuak. Hogeita hamar bertso hirulerroko ditu poemak, zeinetarik hautatu ditugun 26. estrofatik 31.era doazenak (Patri Urkizu (ed.), Joan Perez de Lazarraga, Dianea & Koplak, Madrid 1567. Erein 2004, 198-199):

[…] Orain dator fraile malmatz, arro bat,
atxakiz harturika bisitea,
oinagaz dakarrela agintea.

Erabilten gaitu ilabetean
bere tripearentzat errastruan;
geur, barriz, tiri-taio konbentuan.

Arentzat eperra, bardin al bada;
ez gorri tantarik, baize zuria;
aumarik badogu, ez azuria.

Konbenturik konbentu dabilela,
or ase, eben bete, bigardoa:
mutil, mando, bota ta tabardoa.

Niri, barriz, zerren negian berba
neure aide jabe prentzipal batez:
“Deo graciaz, zu, azota zatez”.

Hipócrita, bellaco, riguroso,
soberbio, regalón y deshonesto;
Jauna, barka zakezt, si peco en esto.

 

  1. Martin SANZEN koplak (1600)

Nafarroako Errege Artxibo Nagusian dagoen dokumentu batean, Imarkoainen (Elortzibar), 1600eko San Martin jai gauean gertatutako tirabira baten berri ematen da. Gau hartan, mutil gazte batzuek zintzarrotsak egin zituzten eta haien artean bi kopla kantatu zituen Martin Sanz zegoen. Batzuek zintzarrotsak garaiko ohitura eta jai giroko zalaparta soiltzat hartu bazituzten ere, Maria Santesteban andreak gazteen aurkako kereila jarri zuen etxe aurrean bere kontrako irainak jaulki zituztela eta. Fernando Maiorak aurkitu ditu aipatutako koplak, non inude baten eta gizon alargun baten arteko ezkontzaz iseka egiten den (Fernando Maiora, Reino de Navarra. Euskera. Injurias, coplas, frases, 2011, 109-111):

Landan heder olatze
begi duenak aretze,
lizentziarik pagindu koplatzera gendozke.

Espos zara zu,
bai atsegin baduzu,
zeure andre galanta ori ongi besarkezazu.

 

Koplaren hasiera ohikoa da beste zenbait eske bertsotan ere: hala Landan eder gisua…; Etxeak edergapirioa…, Mandoak eder panpalina…, Tazar eder ezpainean…, Eder zeruan izarra…, non eder ageri eta errepikatzen den, batzuetan bigarren hitz bezala, besteetan lehenbizikoa bezala (Ikus: Patri Urkizu, “Ziri bertso eta eske kopla argitaragabeak”, Juan Mari Lekuonari omenaldia. Iker 23, Bilbo 2009, 429-443).

XVII-XVIII-XIX. mendeei dagokienez bi iturritatik jaso ditugu egileak, ia denak autore izena daukatenak, beste hainbeste eta gehiago bertsoren moldatzaileak. Alde batetik Epai Auzietan ageri direnak eta bestetik argitaratu diren liburuetatik hautatuak. Salatzen diren gaiak hainbat dira: lizunkeriarekin zerikusia dutenak, adarrak, sexu kontuak eta beste, baina baita mistizismo eta elizkoikeria gehiegiak, edota Iraultza garaian iraultzaileekin bat egin zuten apaiz eta apezpikuen kontrakoak ere.

 

  1. Juan OTAZU, Adarrak emaiten dira Miraballesen (1619)

Leaburuko apaiza da, Jose Maria Satrustegiren arabera (“Versos satíricos del año 1619”, Príncipe de Viana 78-79, Iruñea 1960, 137), ondoko bertsoen egilea. Antonio Olazabal eskribauaren kontra moldatu zituen 1619. urtean, eta Iruñeako katedraleko artxiboan Procesos deitu sailean daude. Lekukoek ziotenez, urte hartako irailaren 27an zarata entzun omen zen Tolosako kaleetan barrena. Lauzpabost gizon sartu ziren Igerondoko bidetik gauez bertsoak kantatuz, eta Kale Nagusiraino joan ziren. Eta, biharamunean, bertso hauek agertu omen ziren Nafarroako atean, M. Yurramendiren etxe aurrean. Esan bezala, Antonio Olazabal eta honen emazte Maria López de Vidaror iraintzeko asmoz sortuak ziren, auzokoek gorrotatu egiten omen zituzten eta. Lehen ahapaldi multzoko lehen bertsoa eta azkena bakarrik ematen dugu adierazgarri gisa hemen:

Adarrak emaiten dira Miraballesen,
Dozena mila florinen.
Zeruetarik etorri da Moisen
Egia esatera Errazkinen.

[…] Gosetez artu oi ditu andre ederrak,
Zula ekusirik aren begi ederrak.
Enbidiosoak dira txabiraiaren begiak;
Alakoak dira aren eginak.

In Dei nomine Amen.

 

Miraballesek, Bizkaiko herria izan arren, etxe baten izena dirudi, aurrerago ematen dugun 8. poeman aipatzen den Miraballesko Palazioak bezala. Errazkin, Larraun herriko auzoa da. Badirudi Alferiz Matxin, Olazabalekin errietan egin zuen Martin de Cascarraga dela.

 

  1. Jon CLAVERIE, Burlatzen naiz Garibaiez (1636)

Nor ote da Joan Claverie (-1636-) Ziburuko Joanes Etxeberriren omenez idatzi zituena laudoriozko bi poema? (Ikus: Johannes Etcheberri “Ziburukoa”, Eliçara erabiltceco liburua… (1636)). Badirudi Ziburu bertakoa edo Donibane Lohizuneko apaiza izan daitekeela, Sarako eskolakoa, noski; beraz, Axularren taldekidea. Homero goraipatzen du lehen bertsoan eta, era berean, Etxeberri Dotor teologoa bigarrenean euskaraz, herritarren mihian, idazteagatik. Aldiz, Esteban Garibai (Arrasate 1533 – Madrid 1599) eta Baltasar Etxabe (Zumaia 1548 – Mexiko 1620 ing.) gipuzkoarrak kritikatzen ditu euskaldun zirenaz beren obrak gaztelaniaz idazteagatik. Hona lehen hiru bertsoak:

Burlatzen naiz Garibaiez
Bai halaber Etxabez,
Ze[i]nak mintzatu baitire
Erdaraz eskaldunez.

Ezen zirenaz geroztik,
Eskaldunak hek biak,
Eskaraz behar zituzten
Egin bere historiak.

Eskaraz egin dituzu
Etxeberri zere obrak,
Ohoratu nahiz zeure
Ahalaz herritarrak.

 

  1. Migel BASTERRETXEA, Kontu barri bat (1685)

Eibarren bizi zen Migel Basterretxeak, Domingo Olaberen morroiak, hamahiru bertso pareatu abestu zituen jendaurrean (ehundik gora entzule zituela) Untzaga plazan don Antonio Eltzarzaga bikarioaren aurka, gona kontuak zirela eta, 1685. urteko abuztuaren bostean. Antza denez, ohitura hori aspaldixekoa zen, Tolosan 1619an gertatutakoen errepikapen antza baitute, eta, ondorioz, salatua izan zelarik, Basterretxeak kartzela pairatu behar izan zuen, epaitegian alegatu zuen arren herriaren ahotik jasoak zituela. Hemezortzisilabadunak dira koplak. Arrasateko artxibategian Pedro Urribarrenak aurkitu zituen Eibarko gertakizunei buruzko agirien artean. Hona hiru bertso hasiera eta bukaerakoak. (Ikus: Antxon Narbaiza et al.: 1685eko Kopla zaharrak, Zarautz 1992, 7).

Kontu barri bat suzedidu da Errebaleko kalean,
Errebaleko kalean eta andra gazteen artean.

 

Zeloak gora, zeloak beera, zeloak euren artean,
Ugartek orain aterako dau, saltsea bere gainean.

 

[…] Miraballesko Palazioak obato dakiz kontuak,
Ostera bere egingo dituz bakotxak bere kantuak.

 

  1. Juan Martin GOROSTIAGA, Dirudiala Marisa (1716)

            Juan Martin Gorostiaga, Lasarteko erretore zaharra, auzitegira eraman zuten Juan Etxeberria eta honen emazte zen Maria Asentziok 1716an, pazko biharamunean aitortzako sakramendurik gabe bidali zituelako. Arrazoia Etxeberriak Juanes Iruragarate eta Agustina Legorbururen kontura jarritako bertsoak ziren. Lasarteko bertsoak deitu ohi direnak, ahoz aho kaleratu ziren, antza, eta Donostiara eguneroko ogi saltzaileekin iritsi, Etxeberriaren neskamearen ahotik ikasita. Honakoak dira Iruñeko elizbarrutiko artxiboan Jose Mari Satrus           ºtegik aurkitu bertsoak(“Lasarteko bertso paper zahar bat (1716)”, Pierre Lafitteri omenaldia. Iker-2, Euskaltzaindia, Bilbo 1983, 571-581). Hona 18 bertsoetatik hautatu ditugun lehenengoa, bigarrena, zortzigarrena eta hamaikagarrena.

  1. Orazio bat esango degu Kredoa bezain egia,
    Mundu guzia[k] ikasi du, Juanes, gure berria.
  2. Andre attorran sartua zaude, Juanes Maria Latasa
    Irakitean egosi dituzu ogeitabi matasa.[…]
  3. Iretzat troxak egitekotzat ekarri diat karisa,
    Beti sukaldian orratza dirudiala Marisa.[…]
  4. Agustinatxo, goazemazu Loiola aldera igesi.
    Bai, ezpaligu mundu guziak gure berria ikasi.

 

  1. Anjela KARMONA & Ana M. GOROSTIETA, Gitarra ta biolintxua (1721)

 

     Agustin Ezenarro botikaria, Trupin deitua, badirudi rape hartzaile eta emakumezale amorratua ere bazela, eta, ondorioz, Lekeitioko botikatik bidali egin zutela. Orduan, Eibarrera bideratu zen ofizio berean aritzeko asmoz, eskola maisuarekin. Baina, herriz aldatu arren, ez zen ohiturez aldatu eta koplak asmatu zizkioten. Egileak Anjela Karmona eta bere alaba Ana Maria Gorostieta salatu zituen epailetzara, non lekukoetako batek aitortu zuen koplak gitarra eta biolintxoarekin batera abesten zituztela, hain justu honakoek (Ikus: Juan Madariaga, Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII, Euskaltzaindia, Bilbo 2014, 532-533. Eibarko udaleko artxiboa: C /065-15). Sei bertsoetatik lehen biak hautatu ditugu, non ematen den Agustin botikariarekin, alias Trupinekin, euskal don Juan delakoarekin erne egoteko abisua.

  1. Gitarria ta biolintxua, ederrak jakuz etorri,
    Ederrak jakuz etorri [eta] Jaungoikuak baixe eztaki.
  2. Arrabaleko dama ederrok, ez arren urten etxetik!
    Trupin jauna orra nun datorren dama ederren ondorik.

 

  1. Jean MUNDUTEGI, Xanjatu nahi dut diskursez (1726)

            Magdeleine Duvignaud-Légasse andereak Lapurdiko Bailia Uztaritzen 1680-1790 epean eman krimenen auziak aztertzerakoan bere tesian (Le tribunal du Bailliage du Labourd ses jugements civils et criminels de 1680 à 1790.Annexes 7 à 24. Thèse inédit. Bibliothèque Universitaire de Bayonne et des Pays de l´Adour. 1993) ikertu paperen artean aurkitu zituen Jean Mundutegik Uztaritzeko eta izen bereko notarioaren semeak burutu 13 silabadun hamaika bertso Pierre Salaberry Parlamentu bereko abokatuaren kontra ezarriak. Idazkaria zen Sorhaitzek jaso zituen 1726an. Jadanik bigarren bertsoan trufatzen da Jatsuko herriaz, zeren eta poetak hornitzen den paregabea, eta konparatzen Mahomet-ekin bederatzigarrenean. Hona hemen lehen, bigarren eta bederatzigarren ahapaldiak.

            Nitaz mintzo bazira, aizpa maitea, kontsidera ezazu zure buruia egiten balin baduzu nigar eginen duzu eta ixilduko ene aditzeko.

  1. Xanjatu nahi dut diskursez, aizpa,
    Imita dezazun Andre Madalena,
    Egiten ezpaduzu pagaturen duzu
    Imita ezazu beharra baduzu.
  2. Ala leku handia Jatsuko herria,
    Poeta fornitzeko paregabia,
    Egundeino bethi fornitu izain tu
    Oraino orai ere egiten omen tu. […]
  3. Hau da ohoria duguna jendiak,
    Desohoratzen gaitu Mahomet gaztiak
    Harren zientzia kantu emaitia,
    Bego ixilikan Mahomet gaztia.

 

 

  1. Migel Antonio OTALORA, Atentzioz, jentia, aditu ezazu (1770)

Pedro Artolazabal bergararrak, Theresa Antonia Otaloraren senarrak, 1770eko ekainean aurkitu zituen bertso batzuek Don Joakin Ignazio Moya eta Izagirreren Barrenkaleko Arostegi deitu etxearen ate nagusian eskegita, non bere emazte eta alabaren ohorea laidoztatzen ziren, eta, ondorioz, epaileari salatu zion kasua. Ondorioz, Migel Antonio Otalora bertsogile eta kantari izan zenak, lekukoen arabera, kartzela pairatu behar izan zuen. Pena da paper hura osorik ez iritsi izana, nolakoak izan ziren irainak jakitearren, baina, lekukoen testigutzen arabera, garbi dago buruz ikasi zituztela, zeren bederen hiru aldaera ezberdin aurkitu ditugu, horrelako eta antzeko kasuetan gertatu ohi den bezala (Patri Urkizu, “Ziri-bertso eta eske-kopla argitaragabeak (1770, 1827)”, Juan Mari Lekuona-ri Omenaldia. IKER 23, Euskaltzaindia, Bilbo, 2009, 429-443):

  1. Atentzioz, jentia, aditu ezazu,
    Corpus Christi gabian gazeta dute paratu,
  2. Ura paraturikan gabian amaiketan
    Bota diote kulpa kojuari bizkarrian.
  3. Bigaramon goizian apaiz bat pasatu,
    Galdetzen zioela zer zuen kontatu,
  4. Ikusi zubenian bere prinzipiua
    Ez zan atrebitu kontatzen kasua.
  5. Apenas aura juan beste bat etorri,
    Donzeila atrebidia bereala soltatzen asi,
  6. Soltatzen asi eta furia andiarekin,
    Neuk jakingo dot bada oraindio zer egin.

 

  1. Manuel ARIZABALO, Mistika eginik santak dirudite (1778)

Manuel Arizabalo Orobia (…1778…), lizentziatu pasaitarra eta Errege Kontseiluko abokatua dugu ziri bertso hauen egilea. Manuel Eribar eta Joseph Agustin Etxeberriaren kontra moldatuak dira errenta ez zutelako ordaintzen, hala nola sorginkeriatan sinesten zutenen kontra. Benito Jerónimo Feijoo (1676-1764) beneditarra aipatzen da 16. bertsoan, zeina Gregorio Mayans-ekin batera Espainiar Ilustrazioko pertsonaiarik interesgarrienetakoa den, Theatro critico universal (1726-1739) eta Cartas eruditas y curiosas (1742-1760) idatzi baitzituen. Beraz, Ilustrazioaren argien eta izpiritu kritikoaren adierazgarri agertzen zaigu Arizabalo, moldatu zituen 20 bertsoetatik lau hautatu ditugularik soilik. (Ikus: Xabier Alberdi & Carlos Rilova, Iraganaren ahotsak. Luis de Uranzu Kultur taldea. Irun 1998, 42-48)

  1. A, zer umorea orai kantatzeko,
    Motiboa franko bertso paratzeko,
    Askok esaten dute alferren lana da
    Eta bertze zenbaitek ongi egina da,
    Inoren mingainen giltzarik eztut,
    Dena den bezala konfesatu nai dut.
  2. Inork onelakorik eztu aditu,
    Nere jendeak Pasaian gertatu,
    Farra egiteko kontua da,
    Nere kristauak, bai ala da,
    San Martinen etxean dabil duendea
    Eztala besterik bere semea. […]
  3. Konzepto onekoak etxuraz badire,
    Elizara juaiten ekusten dirade,
    Mistika eginik santak dirudite,
    Anitz kristautxo txoroak bai ala uste,
    Elkarren artean itz egitea,
    Pare gutxi dute murmuratzea.
  4. Badire personak erri onetan
    Sinistatzen dutenak edozein gauzetan,
    Eztire kristauak onelakoak,
    Baizik dirudite ereje errikoak.
    Labe bat nai nuke oientzat beroa
    Eta lenbizikoa San Martin…

  5. Juan Bautista GARBISO, Don Thomasen bizitza (1781)

Zubietako maisu zen Juan Bautista Garbiso 1781ean. 15 bertso osatu zituen bertako jauregiko etxekoandrea zen Doña Joakina eta honen alabaren aurka, porteroa maitatzen, zutelako. Irakurketa zail da gainmarratuak baitaude (Ikus: Fernando Maiora Mendia, Reino de Navarra. Euskera. Injurias, coplas, frases. Iruñea, 2011, 174-127). Hona lehen sei bertsoak:

  1. Don Thomasen bizitza nai dut esplikatu,
    Olako alabarekin zer zaion gertatu.
    Iruñeko konterrira digute igorri,
    Orainik izanen du norbaitek urriki.
  2. Ongi biziko dire zenbat urtean
    Don Thomasen diruak gastatu artean
    Ezpalu despedidu porteroa itxetik
    Palazian egonian Don Thomasen orainik.
  3. Palaziana deitzen da Doña Joakina
    Agudo igorri digu Don Thomas jauna,
    Etzuen bada onek ala merezi
    Beti ebili da etsaieri igesi.
  4. Txasko andi zaizu Don Thomas gertatu,
    Disimula andian zaitu arrapatu
    Doña Joakinak berak zaitu igorri
    Salbatuko bada bear zaitu ekarri.
  5. Porteroa zagoenean espensan gorderik,
    Etzuen orain bezala salan paseatzeko libertaderik.
    Nagusiak ez baitu etxekoandreari deitu
    Ondra andi batekin orai da gelditu.
  6. Palaziana egoten zen porteroarekin
    Elizara bidean disimularekin,
    Elizako atean gonbersazioan
    Jende guzia dago murmurazioan.

 

  1. Pierre ARHEX (?), Rekokilart eta Arrieder (1788)

     Astolasterren artean bada bat Pierre Arhex larraindarrak idatzitako Rolan Pastoralaren barnean aurkitzen dena (BNF, MS 138), eta, antza denez, Olhaibin antzeztu zena 1788. urtean, non Rekokilart eta Arrieder mintzatzen diren lotsagabeki, aske, euren harremanez. Darabilten euskara, Lafittek zioenez, ez zen galtzen era delikatuetan, egunerokotasunari lotua zegoen, inolako losintxarik gabe, hitz gordinez adierazten baitzituzten desioak eta grinak. (Ikus: Patri Urkizu (ed.), Zuberoako Irri teatroa. Recueil des farces charivariques basques. Izpegi 1998, 325):

Arrieder

Arreta, Rekokilart, untsa trunpatzen zira,
segur nuzu ordian beno bi aldiz handiago dudala.

Rekokilart

Allo, arren, orai behar dizugu retiratu,
eta ene luma zure izkiribiguan sarthu.

  1. Jean ROBIN, Nazioneko besta Senperen (1790 ing.)

            Jean Robin (Donibane Lohizune, 1738-1821) apaizak zenbait erlijio liburu idatzi zituen hala nola Urthe Saindu Jubilaueco Othoitzac (1776), eta Miguel Ángel Marinen eleberria itzuli, hau da, Birjinia edo donceil christaua. Honen edizioa Jose Antonio Mujikak (Euskaltzaindia 2010) prestatu eta argitaratu zuen. Moldatu zituen, halaber, ziri bertso zenbait Agosti Xahok oso estimatuak eta Jean Haritschelharrek ikertuak. Honakootan barre egiten du nasaiki Iraultza garaian Askatasunaren arbola inguruan Senperen dantzan ari diren jaun erretoreaz eta atso gaztetuez. (Ikus: Patri Urkizu (ed.), Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako bertso eta kantak. T.II, 1545-1900, Etor, Donostia 1991, 249-251).Hona dioena Agosti Xahok Andren aphainduraz idatzi zuen beste poema bati buruz: “Un barde labourdin composa une satire en trente-neuf couplets, véritable chef-d’oeuvre du genre gai et caustique, don’t il serait difficile de trouver l’équivalent dans la littérature populaire d’aucune autre nation de l’Europe. / C’est Marianne qui veut frapper les astres de son front. Que lui faut-il pour cela? / Guirguilleriaz eguinicaco / Uztai erdi bat aski du”. (Biarritz entre les Pyrénées et l´Océan: itinéraire pittoresque. Baiona, A. Andreossy, 1855, T. II, 170. Poema hau osorik Susaren atarian Interneten irakur dezakezue: (Patri Urkizu (ed.), Agosti Chahoren kantutegia. Susa, Zarautz, 2006., 107-112).

  1. Senperen egin dute besta bat handia:
    Deklaratzera noha, guziek guardia,
    Jaun erretorak ditu oro gomitatu,
    Nazioneko besta dute ohoratu.
  2. Atso zahar batzuek, ongi aphaindurik,
    Plazala bildu dira, elgar aditurik,
    Ikhusi dutenean han eztela deusik,
    Ostatura joan ziren, bihotzak ilhunik.
  3. Ostatuan sartzian, etxeko jaunari
    Atsoek erran diote: «Hots, fite, Bettiri,
    Gaur besta handi dugu, iguzu jatera,
    Juan behar dugu gero guziek plazara».
  4. Bazkaiteko denboran, batak bertzeari
    Oihu egiten zuten: «Hire graziari!
    Bibe nazionea!» zioten gogotik,
    «Gaztetan eztun orai gu bezalakorik».
  5. Bazkaldu direnian atso gaztetuak,
    Kontrapasetan dire hasi zoratuak:
    «Hots, begira huts-egin», zioten atsuek.
    «Dostatu behar dugu gaur hemen guziak».
  6. Dantzatu direnean, arbaso zaharrak
    Kanporat ilki dira, husturik sakelak;
    Plazan arribatzean, bisaiak gorririk,
    Mundu guzia zagon irriz zabaldurik.
  7. Jaun erretora berriz leihorat etorri,
    Handik konplimenduka zitzaien hasi:
    «Hots, ene haurrak, orai hor dantza zaitezte.
    Ni ere zuiekilan abia nindaite».
  8. Atsoek errepusta jaun erretorari:
    «Zu beharko zaitugu ororen gidari!»
    Emaiten da trunkoa aintzingidaritzat,
    Atso zahar guzien gobernatzailetzat.
ziri bertsoak
ziri bertsoak
ziri bertsoak
ziri bertsoak
ziri bertsoak
ziri bertsoak
ziri bertsoak
ziri bertsoak
ziri bertsoak
ziri bertsoak
ziri bertsoak
ziri bertsoak
ziri bertsoak
ziri bertsoak