NEURTU EZIN DENA EPAITZEAREN MERITUA

2015-10-11

Bertso txapelketak txapelketak dira, lehiaketak. Beraz, lehia dago. Eta lehia baldin badago, norbaitek irabazi behar du; azkarrena, bizkorrena, salto handiena egin duena, indartsuena, abilena, jokaldi onena egin duena nor den erabaki beharra dago.

Ez da erraza bertsoa neurtzea; metroak, kronometroak, markagailuak ez dute balio hitzaren kirol nazionala epaitzeko. Epaileak behar dira, beraz. Ezinezkoa bada bertsoa epaitzea, bertsoa noraino iritsi den edota zein pisu izan duen objektiboki neurtzeko neurgailurik ez dagoelako, pentsatzekoa da epaileen lana samurra ez dela. Etengabeko formakuntzaz eta trebakuntza saio jarraituekin saiatzen dira epaileak bertsoa epaitzen eta plaza partekatu duen bertsozalearen sentsazioetara gerturatzen. Izan ere, saioa amaitu eta plaza hustutzen den bitartean denak ari dira epaileez hizketan.

Epai onena izaten da batzuk eta besteak ados jartzen dituena. Baina hori kasik ezinezkoa da.

 

Xabier Amuriza: «Epaileren lana ez zitzaidan gustatzen, baina norbaitek egin behar zuen»

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak lehenengoz 1986. urtean antolatu zuen Txapelketa Nagusia. Gerra aurretik ere jokatu ziren txapelketak, eta, gerra ondoren, Euskaltzaindiak hartu zuen hitzordu horiek antolatzeko ardura. Herrialdeetako txapelketa batzuen ondoren, 1960. urtean etorri zen gerra osteko lehen Txapelketa Nagusia. «1960. urtean ni artean ikaslea nintzen, 1965ean apaiztu nintzen eta. Herrialdeko txapelketak egiten ziren ia urtero eta Euskal Herrikoa bi urterik behin. Alfonso Irigoien zen txapelketa horien arima nagusia eta hark bazuen bere kolaboratzaile sarea. Ni ere hor sartu nintzen 1965ean apaiztu nintzenean. 1966an herrialdeetako txapelketetan epaile ibili nintzen eta 1967an Xalbadorren txistuen final hartan ere epaile nintzen», gogoratu du Xabier Amurizak. Final haren ondotik beste txapelketa entzutetsu pare batean aritu omen zen epaile, baina ondoren lan hori albora uztea erabaki zuen, ez baitzuen oso maitea. Geroztik, 1980an eta 1982an bertsolari bezala parte hartu zuen Txapelketa Nagusian, bi txapela jantzi zituen eta bertsolaritzaren historian mugarri bat ezarri zuen.

Epaile aritu zen garai hura gogoratu du Amurizak. «Alfonso Irigoien eta Joan San Martin ibiltzen ziren jendea biltzen. Orain bezala orduan ere jendea behar zen txapelketan gaiak pentsatzeko, antolatzeko, ipintzeko, epaile izateko… elkartzeko bideak estuagoak eta zailagoak ziren orduan, baina juntatzen ginen. Apaizok ere denbora gehiago geneukan besteek baino, eta horrela hasi nintzen. Eukaltzaindiko batzuk eta Irigoienek deitzen zituen beste batzuk aritzen ginen epaile; Juan Mari Lekuona, Arrue, Itzaina…».

Euskaltzaindiaren garai hartan garaiko jende ezagun samarra aritzen zen epaile. Euskararen munduaren inguruan ibiltzen ziren eta sona apur bat zuten izenak izaten ziren nagusiki. «Euskara menderatu beharra zegoen, euskalkiak ere ezagutu behar ziren, bertsozalea izan behar zen… eta horregatik guztiagatik deitu zidaten niri. Gustatzen zitzaidan mundu hori, berpizkunde bat zen, goraka zetorren euskararen mundua, eta horregatik sartu nintzen, kolaboratzeagatik. Epailearen lana ez zitzaidan gustatzen, baina norbaitek egin behar zuen».

Ba omen ziren irizpide gutxi batzuk, epaileak elkartzen omen ziren tarteka, baina Amuriza multzoan joaten omen zen. «Gaztea nintzen ni eta epaile taldean baziren autoritateak zirenak, baita autoritate politikoak ere, garai hartan horrelakoak ere behar baitziren txapelketak aurrera ateratzeko. Bazen Narrue izeneko epaile bat, erregimenaren aldekoa, baina euskaltzalea eta bertsozalea zena. Horrelako batzuen gerizan ez bazen, ezin zen txapelketa aurrera atera».

«Txistu horiek eta gero txapela eman izan bagenio, lintxatuko gintuzten»

Epailearen lana ez da lan gozoa Amurizaren iritziz, «orain eta lehen epaile izatea beti da borondate kontu bat eta arrisku bat hartzeko gogo bat. Txostenak eta txostenak egiten dira, baina niri askotan erdi alferrikakoak iruditzen zaizkit. Azken batean, bakoitzak bere senetik, bere irudipenetik, bere hizkuntzaren domeinutik, bertsolaritzaren irizpideetatik begiratzen du. Momentu batean epaitu behar duzunez, zaila da irizpide objektiborik izatea. Eta irizpide objektiboak badaude ere, gero bakoitzak beretik aplikatzen ditu horiek; orduan, orain eta gero. Akaso, garai hartan hizkuntzari begiratzen zitzaion, errimari… gogoratzen naiz orduan oinak apuntatzen aritzen ginela. Ikusten nuen aldamenean epaile guztiek oinak apuntatzen zituztela eta zentzugabea ere iruditzen zitzaidan, pentsatzen bainuen akaso nahikoa zela hori batek bakarrik eginda, ezta? Besteek egiten zutenez, nik ere bai, baina ez nion zentzu handirik ikusten».

Amurizari berez ez omen zaio inoiz gustatu epaile lanetan aritzea. 1967ko finalean, Xalbadorren txistuen finalean, ez zuen une gozorik pasatu. «Oso gogorra izan zen. Ni oso gaztea nintzen eta konturatu nintzen han zerbait oso larria gertatzen ari zela. Baina nik ezin nuen ezer egin, gaztea nintzen, besteen gerizpean nengoen, han baziren adinez eta izenez ni baino askoz handiagoak ziren beste euskaltzain batzuk, eta apur bat larrituta sentitu nintzen… oso gaizki sentitu ginen denok. Gerora final hori epaitu eta baloratu izan dut, zenbakiak eman izan ditut. Eta garbi daukat Xalbadorrek inoiz txapela irabaztea merezi bazuen, orduan izan zela. Baina txistu haiek entzun eta gero txapela eman izan bagenio, lintxatuko gintuzten. Nire epaile ibilbidean oso kapitulu latza izan zen. Baina ez nuke esango horregatik utzi nuenik epailetza. Ez nuen ikusten epailetza nik egiteko gauza zenik, eta gustatu ere ez. Gainera, egitekotan, nahiago nukeen bakarrik egin taldean baino. Baina beti defendatu ditut epaileak, txapelketan epaile aritzeko adorea eta borondatea behar delako, eta han jarri egin behar delako. Txapelketan derrigorra da epaileak egotea, eta horregatik defendatu izan ditut».

Gerora ez du inoiz epaile egin, «nahiz eta askotan eskatu didaten». Berak garbi dauka, «nik epaile ez dut egin nahi eta ez dut gehiago egingo. Nik epaileak beti defendatu izan ditut, norbaitek egin behar duelako lan hori. Baina ez zitzaidan iruditzen bertsolari batek egin beharreko lana zenik. Igual egokituko zitzaidan nire lagunak epaitzea, eta ulertzen nuen banatuago egon behar zuela horrek. Nire izena beste toki baterako eta beste gauza batzuetarako zegoela ulertzen nuen».

Dena zegoen egiteko

Bertsolari Txapelketen antolaketa Euskaltzaindiaren eskuetatik Bertsozale Elkarte sortu berriaren eskuetara pasatu zenean, dena zegoen egiteko. 1986. urtea eta ondorengoak batzar, gogoeta eta erabaki urteak izan ziren. Herri desberdinetan maiz biltzen ziren bertsolariak, bertsozaleak, antolatzaileak, gai-jartzaileak, epaileak… ibiltzen hastera zihoan proiektu horren zutoinek nolakoak izan behar zuten eztabaidatu eta erabakitzeko. Eztabaidatu beharreko gai horien artekoa zen epailetza.

Nonbait, 1986ko txapelketari begira, eztabaida nagusi bat izan zen epaileen lanaren bueltan: Puntuak bistan eman edo ez. Azkenean, pentsatu zen puntuak bistan emango zirela eta esperimentu berri hori jarri zen martxan, nahi baino emaitza kaskarragoak eman zituena eta, beraz, errepikatu ez zena. Geroztik, epaileen puntuazioek publikoak izaten segitzen dute, edonoren eskura baitaude behin saioa bukatuta.

«Bertsolariek eta inguruko zaleek antolatu genuen txapelketa hura. Elkartea ere hortxe-hortxe ari zen sortzen. Bazen epaia jendearen aurrean erakutsi behar zen ustea eta horrela egin zen. Epaileek puntuazioa zehazten zuen txarteltxo bana erakusten zuten bertso bakoitzaren amaieran. Berehala ikusi zen ez zela egokia eta nahiko zentzugabea ere bazela. Epaileek eta bertsolariek ikusi aurretik publikoak ikusten zuen puntuazioa. Epaile bakoitzak bere puntuazioa zekien, baina ez ondokoarena. Eta bertsolariek ere ez zuten ikusten. Esperimentu itsusia izan zen eta ez zeukan zentzurik. Jendea aztoratu egiten zen, iskanbilatxoa sortzen zen…». Esperimentu hura ez da gehiago errepikatu.

Joseba Santxo: «Txapelketa bakoitzak izan du leitmotiv modukoa»

Joseba Santxo 1993. urtean izan zen lehenengoz epaile Txapelketa Nagusian, Andoni Egañaren lehen txapelean hain juxtu. Geroztik Txapelketa Nagusi guztietan aritu izan da, 2013. urtekoan izan ezik. Azkenengo Bizkaikoan, 2014. urtean, berriz eseri zen epaileen mahaian, eta berriz martxa betean dagoela esan digu.

«Ni iritsi nintzenean bazegoen epai irizpideen zirriborro bat, aurreko txapelketatik zetorrena, eta buru-belarri sartu ginen horren gainean lanean. 1993koa zehaztapen maila handiko pausoa izan zen edo, behintzat, horretarako ahalegina. Nik esango nuke gaur egunera bitartekoak handik tiraka osatu direla. Izan ere, txapelketaz txapelketa epai irizpide haietan zehaztutako puntuak fintzen joan gara», hasi da kontatzen.

Santxoren esanetan, «txapelketa bakoitzak izan du leitmotiv modukoa», hausnartu, aztertu eta findu beharreko irizpide bat. Eta horien errepasoa egiten lagundu digu eskarmentu handiko epaileak.

1993, akastegia eskuan

1993an Egañak bere lehen txapela jantzi zuen, baina hori baino askoz gehiago ere egin zuen, bertsogintzari pausaje berria ekarri zion. «Aurreko txapelketa bietan bertsolaritza klasikoa zen erreferentea, bertsolari klasikoek egiten zuten guztiak balio zuen, bertsolariak ez ziren erretorikoegiak, nahiz eta beren hitz jokoak eta egiten zituzten. Egaña heldu zenean mahai gainean sekulako baliabide katalogoa jarri zuen; oso zorrotza zen errimetan, oso zorrotza zen irudietan… bertsogintzak dimentsio pila bat harrapatu zituen eta epaileak horrekin ohartu ginen. Akatsen eta balioen tipifikazioa egiten saiatu ginen, batez ere akatsena, garrantzitsuagoa jotzen baitzen justizia buruan potoa zenbaterainoko akatsa zen ebaztea eta zelan zigortu behar zen erabakitzea. Nolabait ‘akastegia’ osatu genuen eta hori eskuan ibiltzen ginen epaileak».

1997, hizkera naturala vs hizkera behartua

1997an, Egañaren bigarren txapelak beste buelta bat ekarri zuela gogoratu du Santxok. «Hizkera naturalaren aldeko joera etorri zen. Epaile askok esaten zuten batzuetan berba behartuegia zela, ahozko hizkeran sekula esango ez zirenak esaten zirela bertsotan. Eta, noski, bestelako jarrera ere bazen taldean, bertsoa berez hitz behartua zela esaten zutenena. Urte hartako eztabaida horren bueltakoa izan zen. Eta hizkera naturalari lotuta euskalkien inguruko eztabaida ere piztu zen. Eta erabaki zen hizkera naturala estu lotuta zegoela euskalkiarekin, eta Txapelketa Nagusian edozein euskalki erabil zitekeela, beti ere hizkera natural horri lotuta bazetorren. Hori epaileentzat gehigarri bat izan zen, bizkaitarra Bizkaiko euskalkian aditua zelako, baina ez beste euskalkietan. Baina esan daiteke urte hartan euskalkien onarpen zabal bat izan zela».

2001, zigortu edo saritu?

2001. urtean epaileen jarrera aldaketa bat etorri zen. Epaileak ohituta zeuden akastegia eskuan zutela aritzen, batetik potoa, bestetik hizkera behartua… eta esaten zen epaileak zigortzen oso finak eta zorrotzak zirela, baina saritzeko orduan ez zirela eskuzabalegiak. Lehen akastegia bezala, urte hartan meritutegia osatu zuten epaileek. «Zer saritu behar da? Galdera horri tiraka beste balio batzuk etorri ziren epai irizpideetara; orijinaltasuna, ideia berriak, gaiari ikuskera propiotik eustea, paperean ondo sartzea… horiek guztiak merituak ziren eta, beraz, guk saritu beharrekoak ziren». Epai irizpideen inguruko eztabaidak aberatsak, zabalak eta ertz askotakoak izan dira, bertsogintzaren alderdi asko ukitu dituztenak. Santxoren hitzetan, «gogoan daukat testuinguru horretan eztabaida izan genuela bertsokera klasikoaren eta neurri luzeen gehiegizko erabileraren inguruan. Neurri luzean kantatzeko joera zabaldu zen bakarkako gaietan. Bertsolariak esaten zuen ‘ni arriskatu egingo naiz’. Eta zer zen arriskatzea? Bederatzi puntukoa abestea, betelan izugarria eginez…. Hor autokritika egin genuen, iruditzen zitzaigulako pekatu horretan jausten ginela; neurri luzea=puntu asko. Eta kartzelako gaietan oso nabarmena zen joera hori. Gogoeta hori hortxe gertatu zen».

2005, baliabide paratestualak

2005ean, komunikazioa ardatz hartuta, plazako bertsolaria vs txapelketako bertsolaria izan zen hausnarketaren muina. «Zergatik gertatzen zen plazan sekulako komunikatzeko gaitasuna zuen bertsolariak, jendea barre batean jartzen zuenak, txapelketara etorri eta saio lehorrak, luzeak eta sufritzekoak osatzea? Badirudi gehienbat formazko testuak epaitzen ari ginela eta, ondorioz, maiz bertsolariaren komunikatzeko gaitasuna kamustu egiten genuela. Eta komunikatzeko gaitasun hori kontuan hartuko genuela eta saritzeko modukoa ere bazela aldarrikatzen hasi ginen, baldin eta ganoraz eta era justifikatuan egiten bazen. Eta neurrian, noski. Eta horrek beste barne gatazkatxo bat sortu zuen, batzuek esaten baitzuten gehiegi erabiltzen zirela baliabide paratestual horiek. Mahaiaren gainean kontzeptu berri bat jartzen zen aldiero, horrek eztabaida sortzen zuen gure artean, iritzi desberdinak pizten zituen eta hausnarketarako bide aberatsa zabaltzen zuen. Uste dut aurrerapauso handia izan zela onartzea bertsolariaren jarduna ez zela bakarrik testu mailakoa, baizik eta dimentsio askoz handiagokoa».

2009, sentsibilitate bainu ederra

2009. urteko txapelketan etorri zen gero, Maialen Lujanbioren lehen txapela. Ordurako bertsolaritza bidea egiten hasia zen jendarteko balio justiziazkoak, berdintasunezkoak eta parekideak ibiltzen. «Gogoan dut komunikabideek nabarmentzen zutela nola bertsolaritzak bere egin zuen gizartean ematen ari zen balio aldaketa eta balioen berrirakurketa. Bertsolaritzak gaurkotze hori oso ondo egin zuela nabarmentzen zen, gaietatik hasi eta gai horiek tratatzeko moduekin segi. Gaiei eta jarrerei beste buelta bat emateko sentsibilitatea zabaldu zen, topikoetatik ihes egitekoa, era guztietako gaietan, gainera. Urte horretan bilakaera hori oso nabarmena izan zen gai-jartzaileen taldean eta bertsolarien jardunean ere garbi ikusten zen. Eta gu, epaile moduan, bilakaera horren jakitun ginen eta hori barneratzeko beharra ikusten genuen. Hemen gure eztabaida izan zen hori zenbateraino sartu gure irizpideetan. Finean, gai batean bertsolari bat rol baten barruan eta pertsonaia baten ahotik ari bazen, noraino zigortu bere hitzen egokitasuna balio horien arabera? Esaterako, rolarekin bat zetorren jarrera matxista bat agertzen bazuen, zigortzeko modukoa al zen? Eztabaida hori jarri genuen mahai gainean, baina ez ginen inongo ondoriotara iritsi eta ez genuen inongo modutan tipifikatu edo zenbakitu. Baina, guretzat, epaileontzat, sentsibilitate bainu eder bat izan zen, gogoeta ariketa interesgarria. Gizartean ematen ari zen aldaketaren isla izan zen hori, ez guk sortua, baizik eta guk jasoa. Bertsolariak izan ziren prozesu horren liderrak eta guk estimatu eta baloratu egin genuen beren saiakera».

2013, denboraren irizpidea fintzea

2013. urtea, azken Txapelketa Nagusia. «1993. urteko epai irizpideen zirriborro hura oso garrantzitsua izan da geroztik. Urte horretan gai berririk ez zegoenez mahai gainean, orduko puntu guztiak errepasatu eta berrikusi genituen. Errepaso orokor horrez gain, beste kontzeptu berri bat ere sartu zen urte horretan: Denbora. Ohartuta ginen bertsolari askok, txapelketan puntuak jokatzen ari zirela-eta, astiroago kantatzen zutela, bertsoa hasi aurretik denbora asko hartzen zutela pentsatzeko, bertso eta bertso tarteko denbora ere luzatu egiten zutela, erantzuteko erritmo geldoagoa zeukatela…Hori noraino eta nola zigortu egon ginen hausnartzen eta hortik atera zen minutaje zehatza. Dagoeneko epai irizpideetan zehaztuta dago denboraren kontu hori».

Horrez gain, irizpideen errepaso orokor horretan errimategiaz ere aritu ziren. «2005ean baliabide paratestualak batzean bazirudien forma sakrifikatu zitekeela komunikazioaren alde. Eta horretan ere oreka bat topatzearen garrantziaz aritu ginen», nabarmendu du Santxok.

Irizpideen errepaso horretan orokorra izan zen oreka topatzearen nahi hori, baita euskalkien erabilerari dagokionez ere. «Zehaztu genuen euskalkiak erabil zitezkeela, baina beti ere koherentzia baten barruan». Eta dialektikaren garrantzia ere jarri zen mahai gainean; gaia zabaltzea, albokoari laguntzea, umore kolpeak, norberaren nortasunetik aritzea…

Azken aldiko eztabaidarik biziena gaien ingurukoa omen da. Gaiak hainbeste zabaldu direnez, bertsolaria gaiaren barruan edo kanpoan dabilen irizpide garrantzitsua bihurtu da.

Joseba Santxok egindako laburpen argigarriak garbi uzten du maiz epaileen mahaitik kanpo ikusten ez dena: Epailetza erabat lotuta dago plazako jardunari eta bertsozalearen sentsazioei. Eta aldian-aldian beharrezko ikusi dituen eztabaidak piztu eta bideratu ditu, eta ondorioak epai irizpideetan jaso.

«Epaileen mahaian gozatzera iritsi naiz»

«Kanpotik ez dakit zelan ikusten den, baina epaileok trebakuntza saio ikaragarriak egiten ditugu; batzuk beste batzuk baino emankorragoak. Baina orduetan egiten dugun kontraste lan horrek asko aberasten eta zailtzen gaitu epaile bezala», nabarmendu du Santxok.

Eta hori guztia ikusita, trebakuntza saio luzeak eta sakonak, epaileen lana denen ahotan egotea, epaiarekiko desadostasunak digeritzea… lortzen al du epaileak bere lanarekin gozatzea?

«Puntu batetik aurrera bai. 1993. urtean lehen aldiz aritu nintzenean, asko akuilatu behar izan ninduten animatzeko eta oso jarrera apalarekin joan nintzen. Aurretik, 1991n, Bizkaiko Txapelketan epaile aritzeko eskatu zidaten eta ezezkoa eman nuen. 1993an epaile joatearen arrazoi nagusia asko ginela izan zen, taldea ginela. Urte hartan epaile taldeko gazteena izan nintzen, 31 urterekin –eta azkeneko Bizkaiko Txapelketan, 2014. urtean, epaile taldeko zaharrena izan da–. Lehen urte hartan beldurtuta sartu nintzen taldean, baina, berehala, harrituta geratu nintzen han zegoen mailarekin. Egia da lehen urte hartan kikildu samar sentitu nintzela. Baina txapelketaz txapelketa gero eta gaiago ikusi dut nire burua epaile lanetan, eta gero eta erosoago sentitu naiz. Lagunek askotan esaten didate, ‘zelan okurritu zaik lan horietan sartzea?’. Eta nik beti erantzuten diet kanpotik era batera ikusten dela eta barrutik beste batera. Barruan oso-oso giro ona izaten da, hor gauden guztiak oso bertsozaleak eta euskaltzaleak gara, eta hizkuntzarekin gozatu egiten dugu. Urteen joanean, epaileen mahaian gozatzera iritsi naiz, eskarmentuak ematen duen lasaitasun horri esker, sekulako gozatuak hartu ditut bertsoak epaitzen. Eta nik behin eta berriro esango dut, nahiz eta bidean estutasunak ere izan diren, ez dagoela gozamen handiagorik Euskal Herriko final bat epaitzea baino».

Epaile bakoitzak bertsoak epaitzen ditu, ariketaz ariketa. Eta epaileak ez du jakiten azken batuketak zer esango duen, txapela noren burura joango den. «Eta batzuetan ezustekoak izaten ditugu. Baina hori erabat asumituta daukagu, eta hortik abiatuta, bakoitza bere lanarekin ahalik eta gehien gozatzen saiatzen gara», jarraitu du epaileak.

Joseba Santxoren hurrengo hitzordua, segur aski, datorren Bizkaiko Txapelketa izango da. Eta datorren Euskal Herrirako ere prest dago. «Gozatu asko eta sufritu gutxi egiten dudan puntura iritsi naiz. Eta urteotan hartu dudan eskarmentuak ere mesede egiten didala uste dut».

Felix Irazustabarrena: Eman behar denean, eman, eta kendu behar denean, kendu

1993an hasi zen Felix Irazustabarrena epaile lanetan. Geroztik, askotan eseri da epaileen mahaian. Azkena, oraintxe, Gipuzkoako Txapelketan ari da. Pasadizo gisara kontatu digu bere ibilbidearen berri ematen duen datua: 1995eko txapelketan Mikel Aizpuruarekin aritu zen epaile taldean eta urte hartan jaio zen Mikelen semea Antton. Aurtengo Gipuzkoakoan, Antton eta Felix elkarrekin ari dira epaile taldean.

Patxadatik eta eskarmentutik hitz egiten du epailearen jardunaz, beti denen gustura egin ezin dela onartuta, baina beti ahalik eta justuena izatearekin tematuta. Behin saioa bukatuta gertuen dagoen tabernan lasai ederrean geratzen den epaile klasekoa da Irazustabarrena.

2005ean epai irizpideen inguruko liburuxka bat osatu zen elkartearen baitan eta hori idaztearen ardura Felixena izan zen. Urte batzuk aurretik zetorren hausnarketaren ondorioak jaso zituen argitalpen horretan.

«1993an sartu nintzen ni epaile taldean. Garai hartan taldea pixka bat berritu egin zen eta berrikuntza batzuekin hasi ginen. Adibidez, epaileak entrenatzen hor hasi ginen, eta baita txapelketatik kanpo biltzen ere. Erabaki genuen txapelketak ez zeudenean ere bagenuela lana trebatzen, eta epai irizpideak errepasatzen eta fintzen. Eta horretan hasi ginen. Talde izaera eta trebakuntza jarraitua izan zen gure taldearen oinarria».

Urteen joanean epai irizpideak aldatzen eta moldatzen joanagatik, epaitzearen oinarrian beti dago mami bera: epaileari zer eta nola transmititu dion bertso horrek, eta hori gustatu zaion edo ez. «Trebatzeak eta irizpideen jorratzeak ekartzen duena da kontziente izatea zergatik gustatu zaizun eta zergatik ez. Eta kontziente izate horrek errazagoa egiten du gero sentsazio horiek zenbakietara pasatzea», iritzi dio Irazustabarrenak.

Finean, bertsoak pizten duen sentsazioa beti da subjektiboa, «eta epailearen lana da sentsazio subjektibo hori irizpide ahalik eta objektiboenekin neurtzea. Entrenamenduetan-eta mahaiaren bueltan esertzen garenean, subjektibotasun hori ahalik eta gehien objektibizatzen saiatzen gara, horren inguruan eztabaidatzen, denon artean. Eta, ondoren, berriro egokitzen zaio epaile bakoitzari eseri eta bere subjektibotasunetik aritzea, beretik aritzea, bakarka».

Aurretik, bitartean eta ondoren. «Saioen ondoren ere biltzen gara eta, normalean, puntuak ematerakoan desberdintasun handienak izan diren saioak aztertzen ditugu. Zergatik gertatu da horrela, zergatik gustatu zaigu edo ez zaigu gustatu. Baina behin ariketa hori bukatuta, garbi izaten dugu berriro ere horrela izan behar duela, berriro desberdintasun horiek gerta daitezkeela, epaile bakoitza beretik jarduten delako. Eta hala behar du, gainera, bestela epaileen homogeneizazioa gerta daiteke, eta alferrik egongo ginateke bost epaile berdin. Horrela izatekotan, nahikoa litzateke epaile bakarrarekin. Nik garbi daukat, eta hala esaten diet gainontzeko epaileei, norberaren subjektibotasun horri eman egin behar diogula. Zerbait gustatu bazait gora egin behar dut, eta ez bazait gustatu, behera».

Ardura handiko lana da epailearena, baina urteen joanean Irazustabarrenak lortu du lan horrekin gozatzea. «Ardura da zalantzarik gabe, baina, era berean, bertsoak entzuten ari zara, eta horiekin gozatzen duzu. Ez dut lan oso gogorra bailitzan hartzen, nahiz eta beti izaten diren estutasunak. Txapelketan guk fase osoak epaitzen ditugu eta noizbait gertatzen zaizu, fasearen amaieran, buruan sartzen zaizula ez daukazula marjin handiegirik, eta sufritu egiten duzu pentsatzen ezin duzula puntuak gora eta behera botatzen hasi. Estututa eta puntuak eman edo kentzeko beldurrez zaudenaren sentsazio hori ez da atsegina. Baina, normalean, ez dut sufritzen epaile lanetan ari naizenean».

Martxan den Gipuzkoako Txapelketan epaile beteranoena bera da. Gainera, aurtengo txapelketan dezente berritu da epaile taldea, jende berria eta gaztea sartu da, eta emakume asko ari da esertzen historikoki oso gizonezkoena izan den mahaian. «Azken bolada honetan oso jende gaztea eta ona sartu da epaile taldean. Bertsolaritzaren maila gora egiten ari den neurrian —bertsolari on gero eta gazteagoak daude—, bertso ezagutzan ere igarri da hori. Gazte horiei ematen diedan aholkua lehen aipatu dudan bidetik doa; eman behar denean eman eta kendu behar denean, kendu. Ez beldurrik izan subjektibotasun horretatik emateko. Izan ere, iruditzen zait arriskutsuagoa dela tartean geratzea, ez goraegi eta ez beheraegi. Tartean geratzea beti arriskutsuagoa da edozein gorabehera txikik sailkapen osoa hankaz gora jar dezakeelako, lehena behar zuen bertsolaria azkena utziz edo alderantziz. Subjektibotasun eta autokonfiantza horretatik jarduteko aholkua ematen diet nik».

Bertsogintzan maila gero eta hobea dago eta horrek zaildu egiten du epaileen lana. «Beharbada akatsak minimizatzen ari dira. Denek egiten dute bertsotan, eta ondo gainera. Hortik aurrera, maiz detaileetan dago desberdintasuna; tonuan asmatu ote duen, erregistroa egokia iruditu ote zaizun, sinesgarria egin zaizun esaten duena… gauza horietan dago desberdintasuna», esan du Felixek.

Asier Ibaibarriaga: Zentzu kritikoa izateko gaitasuna

2000. urtetik dabil Asier Ibaibarriaga Bertsozale Elkartearen inguruan. Egun, Bizkaiko elkartearen lehendakaria denak, lan handia egin du epailetzaren inguruan. Trebakuntza jarraitutik eta epai irizpideak etengabe zorrozteko ariketatik etorri da epailetzaren profesionalizazioa neurri handi batean. Eta horretan parte handia izan du Asier Ibaibarriagak, Arkaitz Goikoetxearekin eta beste askorekin batera.

Ibaibarriagari bota diogu galdera: Zein izan daiteke epaile? «Epailea da zentzu kritikoa izateko gaitasuna duen edonor. Oso bertsozalea izan behar du, bertsolaritza hurbiletik ezagutu behar du, bertsolaritzaren kolore desberdinak ezagutu behar ditu… Izan ere, epaile batek parean kolore oso desberdinak topatuko ditu, mezu eta estilo desberdinak, eta horietako batzuk bakarrik gustatzen bazaizkio erabat horietara lerrotuko da. Baina edozein bertsozale, zentzu kritikoa eta erabakitzeko gaitasuna duena, izan daiteke epaile. Iritzia izatetik zenbakiak ematera pasatu behar du, eta hori da, hain juxtu, zailena».

Entzuleak bertso baten aurrean epaitzeko ariketa egiten du etengabe, bertso hori gustatu zaion edo ez erabakitzen du, iritsi zaion edo ez. Beraz, hortik abiatuta, eta beharrezko trebakuntzarekin, ateak zabalik dituen alorra da epailetza. Hala ere, ez da hain erraza izaten epaileak topatzea. Normalean, ez dira borondatez etortzen, proposamena egin eta “ehizatu” egin behar izaten dira. «Saioan libretarekin ikusten ditugunak epaile izan daitezke eta saiatzen gara jende hori erakartzen. Saioa amaitzean gerturatu eta ‘ni ez nator bat emandako epaiarekin’ esaten dutenak ere egokiak izan daitezke. Baina egia da normalean erakarri egin behar direla, ez direla berez etortzen», kontatu du Ibaibarriagak.

Behin epaile taldera ekarrita, trebakuntza saioak hasten dira. Askotan, Asierren eskutik jasotzen dute epaile berriek lehen ongietorria. «Hasieran epailetzaren sekretu batzuk konpartitzen ditut beraiekin, zenbakiak eta alderdi teorikoa geroago etortzen dira. Eta, batez ere, saiatzen naiz transmititzen talde bat garela, momentuan epaitu behar dela eta sentsazioak momentukoak direla. Eta behin epaia emanda, horri bueltak ematea alferrikakoa izaten dela».

Epailetzaren sekretu horiekin harrituta geratzen omen da jende asko; «asko, harritu egiten dira epaitzearen mekanismoarekin berarekin. Askok pentsatzen dute ariketaz ariketa zuzentzeko aukera daukagula. Edo epaile bakoitzak irizpide bat epaitzen duela. Eta ez da horrela. Epaile bakoitzak irizpide guztiak epaitzen ditu ariketa guztietan, eta epaia eman orduko, ariketa bukatu orduko, papera idazkariak jasotzen du eta ezin da emandako epaia zuzendu edo aldatu. Horregatik, gehienetan, epaileak izan dezake sentsazioa saioa nondik nora doan, baina erabat ziur jakin gabe puntuazioa nola doan. Beste epaileen puntuazioa ez du ezagutzen, eta berak emandakoa ez dauka begien aurrean. Eta horrek laguntzen du saioa ez baldintzatzen. Jakingo bagenu nor doan lehenengo eta nor bigarren, horrek baldintzatu egingo luke epaileen jarduna. Modu horretan eginda lortzen da epailea egoeratik aldentzea».

Arduratik egiten du lan epaileak, zertan ari den badakienaren segurtasunetik. Eta hori lortzeko, noski, trebatu beharra dago. Alegia, edozein izan daiteke epaile, baina epaile izan nahi duenak bide bat ibili behar du. Epailearen profesionaltasuna eta prestakuntza defendatu behar dira.

Horretarako, formakuntza eta trebakuntza saioak txapelketa baino urtebete lehenago hasten dira.

«Hasieran gozotasunetik hurbiltzen saiatzen naiz, epailetzaz kontu batzuk esaten. Gero etortzen dira maila teorikoa eta zenbakiak. Baina hasieran suabe hurbiltzea garrantzitsua da, inor beldurtu edo larritu ez dadin. Epailetzaren alderdi teorikoa ez baita hain samurra. Hasiera batean egiten duguna da bertso saioak entzun eta horiek aipatu. Zer gustatu zaizu? Zer ez? Zergatik? Nola baloratzen da hau? Eta nola bestea? Ideia truke bat izaten da hasieran, denok eroso sentitzeko. Hortik aurrera, fase desberdinak hasten dira herrialde mailan. Epaileak trebatzen dira, eta txapelketan zein epaile eta zein fasetan arituko diren erabakitzen da. Baina trebakuntza hori urtebete ingurukoa da».

Txapelketako epaile taldeak finkatzeko orduan gauza desberdinak hartzen dira kontuan; eskarmentua, entrenamenduetan agertutako nortasuna, segurtasuna… «Trebakuntza saio horietan asko ikasten da ondokoarekin, besteak nola epaitzen duen ikusi eta norberak bere epaitzeko era definitu behar du. Taldea osatzerakoan kolore desberdinak ere hartzen dira kontuan, eta kolorea ematen du adinak, generoak, ibilbide profesionalak…». Historikoki gizonezko gehiago aritu izan dira epaile lanetan, baina azken urteotan aldatzen ari da panorama, eta gero eta emakume gehiago ari da gerturatzen epailetzara. Gipuzkoako aurtengoan, esaterako, emakume dezente dabiltza. 19 epaileetatik 8 emakumeak dira.

Kolore aniztasunaren garrantzia

Bertsolaritzaren koloreak aipatu ditu Asierrek. Eta bertsolaritza koloreaniztuna bada, oso garrantzitsua da epaile mahaia ere halakoxea izatea. «Helburua da epaile taldean kolore desberdinak egotea; adinagatik, generoagatik, ibilbide pertsonalagatik eta baita ibilbide profesionalagatik ere. Bakoitzak bere mundu ikuskeratik epaitzen du, zalantzarik gabe. Edozein lanbidetan dabilena izan daiteke epaile, baldin eta bertsozalea bada, eta zentzu kritiko hori baldin badu. Kolore desberdinak izatea oso garrantzitsua da», nabarmendu du Ibaibarriagak.

Asierrek ederki daki zer den epaile baten azalean egotea, eta, kanpotik bestela ikus daitekeen arren, patxada dezentez bizi du epaileak bere lana; ardura handiz, baina larritasunik gabe. «Epaile talde barruan ez da egoten ‘hemen egurtu egingo gaituzte’ sentsaziorik. Epaileak badaki lana eginda doala, prestatuta doala, eta lanera doala. Eskertzen da, noski, norberak emandako epaia eta publikoaren sentsazioak bat datozenean, horrelakoetan ondo egin duzun sentsazioarekin joaten zarelako. Gogorragoa da, noski, publikoak eta bertsolariek ez dutenean zure epaia edo sentsazioa partekatzen. Baina, tira, ez da biktimismorik izaten. Eta ez da epaitzeko beldurrik izaten. Ez zaigu inoiz gertatu jendea oldartzea edo modu txarretan gerturatzea».

Asier Ibaibarriaga bada saioaren aurretik epaileak gozatzera gerturatzen den horietakoa, ondo dakielako zein esker txarrekoa eta, era berean, zein beharrezkoa den lan hori. Iñaki Muruak ere oso ondo egiten du lan hori, epaileei babesa ematekoa, eta Imanol Lazkanok ere asko lantzen zuen epaileak zaintzeko lana. «Saioaren hasieran, eta batzuetan bukaeran ere, epaileengana gerturatu eta babesa eskaintzea, esatea badakizula ondo prestatuta daudela, oso garrantzitsua da», nabarmendu du Asierrek. Izan ere, bertsolaritzak maila izugarria du, akatsak apenas dauden, eta, maiz, detaile txikiak dira txapela bati eta ez besteari ematen diotenak.

«Gauza asko aldatzen ari dira. Esaterako, ingelesezko hitzak sartzea begi onez ikusten dugu, baina gaztelaniazkoak sartzeak min ematen digu. Zergatik? Edo Peñak latinezko hitzak sartzean ondo hartzen da. Eta gaztelaniarekin zorroztasun handiagoa izan da. Baina ahozko hizkeran mailegu horiek barneratuta dauden neurrian, akaso beste era batera baloratu beharko dira. Eta herrialdearen arabera ere asko aldatzen da panorama, egoera soziolinguistikoa desberdina den neurrian.

Sasoi batean hizkuntzarekiko zegoen zorroztasun hori malgutzen eta moldatzen ari da».

Horra, akaso, datorren epai irizpideen orrazketan mahai gainean agertu daitekeen kontua. Ikusiko da.

Epaileak beharrezko duen beste tasun bat azkartasuna da. Bertso bat entzun eta segidan dator hurrengoa eta epailea ezin da kateatuta gelditu. «Bertsoak segidan entzun, aurrekoaren erreferentziak kontuan hartu, bertsolariak gaia ondo ulertu ote duen erabaki… baina, bitartean, saioa aurrera doa eta azkartasuna behar da erabakiak hartzeko, bertso asko entzuteko, bertso batean korapilatuta ez geratzeko… Hori guztia, noski, entrenamenduak ematen du, mendian ibiltzen denari ematen dion bezala».

Trebatu, entrenatu, etengabe formatu. Eta gozatu? Gozatzen al du epaileak? «Hori norberaren araberakoa da. Nik, pertsonalki, gozatu izan dut. Baina hori norberaren izakerarekin dator, jarrera ere garrantzitsua da-eta. Oso lotuta eta akatsak topatzera joaten bazara, nekez gozatuko duzu. Aldiz, ondo egindakoak baloratzera eta edertasuna ikustera joaten bazara, akaso lortuko duzu gozatzea. Nik beti esaten diet epaile berriei; joan gozatzera eta, zuzentzera baino gehiago, bertsoa baloratzera. Eta edertasuna baldin badago, igo puntuak, akatsak daudenean jaisten diren moduan. Bestela, askotan zuzentzaile bihurtzen gara, eta ez epaile».

Epaile bakoitzak beretik egiten du, eta kolore hori agertzen da puntuazioan. Publikoan ere kolore desberdinak daude. Bateko ikuskerak eta bestekoak kontuan izanda, normalena da, beti, norbait desados egotea. Baina Ibaibarriagak nabarmendu duenez, azken urteotan lan handia egin da publikoan dauden kolore desberdinak epaileen artean ere egon daitezen. Beraz, asko ireki da epaile mahaiaren ikuskera-sorta.

Zer gustatzen zaizu? Arina, sakona, drama, komedia, deseroso sentiarazten zaituena, zure ikuskera partekatzen duena, espero zenuena kantatzen duena, espero ez zenuena?

Zaila da bertsoa epaitzea, ezinezkoa, segur aski. Baina txapelketan beharrezkoak dira epaileak. Norbaitek erabaki behar du txapela nork jantziko duen.

Jon Agirresarobe: «Epaitzea ere bat-bateko lana da»

Epai irizpideak gauza bizia dira, bertsogintzaren aldaketa eta joerei gertutik begiratu eta horien arabera aldatzen baitira. «Txapelketa batean nabarmen geratzen da halako bertsolarik denbora asko hartu duela bertsoa hasi baino lehen. Eta alarma pizten da. Hori finkatu beharra dago. Familia txiki hau elkartu eta, hurrengo txapelketarako, epai irizpide hori zehaztea erabakitzen du batzuekin eta besteekin gogoeta egin ondoren». Jon Agirresarobek emandako adibide horrekin garbi ikusten da epai irizpideak bertso plazari pegatuta daudela, aldiero beharrezko aldaketak, zehaztapenak, berrikuntzak txertatu ahal izateko. Izan ere, epaileen jarduna bertso plazaren sentsazioekin bat etortzea da helburua, eta horregatik jarduten dute etengabe irizpideak berrikusten. «Irizpide berriak sortu baino gehiago daudenak zehaztu egiten dira, normalean», esan du Agirresarobek.

Eta beti plazari begira egoteaz gain, tarteka, epai irizpideen berrikuste orokor bat egiten dute. «2009an egin genuen. 40 bat bertsozalerengana gerturatu ginen irizpideen inguruan ikusten zutena jakiteko; ‘denborarena findu beharra dago’, ‘boladetan errimetan baldar ibilitakoek puntuazio oso onak jaso dituzte’… eta antzeko iritziak jasotzen dira horrelakoetan. Hasi, esaterako, Imanol Lazkanorekin eta bertso eskolan dabilen gaztetxo batenganaino, berrogei bat laguneko abaniko zabala hartu —bertsozalea, bertsolaria, bertsolari izandakoa, epailea, entzulea, epaile ohia…— eta galdeketa egiten duzu, iritziak jaso eta zer hobetu ikusteko. Hori ez dugu txapelketa guztietan egiten, baina bai tarteka. Hurrena, esaterako, 2017ko Txapelketa Nagusia baino lehen egin beharko dugu, segur aski».

Epaileen jarduna oso bizia da. Txapelketan ez ezik, batez ere txapelketatik kanpo, etengabeko formakuntzan eta hausnarketan dabilen ofizioa da, nahiz eta gero lan hori guztia ez den inon ikusten, eta epaileen egitekoa esker txarrekoa izan. «Egia da ez dela luzitzeko lana. Baina elkartean, nolabait asmatu dugu mundu honetan ibili eta kantatzen ez dutenak bestelako zereginetara erakartzea; gaiak jartzera, epailetzara… eta guk gure aldetik jende hori babestu eta trebatu egin behar dugu. Ahalegin handia eskatzen du. Kanpotik eman dezake hamahiru irizpide ikasita nahikoa dela. Baina epaile dabilenak trebatu egin behar du, urte guztian plazan bertso saioak ikusi, tenplea izan behar du…».

Normalean, epailea ez da berez etortzen, erakarri egin behar da, «baina, normalean, erantzuna ona izaten da eta epailea ondo sentitzen da taldearen babesean. Ez da egiteko erraza, epailea beti dago denen jomugan, eta hori ez zaio inori gustatzen. Baina gaur egunean, epailetzari dagokionez osasun ona daukagula esan dezakegu. Gipuzkoako txapelketan, esaterako, talde ederra sortu da, epaile berriak trebatu dira, eta emakume asko sartu da taldean».

Epailearen lana borondatezkoa da. Ez dago soberan gogoraraztea. Eta epaileak eta gai-jartzaileak dira, hain juxtu, txapelketa abiatzen lehenak. Txapelketa baino hamar-hamabi hilabete lehenago hasten dira biltzen, entrenatzen, trebatzen. Behin txapelketa hasita, fase bakoitza epaile talde berak epaitzen du. Horrek esan nahi du sei-zazpi asteburutan jarraian —txapelketaren arabera gehiago edo gutxiago— hutsik egin ezineko lana dutela. Lan jarraia da eta, gainera, ez da batere lan erraza. «Epaileari eskatzen zaio, gainera, plaza ere jarraitzea urtean zehar. Txapelketatik kanpo bertso saioak entzutea egiteko garrantzitsua iruditzen zaigu gainera, epaileak bertso plaza desberdinen tenperatura har dezan eta ez dezan perspektiba hori gal».

Epaileak talde baten parte dira, eta lan asko egiten dute taldean, bai irizpideen erredakzioan eta bai trebakuntza fasean. Talde lana garrantzitsua da, baina badauka beste alderdi bat irristakorragoa. «Taldean lan egitearen arriskua homogeneizazioa da. Badago irizpide propioak galtzeko arrisku hori, eta hor epaile taldeak kolorea galtzen du. Oso ariketa garrantzitsua da taldean lan egitea eta, era berean, irizpide propioak mantentzeko lan egitea».

Hala ere, behin txapelketako saioan lanean hasita, epaile bakoitzak bere epaia ematen du ariketa bakoitzean; ez dauka ondokoaren epaiaren berririk, eta, ariketa bukatu orduko, idazkariari ematen dio bere epaia. Ez dauka, beraz, emaitza aldatu edo moldatzeko modurik. «Epailetza ere bat-bateko lana da. Edukia entrenatu behar da, irizpideak landu, egoten jakin behar da… Hori ikasi egiten da denborarekin».

Herrialdeka epaile taldeak osatzeko irizpideak aldatu egiten diren arren, gutxi edo gehiago adina, generoa, eskarmentua eta halakoak hartzen dira kontuan horiek osatzeko orduan. Hori bai, fase bakoitza epaile talde berak epaitu beharra dauka. «Euskal Herrikoan, saiatzen gara herrialdetasuna aintzat hartzen, egon dadila gutxienez herrialde bakoitzeko ordezkari bat. Eskarmentua izatea, noski, oso kontuan hartzen da. Generoa ere aintzat hartzen da, adina… badaude irizpide batzuk finkatuta eta horien arabera osatzen da fase bakoitzean epaile taldea. Euskal Herriko txapelketan epaile aritzeko, beharrezkoa da aurretik herrialdeko txapelketa pare batean aritu izana».

Saioaren aurreko baremo ariketa

Taldeko gogoeta, trebakuntza eta entrenamenduen ondoren, saioaren eguna heltzen da. Eta, saioan ere, epaile taldeak baditu bere errituak eta maniak. Agirresaroberen arabera, kontatu omen daiteke epaileak maniatikoak direla, «gero eta gehiago». Eta zerbait badaki Agirresarobek, txapelketako saioetako arima baita, toki guztietan eta detaile guztien gainean egoteko gaitasuna garatu baitu urteen joanean. «Epaileek, bertsolariek bezala, aparkatzeko tokia gertu izaten dute. Normalean, garaiz etortzen dira —saioa hasi baino ordubete lehenago—, eta kafea elkarrekin hartzen dute. Grazia egiten dit horrek. Bertsolariak bere kasa etortzen dira, baina epaileak taldean biltzen dira».

Kafea hartu aurretik, epaileentzat prestatutako tokia egokia ote den ikusten dute. «Publikotik babestuta egon behar dute, erdi ezkutuan —jendeak ez ditzala beren puntuazioak eta beren maniak ikusi— eta, era berean, oholtza ondo ikusteko moduan. Hor beti egoten da sesio txikiren bat…». Behin tokia egokia dela ziurtatuta, kafea hartzera joaten dira, taldean, eta, saioa hasi baino ordu laurden lehenago, baremazio moduko bat egiten dute. «Hau bada Asier Ibaibarriagak-eta ekarritako aldaketa bat. Nolabait, gremioaren profesionalizazioa-edo bultzatu zuten. Norabide horretan, saioa hasi baino ordu laurden lehenago baremo hartze bat egiten dute epaileek: Fase horretako lehen saioko lehen zortziko nagusiko ariketa entzuten dute entzungailuetatik. Eta ariketa horri jarritako puntuazioa aztertzen dute. Hartara, epaileek badakite nola epaitu zuten ariketa hori eta erreferentzia hori hartzen dute egun horretakoa epaitzen hasteko. Fase bakoitzean saio guztien aurretik egiten da baremazio hori, eta beti entzuten da fase horretako lehen saioko lehen zortziko nagusia. Horregatik, beti ikusiko dituzue epaileak saioa baino ordu laurden lehenago kaskoak jarrita, aipatu ofizio hori entzuten. Zer gertatzen da? Azkenerako, epaileek buruz dakizkite bertso horiek. Adibidez, azken Txapelketa Nagusian Villabonako saioa izan zen baremaziorako erabiltzen zena; Odei Barroso eta Alaia Martin. Azkenerako epaileek eta antolakuntzakoek buruz genekizkien sei bertso horiek».

Saioa hasi aurretik ohikoa da Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria epaileen mahaiaren inguruan ikustea. «Iñakik badauka ohitura bertso saioaren aurretik lanean ari den jendearengana gerturatu eta hizketaldi bat egitekoa. Eta epaileengana ere gerturatzen da, noski. Elkarteak hori zor die epaileei. Azken finean, nahiz eta elkartearentzat txapelketak bestelako helburuak dituen, txapelketa lehia da eta lehiak epaileak behar ditu. Garrantzitsua da epaileei egiten duten lana aitortzea, eskertzea eta haiengan konfiantza osoa erakustea».

Saioetan beti dago epaileez arduratzen den pertsona bat, haien ondoan izaten dena, unean unean zer behar duten ikusteko. Izan ere, epaile bat falta bada, saioa gelditu egin behar da. «Azkeneko Bizkaiko Txapelketan gertatu zen epaile batek larrialdi bat izan zuela, eta korrika altxatu behar izan zuela komunera, ondoezik sentitu zelako. Eta saioa geratu egin behar izan zen. Oso egoera arraroa izan zen, inork ez zuen ulertzen zer pasatzen zen, baina epaile bat faltatuz gero saioa geratu beharra dago. Egia da gutxitan gertatu direla horrelakoak, oso gremio serioa eta diziplinatua delako».

Behin saioa bukatuta, badaude profil desberdineko epaileak. «Badira saioa bukatu orduko isil-isilik joaten direnak; badira lehen tabernara beharrean, urrunxeago dagoen horretara joaten direnak; eta badira saioa bukatuta jende artean lasai ederrean egoten direnak, nahiz eta denak epaileei buruz hizketan egon. Hori, bakoitzaren izakeraren arabera, desberdin eramaten du epaile bakoitzak».

Saio eta saio artean, astean zehar, berriz biltzen da epaile taldea, aurreko asteburuan egindako lana berrikusi eta baloratzeko. «Balorazioa oso garrantzitsua da, puntuei begira baino, arrazoiketari begira. Interesatzen zaigu epaile batek eman duen puntuazioa baino zergatik eman duen arrazoitzea. Arrazoiketa horren inguruko eztabaidatik zorrozten eta fintzen dira hurrengo epai irizpideak».