Une bakoita bizitzea da zorion giltza – Jon Enbeita

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

2020-09-25

Jon Enbeita –

Testua: Jon Enbeita

Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta Bertsolari aldizkaria

 

Nitaz edo nire bizipenetaz zerbait idatziko nuen galdegin zidatenean ez nuen berehalakoan eman baietza. Ez nintzela nitaz hitz egin zale erantzun nien eta pentsatzeko denbora eskatu. Baina beste batzuenak irakurtzean, gure bizipenak elkarrekin partekatzea gauza sano eta polita izan zitekeela konturatu nintzen, eta neure aletxoa jartzea erabaki.

Jon Enbeita

 

Hiru urterekin, aitak egin eta zuzendutako antzerki batean, artzain haur baten paperean, kopla bat abestu nuenetik, nire bizitza bertsoaritzari eta euskal kantuari lotua egon da. Ez da izan gerora konturatu, gustatu eta esfortzuaren bidez lortutako emaitza. Horrekin ez dut esan nahi gerora lantzen ahalegindu ez naizenik, baina bai familia bertsolari eta kantuzale batean jaiotzeko zoria izan nuela eta ingurua ere kantuzalea zela. Guzti horrek, inertziaz, mundu horretan murgiltzera eraman ninduen. Ez nuen hortik aparte neure burua imajinatu ere egiten. Garai hartakoak ditut oroitzapenik gozoenak. Antzerki hartako zenbait eszena atzo bailiran bizi ditut. Ondorengo urteetako hainbat une gozo ere bai: aittitte Gabinoren belaunetan sentitzen nuen babesa, aitte Balendinen kantuak eta ipuinak, ama Klararen altzoa eta etengabeko ahalegina, familia hezi eta aurrera ateratzeko…

Badut garai hartako anekdota bitxi bat, Basarri Gernikara etorri zenekoa gure aitarekin kantatzera. Bederatzi urte nituen. Nire ilusioa ikusita, aita Balendinek bertso dotore bat idatzi zidan, plazan euren aurretik abesteko. Gogoz ikasi nuen, bai, bertso hura; baita amak ere, hainbeste entzun eta gero. Heldu zen egun handia. Bertso saioaren aurretik bazkarira gonbidatu zituzten. Jantokia beterik eta ni harro aitaren ondoan. Eurak bezain handi sentitzen nintzen. Kafe garaian Basarrik bertso bat bota zuenean ez nuen gutxiago izan nahi eta ikasitako bertsoa bota nion. Oraindik sentitzen dut umearen harrotasun garbi hura. Gero, plazan komeriak! Sarrerako bertsoa bota behar, baina ikasitakoa bazkalondoan bota nuenez, Basarriren aurrean berdina botatzen, lotsa. Aitari ideia batzuk eskatu eta berri bat bat-batean botatzera ausartu nintzen. Ama entzuleen artean zegoen eta bertsoa hasi nuenerako konturatu zen hura ez zela ikasitakoa. Ez omen zitzaion inoiz bertso bat luzeagoa egin. Baina akatsik gabe amaitu nuela ikustean, poza ere doblea.

Baina hegoak askatu behar nituen noizbait eta, hamahiru urterekin, Arantzazuko seminariora joan nintzen. Beste mundu bat zen. Etxeko txoko txikitik irten eta ehunka adin bertsukorekin bizitzea ez zen giro berdina, noski. Diziplina ere halakoa genuen. Zerbait behar hainbeste mutil berdingo ezberdinen artean oreka bat mantentzeko. Nahiko azkar ohitu nintzen hala ere egoera berrira. Aurretik hiru anaia nituen handik igarotakoak, eta familia ezaguna ginen. Horrek ere lagunduko zidan. Euskararen kasua zen beste bat Arantzazu etxekoago sentitzen lagundu zidana. Gure etxean euskara besterik ez zen hitz egiten, baina herriko eskolako kontua guztiz bestelakoa zen. Euskaraz mintzatzeagatik gaztigatuak izaten ginen. Botoi bat ematen ziguten euskaraz zerbait esaten genuenean eta klase bukaeran botoia zuena gaztigatua izaten zen. Arantzazun, ordea, ez zen debekurik, lasai hitz egin genezakeen, euskara irakatsi egiten zuten eta babestu.

Eta halan jarraitu nuen (Arantzazu, Forua, Zarautz, Herriberri) hogei urterekin atera nintzen arte. Zazpi urte eta erdi luze bere gorabeherekin, alde on eta ez hain onekin, toki guztietan bezala. Balantzea egitean, ordea, esker oneko sentitzen naiz. Gainera, hainbat lagun berri on ditut herentzia.

Atera nintzen urte berean gitarra hartu eta, bakarlari legez, herririk herri kantatzen hasi nintzen, eta horrek asko lagundu zidan errealitate berrira egokitzen. Horretarako, circo y variedadesko karneta atera behar izaten zen casting baten bidez.

Kantaldien inguruan jende andana biltzen zen, giro berezia sortuz, barruko grina lotuak askatzeko aparta. Kontuan izan behar da Patxi oraindik bizirik zela. 1970eko hamarkadaren hasieran gaude. Zenbat bizipen berezi! Batzuk gaur egun soilik anekdota direnak, baina bere garaian arrisku; beste batzuk, irrigarri. Gogorrak ere bai, korrika egin beharrekoak.

Kantaldi bakoitzean baimena eskatu behar izaten zen eta kantuak, itzulpenarekin, zentsuratik pasatu. Askotan, gero kantatzen genuenak zerikusi gutxi zuen zentsuratik pasatutako itzulpenarekin, nahiz eta sekretak, uniformerik gabe baina nahiko ezagun, adi ibili. Gerta zitekeen herri baterako utzitako kantak beste herri baterako debekatzea, eta alderantziz. Oztopoak jartzea zen kontua. Beste batzuetan abeslaria bera zen debekatua. Orduan baimenean “Autorizado excepto…..(abeslariaren izena)” jartzen zuen. Hala ere, joan egiten ginen eta, jende arrarorik ikusi ezean, abestu egiten genuen. Behin, Donostiako auzo batean lau ginen kantatzekoak; tartean Etxamendi eta Larralde zirela uste dut. Oraingo honetan baimenean “excepto Jon Enbeita” jartzen zuen. Kantatzeko txanda etorri zitzaidanean, batzordeko batek esan zidan:

—Enbeita, bi sekreta etorri dira. Zuk ikusi…
—Non daude?
—Han paretaren kontra.

Gazte bi ziren, betaurreko ilunekin eta bat bizarrarekin, serio, jendeari begira. Irribarrea atera zitzaidan. Komisiokoa harriduraz begira neukan. Ez nuen suspentsea luzatu nahi izan eta esan nion:

—Lasai, ezkerrekoa laguna da eta bestea neure anaia. Nirekin etorri dira.

Ez genuen barre gutxi egin. Barregarria zen, izan ere, baina baita garai hartako urduritasunaren irudi ere.

Beste hau Iurretan gertatua da. Normalean, abeslari bat baino gehiago izaten ginen jaialdietan. “Excepto……” jarriagatik, besteek kantatu zezaketen. Arazoa abeslari bakarra zenean sortzen zen. Orduan emanaldia bera debekatzen zuten. Egun horretan, meza ostean, plazan, neuk bakarrik kantatu behar nuen. Iritsi nintzenean, kantaldia galarazita zegoela abisatu zidaten. Honetan geundela apaiza hurbildu zitzaidan eta zera esan zidan:

—Plazan abestea galarazita daukazu, baina elizan neuk agintzen dut eta, nahi baduzu, nire sermoiaren ordez zeuk abestu. Ziur jendeak eskertuko duela.

Nola ez onartu holako gonbidapen bat. Iritsi zen sermoiaren garaia eta apaizak aldarera deitu eta aurkeztu ninduenean, aurpegietan harridura nabaria zen. Neu ere emozioak ia gainditu ninduela aitortu behar dut. Izan ere aldareak bere errespetua markatzen du. Elizatik ateratzean guardia bi zain neuzkan. Koruan ziren, antza, salatariak, abisua pasatu zietenak. Jendez inguraturik nintzen bitartean ez ziren ausartu, baina txosnatik txosnarako bidean hurbiletik jarraitzen ninduten, eta erdi bakarrik gelditu nintzen une bat aprobetxatu zuten etxe ostera eramateko. Une hartan nirekin zen lagunak berria zabaldu zuen eta jendea etxe ondotik begira jarri zen. Apaiza ere enteratu zen eta bertaratu. Berak aginduta abestu nuela esan zien eta, horregatik bazen, bera zela arduraduna. Jendearen begiradak eta apaizaren ausardiak libratu ninduten. Benetan portaera jatorra apaizarena.

1975a oso urte garrantzitsua izan zen nire bizitzan. Arlo pertsonalean, Karmelerekin ezkondu nintzen, aurrerantzean nire zutabe nagusi izango zena. Maitasun horren fruitu etorriko ziren Zihara (1976) eta Oihane (1978). Bertsolari arloan, lehen txapela irabazi nuen Mallabian antolatu zuten Bizkaiko txapelketan eta, ondorioz, Gipuzkoako zenbait sariketatarako gonbidapenak jasotzen hasi nintzen: Orixe, Zepai, Artxanberri… Horrek berriro bertsomunduratu ninduen, nahiz eta inoiz aparte ez ibili, eta handik pare bat urtera gitarra gorde eta bertsotara mugatzea erabaki nuen. Are gehiago berriro Euskal Herriko eta herrialdeetako txapelketa nagusiak hasi zirenean eta 80ko Txapelketa Nagusian txapeldunorde geratu. Jarraian, Euskal Herriko bost final jokatu nituen eta Bizkaiko beste bost, bi txapelekin. Lasaitu ederra hartu nuen bat-bateko txapelketetatik erretiratzea erabaki nuenean, gero eta gogorragoa egiten baitzitzaidan.

Euskal Herritik kanpora ere izan naiz bertsotan. Bost aldiz Ameriketako JAIALDI famatuan eta behin Erroman, Balendin Berrio-Otxoa santu egin zutenean. Izan ere, efemeride hartarako ereserki bat eskatu zidaten, abesbatzek kantatzeko. Begoñako koruen astean estreinatu zuten Galdakaoko eta Elorrioko abesbatzek.

Orkestrarekin ere izan nuen esperientzi aberasgarri bat, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. 1978ko urtea zen. Anton Larrauri musikari famatuak hogei bat minutuko obra abangoardista bat konposatu zuen, orkestrarentzat, Diálogos zeritzana. Pastoral ukituko ahots bat azaltzen zen, tartean, musika tresnen elkarrizketa horren parte. Nirekin egon nahi zuela-eta deitu zidanean harritu egin nintzen. Ez genuen pertsonalki elkar ezagutzen. Obraren nondik norakoa azaldu eta letra neuk jarriko nion galdetu zidan. Baietz, pozik, erantzun nion. Egin nuenean, gogoko zuela eta abestu ere neuk egitea izango zela egokiena esan zidan. Hor ez nengoen hain ziur, baina, nobedadeak zirikaturik, berriro baietza eman nion. Hola sartu nintzen, erdi itsuan, abentura berri hartan.

Bilboko orkestrarekin, Buenos Aires antzokian estreinatu genuen. Obra nahiko berezia zenez, jendearen erantzunaren ardura zuen Larraurik. Eta nik, zer esanik ez, mila zalantza, hainbeste musika tresnen artean noiz sartu, konpasa mantendu, afinatu… Niretzat dena berria baitzen. Jendearen txalo zaparradak baretu zituen urduritasunak.

Handik gitxira, TVEko orkestrarekin Madrileko Teatro Realean eskaintzeko gonbidapena zuela esan zidan. Gainera, telebistaz emango zutela. Hor gehiago kostatu zitzaidan baiezkoa ematea. Hitz handiak ziren horiek, batez ere garai hartan. Beste egoera bat zen. Patxi hilberri zela Teatro Realean obra bat euskaraz eskaintzeak bazuen halako suspense kutsu bat, zailtasunaz gain. Urduri geunden ea zer harrera izango zuen. Alde batetik, obra bera oso abangoardista zelako, eta bestetik, euskaraz zelako. Nabarmen geratu zena belaunaldi ezberdinen arteko diferentzia izan zen. Iluntzeko zazpietakoa ikasleentzako emanaldia zen. Harrera ona izan genuen. Gaztea beti berritasun zaleago. Obraren egilea, Anton Larrauri, deitua eta txalotua izan zen. Euskaraz egitearen kontrako aipamenik ez. Karreraren lehenengo etapa irabazi genuela zirudien. Baina gogorrena falta zen, gaueko hamarretakoa, nagusientzat eskainia. Bestelakoa izan zen, janzkeratik hasita. Traje eta soineko luzeak eta aurpegi serioak nagusi. Aireak ere gela itxiaren usaina hartu zuen. Bukatzean, nahasmena: batzuen txaloen artean beste batzuen rojos, separatistas… bezalako gorazarreak entzun behar izan genituen.

Urte berean, Kanarietarako deia jaso genuen. Oraingo honetan Espainiako orkestra nazionalarekin. Gogoan daukat egunkari baten titularra: “Un versolari se enfrenta a la orquesta nacional”. Tenerifen eta Las Palmasen izan ginen. Hemengo gorazarreak bestelakoak ziren. Kalean ere zerbait hartzera gonbidatzen gintuzten. Las Palmasen sei aldiz atera behar izan ginen eszenatokira agurtzera. Edukiaz aparte, kartelaren errepartoa ere bitxia zen: egilea, euskalduna; orkestra zuzendaria, katalana; pianista, kanariarra; abeslaria, euskalduna eta obraren izena, Diálogos.

Bertsotik kantura, kantutik bertsora, bertso eta kantu… izan da nire ibilbide artistikoa. Lanbidea, ordea, zenbaki lehorren dantzan murgildua. Ez da ezkontza erraza, baina ezberdinen arteko osaketa aberasgarria omen da. Badut hala ere damu txiki bat, hainbeste urtetan gitarra gordeta, ukitu gabe izatearena. Azken hamar bat urtean berriro hautsak kendu, berrikasi eta bakarlari bideari berrekin diot —bertsoari ukorik egin gabe—, lehengoak berrituz eta berriak sortuz, Hainbeste, hain gitxi, eta Iraungo dut lanetan plazaratu ditudanak. Maitasunaren jariotik sortutakoak dira gehien asebetetzen nautenak; tartean, lau ilobei konposatutako lau sehaska kantak.

Egia esan behar badut, gitarra gordeta izan arren, ez nintzen kantutik at ibili. Paperetik Plazara taldearekin, hiru urte luzez, hainbat plaza egin genituen bertso paperak plazaratzeko ahaleginetan, sei abestiko maketa bat utziz. Urretxindorraren biografia bat kantuz emateko saioak, Ikus-entzunezko emanaldiak…

Idazle munduan ere egin izan ditut joan-etorri batzuk: olerki, bertso paper, biografia liburuxkak…

Atzerantz begiratzean, ez eginaren damua eta eginaren atsegina borrokan hasten zaizkigunean, zenbait gauza edo joera aldatuko genituzke, beharbada; baina, ahal izanda ere, hoberako ote litzateke? Nork jakin. Pauso baten noranzkoak bizitza oso bat zeharo alda lezake. Oker edo zuzen, eginak eginda daude. Aldatu ezin denari begira egoteko gero eta asti gutxiago daukagu. Aurrean ditugunean berrogei urtek “hainbeste” dirudite, baina igarotakoan, “hainbeste” hori, laster, “hain gutxi” bihurtzen da. Holakoetan konturatzen gara ilunabarra zein azkar sartzen den gure bizitzaren egun labur honetan. Luzatzeko era bakarra egunera bizitzea da. “Atzo”ko penetan eta “bihar”ko ametsetan murgildurik gauden bitartean “orain”ak eskuetatik ihesi egiten digu, eta bizitzak berarekin.

Gai honetaz orain hogei bat urte egindako bertso-kantuarekin amaitzera noa. Besarkada bana, urte berri on eta “Oraina” gozatu.

 

ORAINA BIZI

Noraezean erdi galdua,
nortasun eskean dabil mundua.
Iraganean lotan daudenak,
etorkizuna amets dutenak…
Ur nahasiak,
sasi profeten irabaziak,
lohitu dituzte ibai guziak.

Iraganean bagaude beti
leihorik gerora ezin ireki
eta itzuli nahi den orduan,
konturatzen da bat beranduan,
ura bezela
etorkizuna igaro zela
eta atzean lotu garela.

Geroan soilik bada burua
sustrairik gabea dugu mundua.
Gaurko akatsak zuzendu orde,
mundu berrien ametsak gorde…
Hola bagabiz
zulo berean hamaika aldiz
jausiko gara behin eta berriz.

Iraganean sustraitu eta
etorkizunean ezarri meta
baina oraina behar da landu
gaurkoa bihar baita berandu.
Une bakoitza
bizitzea da zorion giltza
Beste guztia ez da bizitza.

Jon Enbeita

Jon Enbeita

Jon Enbeita

Jon Enbeita

Jon Enbeita

Jon Enbeita

Jon Enbeita

Jon Enbeita

Jon Enbeita

Jon Enbeita

Jon Enbeita