Txanpiñoiak

Maialen Akizu-(r)en argazkia Maialen Akizu 2021-11-02
Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Txanpiñoiak –

Zergatik sortzen da txanpiñoia hemen eta ez hor? Zer du lur honek desberdin, eta nola ontzen da, ia konturatu gabe, txanpiñoia? Txanpiñoiaren metafora darabil Amaia Perez Orozko[1] ekonomialari eta ekintzaile feministak egungo sistema ereduaren metafora gisa. Langile txanpiñoia agindutako ordu eta lekuan egunero prestu eta osasuntsu dagoena da. Lan jarduna hala moduz bukatu arren, hurrengo egunerako, eta hurrengorako, eta hurrengorako, berria bezala zahartu, konturatzerako.

Gustatzen zaizkit txanpiñoiak, baina nekez sumatzen ditut faltan, eta jaten ditudanean ere, aho gustagarri izaten dira asegarri baino. Txanpiñoiaren metafora kulturaz hitz egiteko ere erabil daiteke: gustagarri bai, baina asegarri, kostata. Tortillan, plantxan, entsaladan… edozein jakiren konpainian, primeran; bakarrik, eskasa. Eta kultura, txanpiñoiaren antzera, badirudi edozeinen lagun egin daitekeela (txanpiñoiaren kultura ere badago, pentsa!), baina bada hitz bat kulturarekin ezkontzen zaila dena, hitz itsusi bat, ahoskatu ahala giroa aldatzen duen horietakoa: ekonomia (ilundu du eguna).

Ez naiz ekonomian aditua. Nik ere Jose Luis Gorrotxategik 93an Ibarran emandako erantzuna firmatuko nuke. “Dirua nola egiten den” galdetu zioten eta halaxe erantzun: “Zure galderai erantzutea / baita nire helburua: / asko irabazi, gutxi gastatu / hola egiten da dirua”. Ez dauka misterio handirik. Misterioa da, ordea (guk halaxe uste), batzuek gastatu eta gastatu, eta nola duten hainbeste. Nork kantatua den ez dakit (altxa beza eskua dagokionak), baina bukaera hau gogoan daukat: “Aberatsaren nahia ez al da / ur gaziaren tragoa: / zenbat ta gehio edaten dezun / egarri handiagoa”.

Ibexa, enpresa, eta burgesa, petalo bereko errima eta termino ekonomiko izateaz gain, botere harremanak, genero ezberdinkeria eta ideologia marratzen duten hitzak dira. Ez dute gure kontu korronteetan soilik eragiten, gure kontuetan eta gure korronteetan ere bai. Bestelako mundu bat nahi dugu, mundu euskaldunago, feministago, askeago… eta ia poto diren -ago horien antza duena, baina hori eredu ekonomikoaz pentsatu gabe, ezin. Ekonomia feministak helburu horixe du: batetik, ohartzea feminismoaren indarraldiak ekonomiaren esparruan ere eragin behar duela. Kaleak hartzea bezain kaleratzeez pentsatzea gure ardura ere bada. Nor dago “goian”? Zer iritzi dugu Europako funtsen inguruan? Nola gorpuzten dugu behin-behinekotasuna? Eta bestetik, ekonomiari bestelako zentzua eman nahi dio; lehen hamar eta orain lau, miseriak pobretzen nau, bakarrik, ez delako ekonomia. Baina ekonomia feminista nahikoa ponpoxo ez eta, atrebitu naiz ba zaintzaren ekonomiaz hitz egiten!

Euskaraz zaintza kontzeptua erabiltzen dugu osasunaren alderdi ez-medikalizatuari erreferentzia egiteko eta, besteak beste, proiektu politiko bat da, norbanakoaren autonomia totalari kritika egiten diona. Garena ez da naizena. Izebergaren metafora erabiltzen da begi-kliska batean teoria azaltzeko: ikusten ez denak, ur azpiko izotz puskak zein ordaindu gabeko lan demasak eusten dio nola izebergari hala bizitzari. Alabaina, aspaldian zaintza ez dugula askorik zaindu iruditzen zait, ez bakarrik lehentasunetan jarri ez dugulako, baizik eta zaintzaz beraz, ahobizarrik gabe aritu garelako edo behar dutenen zaintzaz baino balio bezala aldarrikatu dugulako (ahaztu, hau ez dut esan). Eta pandemiaren testuinguruan kultura zaintzeaz ere aritu gara. Nola zaintzen da kultura? Kulturgileak zaintzeaz ari al gara, euren sorkuntza garatzeko baliabideak eskaintzeaz, adibidez? Edo kultura zaintzea da hezkuntza curriculumaren goitik beherako aldaketa egitea edo kultur politiken urgentziazko aldaketa exigitzea edo kultura zerbitzu publiko bihurtu eta kultur emanaldietan gintonika kopetan, masaje bat azkazaletan edo ispiluzko gela bat ideietan murgiltzeko eskaintzea? Ez zait gustatzen “kultura zaindu” aldarria. Kultura ez baita, paparrean edo estutxean nahieran jarri daitekeen pin horietakoa, denbora, helburu eta funtzio batzuk ditu; bada, zaintza ere lan bat da, baldintza duinagoak behar dituen lan bat.

Kultura eta zaintza parez pare jartzeko arrazoia, gaiaren gaurkotasuna, kezka eta potentzialaz gain, bi kontzeptuen arteko antzekotasuna ere bada: izan ere, nola kultura hala zaintza, biak daude konnotazio positiboekin lotuak, eta alaitasunarekin, aisiarekin edo  besterik gabe, “on” egitearekin baino, maitasunarekin lotzen ditugu. Alaia Martinek hala kantatu zuen 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren agurrean:

Maiz piramide nutrizional bat
ez al da bertso jarduna?
Oinarriko lehen elikagaia
entzulego euskalduna
gorago daude emozioak
pixkat gorago garuna
taldearen nortasuna
norberaren gaitasuna
pasioa, maitasuna
piramideak orekan dauka
bere biribiltasuna
ta nik gutiziz ase nahi nuke
punta-puntako eguna. (bis)

 

Zoragarria da agurra, esateko modua eta bertsoak egiten duen irudia, baina puntak ez dauka zulorik.

Nola kulturak hala zaintzak, biek dute lanaren neurri den denboratan kabitzeko zailtasuna. 2019ko Durangoko Azokan Kultura lana da. Profesionalizazioa hizpide mahai inguruan parte hartu zuten Danele Sarriugarte idazleak. Gorka Bereziartuak egindako galdera hala jaso zuen Estitxu Eizagirrek[2]: “Zure barrenak sormen lan horretan jarri behar badituzu, denbora eskaini behar diozu, eta beste lan batean ari bazara, ezin. Baita ere eskatzen du sormen hori elikatzea, besteek egiten duten lana ere ezagutzea… batzuetan imajinazioa lantzeko buelta bat ematera joaten zara, lagunekin hitz egiten duzu… ez da ordutegi batekin ongi egokitzen den lana. Horregatik kostatzen zaie ulertzea lanean ari naizela, baita nire gurasoei ere. Dirurik eskatzen ez diedalako ondorioztatuko dute lana badudala, baina esaten didate: “Ari zara? Batzuetan ikusten zaitugu ordenagailuaren aurrean…”.

Nola kulturak hala zaintzak, biek dituzte tentsioak soldatapeko lanaren logikarekin. Kulturgileek hilero soldata jasotzeaz zer iritzi dugu, eta hala erabakiz gero, nola erabaki nor den “kulturgile”? Sortzen duen oro al da kultura? Zenbat balio du bertso batek? Zenbat, adinekoak zaintzeak, haurrari pardela aldatzeak, hautsak garbitzeak? Balioa emateko modu bakarra al da dirua? Ez al da aldatu nahi dugun sisteman erosotzeko bidea kultura lan bihurtzea? 2004an, Azpeitian, Josu Goikoetxeak bertsolaritza eta lana gaitzat jarrita, hala kantatu zuen Maialen Lujanbiok:

 

Sarri gustora, sarri haserre

Baina ez zazute uste

Legean baitan ez sartu gure

Hainbeste bertso bertute.

Hamabost urte esperientzia

Ta soilik hoita zazpi urte.

Funtzionarioak baldin bagina

Asko balioko luke.

 

Bertsolaritzaren egituratzaile nagusia 1983an sortutako Bertsozale Elkartea izan da. “Antolatzeko bide berezi bat” zuen helburu Elkarteak, “ekonomikoki autoerregulatzen den jardun artistiko gisa funtzionatzea”[3]. Mende erdiko ibilbidean helburu eta tresna berriak sortzen joan dira, eta nire azterketa honen helburuei jarraiki, azpimarragarria da bertsolaritzaren profesionalizazioa egikaritzeko 2003an sortutako Lanku Kultur enpresa, “herri mugimenduaren antolaketa errespetatuz, bertsolaritza indartzea helburu” zuena. Kultur enpresak, kulturaren merkantilizazioa edo industria kulturalak mundu zabalean han-hemenka ageri dira, eta eztabaida iturri dira euren funtzio, logika eta balioak. Ikerketa lan honen helburua kultura eta ekonomia elkarlotzea zen euren aurkakotasuna pixka bat apaltzeko asmoz, baina hasieratik uste genuen, Euskal Herrian, eta konkretuki bertsolaritzan, kultura eta ekonomia, zein “kultur enpresa” bera, bestela garatu direla. Alabaina, Mari Luz Estebanek, Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen[4] liburuan zioen bertsolaritzaren parekidetasuna garatzeko zailtasunik handiena merkatuaren esparru eta baldintzapean funtzionatzea dela.

Hainbat bertsolariri euren bizipenak kontatzeko eskatu genien. Bertsolariak ohituta daude eurenetik kantatzen eta diskurtsoak neurrikoak ez ezik, errimatuak ere egiten, baina iruditzen zitzaigun gai hauetaz ez dela hitz egiteko doinu egokirik aurkitzen. Pare bat orduko elkarrizketan sei bloketan bereizitako gidoia jorratu dugu.

Elkarrizketatuei euren bertso ibilbidearen hasieraz galdetuta, bertso eskoletako giroa gogoratzen dute. Bertso eskoletan “norbere pentsamenduen eraikuntza besteekin egiten da, eta intimoa bezainbat da kolektiboa norbere pentsaeren eraikitze prozesua”[5]. Bertsolaria talde egituratuen bidez sozializatzen da bertsolaritzan, eta kolektiboaren presentzia, trebatzeko aukera egotea zein testuinguru soziokultural batean kokatzea gako bereizgarritzat jotzen dira[6]. Bertsolarientzat, bertsolaritza euren identitatearen parte da, eta bertsogintzaren parte sentitzen dira, baina, generoen artean ezberdin sentitzen da parte-hartze soziopolitiko hau: gizonezkoek gehiago azpimarratzen dute taldeak ematen dien kapital soziala; aldiz, emakumeek, hau ukatu gabe, beste zerbaiten parte izanez bizi dute kapital sozial hori.

Bertso eskolan, pribatuan, trebatzen ari den bertsolariak, publikoa, plaza izan du begitan orain arte. Xabier Amurizak zioen “plaza gizonak ez du(ela) jende aurrean gutxitu behar, are, jendearen eragin positiboa hartzeko gai izan behar du(ela)” (Amuriza, 1981). Eta plazetan plazena ez, baina plazetan publikoena Txapelketa Nagusia da. Jokin Bergara soziologo eta bertsolariak dio edozein talde edo esperientziak behar duela berproduzitzea eta legitimatzea: berprodukzioaren funtzioa bertso eskolek betetzen dute Bergararen ustez, eta legitimatzearena, berriz, txapelketek. Txapelketak erritual puntualak dira[7] baina prozesu luze bat dakarte, prestakuntza, gogoeta, bilera eta bestelakoak eskatzen baitituzte, eta eguneroko bizitzaren erritmoekin uztartzeko lanak. Ana Urkizaren aforismo bat 10/8an: “bihar, berriro etorkizuna / egun bat urrunduko da”, eta Estitxu Arozenaren bukaeraeko agurra 1997ko Nafarroako Txapelketan.

Nere barnean referentziak
sailkatzen hasi beharko,
txapelketa honek lasaitasuna
irentsi egin didalako.
Final erdian parte hartzea
faltan ez nuke botako,
lasaitasuna lortu ezkero
bertze lau urtetarako. (bis)

 

Sonatua da Lazkao Txikik guardia zibilei kontrol batean “kantura” zihoala esanda hauek erantzundakoa. ¿Y, qué vais a cantar? Lazkao Txikik erantzuten jakin zuen, baina erantzunik ematen ez. No sabemos todavía.Ikerketa honen elkarrizketan ere atera dira ustekabeko egoerei emandako soluzioak; bizilagunari haurrak uztea, oporrak antolatzeko tetrisa, titia saio tartean ematea… Irakurri nahi duenak eskura dauzka Datu Basean. Baina ondorioak, hiru multzotan banatzea proposatu dugu[8]:

1) Kultur sorkuntzaren egoera orokorra, alegia, kulturgintzaren maila makroa eta maila horretan, kulturgintzaren profesionalizazioaren erronka. Euskal Herriko markoan kulturgileek ez dute lan-hitzarmenik, eta, beraz, autonomoak izan behar dute jardun honetan modu erregularrean ibiltzeko. Kulturgintzaren finantzaketa eredua aldatzen joan da, eta elkarrizketatuek, oro har, ondorengo belaunaldiek kultur sorkuntza bizibide izateko zailtasun gehiago izango dituztela baieztatzen dute.

2) Kulturgintzak eta generoak duten harremana eta kulturgileek zaintza lanak egiteko dituzten baliabideen afera. Emakumeek zaintza-lanen eta bertsolaritzaren desorekan bizirauteko estrategia gehiago garatu dituzte. Guraso bihurtzeak, amen kasuan, bertsolaritzatik urruntzea suposatu du, baina ama bertsolari gehiago egoteak egoera aldatuko duela baieztatzen dute denek.

3) Bertsolaritzaren kasu konkretua. Bertsolaritza nahiz eta kultur enpresa baten bideez garatu (Lanku), bertsolariek ez dute adierazten kultur industria baten parte diren sentsaziorik. Merkatuak baino, plazak agintzen duela bermatzen dute. Bertsolaritzaren izaera eta egituraketa kolektiboa izan daiteke honen arrazoi, bai eta Bertsozale Elkartearen zentraltasuna eta autonomia ere; bertsolarientzat Elkartea ez da agente pribatu edo kanpokoa. Bertsolaritzaren kudeaketan enpresa bakarra egoteak ere zerikusia izan dezake.

Bertsolaritza asko aldatu da azken urteetan. Definizio berri honetan, oholtzako gorputz, ahots eta gaiek eragina dute. Ausartuko gara gehitzen baina, bertsolaritzaren definizioa oholtzako presentziatik bakarrik ez dela egingo.

 


 

 

[1] PÉREZ Orozco, Amaia (2014): Subversión feminista de la economía: aportes para un debate sobre el conflicto capital-vida, Madril: Traficantes de Sueños.

[2] EIZAGIRRE, Estitxu (2019). “Kultura lana da baina lanaren traje itxian kabitzen ez dena”, Argia, eskuragarri hemen: https://www.argia.eus/blogak/argia/2019/12/10/kultura-lana-da-baina-lanaren-traje-itxian-kabitzen-ez-dena/

[3] SARASUA, Jon (1999). “Bertsozale Elkartea: tresna autoeratua”, Euskonews & Media, 56. Zbk (1999/11/26), Donostia: Eusko Ikaskuntza.

[4] ARTETXE, Miren & LABAKA Ane (2019). Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen, Bilbo: UEU

[5] ARTETXE SARASOLA, Miren (2020). Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak. Gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta ligitimazio prozesuak. Euskal Herriko Unibertsitatea.

[6] RETOLAZA, Iratxe (2019). “Bertsolari emakumeak vs idazle emakumeak: kultur esparruak, kultur autoritateak eta genero-logikak”, in Artetxe Miren & Labaka Ane, Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen, Bilbo: UEU, 313-342.

[7] LARRAÑAGA, Jexux (2013), “Jolas sakona: Txapelketaren prozesu errituala eta bertsolariaren arrzoi sortzailea XXI.mendeko agoran”, Doktorego-tesia, EHU, Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saila.

[8] Ondorio hauek, pandemiaren bilakaera zein izango zen jakin gabe idatzi dira.

 

Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak Txanpiñoiak