Amaren sua edo

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2016-04-26

Umeak ginela aitaren kontua zen bertsolaritza. Eginen egiten zuen lan, kultura sailean, eta ehunka ordu pasatzen zituen Egaña, Lizaso, Peñagarikano eta enparauen atzetik.

Aldizkaria sortu zuenean, 14 urte neuzkan, marraztea gustatzen zitzaidan beste ezeren gainetik, eta aitak, oso bere estiloan, erabaki zuen seme nerabearen marrazkiak argitaratuko zituela aldizkarian. Lotsa dezente ematen didate marrazki haiek egun, baina garai hartan primeran pasatzen nuela ezin uka. Geroago, 18 nituela, idazteko aukera ere eman zidaten. Ordurako, idaztea gustatzen zitzaidan marraztea baino gehiago, eta ausartu egin nintzen, arrasto handirik izan ez arren. Eta, berehala, aldizkariaren komertzial lanak ere eskaini zizkidaten: publizitate gehiago lortu beharra zegoen, derrigor. Lan hori ez zitzaidan batere gustatzen, baina sos batzuk irabazteko aukera ematen zidanez, bada, aurrera berriro ere.

Beste batzuek gurasoen tabernan udaran lagundu ohi duten lez, niri aldizkarian honetara eta hartara jartzea tokatu izan zait. Makina bat saio egindakoa naiz telefonoz harpide ehizan, Vodafoneko komertzial hegoamerikarrak bezain setati. Atez ate harpideak egiten ere aritu nintzen pare bat urtez, Jehovaren testigu baten fedearekin. Azpeitian Xebastian Lizasok eman zigun jo beharreko ateen zerrenda; Zarautzen, Egañak; Zumaian, Maiak eta Dorronsorok… Estutasuna ematen zuen etxe arrotzetara horrela sartzeak (tipo lotsati eta uzkur samarra izanik, are gehiago), baina baita une politak bizitzeko aukera ere: ‘Aizu, gose aurpegia dakarkizu. Ordua ere bada… Legatz freskoa daukagu bazkaltzeko, eseri gurekin’. Bertsozaleen familia handia.

Aitortu beharko dut inoiz ez naizela oso bertsozale fina izan; bertsojalea ez behintzat. 14 urte neuzkala Esta noche cruzamos el Mississipi ikusten nuen Hitzetik Hortzera baino gehiago, edo 18rekin, Cronicas Marcianas… Baina, kudeaketaren ardura ere nire gain jarri zuten hurrena, 2002an, eta, dirulaguntzak, bilerak, Accesak eta Excelak, fakturak… pixkanaka, konturatzeke, Arestiren poema neure egina nuen: Euskadiko Kutxaren iragarkia kenduko badidate (oso aspaldi kendu zuten, portzierto) Banco Santanderren joko dut atea/ dirulaguntza murriztuko badidate (portzierto, oso aspaldion ohiko bihurtu dena) harrien azpian topatuko ditut harpidetzak/  harpidetzak gero eta urriagoak badira…  Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra… Neure poltsikotik dirua aurreratzera ere iritsi izan naiz estualdi uneren batean edo bestean.  

Datorren urtean Durangoko Azokan Bertsolari aldizkariaren standean egiten dudan hogeita bosgarren urtea izango da. Udarako lana izan behar zuena udara mordo bateko (eta negu batzuetako) lan bihurtu da, itxura iraunkorragoa zuten beste batzuk baino askoz luzeagoa (nire harridurarako). Izatez, eman izan dit astia, tarteka, erabat aspertzeko ere: badudala garaia aitaren etxea atzean uztekoa, Edipo edo gisakoren batek bultzatuta ari ote naizen, inork irakurtzen ote duen aldizkaria…  Nire etxea ere bada, ordea. Gustatu egiten zaizkit aldizkarira bidaltzen dituzten testu eta argazkiak, maketaren gaineko eztabaida, inprentatik atera berriaren usaina, Azokako saltsa. Izatez, aurrekontua orekatzeko buruhausteei eta publizitatea lortzeko egin beharreko deiei ere gustua hartzera iritsi naizela esango nuke.  

Duela urte batzuk Sarasuak Amaren Sua kontrajarri zion Arestiren Aitaren Etxeari.  Aberrigintzari zegozkion haiek neure kontuei aplikatuta, barkatuko ote dit Jonek, nolabaiteko masokismo honek (sosek ez dute ezer askotarako ematen), Amaren Su horrekin zerikusirik izan dezakeelakoan nago. Izan ere, aldizkariak aukera eman dit Erredakzio Batzordeko afari-bileren bueltan Andoni Egaña, Joxerra Garzia, Koldo Tapia, Laxaro Azkune eta koadrillak jorratzen zituzten pasadizo, kotilleo eta burutazioak bertatik bertara entzuteko, edo Xalba Garmendia bezalako instituzio baten aholkuak jasotzeko. Aukera eman dit Xabier Lete, Josu Zabala, Ander Lipus, Pedro Migel Etxenike, Karlos Argiñano, Juan Mari Arzak, Antton Maiz, Unai Elorriaga, Antonio Zavala, Bixente Martinez, Fermin Muguruza, Juan Karlos Izagirre, Ramon Labaien edo Jesus Egiguren bezalako ilustreak elkarrizketatzeko. Eta, noski, Xabier Amuriza bezalako munstrotzarra, Andoni bera, Sarasua bera, Joxerra bera, Joxe Agirre, Imanol Lazkano, Jon Azpillaga, Jon Lopategi, Iñaki Murua, Millan Telleria, Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano, Euzkitze, Juan Inazio Begiristain, Mañukorta… Estitxu Arozena, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon Maia, Josu Goiko, Karlos Aizpurua, Maialen Lujanbio, Amaia Agirre, Iratxe Ibarra, Aitor Sarriegi, Xabier Silveira, Amets Arzallus, Ibai Esoain, Manex Agirre, Ruben Santxez, Oihane Perea…

Bertsolaritza izango da azken hogeita bost urte hauetan euskal kulturaren baitan bilakaera potenteena bizi izan duen fenomenoa, eta aldizkariari esker bilakaera hori gertu samarretik, aldizkaria tarteko ez balitz ezinezkoa litzatekeen distantzia batetik, jarraitzeko aukera izan dut. Bertsojalea izan gabe ere (Salvados eta The Wire jarraitzen ditut orain gehiago) sekulako pribilejioa.

Bestalde, kazetari gisa ibili izan naiz beste medio batzuetan—lizentziatura ere atera nuen eta klaseak ematen nabil orain—, baina Bertsolarin bezalako askatasunik, astakeria ederragorik, gutxitan topatu izan dut: 60 orrialdeko erreportajea, dozena eta erdi iturrirekin landua; 40 orrialdeko bost bandako elkarrizketa, soslaiekin eta hogeitaka oin-oharrekin osatua; gai beraren inguruan 40 lagun elkarrizketatzea, edo euren artean elkarrizketak egiten jartzea; bertsolariak marrazten, fikziozko istorioak asmatzen, igarle bat edo grafologoa bisitatzen; Finalari buruzko 250 orrialdetik gorako kronika, finalisten, antolatzaileen eta adituen testuekin eta puntako hiru argazkilariren lanarekin; bertsolarien aholku eta pasadizoekin osaturiko errezeta liburua…

Laugarren urtea dut orain koordinatzaile lanetan, eta ardura bat gehiago izan arren, ardura polita suertatu da. Gaiak eta kolaboratzaileak aukeratu, atal berriak sortu, urrunxeago begiratzen saiatu… Lan berri hauetan Andoni Lubaki ezagutu dut, esaterako, eta istorio harrigarriak kontatu dizkit (Malitik bere zerraldoa besapean zuela itzuli zen behin); edo Galder Izagirrek oparituriko sarrerekin sekulako kontzertutzarra gozatzeko aukera izan nuen; edo Txema Garcia, Conny Beireuther, Nerea Ibarzabal , Jon Martin eta Zaldi Eroa bezalako artisten jardunean nolabait parte hartzeko aukera izan dut. Gallego eta Payarekin azken Durangoko Azoka nahiz Gabonetako kanpainan liburu salduenen artean kolatu genuen bertsolaritzari buruzko nobela grafiko bat argitaratzea izan da azkena.

25 urte bete ditu aldizkariak, eta esango nuke hasierako freskotasuna galdu duela. Bertsozaleak ohitu egin dira bertsolariak angelu eta perspektiba guztietatik ikustera, bertsolariak ere beste puntu batean daude (‘nekezagoa’ izan daiteke hitza), eta hasiera haietan baino konplikatuagoa suertatzen da aldizkariaren bidez emozioa, harridura, interesa, gogoeta piztea. Aitortu beharra dago, bestalde, azken hamarkadako erronka, sarera behar bezalako jauzia ematea, gauzatzeke daukagula. Sare sozialetan egindakoarekin sekulako erantzuna izan dugun arren, potentzial handiagoa izan dugu, oraingoz, potentzia baino.

Kontuak kontu, lan txukun bat, tarteka ale politak ekartzen dituena, eskaintzeko gai bagara,  etorkizun interesgarria izan dezakeen proiektua dugu esku artean. Adituek esaten dute xede talde trinko bat behar dutela sarean funtzionatu nahi duten hedabide txikiek. Bertsolarik badauka hori. Adituek diote papera luxu bihurtuko dela etorkizunean; gutxi batzuen kapritxo. Bertsolariren kalitateak eta bilduma izaerak ematen du horretarako bidea ere. Gainera, ekarpena egiteko, idazteko, sortzeko, harrobi ezin hobea ere badu aldizkariak: bertsolariak eurak.

Intentzioa eta egoskorkeria berezkoak ditugu barruan gauden hiru katuok. Gogorik ez zaigu falta. Familia handiak bidean aurrera egin nahi badu, nahikoa osagai badira Amaren Sua hauspotzen, edo su horren bueltan dantzan, jarraitzeko.