[Harpideen gutunak] Izan eta ari
Izan eta ari –

Behe laino artean hazi dena ez da geruza lanbrotsuaz behar beste ohartzen. Badakizue esaera: “Ez dakigu ura nork deskubritu zuen, baina ziur gaude ez zela arrain bat izan”. Azken hori gure ustezko deskubrimendu kate antropozentrista guztien erakusle dela, geure zilborraren mugak ere ez ditugu ikusten, inork pareko zilborretik salatu arte.
Aldizkari honen urteurrenaz pentsatuz ohartu naiz, deskubritu dut nola inguratzen ninduen behe lainoak bezala, ustez bertsozalea ez zen etxe hartan.
Bertsolaritza ikastetxean deskubritu eta zaletu nintzen garaian, ez nuen sentitzen nire ingurukoek zer zen bazekitenik (eta askok ez zekiten, hain zuzen). Baina bat-batean, txikitako kantu askok bertso neurriak dituztela ohartzen zaren moduan, ohartarazi zidaten gure osabarenean galdetu behar zela doinu edo errimen inguruko zalantzarik izanez gero: lehen bertso sorta idazten ahalegindu nintzenean bidali ninduten galderak erantzuteko gai ez ziren gurasoek harenera. Eta orduan edo geroxeago, osabaren bertsozaletasunarekin batera deskubritu nuen Bertsolari aldizkaria etxe hartan egon zela beti, behe laino fin baten pare.
Ez dut zehazki gogoan, baina Lazkano irudikatzen dut azal hartan, edo Joxe Agirre, edo auskalo… Nire haur begientzat gizon adindu horietako bat (bai, ez gara elkarren ordezkagarri garen bertsolari bakarrak izango, hauek ere izan ziren gure begiradarentzat elkarren sinonimo, puntu batean). Izan zitekeen Amuriza, edo Azpillaga. Lazkao Txiki ez. Hura marrazki bizidunetatik ezagutzen genuen. Ez alferrik, doinu hartan eta hari eskainitako sorta zen idatzi nahi izan nuen lehen hura. Oraindik gogoan dut sortako lehen puntua (bai, artean hasieratik hasten nituen bertsoak): Lazkao Txiki, Pello Errota, Txirrita bertsolariak… marrazki bizidunei esker nekizkien izen bakarrak. Azal hartakoa Murua ote zen? Mañukorta?
Bertso eskolan hasi eta puska batera, bertso eskolara bultza ninduen lagunaren etxean aurkitu nuen beste ale bat niri begira; oraingoan, ordea, neska gazte bat nuen aurrez aurre irribarrez, koaderno bat eskuetan. Lehen eskolartekoan parte hartu eta handien txandan kantuan liluraz entzun nuen ilehori bera. Ez nintzen aldizkaria ukitzera heldu, baina gogoan dut Bertsolari izenburuaren azpian neska gazte hura ikusteak eragin zidan ispilatzea.
Horrelaxe sartu nuen sudurra ordurako miresten nituen bertsolarien esparru pertsonalean (edo pertsonalagoan, behintzat). Harridura eragiten zidan bertsolari haien sukalderaino sartzen zen argazkiak, elkarrizketatzaileak. Gosez behatzen nituen artean hain urrun nituen artista haien irudi eta aipuak. Bazuen guilty pleasure moduko bat, lagunek Super pop eta Cuore erosten zituztenean zuten antzeko motibazioa zuelako hasieran nire interesak: bertsolarien estilismoari buruzko analisia, kaligrafiarena, bakoitzaren lanbidea, bakoitzaren inauteriko mozorroa, eta bertsolari aita-seme-alaben arteko elkarrizketak (ez, amarik ez zen aukeran orduan). Horrela jakin nuen eskolartekoan entzunak nituen Amuriza eta Arzallusen aitak bertsolariak zirela, pentsa!
Interesa eta ilusioa pizten dizun jendearen inguruan dena jakin nahi duzun garai hartan harrapatu ninduen aldizkariak eta eskatu izan nion lagunari ale bat edo beste uzteko, irakurtzeko. Aitarenak zirela esango zidan hark, baina beti irten nintzen begiz jotako zenbakia motxilan hartuta, aitak irakurtzeko astirik izan ote zuen edo ez kezkatu gabe.
Alez ale joan nintzen ikusten niri begitik sartutako gai pertsonal haiez gain beste gai mordoa lantzen zuela aldizkariak; eta horri esker, lehenengoz repentisten eta munduko bestelako inprobisazioen berri deskubritzen, eta marrazki bizidunik ez zuten gizon bertsolari edadetu haien izenak bereizten.
Zer diren gauzak. Gerora, urrundik miresten nuen komunitate horretako jendea ezagutzeko zortea izan dut eta, neurri batean, komunitate horren parte izatekoa. Bertso eskolara etorri zitzaigun eskaintzaren bidez harpidetu nintzen aldizkarira, behar baino beranduago (lagunaren aitarenak eskura nituzke orain ere, baina denborak eta eskarmentuak, edo Berriako zein Argiako eduki bakoitzarekin datorren babes eskeak bistaratuko zidan ekarpena egiteko premia).
Kontuak kontu, Bertsolari aldizkariaren ibilbidean bertsozale izateaz gain bertsolari izaterako pausoak eman ditut beste askoren ondoan. Bertsolari, ari ala izan? Ari naizela badakit, naizen… Bertsolari ote naizen galdetzen didaten aldiro sortzen zaidan zalantzaren aurrean, gogoratzen naiz nola orain ezagutu eta bereizten ditudan gizon adindu horien guztien ostean agertu diren beste zenbait kide, bertsolariaren irudian kabitzen den kolore paleta zabaldu didatenak, izateko eta aritzeko askotariko moduekin. Eta kolore gama hain da zabala, non ni ere kabi naitekeen. Eta gogoz nago ikusteko hemendik aurrerako azalek beste zenbati zabalduko dieten bidea, izateko eta aritzeko.

