Xabier Zeberio

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

2020-01-23

Xabier Zeberio –

Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta Bertsolari aldizkaria

 

Xabier ZeberioMila bederatziehun eta berrogeita bederatzian jaioa naiz Itsasondoko Itsasaga baserrian. Hirurogeita hamar urte eginda nago. Hogei urte betetzerako hasi nintzen kantari, eta oraindik segitzen dut, jada berrogeita hamar urte pasatu diren arren.

Nire bertso ibilbidea nola hasi zen, bada, Itsasondon bazen Idoia behar lukeen baina bertakoek “Iyoya” ahoskatzen zutelako hala deitzen zaion baserri bat. Igandero bertako tio Josek trikitia jotzen zuen, eta juntatzen ginen Goierri eta Urki bailarako neska-mutilak. Arratsaldea dantzan pasatu eta gero neska laguntzea tokatzen zen. Jarraian, afaltzen genuen eta dekalitro bat ardo eta gero bertsotan, goizaldera arte. Geroago, neskak neskame joan ziren eta han bukatu zen Iyoyako festa. Beranduago hasi ginen Balearrainera joaten, eta han ere berdin. Jose Mari zen hango soinujolea, eta bertsotan ere ederki moldatzen zen.

Behin batean, Kataluniako batzuek galdetu zioten:

—¿Usted como toca el acordeón, a oído o a solfeo?

Jose Mariren erantzuna:

—¿Yo? ¡Pulso, a pulso!

Gero, han ere afaldu eta goizaldera arte bertsotan.

Telleria bertsolaria ere hantxe ezagutu nuen. Etxera etortzeko, bertako nagusiak furgoneta bat bazuen ardoa ekartzeko, eta han etortzen ginen garrafoi artean; garrafoiak hutsik eta gu ardoz beteta.

Baliarraingoa bukatu zenean hasi ginen Tolosara joaten. Beotibarren izugarrizko bailea egoten zen eta afaltzera joaten ginen. Legorretan ere bi taberna zeuden, Jainkonea eta Guadalupe. Bakoitzean bazeuden hiruna neska gure edadekoak, eta Pello Kirten ere han egoten zen beti bertsotarako pronto. Eta honek bazuen ezaugarri bitxi bat: Pello Kirtenek bertsoak erdaraz igual jartzen zituen. Bahamontes txirrindulariari jarri zizkion hamar bertso, eta gero joan zen Toledora bertso paper haiek saltzera. Hauxe da aurreneko bertsoa:

Federico Bahamontes
hijo de Toledo
la Vuelta de Francia
bien ha recorrido
al mejor extranjero
atrás ha dejado
y la vuelta Francia
fácil ha ganado

Gero, Guadalupe tabernara hasi ziren etortzen Jainkoneko jabea bera, Goiburu, Patxi Iraola, Pello Kirten eta abar. Neskak ere han egoten ziren. Behin, gu mutil gazteak izanda gaia neskari kantatu eta neskari kantatu, eta, halako batean, hor esaten digu Jainkoneko jabeak:

—Horixe duk bizio zelebrea: sartzeko purrustaka, sartutakoan parrastaka eta atera arrastaka!

Horren ondoren etorri ziren Goierriko bertsolarien bilerak. Zaldibian biltzen ginen eta han prestatzen genituen guk egindako saio zelebre haiek. Ondoren etorri zien sariketak edo txapelketak.

Nire lehenengo plazaratzea Itsasondon izan zen. Hamazazpi bertsolari izan ginen, behin ere plazan kantatu gabeak. Niri bigarren saria eman zidaten, Juan Loiola Mendarokoak irabazi zuen. Ondoren etorri ziren Osinalde saria Gabirian eta Zepai saria Idiazabalen.

Añorgan ere Orixe saria irabazi nuen, eta bertan bitxikeria bat daukat. Goizeko saioaren bukaeran, hamazazpi bertsolari kartzelara eraman zituzten, eta handik banaka-banaka atera eta bertso bat kantatu behar izan genion sudurrari. Saria mila pezeta eta Orixeren liburu bat zen, eta huraxe gustura jaso nuen. Gainera, Matxinbentan gaupasa eginda joan nintzen.

Xabier Zeberio

Ordiziko azoka berezian, 70eko hamarkada. Ezkerretik eskubira goiko ilaran: Joxe Mari Etxaluze, Fermin Muñoa, Florentino Goiburu, Xabier Zeberio eta Felipe Barandiaran. Beheko ilaran, ezkerretik eskubira: Patxi Iraola, Nikolas Zendoia, Bittor Ibarbia eta Euxebio Igartzabal.

Xabier Zeberio