[PERLAK] Hildakoekin kantuan
Maddi Ane Txoperena Iribarren
2026-11-05
Hildakoekin kantuan –
Hurrengoa laster datorrenez gero, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusikoa da hautatu dudan diamantea. Azkeneko txapelketako finalerdietako ganbarako lan bat ekarri nahi dut paperera; zehazki, Nerea Ibarzabalen bakarkako bat —bere espezialitatea ez ote den…—[1]. Gogoan izanen duzue, seguru asko. Nik ez dakit ziur ongi eta dena harrapatu ote nuen momentuan, ala ondotik nagusitu zitzaigun injustizia sentimendua gainjarri ote zitzaion egun hartako edertasunaren oroitzapenari. Bide batez aipa dezadan, nabarmenduko ditudanez gain, gogoangarriak izan zirela saio hartako bertze hainbat bertsoaldi, Sustrai Colinak eta Miren Artetxek osaturiko zortziko ttikiko ofizioa, erraterako. Colinari etxeko obran laguntzen-edo hasi zaio Artetxe, borondate gehiegitxoz; behar ez zen pareta bat botatzeraino: “Ze honi open concept/ deitzen zaio orain”. Bikain! Colinak, atzera, danba: “Ez nauzu engainatzen/ inglesez esanda!”. No! Eta Artetxe laguna, bere onetik irtenda: “Euskadi auzolana/ atera merienda”. Benga! Eta luza liteke zerrenda… Baina errimak utzi, eta noan harira.

Alda dezagun tonua. Demagun hego haizeko egun bat zela, 2022ko azaroa, Irungo Ficoba aretoa beteta, sei bertsolari fin[2], eta zerbait berria entzun izanaren sentsazioa barnean. Zer kristo egin du Ibarzabalek? Ulertu duzue?
Ganbarako gaia bera, ederra bezain konplikatua, Maialen Belarraren ahots goxotik behin eta berriro ahoskatua, bukle batean bezala: Kalean zoazela, haren ahotsa entzun duzu. Hunkitu egin zara. Hunkitu egin zara, hunkitu egin zara… Kalea, ahotsa, entzumena, hunkidura. Elementu anitz eta bete-betean jotzeko aukerak urri.
Burua martxan, zer kantatuko nukeen nik. Ane Labakaren perlak lehenik, lagun batetiko doluaz: aspaldi hagitz hurbileko izandako kidearen ahotsa entzun du karrikan doala, eta haien artean hautsitako harremana gogoratu. Eta tristatu: “Eta urruntzen joan ginen/ nahiz ez ginen haserretu”. Gaur egun feminismoan hain eztabaidagai den laguntasunaren uretan, urrats bat aitzinago Labaka –sarri legez–: “Baina harreman bakoitzak/ bere geografia du”.
Txukun Jone Uria ere, hildako aitaren elkarrizketa bat entzunez, aurikularren bidez, irratian —errekurtsoaren bat-bateko asmakuntza bikaina, bide batez—: “Audioak eman dizkit/ ukimena, begirada”. Zentzu batek bertzea baitakar, maiz. Eta ez dagoenak imajinazioa aktibatzen baitu: “Nire irudimenean zen/ baino goxoagoa da”.
Ibarzabalen txanda orain. Dolua hark ere, aita hark ere. Baina zerbait gehiago. Bertze zerbait.
Urteen joanez nire
ingurua horren antzu
aitari minbizi batek
behin egin zion mehatxu
hamaika diagnostiko
eta esperantza faltsu
ta minari aurre egiten
ez nabil horren ahaltsu
kalean zehar nijoa
astiro botaz bi pausu
ta bat-batean “Egun on!”
atzetik esan didazu
Zure betiko ahotsa
tinbre grabe eta baxu
ta azkenean burua
biratu ta ez zara zu
Intrigazko txaloak publikoan. Bere ahotsa zen orduan, ala ez? Elkarri eta norbere barrenera begira, ez zaigu garbi gelditu. Harkaitz Cano idazlearen hitzak datozkit burura orain, Argia aldizkarian Leire Vargas elkarrizketatzaileari errandakoak: “Txikitatik erakutsi behar zaie umeei ez ulertzea kitzikagarria dela”. Umeei, eta helduei. “Ez ulertzea da ulertzen hasteko lehenbiziko pausoa”. Baina denok ulertu dugu, halaber: bere aita hil da, ahots bat entzun du, ustez berea. Baina ez da. Ala beharbada bai? Aldi berean horren argi, sinple eta misteriotsu. Ez ditu aipatu ez hil, ez dolu: ez da beharrezkoa izan. Magia bat dugu sabelean ernaltzen.
Amaigabea delako
dolu baten espirila
berdintsu zaizkit astelehen,
domeka zein ostirala
Ta_iruditzen zait kaleak
ere_erantzuten didala
dena udazkentzen eta
hostoz erortzen doala
Gizonarenganantz biraz
begirada berehala
nahigabe lez eskaini dit
bere irripar zabala
oilo-narrutzen hasi zait
sabel parteko azala
berak ere ezagutu
izan banindu bezala
Orduan bera da, ala ez? Eta gizonak ere ezagutu du? Ala bertze gisa batez erranik: nor ez da ia erotu dolu baten ondorioz? Nork ez du behatu ikusi nahi zuen hori, jakin arren segur aski ezetz, ez dela bera? Nork ez du sinetsi nahi izan? Usaintzen duzue zuek ere udazkena? Sumatzen hego haizea?
“Kaixo, zer moduz zabiltza?”
galdera neukan gordeta
berak keinu bat egin dit
zalantza dauka oldeka
Ta zer hasiko bagenu
bi aktoreren olgeta?
Pasea dezagun eta
ein dezagun gogoeta
“Beitu_aita berdintsu dago
parke hortako pareta
utzi zenuen bezala
guztia huntzez beteta
arbolak horitzen doaz
ta urtsu dator erreka
berrabiarazi dezagun
gure azken elkarrizketa”
Sabeleko magia harri bihurtuta. Pisua duen zerbait; paralizatzailea. Gogoeta genezan. Nola ez zen bada, izanen, bere ahotsa? Ez duzue zuek ere ikusi narratzailearen aita? Edota, Annie Ernaux baliatuz: “Hitz eta esaldi justuenak aurkitzean datza erronka, gauzak existentziara ekarriko dituzten hitz eta esaldiak, ikustea ahalbidetuko dutenak, eta, hala, hitzak ahaztea”. Aita ikusi, aita entzun, arbolak usaindu, errekaren hezetasuna sentitu. Esku zartak, burua bueltaka. Ondotik puntuazioak, haserreak, bertzelako doluak, behe-lainoa. Gauza batzuk ez ulertzea ez baita, beharbada, hain kitzikagarria. Edo denbora behar baitugu, batzuetan, ulertzeko.
Etxera bidean, Santiago zubian barrena, urtsu dator Bidasoa. Gaua iluna da, baina ez gaude bakarrik. Eskutik daramagu Ibarzabalen ahotsaren oihartzuna, gu hunkitzen, hunkitzen, hunkitzen…
[1] Buruan iltzatuta dauzkat, artikulu honetan azpimarratutakoaz gain, 2023ko Bizkaiko Txapelketako Lemoako finalerdian bulimiari kantatutakoak: “Barruko guztia hustu/ ta neure ama atez ate/ ’Lasai, ez zaitez kezkatu/ zeozerk egin dit kalte’”, edota 2022ko Euskal Herriko finalean haurtzaroko sexu abusuez botatakoak: “Ta olatu bat bezala bueltan/ iritsia zait atzoa/ bere ezpainak, bere begiak/ bere arnasa mantsoa/ amesgaizto bat bilakatu zen/ nere_osabaren altzoa”.
[2] Aipatuko ditudanek ez ezik, Maddalen Arzallusek ere kantatu zuen saio horretan.
LOTURAK:
https://www.bertsozale.eus/eu/bertsolari-txapelketa-nagusia/saioak/irun
https://bertsoa.eus/bertsoak/21328-ganbara-ane-labaka
https://bertsoa.eus/bertsoak/21327-ganbara-jone-uria
https://bertsoa.eus/bertsoak/21325-ganbara
https://katakrak.net/cas/editorial/libro/idazketa-labana-bat-da

