[Harpideen gutunak] Inbidia samina (bekatu kapitala)

Miel Anjel Elustondo-(r)en argazkia Miel Anjel Elustondo 2026-09-17

Inbidia samina (bekatu kapitala) –

Denok ere jakin dezagun autoritateren bat baduzula iritzi emateko. Jakin baliteke, noizdanik irakurtzen duk Bertsolari aldizkaria?

Lehen zenbaki hartatik!

Urteak dira, horratik!

Ez gaituk bart arratsean jaioak.

Gogoratzen zara delako lehen zenbaki hartaz?

Ezta batere. Flako diat memoria, flako.

Ez ote duzu “flako eta sendo”, Axularrek idatzi zuen moduan?

Nahiago nikek! Sarako erretorea haragiaz ari zuan, eta haragikeriaz! Ni, flako eta flako memoriaz ari nauk.

Laster jakingo dugu hori ere. Ea, zuretzat: hiru bertso kantatzeko gaia, nahi duzun neurrian, nahi duzun doinuan…

Hi, jendaurrean halakorik ez, faborez. Idatziz, hainbestean, baina bat-batean, eta hemen?!

Barkatu, beste norabait joan zait burura neuri ere. Zera galdetu nahi nizun…

Hago pixka batean! Mañukorta bizarra egiten! Lehen planoko argazkia! Horixe zaukaat gogoan. Lehen zenbakiaren azala ez bada, hortxe-hortxe ibiliko duk.

Bejondeizula! Memoria flako?!

Hurrengo galdera.

Lehen zenbaki haren azala gogora ekarri diguzu…

…eta, hurrena, Mañu zein izan zen ere esan beharko dizuet. Munduaren martxa ikusita, alegia, gustura jakingo nikek Mañukortaren berririk baduan, edo baduzuen!

Utzi dezagun Mañu hildakoen bakean…

Hurrengo galdera, hi! Ez nabilek ni Gandiagaren modura, “denbora galdu alde”. Badiat egitekorik franko.

Harira! Lehen zenbaki hartatik hona, denak irakurri dituzu?

Baita zera ere! Non jaioa haiz hi, ordea? Nola irakurriko nitian denak! Ezta denak gainbegiratu ere! Behin baino gehiagotan gertatu zaidak aldizkariaren arrastoa galtzea. Han edo hemen utzi, eta jakin hezak!

Zertan jasotzen duzu aldizkaria etxean, orduan?

Orduan? Bahekike zenbat etxe eta zenbat atzera-aurrera ibili ditugun joan den berrogei urte honetan! Hortaz, aldizkaria jaso, ez jaso, batzuetan gehixeago irakurri diagu, besteetan gutxiago. Ba al dakik zenbat papertzar pila handia sartzen den gure etxera?

Eta, hortaz?

Hortaz, zer?

Zertarako jasotzen duzun aldizkaria etxean, alegia.

Bertsozalea naizelako, arraioa, Karmelo Etxegarairen aitzakiarik gabe.

Karmelo Etxegarairen aitzakiak?

Joxe Lizaso zenari galdetu!

Joxe Lizaso… hildakoen bakean da hura ere.

Bai. Abitainen. Azpeitian. Beste Abitain bat ere baduk Zuberoan. Nafarroa Beherea duk, beharbada.

Karmelo Etxegarairekin ari ginen…

Eta Joxe Lizasorekin. Biak azpeitiarrak.

Ez ni endredatu, gero! Zer galdetu behar diot, bada, Joxe Lizasori? Edo Karmelo Etxegarairi? Zeharo nahastu nauzu!

Joxe Lizasori entzunda zakiat nik, hark Karmelo Etxegarairi irakurrita-edo, ez zituela bertsolariak estima handian. Narrats, baxu eta arlote jarduten omen zitean…

Galdetuko diot hurrena, Azpeitiko kanposantura joaten naizenean.

Abitainera, bai. Eta, Joxerekin [Lizaso] hitz egin ondoren, idatzi artikulua aldizkarian: “Bertsolariak orain bezain estimatuak izan ez ziren garaia”, edo, akaso, hobeto, “Bertsolariek jasotako zaputzak”. Ez duk zeharo elegantea ere, baina egia, behintzat.

Nik aldizkariaz duzun iritzia jakin besterik ez dut nahi.

Galdetu, ba!

Horretan ari naiz, baina ihesi zabiltza, itzulinguruka!

Jira-bueltaka.

Ea, galdera zuzen egina: zer iritzi diozu gure aldizkariari?

Ederra, oso ederra zaidak.

Besterik ez diguzu esan behar?

Gutxi iruditzen zaik? Ederra duk Bertsolari. Gogo onez eta atsegin handian jasotzen diat. Aukeran, liburukote samarra. Oporretara eraman nahi, eta karga pisua dik. Baina, jakina, mamiz bete-betea duk, eta ezin txori-luma bezain arina izan. Doktore tesiak ere halakoxeak dituk, mardul-mardulak.

Doktore tesiak… horrek badu tolesen bat, ala?

Toles bat, edo bi!

Ez berriz ere eskapo egin. Zentratu, zer edo zer ganorazkoa esaten hasi zara eta. Segi iritzia ematen. Zentzatu.

Zentzatu? Oraintxe zentratu esan duk!

Faborez, iritzia…

Zer jakin nahi hukek?

Zein dira, adibidez, aldizkariari ikusten dizkiozun alderdi onak?

To ta no! Asko dituk! Azaletik beretik duk landua aldizkaria, eta ederra. Lehen ere esan diat hori. Conny Beyreutherren argazkiak, zoragarriak. Ilustrazioak, berdin. Artxibo argazkiak, ikusgarriak…

Genero ikuspegia, beti gogoan, are gehiago oraingo garaian hasierako hartan baino. Inaxi Etxaberen azala gogoan zaukaat. Eta Egileor handiarena! Eta hau eta hura!

Garai bateko azalak-eta ari zara famatzen.

Oraingoak ere famatu ezinik ez zaukaat! Ordukoak baino hobeak ere badituk, eta, sinistu, beti ez duk erraza!

Argazkiak egiten, behintzat, asmatu dugula esan nahi duzu…

Argazkiak azala dituk, eta argazki onak dituk Connyrenak, ikusgarriak. Artxibokoak, berdin. Esan diat lehenago ere. Papera bera, ona! Kalitatezkoa. Aukeran, pisu samarra. Azkena, ezin oporretara eraman, pisuagatik!

Azaletik mamira, faborez.

Letrak ere, santuak eta santak bezain egoki jarrita daudela esango nikek. Alegia, nire mailatik gora zagok aldizkaria, bikaina duk: erreportajeak, artikuluak, bertsoak, ilustrazioak… Bertsolariak eta bertsozaleak, eta haien senideak, eta bertsolariak lanean, eta bertsolariaren ingurukoak ere bertan: gai-jartzaileak, epaimahaiko eta gainerako abarra. Ez zakiat, aukeran, jaialdietan jarduten duten langile isil eta teknikariek ere tokia beharko liketek!

Inbidia samina (bekatu kapitala)
Egilea: Maitane Azurmendi

Zer falta du?

Ez zakiat ezer falta duen ere!… Tira, bazakiat zer duen faltan: bertso zaharren batzuk gogora ekartzea, jendeak kanta ditzan. Eta bertsolari eta bertsozale adinekoei —baita hildakoei ere—, elkarrizketak egitea. Historia bizia, alegia, edo, behin halako beste batzuek idatzi zuten modura, “metaforaren zaindariak” beti presente edukitzeko leiho bat.

Bertsolari hildakoekin elkarrizketak esan duzunez, urak zeure errotara eraman nahian ari zara, zeure buruaren ondran! 

Eta zer, ba, ez, bada? Horixe egin zenuten aurreko batean! Nik Uztapideren Sasoia joan da gero irakurri, handik balizko elkarrizketa bat asmatu, Berrian publikatu, eta zuek aldizkarian jarri. Aukeran, Maddi Agirre arabar gazteari Argian egindakoa ere jarri zenezaketen… Ari nauk, luze ere bai, eta Txirritak bezala esango diat: elektrikako maisuak ontzat hartu zian ur irakinaren negarra, eta nik ontzat hartzen diat, oso ontzat ere, Bertsolari aldizkaria. Erregalo hutsa diat, jasotzen dudan aldiro. Inbidia ere ematen zidak.

Inbidia sanoa…

Ez, ez, inbidia samina, bekatu kapitala! Eta badituk zazpi! Bekatu kapitalak, alegia: urguilua, abarizia, luxuria, inbidia, gormandiza edo gula, kolera eta auherkeria edo alferkeria. Ni, beraz, bekatari handi!

Inbidia samina (bekatu kapitala)  Inbidia samina (bekatu kapitala)  Inbidia samina (bekatu kapitala)  Inbidia samina (bekatu kapitala)  Inbidia samina (bekatu kapitala)