Ereduaren araberako bertsolaritza

Ez da oraingoxeko kontua, bertsolari-txapelketa hasi eta kanporaketek aurrera egin ahala, sentsazio txar samarrarekin etxeratzen nintzela, niri gustatzen zitzaidan estiloko bertsolariak aurrera pasatzen ez zirelako. Eta iruditzen zait ez naizela bakarra. Nik beti galdera bera neukan: hainbat jendek gogoko dituen bertsolariek zergatik ez dute luzitzen txapelketan? Nondik dator eten hori?

Fisikari handi batek esaten du erabiltzen dugun ereduaren araberakoa izango dela bizi dugun errealitate unibertsala. Nik uste errealitate txikiagoetan ere gauza bera gertatzen dela; adibidez, bertsolaritzan.

Ez al litzateke sortu dugun eredua –Epai Irizpideak–, sikiera, apur bat bederen aztertu beharko? Uste dut teorian (buruaren mende bihotzaren kaltetan?) gehiegi makurtuta gaudela, esperientzia eta bizipenen iturriari bideak murrizturik. Kontzeptuekin bikain moldatzen den jendeak egindako txostena da. Susmoa dut ez ote den hor falta beste ikusmolderen batetik datorren ekarpenik. Gutxienez, sinplifikatu egin beharko litzateke arautegi hori aspektu askotan. Baina zertarako sinplifikatu, zertarako aldatu? Eredu horrek fruitu onak eman dituela uste duenak pentsatuko du bide horretatik jarraitu behar dela. Eta zilegi da, gehiengoaren babesa daukan bitartean.

Ni, batez ere, defenditzen ari naizena da egon daitekeela beste eredurik ere. Esate baterako, bertsolariak hain bertso luzeak kantatzera behartzen ez dituena, ahozko espresioari garrantzi gehiago ematen diona, gaiak hainbeste mugatzen ez duena, errima lasaixeagoa hartzeari garrantzi gehiegi emango ez diona, neurria doinuaren arabera onartzea… Epai Irizpideetan, hainbeste zehaztapen, nahasgarri ere gerta daiteke. Dena den, berriz diot, ez gara ari eredu jakin bat errefusatzen, besterik ere egon daitekeela defenditzen baino.

Esaten ari naizena hobeto azaltzarren, bertso jarrien eremutik harturiko adibidea txertatuko dut hemen. Ez nuke nahiko bat-bateko bertsotarako guztiz balioko adibide edo errealitatetzat hartzea; lurralde baten erreferentzia markatzen duen mapa da, ez lurraldea bera.

Bi estilo oso diferenteko bertsoak iristen dira lehiaketara, eta epaimahaiak eredu jakin baten arabera epaitzen baditu, oso zaila da estilo batekoak aurrera egitea, nahiz eta epaimahaiak bere lana bikain egin. Baina zer gertatuko litzateke beste eredu baten arabera epaituko balira? Galdera airean uzten dut, norbaitek erantzun nahi balu.

Bertsolaritza, historian zehar, kultur produktu herrikoia izan da, herri xumearen izaera eta kontzientziari lotua egon da, eta herri xehearen eta herri xehearentzako espresio-moldea zen. Orain, planteatu den ereduari esker, beste toki batean dago. Inork ez du esaten zilegi ez denik. Egoera deskribatzen baino ez gara ari.

Badakigu bertsolari asko gai dela bertso jarrien mugatik nahiko hurbil dagoen bertsoa bat-batean kantatzeko. Gai da pentsamendu abstrakturako, badaki idatzizko forma eta figura literario batzuk erabiltzen. Noski! Baina bada beste estilo bat ere, bertso inprobisatuak izan zuen arintasun, bizkortasun, zorroztasun eta erabaki-gaitasunarekin planteatzen dena, nahiz eta teknika aldetik hain landua ez izan eta lizentzia gehixeago hartu. Agian, atzera bueltarik gabeko oihan zarbatsuan sartzen ari naiz, baina esateko gogoa neukan.

Apostoluak ere
ezjakinak ziran.
Begiratu noraino
altxatuak diran:
doktrina zabaldu zuten
munduaren jiran,
Espiritu Santuaz
azkartu baitziran.

Irakurleak dakien eran, Lazkao Txikiren bertsoa da. Txapelketa batean puntuari emandako erantzuna. Garai hartako testuinguru soziala kontuan hartuta, ez dago bertso hoberik botatzerik. Ez zaio ezer falta, ez dauka ezer soberan, ez dago betelanik. Badakit norbait hasiko zaidala errima pobrea ez al den galdezka. Errima pobrerik ez dago edukiak beste guztia zeharo estalirik uzten duenean, diskurtsoak goia jotzen duenean. Era berean, hanka-luzea ere aipa dezake norbaitek, baina Lazkao Txikik kantatzen duen bezala ez da antzematen. Ez Lazkao Txikik bakarrik, ia-ia bertsolari guztiek kantatzen zuten horrela doinu horretan. Zer esatea nahi duzue? Gaur beste eredu batek agintzen duela!

rufino iraola garmendia