Aspaldian
Rosi Lazkano
2025-11-07
Aspaldian –

Aspaldian, idazteari utzi xamarrik nago eta nondik eta nola abiatu ideia handirik ez daukat, baina hasi gaitezen.
Aiako Elkano auzoko Agote Aundi baserrian jaio nintzen 1958an. Zortzi senide zaharragoak ditut, ni bederatzigarrena eta azkena.
Eskola txiki bat bazen gure auzoan eta han ibili nintzen itxi zuten arte. Gero, Zarautza mojetara, hamalau urte egin arte.
Neskame ere ibili nintzen Zarautzen eta Donostian, eta, azkenean lantegi batean, alaba izan nuen arte, hogeita bi urterekin.
Ume garaian alai eta pozik bizitako oroitzapena daukat, beti ahizpaz inguratuta, sei ahizpa baikara. Anaia zaharrena ere, beti baserrian. Oraindik ere han segitzen du. Beste denok gazte atera eta hasi ginen lanean.
Hamasei urterekin mutil batekin hasi eta hogeita bat urterekin ezkondu ginen. Orion jarri ginen bizitzen. Senarrak bere lantegia zeukanez, ni ama izan nintzenean, etxean gelditu nintzen. Hiru seme-alaba eduki genituen.
Bertsoarekiko lotura ere umetatik izan dut. Gure ama beti kantuan gogoratzen dut, nahiz hark bertsoak baino gehiago bestelako kantuak kantatzen zituen: elizakoak eta, Francoren garaia izanik, espainolak, irratian entzuten zirenak, Doce cascabeles edo Clavelitos eta horrelakoak. Loiola irratian trikitia eta bertsoa izan ohi ziren, eta horiek beti izan dira niretzat festa giro eta jolasa. Oso umetatik gogoratzen naiz irratian iluntzean trikitia jartzen zutela asteko egun batean, eta sukaldean anai-arrebak dantzan jarduten ginela. Bertsoak kantatzea ere eguneroko kontua zen. Etxean, zelaian edo soroan genbiltzanean, batek puntua jarri eta ea azkarrena zeinek erantzun, txanda eman ezinik elkarri jarduten ginen, edo bertsoak asmatzen. Bertso asko ikasi nituen buruz Otañorenak, Txirritarenak, baita Zeruko Argian etortzen zirenak ere, Inozentzio Olea eta beste askorenak.
Auzoko festa San Pedro eguna izaten zen, eta, zimitorioko petrilaren gainean, bi bertsolari kantuan: Lasarte eta Agirre etorri zaizkit gogora. Basarri ere ezagutzen nuen, ahizpa zaharragoarekin edo amarekin esne partitzera Zarautza jaisten nintzenean, bere bizilagun bati esnea ematen genion.
Egia da gazte garaian bertso saioak oso tarteka ikusten nituela. Aste guztian ez ginen ateratzen, igandeetan bakarrik, eta orduan ere goizo etxeratu beharra izaten zen.
Euskadi Irratia-eta sortu zirenean, aukera gehiago genuen bertsolaritza jarraitzeko.
Arg: Rosi Lazkanoren artxiboa
Amurizak txapela jantzi zuenean, bertan nintzen, hori oso gogoan daukat.
Alaba izan eta etxean gelditu nintzenean, berriz hasi nintzen tarteka bertsoa pixka bat lantzen. Etxean ari nintzen bitartean, edozer aitzakiak kopla edo bertsoren bat egitera bultzatzen ninduen.
Afizio modura bizi izan nuen eta ez nintzen atrebitzen inori erakusten nire bertsoak, nahiz etxeko kaxoi denak bertsoak idatzitako paper muturrez beteta eduki.
Denborarekin, hala ere, lagunartean eta familian bertsoren bat idatzi eta ateratzen hasi nintzen, eta jakina, gehitzen joan zen. Batek “egingo al didazu bertso bat?”, eta bestetan neuk sorta egin ospakizunen baterako, eta horrela, urteak pasatu ondoren, egun batean alabak esan zidan Orion helduentzako bertso eskola jarri zutela eta deitu egin zuela apuntatzeko. Hala, 2008ko urriaren 20an, hain juxtu berrogeita hamar urte bete nituen egunean, Errikotxia bertso eskolan hasi nintzen. Niretzat izugarria izan zen.
Ordura arte neure kasa jardun nintzen eta han, bat-batean, jendaurrean. Dena berria zen, dozena bat edo baginen. Nire ondoan oso gazteak ziren denak, baina hala ere oso pozik joaten nintzen, eta asko ikasi eta gozatzen nuen. Inoiz ez nuen pentsatu ere egin jendaurrean bertsotan ibiliko nintzenik, ez zen nire helburua ere, baina pixka bat probatu nuen, eta saio batzuetan hartu nuen parte.
Gero beste etapa oso ederra, Ahalduntze bertso eskolakoa. Hor neure burua baloratzen eta maitatzen erakutsi zidaten. Nire adineko emakumeak asko epaitu eta gutxi baloratuak izan gara, uste dut arlo guztietan. Pentsatu eskarmentu eta abilidade gehiegi gabe nola sentitzen nintzen. Etxean gelditzea aukera bat zen, baina bertsoak erakarri egiten ninduen eta ahalduntzekoek barruko mamu asko gainditzen lagundu zidaten, eta ez bertsotarako bakarrik.
Bertsoa maitatzen eta miresten segitzen dut, animoa aldarazten dit, bizipoztu egiten nau. Gaur, emakume bertsolarien saioek gehiago betetzen nauten, eta lehen hainbeste aldiz kantatutako bertso sorta batzuk ez ditut kantatzen, belarrian min egiten didatelako.
Eskerrik asko aukera hau emateagatik. Besarkada bat.















