Kanariak, verseatzeko tradizioa

José Yeray Rodríguez Quintana-(r)en argazkia José Yeray Rodríguez Quintana 2020-09-28

Kanariak, verseatzeko tradizioa –

(erredakzioan itzulia)

 

Kanariar Uharteak berdin-berdin zeharkatzen ditu mitoak eta historiak. Norabide askoren erdibidean egonik ohituta daude etorrerak, partitzeak eta igarotzeak ikustera. Bat-bateko ahozkotasunaren unibertsoan enklabe oso partikularra osatzen du, justuki bere afera geopolitikoen erdigune aproposean kokatua eta irla lurralde batera egokitua, jakinda uhartetasunak bere ondarea egonkortu eta zedarritzen duela.

 

Kanarien eta bere bertso inprobisatuen inguruan mintzatu behar bagara, nahitaez, puntu kubatarretik abiatu behar gara, hemengo bat-batekotasunarekin harreman handiena izan duen generoa eta irlei inprobisatzaile kantitate handiena eman diena. Puntu kubatarra musika genero bat da, eta hartan oinarrituta gehienbat dezimak abesten dira, inprobisatuak oro har. Generoaren jatorriaz asko eztabaidatu den arren, zantzu guztiek eta izen handiko adituen lanek Kubako landa eremuan jaio zela baieztatzera garamatzate; kanariarrez beteta zegoen Kubako nekazaritza eremuan, hori bai. Gorteatze dantza bat, zapateoa, berehalako oinordekoa du.

Bi verseadore eztabaidan jarrita abestu ohi da; “poeta” hitzarekin bat, inprobisatzaile kanariarrak izendatzeko erabiltzen da hitza. Bidelagun izan ohi dira lautea eta gitarra, nahiz eta akordeoiaren eta klabe multzo baten errefortzua ametitzen den; Kuban tres, bongoa edo kontrabaxua entzun daitezke. Dezima, puntu kubatarraren kutuna, jatorri espainiarreko estrofa bat da, lau errima kontsonante dituen zortzi oktosilabikoz osatua. Estrofa mota hori historikoki Vicente Martinez de Espinel poeta malagarrari egotzi zaio, 1591n Diversas Rimas izeneko liburuan argitaratu ondoren. Hala eta guztiz ere, Las Palmas Kanaria Handiko Unibertsitateko Maximiniano Trapero katedratikoaren ikerketa batek argi frogatzen du Espinelen aurretik ere bazirela dezimak, mende hartako lehen urteetakoak, Salamancako eskuizkribu batean topatuak. Dena dela, XVI. mendera garamatza estrofa honen historiak, eta, berez, idatzia izateko jaio zen arren, ahoz sasoi eta jarraikortasun gehiago daukala dirudi.

Hastapenetik, aparteko musikalitatea zeukan estrofa gisa aurkeztu zuten dezima, bertso kantitateaz gaindi memorizazio erlatiboki sinplea ahalbidetzen duena. Asko baliatu zuten XVII. mendeko antzerkian. Eta Amerikako ebanjelizatzaileek ere erabilera handia eman zioten doktrina kristaua bertso bidez helarazteko; hala, estrofa inoiz irakurri edota idatzi ez zuen jendearen gustukoa ere bilakatu zen, entzun, errezitatu, abestu, eta azken peripezia gisa, inprobisatzera ailegatzeraino. Horra Amerikako landa eremuan zergatik sustraitu zen argitzen duen azalpen xume bat, non indartsu iraun duen normaltasun osoz sarraldiak eginez bizitza urbanoan eta foro artistikoetan.

Dezima espazio kutunenetakoa zuen Kubako landazabaletik iritsi zen Kanarietara, indianoen arima eta eztarrien bidez; sakonki errotu, eta, gaur, beste edozein genero bezain kanariarra da. Azpimarratzekoa da historiako inprobisatzaile kanariar entzutetsuenak  Kuban jaio edo bertan bizi izan zirela denboraldi batez, bizitzea egokitu zitzaien garaian batere harritzekoa ez zena. Vito Gomez Cuquillo eta Gregorio Rodriguez palmatarrak, Jose Hernandez Negrin gomerarra nahiz Antonio Herrera grankanariarra, denak zenduak, adibide argigarriak dira. 90 urtetik gora dauzkan Manuel Perez Camacho, egungo poeta kanariarren dekanoa, da beste etsenplu bat; sortzez, Sancti Spiritu probintziakoa.

Kontua da puntu kubatarra Kanarietan bertako genero gisa etxekotu zela, eta bi probintziak hartu eta praktikatu zuten gehienbat: Gomerak eta, bereziki, Las Palmasek. Las Palmaseko irlan dagoen Tijarafe herria jo izan da arte honek Kanarietan duen sehaskatzat. Eta, ez alferrik, bertan antolatu dute, 1970etik hona urte bakarrean kale egin gabe, puntu kubatarraren inguruko festa bat, Deabruaren Festen baitan ospatzen dena. Eremiot Rodriguez, Jose Maria Caceres edota arestian aipatutako Gregorio Rodriguez eta Pepe Rocha dira herriak generoari eman dizkion izenetako batzuk.

Hala eta guztiz ere, esan daiteke pasa den mendean, 90eko hamarkadan, bazirudiela, baita Las Palmas eta Gomera irletan ere, puntu kubatarra hiltzen ari zela; ez kultibadore edo entzule faltagatik, baizik eta belaunaldi erreleborik ezagatik. Gertakizun batek aldatuko zuen hori, ordea: Kanarietara iritsi ziren inprobisatzaile kubatar profesionalek bultzada berri bat sortu eta publikoarekin modu masiboan berriz elkartzeko abagunea ireki zuten. Beste inguruabar bat aipatu beharko litzateke: arestian aipatu dugun Maximiniano Trapero katedratikoak ahozko bat-batekotasunaren inguruko nazioarteko bi jardunaldi antolatu zituen Las Palmas Kanaria Handikoan, 1992an eta 1998an. Inprobisatzaile kubatar izugarriak bakarrik ez, munduko beste lurralde eta estatuko beste eremu batzuetako lagunak ere bildu ziren bi jardunaldietan, eta inoiz erabat galdu ez zen generoarenganako jite horri beste oinarri bat jarri zioten. Giro horren ondorioetako bat izan zen poeta kanariarren belaunaldi berri bat, 90eko hamarkadaren amaieran. 70eko eta 80ko hamarkadetan jaioak ziren, eta ia izen berririk erantsi ez zuen aurreko belaunaldiak utzitako hutsunea bete zuten.

Baina, berehala, premiazko bihurtu zen verseadore tailerrak ezartzea, kultibadoreen eta publikoaren iraupena bermatzeko. Kanarietara gonbidatutako profesional kubatarretako batzuek —Adolfo Alfonsok eta Fernando Murga musikariak, kasu—, saiakera batzuk garatu zituzten Las Palmasen. Saiakera horien lekukoa, jada mende honetan, Fuencalienteko Yapci Bienes poeta entzutetsuak hartu zuen, eta horretan dirau bere sorterria den irlan.

Une hartako beste kezketako bat zen poeten ekimen publikoekin bat egingo zuten nazioarteko deialdiak egitea, normalean irletako festa edota festibalekin lotutakoak. Urteroko jaialdiekin egonkortuko ziren zitak aurkitu nahi ziren, tradizio ezberdinen presentziarekin, eta bertako usadioari are bultzada handiagoa ematea. Arestian aipatutako Tijarafeko nazioarteko poeta jaialdiaz gain, Kanarietan aski errotutako jaialdiak ospatzen dira Corralejo eta Tuinejen (Fuerteventura); Ingenio, Tenteniguada, Guia, Arucas eta La Atalaya de Santa Brígidan (Kanaria Handia); eta Fasnian (Tenerife). Horietatik inprobisatzaile kanariar eta amerikar ospetsuenak pasatu dira. Ekimen horiek ospatzea ezionbestekoa izan da tradizioa Kanarietan errotu eta entzule fidelak modu mailakatuan eransteko. Ikusleak bere tradizioa mugak eta hizkuntzak gainditzen dituen zerbaiten bertsio kanariarra dela ondorioztatzea oso aberasgarria da zentzu guztietan. Aldi berean, ohikoa da verseatzaile kanariarrak lurraldez lurralde ospatzen diren ekimenetara gonbidatzea, eta hori, ezbairik gabe, bizigarria da generoaren osasunarentzat.

Tradizio verseatzailearen beste arduretako bat izan da azken urteetan beste estrofa edota genero batzuek bizi izan duten sendotzea. Horien artean daude meda (bi lagunen arteko inprobisazioa, danborrak lagunduta) eta santoa (koplak danborrekin), biak El Hierroko generoak; edota polca majorera, Fuerteventurakoa (koplak, lau bertso-lerroko ahapaldiak edo kuartetoak, sokazko instrumentuak lagun). Egun kultibatzaile gazteak daude genero hauen biziraupena bermatu behar dutenak. Bidenabar, azken urteetan lehenago pentsaezina zen zerbait egin da zenbait aldiz: irla guztietako inprobisatzaileen topaketak, arestian aipatutako genero guztiak oholtza beraren gainean jarriz.

Azpimarratzekoa da emakumeen gehitze mailakatua tradizioaren esparru honetan. Pancha Martin Rastera eta Nieves La Garrafona mitikoei gehitu zaizkie Lydia Moreno gaztea (puntu kubatarreko verseatzailea), eta Yurena Cubas nahiz Tazirga Garcia (polka verseatzaileak).

Aipamen berezia merezi dute azkeneko bat-bateko emanaldietan egin diren folías al oído-ek. Dantza edo parranda tradizionaletan, beti zegoen ahots ona zuen norbait, baina kantuak inprobisatu edota gogoratzeko gaitasun handirik ez zeukana, eta bazen beti kantu bat oroitarazi edo inprobisatzen ziona atakatatik ongi atera zedin. Hori, eta ez beste ezer, da folía al oído-rekin birsortu nahi izan dena. Gainera, bere egitura berezia tarteko, hamar bertso abestea ahalbidetzen du; beraz, dezima bat.

Jada zirriborratuta dauden formakuntza tailerrak izan dira beste lehentasuna, gazteek izan behar baitute arte honen etorkizuneko zaindariak. Helduen tailerretatik Kanariak nazioartean ordezkatu dituzten inprobisatzaileak atera dira, eta gazteen tailerretatik itxaropenik handiena ematen diguten kultibatzaile gazteak atera dira. Eskola horien helburua ez da verseatzaile berriak topatze soila; gazteen ahozko garapena sustatu nahi da, baita segurtasuna eta autoestimua ere (bereziki beharrezkoak Kanarietan), abestu nahi dutena hitzetan jartzeko gai izan daitezen beldur eta konplexu historikoak atzean utzita. Haien bertsogile praktikatik harago, tailer horietan parte hartzen duten lagunak ikusle pribilegiatuak izango dira, arte hau beste modu batean ulertuko dutenak. Azken urteetan, noizbehinkako tailerrez gain, arnasa luzeagoko esperientziak gauzatu dira, urritik hona, Kanaria Handiko 24 ikastetxetan, bertako Cabildoak bultzatzen duen  Irakurketa Hitzarmenaren barruan.

2012tik hona bada urtero hunkitzen gaituen iniziatiba zehatz bat, non 44 ume grankanariarrek dezima bat errezitatzen duten Romería-Ofrenda del Pino izenekoan, beren herria edo Kanaria Handia irla ordezkatuz. Gainera, azken edizioetan beste irla guztietako ordezkariak batu dira. 320 baino gehiago dira esperientzia hori bizi izan duten umeak. Antzeko ekimenak garatu dira San Marcos de Teguesteri egiten zaion eskaintzan, Ingenioko Candelariaren erromerian eta Agüimeseko Errosarioan.

Beste albiste pozgarri bat da 2014an Asociación de Verseadores Canarios Ochosílabas elkartea sortu zela, egoitza Gotzainaren Etxean daukana, Ingenioko Udalak zeregin horretarako utzia. Han ospatzen diren ekimenez gain, hunkiberatasun berezia duen sala bat joan da gorpuzten, non poeta garrantzitsuen erretratuak zintzilikatu diren, eta zintzilikatuko diren ere. Espazio hori liburutegi eta mediateka bilakatu nahi da, ahozko tradizioarekin zerikusia daukan guztiaren erreferentzia, eta horretarako pauso aproposak ematea espero da hurrengo hilabeteetan.

Funtsean, tradizioaren bizitasunak seinale oso baikorrak helarazten ditu, nahiz eta horrek lanean jarraitzeko baino ez duen balio behar. Tradizio honen iraupena bermatzea, poeta bakoitzaren ibilbide profesionaletik harago, arte hau maite dutenen, eta berari ahotsa eta entzumena eskaintzen dioten guztien nahia izan behar da. Oraindik beharrezkoak dira, agian inoiz baino gehiago, ez herriak entzun nahi duenari baizik eta abestu nahi duenari ahotsa jarriko dioten poeta herrikoiak. Momentu hau zor diegu, askoz ere mediatikoagoa, estaldura artistiko gehiagorekin eta oihartzun eremu zabalagoarekin, oso bestelako baldintzetan iraupena bermatu ziotenei. Haiei zor diegu osasun hau, eta haiei zor dizkiegu etorkizunean egingo ditugun ahalegin guztiak. Haiek, ideia horrekin, eman ziguten hitza: zeukaten bakarra.

Kanariak, verseatzeko tradizioa
Kanariak, verseatzeko tradizioa
Kanariak, verseatzeko tradizioa
Kanariak, verseatzeko tradizioa
Kanariak, verseatzeko tradizioa
Kanariak, verseatzeko tradizioa
Kanariak, verseatzeko tradizioa
Kanariak, verseatzeko tradizioa
Kanariak, verseatzeko tradizioa
Kanariak, verseatzeko tradizioa
Kanariak, verseatzeko tradizioa